253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (389 KB - 29 orri.)
- EPUB (748 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
6032
AGINDUA, 2024ko abenduaren 18koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei gazteriaren arloan programak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko 2025eko deialdia egin eta arautzen duena.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio gazte-politikaren arloko eskumen esklusiboa.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio gazteriaren eta emantzipazioaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.
Halaber, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 14.2 artikuluak ezartzen duenez, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren mende dago, eta dekretu horren 16. artikuluak zuzendaritza horri dagozkion eginkizunak ezartzen ditu.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak beste erakunde batzuekin batera aritzen da Euskal Autonomia Erkidegoan gazteriaren arloko jarduerak sustatzen. Horretarako, sail horrek, agindu honen bidez, bideak ezartzen ditu pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntza eraginkorra emateko, baldin eta helburuen artean badute deialdi honek zehazten dituen eremuetako batean jardueraren bat garatzea.
Agindu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren eremuan bideratutako laguntza hori gazteen integrazioari laguntzeko beste tresna bat bezala planteatzen du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei gazteriaren arloko programak gauzatzeko aukera emanez, erakunde horiek libreki egindako diseinuaren arabera, eta gazteriaren arloko eragileen ekimen sortzailea murriztu dezakeen muga zorrotzik ezarri gabe.
Azaldutakoaren arabera, deialdi honen bidez (aldez aurretik izapidetzeko araubideari lotuta dago), laguntza-esparru bat diseinatzen da gazteriaren arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoentzat, publiko zein pribatuentzat. Esparru hori, hain zuzen ere, behar bezain zabala izan beharko du, urteko jarduera edo programa bat zorroztasunez eta nahi duten ikuspegitik gauzatu nahi duten erakunde guztiek dirulaguntza eskuratzeko modua izan dezaten (betiere, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9.1.i) artikuluak emandako eskumenari jarraikiz).
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan dago jasota. Plan hori Koordinaziorako eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Nolanahi ere, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen denean, plan horretan jaso beharko da deialdia.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea eta 2025. urtean gazteriaren arloan programak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ebazteko, beharrezkoa da kreditu nahikoa eta egokia egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu horren bidez arautu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko modua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari. Haren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 18a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
I. ERANSKINA
2025. URTEAN GAZTERIA ARLOAN EGITARAUAK ETA JARDUERAK GARATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO MODUA EZARTZEN DUTEN OINARRIAK.
Lehenbizikoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da gazteriaren esparruan pertsona juridiko pribatuek antolatzen dituzten jarduera eta proiektuetara bideratutako dirulaguntzen 2025 ekitaldirako oinarriak ezartzea eta deialdia egitea.
Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza hauetarako, 800.000 euro bideratuko dira, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen aurrekontu-partidatik. Horietatik, 400.000 euro 2025. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 400.000 euro, berriz, 2026. urterako konpromiso-kredituari.
Hirugarrena.– Entitate onuradunak.
Dirulaguntza horien onuradunak izan ahalko dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak.
Laugarrena.– Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Entitate eskatzailea legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko da.
2.– Entitate eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak. Ordainduta izan behar ditu, halaber, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak
Bosgarrena.– Entitate onuradun izateko debekuak.
1.– Ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona juridikoak.
2.– Ez zaio dirulaguntzarik, ezta inolako baliabiderik ez funts publikorik emango, zuzenean zein zeharka, LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona juridikori, ez eta konbertsio-terapiak sustatu edo egiten dituztenei ere, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutakoaren arabera.
Seigarrena.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak eta programak.
1.– Honako esparru hauetan garatzen diren urteko programak edo jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren bizi kalitatea hobetzea eta sustatzea helburu duten lurraldez gaindiko jarduera-programak.
b) Entitateen arteko sustapena, ezagutza, berrikuntza, gizarte-sentsibilizazioa, lankidetza eta sare-lana bultzatzeko eta indartzeko ekimenak, Astialdi Hezitzailea Auzoetan 2030- Aisialdiko Hezkuntza Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiaren esparruan.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan aitortuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko animazio soziokulturalerako eskolek antolatutako animazio soziokulturalerako ikastaroak. Atal honetako dirulaguntzak 500 eurokoak izango dira, gehienez, ikasle bakoitzeko.
d) Urteko programaziotik kanpo dauden jarduera zehatzak, gazteriaren bizi kalitatea sustatzea eta hobetzea helburu dutenak. Jarduera horiek helburu eta eduki berritzaileak edo eragin soziala izan beharko dute.
2.– Aurreko paragrafoko 1.a eta 1.d apartatuetan jasotako programa eta jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izango dira.
3.– Lurraldez gaindiko programa edo jardueratzat hartuko dira argi ta garbi lurralde historiko bateko baino gehiagoko hartzaileengana zuzentzen direnak. Inguruabar hori jardueraren fase guztietan bete beharko da: planifikazioan eta prestakuntzan, inplementazioan eta, azkenik, ebaluazioan edo jarraipenean. Lurralde historiko bateko baino gehiagoko pertsonek jardueretan parte hartze hutsak ez die lurraldez gaindiko izaera ematen.
4.– Eskabide berean izaera desberdina duten jarduerak badaude, jarduera bakoitzerako helburuak, hartzaileak eta diru-sarrera eta gastuak zehaztu beharko dira.
Zazpigarrena.– Dirulaguntzaren xedetik kanpo dauden jarduerak eta programak.
Jarduera hauek geratuko dira agindu honen aplikazio-eremutik kanpo:
a) Osasun-arrazoiengatik edo beste egoera sozial batzuengatik behar espezifikoak dituzten kolektiboei zuzendutako jarduerak, zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan daudenei zuzendutakoak, baldin eta halakoei arreta ematea Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei edo beste administrazio batzuei badagokie.
b) Ikastetxeetako curriculuma garatzeko programak eta jarduerak, ikasturte-amaierako bidaiak edo eskolaz kanpoko antzeko beste jarduera batzuk, zuzenean edo zeharka ikasleentzat antolatuak, bai eta ikastetxeetako ikasleen familia-elkarteek (gurasoek) antolatutako jarduerak ere.
c) Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, desfileak eta gainerako jai-emanaldiak.
d) Udalekuak, kanpamentuak, ibilaldiak edo auzolandegiak edo gazte-boluntariotzako ekintzak.
e) Kirol-klub edo -federazioen berezko jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol-jarduerak.
f) Jarduera fisikoa indartzera bideratutako jarduerak edo osasunerako hezkuntza eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzera bideratutakoak.
g) Zeharkako kostuen eta azpikontratatutako zerbitzuen kostuen batura jardueraren gastu-aurrekontuaren % 80 baino gehiago diren jarduerak.
h) Deialdi honetatik kanpo geratzen dira publizitate-kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak egitea xede duten proiektuak.
i) Autofinantzaketa-maila % 20tik beherakoa duten jarduerak edo programak. Hau da, entitate eskatzaileak diruz lagunduko den jarduera edo programara bideratuko dituen diru-sarrera propioen eta jardueraren guztizko aurrekontuaren arteko proportzioa % 20 edo handiagoa ez izatea.
Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetza ez duten entitate pribatuetatik datozen ekarpen ekonomikoak.
j) Sexu-arrazoiengatik edo askotariko diskriminazioko faktoreengatik diskriminatzaileak diren jarduerak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasota daudenak (dekretu horren bidez onartzen da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).
Zortzigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagunduko diren gastuak izango dira dirulaguntzaren xede den jardueraren edo proiektuaren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan, dirulaguntza emateko ebazpenean edo horretan izan litezkeen aldaketetan zehaztutako epe barruan egiten direnak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua ezingo da, inolaz ere, merkatuko balioa baino handiagoa izan.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak bi multzotan banatuko dira:
a) Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak izango dira lagundutako jardueraren edo programaren exekuzioari lotutako berariazko kostuak eta, ondorioz, haiei zuzenean egotz dakizkiekeenak.
Dirulaguntzaren xede diren jardueraren edo programaren publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastu zuzenek ezingo dute jardueraren edo programaren aurrekontuaren % 20 gainditu.
b) Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Aurkeztutako programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20 arteko kopurua sartu ahal izango da zeharkako gastu bezala, beti ere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat programari edo jarduerari eslei dakiokeenean. Inguruabar hori behar bezala justifikatu beharko da.
3.– Inbertsio-gastuak ez dira, inolaz ere, diruz lagunduko. Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak izango dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia badute.
Zeharkako zergak ez dira dirulaguntza jasotzeko gastutzat hartuko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta norberaren errentaren gaineko zergak ere.
4.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez. Azpikontratazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutako baldintzetan egingo da.
5.– Entitate onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera garatzeko hirugarren batekin kontratatzen badu, eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoak sektore publikoko kontratazio araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, entitate onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman eta hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.
6.– Entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan oinarri honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak badaude, edota, diruz lagundu badaitezke ere, ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak gastu horiek ezabatuko ditu, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarritzat hartuko den gastu-aurrekontua zehazteko.
Bederatzigarrena.– Dirulaguntzak izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek dirulaguntza honi lotutako izapide guztiak bitarteko telematikoak erabilita egin beharko dituzte. Eskabidea bera eta haren ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliz egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050912
2.– Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren fitxa, bai eta eskabide-inprimakia ere, helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050912
3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta eskabideari erantsitako egiaztagiriak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2. a) eta 6.1 artikuluek ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidea ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango da bitarteko elektronikoz. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan onartzen diren identifikazio- eta sinadura-sistemak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Hamargarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabilita aurkeztuko dira. Eskabidearen edukia II. eranskinean jaso da.
Eskabidea aurkezteko, hilabeteko epea izango dute entitate interesdunek, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proiektuari edo jarduerari buruzko memoria zehatza, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne. Memoriaren edukia III. eranskinean jaso da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050912
b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia egiaztatzen duen txartelaren fotokopia.
c) Entitatearen inskripzioa egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua eta dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.
Entitate eskatzaileak dokumentazio hori aurretik aurkeztu badu administrazio honetan, eta indarren badago, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, nahikoa izango da dokumentazio hori zer zuzendaritzatan edo sailetan aurkeztu den adieraztea, administrazioak ofizioz egiazta dezan.
3.– Halaber, jarduera hobeto baloratzeko, entitate eskatzaileak egokitzat jotzen duen dokumentu oro aurkeztu ahal izango du.
4.– Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak espediente osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari eta horiek egiaztatzeko behar diren frogak egin ahal izango ditu.
Hamaikagarrena.– Entitate eskatzailearen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela automatikoki egiaztatzeko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez. Horrela xedatzen du Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak 6. artikuluan (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegokoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
Entitate onuradunak aurka eginez gero, entitateak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko betekizunak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira, eskabide-eredua erabiliz (II. eranskina).
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datuak, adierazpenak edo agiriak zuzenak ez badira, faltsuak badira edo haietako edozein falta bada, prozedura etengo da, egitate horren berri izan den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Gainera, hori gertatu dela adierazteko Administrazio Publikoak ematen duen ebazpenak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, hala badagokio.
Hamabigarrena.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, entitate interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Hamahirugarrena.– Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.
1.– Dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka prozedura erabilita emango dira. Horretarako, Balorazio Batzordeak eskabide guztiak alderatu eta agindu honen hamabosgarren oinarrian jasotako hautaketa- eta balorazio-irizpideen arabera lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du haien artean. Nolanahi ere, dirulaguntza jaso ahal izateko, 40 puntu baino gehiago lortu beharko dira.
Hamabosgarren oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioa zehaztuta, Balorazio Batzordeak proposatuko du eskatu den dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea kasu bakoitzerako. Ehuneko hori kalkulatzeko, honako formula hau erabiliko da:
100 x (lortutako puntu kopurua - 40) / 30
Formulatik ateratzen den zenbatekoa 70 baino handiagoa denean, Balorazio Batzordeak proposatuko du eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa ematea. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoari eta mugei buruz hamaseigarren oinarrian jasotakoa bete beharko da.
Zenbatekoak dezimalak baditu, hurbilen duen zenbaki osora biribilduko da.
2.– Dirulaguntzak puntuazio-ordenaren arabera banatuko dira, harik eta bigarren oinarrian jasotako zuzkidura-ekonomikoa agortu arte, betiere eskabideak oinarri honen lehen puntuan ezarritako 40 puntuak gainditu baditu.
Balorazio Batzordeak egindako balorazio-txostenean, diruz laguntzeko moduko jarduerak edo proiektuak eta baztertutakoak bereiziko dira. Irizpide berari jarraituko zaio eskabide berean izaera desberdina duten jarduerak badaude eta guztiak diruz laguntzeko modukoak ez badira.
Hamalaugarrena.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Honako pertsona hauek osatuko dute:
– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako arduraduna.
– Bokala: Iker Garagarza Berger, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: María Jesús Emazabel Lekuona, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria.
– Bokala: Cristina Armendariz Fernández, aholkulari juridikoa, aldi berean idazkari gisa jardungo duena. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocáriz Sorolla, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria.
2.– Hamabosgarren oinarrian ezarritako balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak balorazio-txostena aurkeztuko dio laguntzak kudeatzen dituen Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari.
Hamabosgarrena.– Balorazio-irizpideak.
Honako irizpide hauen arabera emango zaie puntuazioa eskabideei:
1.– Entitate eskatzaileak jarduera edo programa horretarako dituen diru-sarrera propioen eta jarduerara bideratuko duen aurrekontu osoaren arteko proportzioa.
Diru-sarrera propioen ehuneko handiena, betiere % 20koa edo handiagoa bada, 10 punturekin baloratuko da, gehienez.
2.– Programaren edo jardueraren hedapen esparru geografikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan hedapena duten jarduerei puntuazio handiagoa emango zaie. 10 puntu, gehienez.
3.– Programa edo jardueraren egokitasuna. Kontuan hartuko da programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden, Astialdi Hezigarria Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiak zehaztutako helburu espezifikoekin lerratuta dauden, bai eta xede diren gazteen beharrizanen azterketan oinarrituta dauden. Gehienez 25 puntu.
4.– Proiektuaren diseinuaren eta inplementazioaren kalitatea. Kontuan hartuko dira proposatutako proiektuaren fase guztien (prestaketa, jardueren egikaritzea eta ebaluazioa) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea; espero diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabiltzea; eta proiektuaren helburuen, proposatutako jardueren eta horietara bideratutako aurrekontuaren arteko koherentzia. Kontuan hartuko da, halaber, parte hartzen duten gazteen babesa eta segurtasuna bermatzeko neurri zehatzak egotea, indarrean dagoen araudiak eskatzen duenetik harago, bai eta proiektua eta haren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetzeko amaierako ebaluazio prozesu bat txertatzea. Gehienez 15 puntu.
5.– Euskararen erabilera. Euskara erabiltzea jarduera edo egitaraua garatzerakoan, bai giza baliabideei dagokienez, bai baliabide materialei dagokienez. Gehienez 12,50 puntu.
6.– Genero-ikuspegia. Emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak sistematikoki aintzat hartzea proiektuaren garapenean eta ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzea xede duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea, gehienez ere 12,50 puntu.
7.– Proiektuaren eragina eta hedapena. Programa edo jardueraren ondorioz onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua baloratuko da, proiektuak zer eragin duen parte hartzaileengan, entitateetan eta garatuko den ingurunean, bai eta emaitzak hedatzeko eta ustiatzeko aurreikusitako neurriak ere. Gehienez 15 puntu.
Hamaseigarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.
Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak diruz laguntzeko onartutako gastu-aurrekontuaren % 80ra artekoak izan ahalko dira, eta ezingo dute, inolaz ere, ehuneko hori gainditu.
Aurreko paragrafoan jasotakoa eragotzi gabe, entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 50.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko du.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira edozein entitate publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntzekin edo sarrerekin, betiere hamaseigarren oinarrian jasotako muga betetzen bada, eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.
Gainfinantzaketa gertatzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da dagokion gehieneko mugaraino.
Hamazortzigarrena.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzen kudeaketa.
Aurkeztutako espedienteak eta Balorazio Batzordeak egindako txostena aztertu ondoren, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.
Behin-behineko ebazpen-proposamena entitate interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta»ren bidez eta, hala badagokio, 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
Epe hori igarota, eta, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak ebatzita, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak dirulaguntzak esleitzeko behin betiko proposamena igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari.
Hemeretzigarrena.– Esleipen-ebazpena eta jakinarazpena.
Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea izango da dirulaguntzak esleitzeko behin-betiko ebazpena emango duen organoa.
Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie, sei hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez egingo dira.
Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira entitate onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak, denek jakin dezaten.
Sei hilabeteko epea amaituta entitate interesdunak jakinarazpenik jasotzen ez badu, ezetsitzat jo dezake bere eskaera, administrazio-isiltasunez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Esleipen-ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio bideari. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.m) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hogeigarrena.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak ez badio berariaz uko egiten, dirulaguntza onartutzat joko da.
b) Dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera, entitate onuradunek berariaz iragarriko dute jarduerek edo programek Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren dirulaguntza jaso dutela, diruz lagundutako jarduerarekin edo programarekin zerikusia duten programetan, iragarki-karteletan, argazkietan eta argitaratzen den bestelako material grafiko zein soinudunean.
Betebehar horrek ez die eragingo amaituta dagoen proiektu edo jarduera bat aurkeztuta dirulaguntzaren onuradun gertatzen diren entitateei.
c) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatuko da diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean
Horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Halaber, euskara toki nabarmenean jarriko da Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan hizkuntza sustatzeko ezarritako neurriak betetzeko.
d) Halaber, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokien alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiliko dira dirulaguntza jaso duen jardueraren edo proiektuaren ondorioz sortzen diren agiri eta material guztietan.
Hogeita batgarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, aurreko oinarriaren a) apartatuan aipatutako epea igaro ondoren, betiere entitate onuradunak dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio.
b) Bigarren zatia, likidazioaren emaitzari dagokiona, emandako dirulaguntzaren erabilera hurrengo oinarrian ezarritako moduan justifikatu ondoren.
Nolanahi ere, bigarren ordainketa 2026. urtean egingo da.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikoan alta emanda beharko du.
Alta emateko, edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Hogeita bigarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu sinplifikatuaren arabera egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez.
Justifikazioa diruz lagundutako jarduera bukatutakoan aurkeztuko da eta, betiere, 2026ko martxoaren 3a baino lehenago.
2.– Justifikazio-kontu sinplifikatuaren eredua IV. eranskinean jasotzen da, eta eskuragarri jarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050912
Justifikazio-kontu sinplifikatuak eduki hau izango du:
a) Burututako jardueraren edo egitarauaren memoria zehatza.
b) Exekutatutako aurrekontuaren diru sarrerak eta gastuak eta diruz lagundutako jardueretan egindako gastuen zerrenda sailkatua.
Aipatutako aurrekontuan, diruz lagundutako jarduerak jaso dituen beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko informazio xehatua jasoko da, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Diruz lagundutako jardueren gastuen zerrendak hartzekodunaren eta gastu-frogagiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-datak jasoko ditu
3.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesletzaren aipamena berariaz jasoko duten egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntza-bertsio desberdinen aleak edo, bestela, horien kopia, euskarri fisiko edo magnetikoan.
4.– Diruz lagunduko diren hautatutako proiektuen edo jardueren gastu-egiaztagiriak egiaztatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ondoren zehaztutako laginketa-teknika erabiliko du.
a) Diruz lagundutako jardueren edo proiektuen zerrenda egingo da, entitate onuradunen izenaren arabera ordenatuta, eta bakoitzari zenbaki korrelatibo bat esleituko zaio.
b) Hautatutako jarduera edo proiektu bakoitzari esleitutako zenbakiaren azken digitua Agindu hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenenean, entitate onuradunek hautatutako jarduera edo proiektuaren gastu-egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Adibidez, agindua 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34., 44. eta abar zenbakia esleitu zaien proiektu edo jarduerei gastu-egiaztagiriak aurkeztea eskatuko zaie.
5.– Justifikazio memorian, honako informazio hau eman beharko da, sexuaren arabera banakatua: jardueraren edo programaren azken erabiltzaileak, dirulaguntzaren xede den jardueran edo programan parte hartu duten giza baliabideak eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den jarduerarako edo programarako kontratatu diren langileak.
Hogeita hirugarrena.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzen bada, edo bestelako entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa doitu beharko balitz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuko da, eta lege horretako 40. artikuluan jasotako prozedurari jarraituko zaio.
Nolanahi ere, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da eta kontuan hartuko da dirulaguntza erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzea eta entitate onuradunek beren konpromisoak argi eta garbi bete dituztela egiaztatzea. Hala, proiektuaren jarduera zehatzak edo helburu partzialak ez betetzeak berekin ekarriko du horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia itzuli beharra.
Hogeita laugarrena.– Ez-betetzeak.
Hauek izango dira ez-betetze kasuak:
1.– Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea.
a) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
b) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epe barruan ez itzultzea
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako beste edozein ez-betetze.
2.– Oinarri honetan jasotako ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari itzuli beharko dizkiote jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan zehatutako prozedurarekin bat etorriz.
Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan hartuko da entitate onuradunaren betetze-maila erabateko betetze mailara nabarmen hurbiltzea eta entitate onuradunak egiaztatzea bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe. Hala, proiektuaren jarduera zehatzak edo helburu partzialak ez betetzeak berekin ekarriko du horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia soilik itzuli beharra.
Hogeita bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.
– Helburua: Gazteriaren arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak izapidetzea eta ematea.
– Legitimazioa:
* Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.
* Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
* Ekonomia eta Ogasun Saila (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa)
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)
ID:1247