Arautegia

Inprimatu

165/2007 DEKRETUA, urriaren 2koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortu eta horren funtzionamendua, osaera eta eginkizunak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5602
  • Xedapen-zk.: 165
  • Xedapen-data: 2007/10/02
  • Argitaratze-data: 2007/10/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 102. artikuluan xedatzen denez, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren barruan Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortuko da, haurrak eta nerabeak zaintzeko zeregina beren gain hartuta duten erakunde publiko eta gizarte-eragileek parte hartzeko foro berezi gisa, batez ere babesgabetasunean dauden haur eta nerabeen arreta hartzeko eta arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko arloan diharduten erakunde publiko eta gizarte-eragileentzat, eta Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen dio Batzorde horren osaera eta eginkizunak zehazteko.

Horretaz gain, ezinbestekoa da Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren eginkizunak zehaztea, sorrerako helburua betetzeko lanak optimizatu nahi badira.

Batzorde hau kontsultarako eta aholkularitzarako organoa izango da Eusko Jaurlaritzak proposatu edo eman behar dituen lege-egitasmo, xedapen orokor eta erregelamenduetarako. Batzordeak hausnarketarako eta koordinaziorako gunea izan nahi du, alde batetik, haurren arloan diharduten gizarte-eragile eta erakunde sozialen, eta bestetik Erakunde eta Administrazio Publikoen artean, haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteari dagokionez, konpromisoa hartu duten alderdi guztien arteko lana eraginkorragoa izan dadin.

Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urriaren 2an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburua honako hau da: Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortu eta horren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua ezartzea.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren barruan sortuko da, haurrak eta nerabeak zaintzeko zeregina beren gain hartuta duten erakunde publikoek eta gizarte-eragileek parte hartzeko foro berezi gisa, batez ere babesgabetasunean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen arreta hartzeko eta arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko arloan diharduten erakunde publiko eta gizarte-eragileentzat.

Batzordeari dagozkio honako eginkizun hauek:

  1. – Haurren eta nerabeen arloko lege-xedapenei buruzko informazioa ematea, baita lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa duten programa orokor edo sektorialei buruzkoa ere.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteko garatu beharreko jardunen proposamenak eta orientazio estrategikoko proposamenak egitea.

  3. – Haurren eta nerabeen arloan esku hartzen duten eragileen iradokizunak, informazioa eta proposamenak jasotzea, eta haiei ere ematea.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek haurrei eta nerabeei dagokienez garatzen dituzten arau, programa eta jarduerei buruzko informazioa biltzea.

  5. – Haur eta Nerabeen Behatokiak informazioa ematea aldizka, organo horrek egindako txosten eta azterlanen bidez.

  6. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren jarduerak azalduko dituen Urteko Memoria onartzea, eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailari aurkeztea.

  7. – Haurren eta nerabeen inguruko gaiekin loturik sortzen diren Lurralde eta Udal Kontseiluekin koordinatzea.

  8. – Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea garatuta esleitzen zaion edo indarrean dagoen araudiak eslei diezaiokeen beste edozein eginkizun.

  1. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialean honako erakunde hauek izango dute ordezkaria:

    1. Jaurlaritzak.

    2. Foru Aldundiek.

    3. Udalek.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan haurren eta nerabeen eremuan lan egiten duten eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden erakunde sozialek.

    5. Haurren eremuan lan egiten duten profesionalen erakundeek.

  2. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak guztira 26 kide izango ditu; erdiak Administrazio Publikoetakoak izango dira, eta beste erdiak d eta e idatz-zatietan aipatutako erakundeetakoak.

  3. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izango dira honako hauek:

    1. Administrazio Publikoen aldetik:

      • Lehendakaria, gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den Saileko norbait izango da.

      • Kide bat osasun-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat hezkuntza-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat justizia-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat familia-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat immigrazio-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat gazteria-arloan eskuduna den Saila ordezkatuz.

      • Kide bat Foru Aldundi bakoitza ordezkatuz.

      • Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen hiru ordezkari.

    2. Erakunde sozialen eta erakunde profesionalen aldetik:

      • Hamaika kide Euskal Autonomia Erkidegoan haurren esparruan diharduten hamaika erakundetatik.

      • Kide bat Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialak ordezkatuz.

      • Kide bat Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak ordezkatuz.

    3. Informazioa edo aholkularitza emateko soilik, landuko den gaiaren inguruko adituak joan daitezke Batzordearen bileretara —unean unean edo modu egonkorrean—, Batzordeko kideek onartuz gero. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

  1. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak urtean gutxienez ohiko bi bilkura egingo ditu eta horietarako deialdia lehendakariak egingo du; halaber, lehendakariak ezohiko bilkuren deialdia egin dezake, arrazoiak badaudela iritziz gero edo Batzordeko kideen heren batek eskatuz gero.

  2. – Lehendakariak egindako bilera-deialdia kide guztiei helaraziko zaie, ohiko bilkuren kasuan bilera izan baino egutegiko hamabost eguneko aurrerapenarekin, gutxienez, eta ezohiko bilkuren kasuan, bost eguneko aurrerapenarekin. Nolanahi ere, kide guztiak bertan badaude eta aho batez erabakitzen badute, bilera balio osoz eratuta geratuko da nahiz eta deialdia egiteko baldintza guztiak ez bete.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideak honela izendatuko dira:

  1. – Jaurlaritzaren sailetako ordezkari diren kideen izendapenak sailburu titularrek egingo dituzte, eta sailburuorde edo zuzendari izan beharko dute.

  2. – Foru Aldundiak ordezkatuko dituzten kideak korporazio bakoitzaren funtzionamendu-arauei jarraiki izendatuko dira eta zuzendari edo antzeko kargua izan beharko dute.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatuko dituzten kideak Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatuko ditu.

  4. – Administrazio Publikoetan izendapenak egiteko garaian emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko ahalegina egin behar da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

  5. – Gizarte Ongizateko zuzendariak haurren sektoreko erakundeei deialdia egingo die, haien artean izenda ditzaten dagozkien kideak.

    Deialdia jaso duten erakundeek honako irizpide hauek hartu behar dituzte kontuan kideak izendatzeko garaian:

    • Jardun-eremu geografiko zabala.

    • Askotariko jardun-eremua: ahal dela, hainbat jardun-eremu espezifiko ordezkatuko dituzten erakundeen presentzia bermatuko da.

    • Erakundeetako bazkideen eta boluntarioen kopurua.

    • Haurren eta nerabeen eremuan lan-esperientzia izatea.

    • Haurren eta nerabeen eremuarekin loturiko foroetan edo kontseiluetan parte hartzea.

    • Kideei dagokienez, oreka emakumeen eta gizonen artean, izendapenak egiteko garaian emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina eginez, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

  6. – Erakunde profesionalek zuzenean Batzordearen esku utziko dute ordezkarien izendapena.

  7. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide guztiei dagokienez, emakumeen eta gizonen arteko izendapenak orekatuak izatea sustatuko du Gizarte Ongizateko zuzendariak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

  1. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideen agintaldia 4 urtekoa izango da eta agintaldiaren amaieran berriz hautatu ahal izango dituzte. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.

  2. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideen agintaldia honako kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldia amaitu aurretik:

    1. Kidea izendatu zuen administrazio publikoak, erakunde sozialak, sindikatuak, enpresa-erakundeak edo erakunde profesionalak erabakita agintaldia baliogabetzen edo eteten denean.

    2. Karguagatik izendatutako kideen kasuan, izendatzeko arrazoia izan zen kargua galtzen denean.

    3. Uko egitea, Batzordearen lehendakariari aurkeztuta.

    4. Heriotza.

    5. Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzen duenean.

  3. – Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuetan, ordezkatu beharreko kidearen agintaldia betetzeko falta den denborarako izango dira ordezkapenak.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko ordezkariez gain, haiek ez daudenean haien funtzioak beteko dituzten ordezkoak izendatu ahal izango dituzte Administrazio Publikoek eta erakunde sozial eta profesionalek.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideek honako eskubide hauek dituzte:

  1. Hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubideaz baliatzea, Batzordearen bilkuretan boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.

  2. Aztertzen diren gaiei buruzko informazioa izatea, esanbidez eskatzen dutenean.

  3. Batzordearen bilera baterako ezohiko deialdia eskatzea.

  4. Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea gai-zerrendan sartzearren edo gai jakin bat aztertzeko erabakiak hartzearren.

  5. Batzordearen mandatuz joaten diren egintzetan Batzordea ordezkatzea; nolanahi ere, lehendakariari dagokio ordezkaritza-esleipen nagusia.

  6. Bilkuretarako deialdiaren eta gai-zerrendaren berri izatea organo bakoitzerako ezarritako aurrerapenaz, eta gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko dokumentuak, informazioa eta aurreko bilkurako akta izatea.

  7. Galde-eskeak egitea.

  8. Batzordearen bilkuretara joateagatik konpentsazio ekonomikoa jasotzea. Konpentsazio hori bateragarria izango da egiten diren bilkuretan parte hartzeak edo horietara joateak eragin ditzakeen bidaiei dagozkien kalte-ordainekin. Bertaratzeagatiko konpentsazioak nahiz bidaiei dagozkien kalte-ordainak zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako baldintzetan eta mugekin jasoko dira.

    Dagokion kide anitzeko organoan sartu edo parte hartu beharra Administrazio Publikoan betetzen den karguak edo lanpostuak eragiten duenean, ez da ezein kasutan diru kopururik jasoko.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kideek honako betebehar hauek dituzte:

  1. Batzordearen bilkuretara joatea.

    Urte beraren barruan justifikatu gabe elkarren segidako bi bileratara edo bereizitako hiru bileratara joan ezean, kidea izendatu zuena kargutik kentzea proposatzeko komenigarritasuna aztertu beharko du nahitaez Batzordeak.

  2. Bidezko isiltasunarekin eta zuhurtziarekin jardutea, aztertzen diren gaien izaerak eskatzen duenean eta, bereziki, gai horiek ohore-eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea eta norberaren irudirako eskubidea eraginpean hartzen dituztenean.

  3. Araudi honen eta, hala badagokio, araudi hori garatzeko onartzen diren jarraibideei eta aginduei jarraiki jardutea.

  1. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren erabakiaren bidez laneko batzordeak osa daitezke tratamendu espezifikoa eskatzen duten gai jakin batzuetan.

  2. – Laneko batzordeen osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren eskumen dira.

  3. – Esleitutako eginkizunak beteko direla bermatzeko beharrezkoa den egituraz hornituta egongo dira laneko batzordeak.

  4. – Batzordeko kideek erabakitzen duten kideak zuzenduko ditu laneko batzordeak.

  1. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren lehendakari gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den saileko kidea izango da; lagun horrek Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako eskubide osoko kide izan beharko du, aldi berean.

  2. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren lehendakariak honako eskumen hauek ditu esleituta:

    1. Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala ordezkatzea Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran eta Batzordean lantzen diren proposamen, erabaki, txosten eta gainerako gaiei buruzko informazioa helaraztea Osoko Bilkurara.

    2. Batzordearen ordezkari izatea.

    3. Batzordearen jardunak zuzentzea.

    4. Batzordearen bileretarako deialdia egitea eta bilera horiek zuzentzea, bilerak behar bezala egiteko jarraibide orokorrak lantzea, eta eztabaidak moderatzea.

    5. Batzordearen bileren gai-zerrenda egitea.

    6. Bere sinadurarekin bilkuren aktak berrestea, erabakien igorpena eta argitalpena agintzea, eta bete daitezen xedatzea.

    7. Batzordearen izenean erakundeetara, organismoetara, elkarteetara, agintariengana eta partikularrengana jotzea.

    8. Dekretu hau bete eta betearaztea, Batzordeari bere interpretazioa proposatuz zalantzazko kasuetan, eta integrazioa adierazi gabekoetan.

    9. Legean eta Dekretu honetan ematen zaizkion, lehendakari-karguari datxezkion edo Batzordeak eskuordetuta bere gain hartutako, eta, oro har, Dekretu honek beste organo batzuei esleitzen ez dizkien eginkizun guztiak.

  1. – Erakunde sozialetako ordezkarien artetik hautatutako kide bat izango da Batzordearen lehendakariorde.

  2. – Lehendakaria oporretan, gaixorik edo kanpoan dagoenean, lehendakariordeak ordezkatuko du eginkizun guztietan.

  1. – Gizarte-zerbitzuen eremuan eskuduna den sailari atxikitako norbait izango da Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko idazkari, eremu horretan eskuduna den saileko sailburuak izendatuta.

  2. – Idazkaria oporretan, gaixorik edo kanpoan dagoenean, Batzordearen bilkuran dagoen kide batek (lehendakaria alde batera utzita) ordezkatuko du, bertaratuek aukeratuta.

  3. – Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko idazkariak honako eskumen hauek ditu esleituta:

    1. Batzordearen bilkuretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

    2. Lehendakariak aginduta, bilkuretarako deialdia egitea.

    3. Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko dokumentu guztiak Batzordeko kideei eskuratzea.

    4. Bilkuretara joan eta horien aktak jasotzea, eta hartzen diren erabakiak bideratzea.

    5. Kideek zein hirugarren batzuek Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialari aurkeztu nahi dizkioten gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak bildu, antolatu eta prestatzea, eta horiek guztiak bideratzea dagokien eran.

    6. Batzordeak sortzen duen edo eskuragarri duen informazioa dagokien pertsona edo erakundeei helaraztea.

    7. Fede-emaile gisa jardutea —lehendakariaren oniritziarekin— Batzordearen aktak eta erabakiak egiaztatuz eta, hala badagokio, egiaztapena dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela esanbidez jasoaraztea.

    8. Espedienteak, bere kargura dagoen artxiboa eta dokumentuen sarrerako eta irteerako erregistroa antolatu eta zaintzea, eta organoen eta kideen eskura jartzea, hori eskatzen zaionean.

    9. Batzordearen jarduerak azaltzen dituen urteko memoria lantzeko behar diren datu guztiak ematea.

    10. Lehendakariak agintzen dizkion edo bere karguari datxezkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren lehenengo bilera osatzeko hiru hilabeteko epea izango da, xedapen hau indarrean hasten denetik kontatzen hasita.

Idazkariaren eginkizun nagusia honako hau izango da Batzordearen lehenengo bileraren deialdia egin arte: bilera horretara joan behar duten kide guztien izendapena ziurtatzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko urriaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.