253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (182 KB - 7 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
6033
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 23koa, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariarena, zeinaren bidez elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak burutzen dituzten irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten baita.
Elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak bultzatzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 57/2018 Dekretuak, 5. artikuluan, hauxe adierazten du: Biktimen eta Giza Eskubideen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bat, erakunde pribatuen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-entitateen proiektuei zuzendua.
Deialdiaren urteroko ebazpenak, hau guztia ezarriko du: deialdiaren helburua, dirulaguntzen diru-hornidura, Balorazio Batzordeko kideen izendapena, eskabideak aurkezteko era eta, hala badagokio, diruz lagun daitezkeen programa edo jarduera bakoitzaren gehienezko zenbatekoa.
Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 247. zk.), deialdi hau lege horretan xedatutakora egokituta dago.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordeak ebatziko ditu.
Deialdi hau urte anitzekoa da, eta EAEko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa izan ohi duen gastua da. Hori dela eta, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 3.1.a) artikuluaren arabera, laguntzak eta dirulaguntzak emango diren ekitaldiaren aurre-aurreko ekitaldian hasi ahal izango da deialdi hau aldez aurretik izapidetzen.
Ondorioz, ebazpen honen bidez, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuentzako 2025erako laguntzen deialdia aldez aurretik izapidetzen da.
Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egitea. Proiektu horiek gure gizartean bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua, eta enpatia eta elkartasuna bultzatu behar dituzte. Proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 1era egin ahalko dira.
Laguntzak ondoren azaltzen diren jarduera-eremuetan sartzen diren programa eta jardueretarikoren bat egitera zuzendu beharko dira:
a) Bizikidetza eta giza eskubideak:
1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera zuzenduak.
2.– Edozein indarkeria-mota, terrorismoa edo giza eskubideen urraketarekiko kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen duen kontzientzia kritikoa sustatzera zuzendutako ekimenak.
3.– Iraganean izandako edozein indarkeria-formaren aurrean gogoeta kritiko egiteko prozesuak babesten dituzten programak, bai eta gizarteratzeari buruzkoak ere, Europako justizia leheneratzailearen aldeko korrontearen ildoan.
4.– Partaidetza sozialeko eta desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko esperientziak, pluralismoa eta topaketa soziala sustatzen duen bizikidetza normalizatuak dakartzan erronkei erantzunez.
b) Biktimak eta gizartea:
1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.
2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan.
3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren aldeko ekarpena laguntzen ere, haien aurrerapenen partaide bezala.
c) Dibertsitatea eta elkartasuna:
1.– Dibertsitatearen, arrazakeriaren prebentzioa, xenofobiaren edo gorroto-delituen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.
2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, injustiziaren eta bazterkeriaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean, elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.
3.– Indarkeriaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Dirulaguntzak entitate hauek eskatu ahalko dituzte:
a) Pertsona juridiko pribatuak, irabazteko asmorik gabeak, legez eratuak, betiere haien helburuak bizikidetza eta giza eskubideak badira, haien estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, eta haien programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten badituzte.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratuta daudenak, baldin eta beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak badituzte.
3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/00937112
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Era berean, elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan eman ahal izango du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.
2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:
a) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.
b) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena, alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua adieraziz. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
c) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan.
d) Dirulaguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horien egoera ere: ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta haien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duena.
e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko biktima-elkarteen kasuan, egiaztatu behar dute beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak dituztela.
3.– Nolanahi ere, Giza Eskubide eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
6. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Dirulaguntzen programa honetara bederatziehun mila (900.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2025. urterako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (UE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza horiek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
3.– Entitate onuradun bakoitzak, gehienez, hogeita bost mila (25.000) euro jaso ahal izango ditu, eta deialdi honetan jaso ditzakeen laguntzen gehienezko zenbateko osoa ezingo da inolaz ere izan berrogeita hamar mila (50.000) euro baino handiagoa.
7. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
Veronica Domingo Marino, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzako teknikari arduraduna.
Bokalak:
Garbiñe Parada Vizcaino andrea, Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren teknikari arduraduna.
Amaia Goenaga Sánchez andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) teknikaria.
Marian Sánchez Amado andrea, Giza Eskubideen eta Biktime Arretarako Zuzendaritzako teknikaria, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpenaren proposamena.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 20ko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, Balorazio Batzordeak eskabideen ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena ematen duenean, Giza Eskubide eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak – emakida-prozeduraren organo kudeatzailea – behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori erakunde interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta hamar (10) eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpenaren proposamena.
1.– Alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da eta, bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta aplikatutako balorazio-irizpideak adieraziko dira.
2.– Behin betiko ebazpen-proposamena kudeaketa-fasean onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, hamar (10) egun balioduneko epean proposatutako dirulaguntza onartzen dutela jakinaraz dezaten. Onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako erakundeak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
10. artikulua.– Emateko behin betiko ebazpena.
1.– Aurreko artikuluko paragrafoko proposamena onartu ondoren, Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetza Sailburuordetzak – organo emailea – dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie eskatzaileei.
2.– Dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, honako hauek ere berariaz adieraziko dira: xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua eta oinarri arautzaileetan eskatutako gainerako betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi izana ere. Deialdiaren oinarrietan ezarritako edukien erreprodukzio diren baldintzak eta betekizunak ebazpenean jaso gabe utzi ahal izango dira, eta deialdiaren eta haren oinarrien esteka jarriko da egoitza elektronikorako.
3.– Dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
11. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Legearen Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.4 artikuluaren arabera, deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, erakunde onuradunak dirulaguntza berariaz onartzen duela jakinarazten zaionetik hamabost eguneko epean; onartzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
b) Bigarren ordainketa 2026an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzan justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
12. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntzen justifikazioa gehienez hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jarduera egindako datatik kontatzen hasita, dirulaguntzen justifikazioa 2026ko urriaren 1a baino lehenago eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.
b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.
c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea.
e) Proiektuaren onuradunak zeintzuk izan diren eta proiektua egiten zeintzuek parte hartu duten adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.
f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskura: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
13. artikulua.– Ez-betetzea. Dirulaguntza itzultzea.
1.– Kasu hauetan, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, horren aurrekoa bada, sortzen diren berandutze-interesak eskatuko dira:
a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio gutxiegi, apirilaren 24ko 57/2018 Dekretu Arautzailean eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako baldintzetan.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsutuz, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.
c) Dirulaguntza ematea eragin zuen helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo portaera hori ez hartzea.
d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Apirilaren 24ko 57/2018 Dekretu Arautzailearen 14.3.c) artikuluan ezarritako kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.
f) Apirilaren 24ko 57/2018 Dekretu Arautzailearen 14.3.f) artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.
2.– Gainfinantzaketarik gertatuz gero, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.
– Arduraduna: Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritza, Justizia eta Giza Eskubideen Saila.
– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/144400-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honen bidez deitutako laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 57/2018 Dekretua, apirilaren 24koa, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuak diruz laguntzeko laguntzak arautzen dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 23a.
Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria,
JAGOBA ALVAREZ EREÑO.