253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
6037
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 26koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zortzigarrenez aldatzen duena 2021eko uztailaren 5eko Ebazpena, mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarri-programa (MOVES III programa) arautzen duten oinarriak onartzen, deitzen eta argitaratzen dituena, Europar Batasunak NextGenerationEUren bidez finantzatutako Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
1.– Ekonomiaren, tributuen, garraioaren eta Gizarte Segurantzaren arloetan larrialdiko neurriak hartzen dituen eta kalteberatasun sozialeko egoerei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dituen abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege Dekretuak (2024ko abenduaren 24ko BOE, 309. zk.) aldatu egiten du Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarri-programak (MOVES III) egikaritzeko autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei laguntzak zuzenean ematea onartzen duen apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren edukia.
2.– Kontuan izanda abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege Dekretu horretan aurreikusitako baldintzak bete behar dituela 2021eko uztailaren 5eko Ebazpenak, Europar Batasuneko NextGenerationEUren bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarri-programaren (MOVES III Programa) oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratzekoak (2021eko uztailaren 14ko EHAA, 138. zk.) –zeina zuzendu egin baitzen EEEko zuzendari nagusiaren 2021eko irailaren 21eko, 2021eko abenduaren 13ko eta 2022ko ekainaren 30eko ebazpenen bidez (EHAAn argitaratuak 2021eko irailaren 30ean, 2021eko abenduaren 13an eta 2022ko uztailaren 15ean, hurrenez hurren 196., 258. eta 137. zenbakietan), eta, ondoren, aldatu egin baitzen eta programaren deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak gehitu baitziren 2022ko urriaren 5eko, 2023ko ekainaren 23ko, 2023ko abenduaren 14ko, 2024ko maiatzaren 29ko, 2024ko uztailaren 8ko eta 2024ko azaroaren 18ko EEEko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez (EHAAn argitaratuak 2022ko urriaren 11n, 2023ko uztailaren 7an, 2023ko abenduaren 26an, 2024ko ekainaren 10ean, 2024ko uztailaren 19an eta 2024ko azaroaren 26an, hurrenez hurren 195., 129., 244., 112., 142. eta 230. zenbakietan)–, horrenbestez aldatu egin behar dira berriz ere pizgarri-programaren oinarri arautzaileak.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zortzigarrenez aldatzea 2021eko uztailaren 5eko Ebazpena, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarri-programa (MOVES III programa) arautzen duten oinarri arautzaileak onartzen, deitzen eta argitaratzen dituena, Europar Batasunak NextGenerationEUren bitartez finantzatutako Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honela:
1.– Pizgarri-programa hori arautzen duten oinarrien 2021/3990 (7/31 eta 8/31) orrialdean, («Aurrekontu-hornidura eta eskaerak aurkezteko epea») 3. oinarriaren hirugarren eta laugarren paragrafoetan,
Hau dio:
«Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 28an hasiko da indarraldia amaitzen den arte, 2024ko abenduaren 31ra arte, hain zuzen ere.
Aipatutako epea amaitutakoan ez da eskaera gehiagorik onartuko. Dena den, esleitutako aurrekontua agortzen bada eta betiere programaren indarraldia amaitu ez bada (2024ko abenduaren 31), eskaerak erregistratu ahalko dira behin-behieneko erreserba-zerrendan, eta sarrera-ordenari zorrotz jarraikiz artatuko dira, aurreikusitako ezespenak edo errebokazioak gertatzearen mende, aurrekontua askatu ahalko luketenak, edo deialdian aurrekontu berri bat sartzen bada. Eskaera bat behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez dio ezein eskubide sortuko eskatzaileari eskaera ebazten ez den arte.»
Baina hau esan behar du:
«Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 28an hasiko da indarraldia amaitzen den arte, 2025eko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere.
Aipatutako epea amaitutakoan ez da eskaera gehiagorik onartuko. Dena den, esleitutako aurrekontua agortzen bada eta betiere programaren indarraldia amaitu ez bada (2025eko ekainaren 30a), eskaerak erregistratu ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendan, eta sarrera-ordenari zorrotz jarraikiz erantzungo zaie, aldez aurreko laguntza-eskaeretan izaten diren ezespen edo errebokazioen arabera, aurrekontua askatu ahalko luketenak, edo deialdian aurrekontu berri bat sartzen bada. Eskaera bat behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez dio ezein eskubide sortuko eskatzaileari eskaera ebazten ez den arte.»
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Administrazioarekiko Auzietarako Bilboko auzitegietan, bi hilabeteko epean ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2024ko abenduaren 26a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.