Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
6031

AGINDUA, 2024ko abenduaren 23koa, Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko sailburuarena, 2025eko ekitaldian enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programarekin bat baitator, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna; guztiak ere NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak dira.

Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, berritzea eta azpiegituretan inbertitzea funtsezkoa da hazteko eta ekonomia garatzeko.

Horizon Europe esparru-programa abiapuntutzat hartuta, ZTBP 2030ek hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: Bikaintasun zientifikoaren I. zutabea, Lidergo teknologiko industrialaren II. zutabea eta Berrikuntza irekiaren III. zutabea, eta Talentua.

Hala, ZTBP 2030en hiru zutabeetako bat «Lidergo teknologiko industriala» izenekoa da. Haren helburua da euskal enpresa-taldeen lidergo teknologikoa eta industriala sendotu eta sustatzea, eta etorkizunean hazteko ahalmen handia duten nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzea; orobat, ikerkuntza babestu nahi da, ikerkuntzan eta garapen teknologikoan egiten diren inbertsioen emaitzak eta eragina hobetu ahal izateko.

Gainera, aipatutako eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatutako Garapen Jasangarriko Helburuei lotutako erronka globalei ere heltzen die zutabe horrek, RIS3 espezializazio-arloetan, Industria Adimendunean, Energia Garbiagoetan eta Osasun Pertsonalizatuan integratutako lankidetza publiko-pribatuko I+G proiektu estrategikoak garatuz.

Euskadik erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko jokaleku batean; industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea.

Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+B-ren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan; hain zuzen ere, produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko eta eragin ekonomiko nabarmena izan dezaketen emaitzak sortzeko. Testuinguru horretan, enpresek indartu egin behar dute I+G+B-ko eragileekin duten lankidetza, eta euskal enpresak nazioarteko erreferentzia diren teknologien arteko elkarreragina eta konbergentzia indartu behar dira.

Euskadik dituen erronka sozioekonomikoei aurrerantzean ere zientzia eta teknologiaren bitartez erantzuteko, beharrezkoa da enpresen I+G-rako laguntzen programari eustea eta bultzada ematea, zeinaren xedea baita Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektu lehiakorrak zein estrategikoak egiten laguntzea, betiere ZTBP 2030en edo Zeharkako Ekimen Eragileen (Zahartze Osasungarria, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) espezializazio-eremuen barruan, integrazio handiagoa lortze aldera gizarte-erronken eta espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren artean.

Laguntza-programa hau jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen.

Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (erregelamendu hori Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 972/2020 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 1237/2021 (EB) Erregelamenduaren eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Enpresen I+G jarduerari laguntzeko Hazitek programaren oinarriak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren legez, eta laguntzen deialdia egitea 2025eko ekitaldirako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honek honako hauetan xedatutakoa bete behar du: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; maiatzaren 12ko 3/2022 Legea, Euskal Sektore Publikoarena; abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko erregulazioa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 23a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

I. ERANSKINA
ENPRESEN I+G JARDUEREI LAGUNTZEKO HAZITEK PROGRAMAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea.

Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak aurrera eramateko laguntzen programa arautzea eta deialdia egitea da agindu honen helburua. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatu behar dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 93.000.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

Deialdiaren zenbateko oso horretatik, 43.000.000 euro proiektu lehiakorretarako izango dira; eta 50.000.000 euro, berriz, proiektu estrategikoetarako.

Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

2.– Deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 10 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea.

3.– Definitutako proiektu-tipologiaren baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak, amaitzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.

4.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-esparruetan garatu diren izaera estrategikoko I+G proiektuen kasuan, baldin eta lehentasun estrategikoetan jasota ez badaude, finantzaketak ezin izango du gainditu lankidetzazko nahiz banakako izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako aurrekontu guztiaren % 20.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko martxoaren 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dira.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak: Enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz, 250 langile baino gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskin horren 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.

b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien legezko forma edozein dela ere. Hala ere, onuradun izan daitezke nortasunik ez duten pertsona juridikoen elkarteak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoarekin. Kasu horretan, taldeak lider bat izendatu beharko du. Lider horrek ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, eta behar besteko ahalmena izango du taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dituzte, agindu honetako 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak.

2.– Honako hauek ezin daitezke izan agindu honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio publikoekin lotuta edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten entitate eta sozietate publikoak, eta administrazio instituzionalekoak, zeinahi dela ere administrazioa.

b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak» (2014/C 249/01).

c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratze-agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo entitateak.

d). Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak, 109/2015 Dekretuaren arabera akreditatuta daudenak (109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa).

3.– Entitateek, onuradun izateko, ez dute egon beharko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuetan eta ezarritako betebeharrak bete egin beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea, entitatearen jarduera ekonomikoa bertan garatzea eta instalazioan I+G proiektuan inplikatutako langile propioak izatea.

b) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea. Proiektuan EAEtik kanpoko ikertzaileek parte hartzen badute, haiek proiektuan esku hartzeko beharra justifikatu beharko da, eta une oro bermatu beharko da proiektuari egotzitako langileen kostu gehiena, proiektuko buruena barne, EAEri atxikitako ikertzaileei dagokiela.

c) Berezko nortasun juridikoa izatea –salbu eta 4.1.b) artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko taldeak badira–, bai eta jarduteko gaitasun nahikoa ere; halaber, ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.

d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eskaera egiten duten unetik.

e) Beteak izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek, irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis apartatuan xedatzen den bezala.

g) Ez dute dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik jasoko berekin sexu-diskriminazioa dakarten jarduerek, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien enpresek ere, zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

h) Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten entitateak, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako entitateak.

i) Ez egotea Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoera eragozleetako batean ere.

4.– Era berean, entitateek, onuradun izateko, ez dute egon beharko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako baten eraginpean, eta honako hau bete beharko dute:

– Ez galdu izana dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, eta ez egotea kondenatuta delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez egin izana hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

– Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea; edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Egoitza fiskala ez edukitzea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.

– Enpresa-deslokalizazioan ez erortzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

– Laguntza hauen xede den proiektua garatzeagatik gainfinantzaketarik ez izatea.

– Ez galdu izana dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zigor administratibo edo penalik ez jaso izana sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldia amaitu gabe dagoela.

– Ez urratzea estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko estatu-legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).

– Elkarte ordezkatuak ez izatea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausarik.

– Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez egotea etenda ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean (elkarteen kasuan. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.4 artikulua).

– LGTBI-fobia ez gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

– Ez egotea zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

– Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu izana, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu izana (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

– Enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik ez jaso izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen dituenak jakinarazi beharko ditu, laguntza likidatu arteko aldian. (Betiere deialdiak beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna aurreikusten badu).

5.– Betebehar eta debeku horiek dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen jarduerak eta tipologia.

1.– Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.

a) Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 4 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak, eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 7 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.

2.– Araubide honen helburua diruz lagundu daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) I+G proiektu lehiakortzat hartuko dira produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak.

b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta lehendik daudenak baino hobeak garatzera argiro bideratua. Jarduera horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskariari hobeto erantzutea izango da.

c) Ez dira «produktu/prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzera bideratutako proiektuak edo garatutako produktuak/prozesuak/zerbitzuak produktu/prozesu/zerbitzu berritzat hartzeko behar besteko berrikuntzarik ez dakartenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.

2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerketa eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar dute, Euskadiko ekonomian trakzio-efektua eragin behar dute eta ETEen esku-hartzeari eta Horizon Europe Programari mesede egin.

b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak sortu ere. Horrek guztiak lanpostuak sortzera eta euskal enpresa-ehundura dibertsifikatzera bideraturik egon beharko du, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

6. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak.

1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu hauen jarduketa-arlo zientifiko eta teknologikoek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.

b) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak bi eratara gauzatu daitezke: banaka, edo lankidetzan, bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.

Agindu honen xedeetarako, lankidetza-proiektutzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa batek edo gehiagok Europako beste entitate batzuekin lankidetzan arituz parte hartzen duten estatuz haraindiko lankidetza-proiektuak (ERANET proiektuak edo Europako Partenergoak, konparazio batera). Bai ERANET proiektuak, bai Europako Partenergoak, bai finantzaketa partekatuko proiektuak I+G+B-ri laguntza emateko Europako Esparru Programaren barneko ekimenak dira.

c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da urte bakoitzeko, eta, lankidetza-proiektua bada, gutxienez 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko da lankide den enpresa bakoitzeko.

d) Lankidetza-proiektuen kasuan:

1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.

2) Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.

e) Laguntzak, pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.

Europako programetan, ERANET egitasmoetan, Europako Partenergoetan eta beste egitasmo batzuetan onartutako nazioz haraindiko lankidetza-proiektuen kasuan, kontuan hartuko da dagokion nazioarteko deialdian aurkeztutako lehen eskabidearen data, aurreproposamenen fasekoa barne hartuta.

f) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.

2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.

a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-esparru zientifiko-teknologiko estrategikoak, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean (Industria Adimenduna, Energia Garbiagoak eta Osasun Pertsonalizatua) edo Zeharkako Ekimen Eragileetan (Zahartze Osasuntsua, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) ezarritako lehentasunen barruan kokatuko dira, gizarte-erronken eta RIS3 estrategiaren artean integrazio handiagoa eta espezializazio-eremuen artean lankidetza handiagoa lortzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren / Espezializazio Adimentsuaren (RIS3) lehentasun horien barruan ez dauden jarduketa-arloak dituzten eta aukera-eremuetan jasotako esparruetan garatzen diren proiektuek, diruz lagundu daitezkeen horiek betiere, ezin izango dute eduki agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 4.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.

c) Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresak osatu beharko dituzte, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dute lankidetzan, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Enpresetako batek, proiektua garatzeko orduan parte-hartze tekniko handiena duenak, bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.

2) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek, gutxienez, parte hartzea, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere ikerketa eta zabalkunderako erakundeei buruzko kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 83. paragrafoan ezarritakoari jarraikiz. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.

3) Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.

4) Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da, gutxienez.

d) Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztutako proiektuak ez baditu betetzen artikulu honetako c puntuko 1. eta 2. apartatuetako ezaugarriak, modu berezian garatzen dela iritziko zaio. Halako proiektuak berezitzat jo daitezke, dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino diru-esleipen handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera guztira bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.

e) Proiektuak programa honetan sartzeko, oinarrizko printzipio hauek betetzen direla kontuan hartuko da bereziki:

– EAErentzat estrategikoa izatea.

– Enpresa-lidergoa.

– Enpresek I+G+Bn inbertsio handia egitea.

– Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

– Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.

f) Laguntzak, pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.

g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak, eta hala Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluari nola Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluari jarraituko diote:

a) Langileen zuzeneko kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileenak), proiektura bideratuta dauden heinean.

b) Zeharkako kostuak. Ikerketa- eta garapen-proiektuaren kostu hauek kostu sinplifikatuen ikuspegi batean oinarrituta kalkulatuko dira; oroharreko zenbateko bat izango da, a) letran aipatzen diren ikerketa- eta garapen-proiektuko langileen kostu zuzenei % 15era arteko ehunekoa aplikatuta kalkulatuko dena.

c) Kanpo-aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioarenak ere (entitate parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidearenak barne hartuta), baldin eta zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiltzen badira eta kanpo-iturrietatik eskuratu badira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.

d) Azpikontratazio-kostuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile ondorio horietarako akreditatuekikoak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.

e) Proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera; haien artean sartu ahal izango da dirulaguntza justifikatzeko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, entitate onuradun eta urteroko bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluko 3. paragrafoaren d) apartatuari jarraituz.

g) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak.

h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen kostuak: proiektuan zehar ikerkuntza-jardueran soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa, salbu eta doako lagapenaren bitartez eskuratutakoen kostuena.

i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) apartatuetan aipatutako gastu diruz lagungarriak Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.

2.– Aipatutako kostuek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren mende daudenez, betekizun hauek izango dituzte:

a) Oro har, entitate onuradunak, diruz lagundutako jarduerarako, ezingo du kontratatu diruz lagundutako proiektuaren guztizko kostuaren % 50etik gora hirugarrenekin, non eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak, ebazpen baten bidez, gastu diruz lagungarri horiek onartzen ez dituen, oso espezializatuak direlako edo entitate onuradunek beren baliabideekin soilik ezin dituztelako egin.

b) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz egin beharko da, eta dirulaguntza eman duen organoaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, bat eginez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuarekin.

c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak –bakoitza, hornitzaile batena–, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez den aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egin eta ordaindu denean.

Aurkeztutako eskaintzen artean (justifikazioan azaldu behar dira eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz hautatuko da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

8. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Dirulaguntzak itzuli beharrik gabekoak izango dira eta printzipio hauek jarraituz emango dira: publikotasuna, lehia, objetibotasuna, gardentasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, administrazio emaileak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluarekin bat eginez.

2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez emango dira laguntzak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 18. artikuluan zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 18.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute. Norgehiagoka lehiaketa bidez egingo da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluarekin.

3.– Agindu honen 9. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak proiektu onartuei.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, ondorengo 4. apartatuan aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.

2.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-zuzkidura nahikoa ez bada proiektu hautatu guztiei 17. artikuluaren 3. apartatuan (Ebaluazio-irizpideak) ezarritako eran laguntzeko, dirulaguntzetarako guztizko zenbatekoa entitate onuradunen artean hainbanatuko da diruz lagundu daitezkeen proiektuen kategoria bakoitzean. Atalka hainbanatuko da, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuak aintzat hartuz.

3.– Dirulaguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Proiektu estrategikoen kasuan, berriz, hainbat urterik behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, hiru ekitalditarako izango dira.

4.– I+G jardueretarako entitate onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (dirulaguntza ez da itzuli behar) gastu diruz lagungarrien aurrekontu onartuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira gehienez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera:

a) Izaera lehiakorreko proiektuetan:

1) Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.

2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

3) Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetarako (hala nola ERANET ekimenak, Europako Partenergokoak, eta gutxienez hiru estatu kidek –edo bi estatu kidek eta gutxienez herrialde elkartu batek– batera finantzatutako proiektuak, baldin eta aditu independenteek Horizon 2020 edo Horizon Europe programen arauekin bat etorriz nazioz haraindiko deialdietan egindako ebaluazioa eta sailkapena oinarri hartuta hautatu badira), laguntza-intentsitateak KASEOren 25 quarter artikuluan ezarritakoak izango dira.

4) Edonola ere, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza gehienez 500.000 eurokoa izango da urteko eta entitate onuradun bakoitzeko.

b) Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:

1) Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.

2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.

10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, dirulaguntzen izaera edo haiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein delarik ere. Entitate onuradun bakoitzak guztira zenbat laguntza jasoko dituen jakindakoan, agindu honen arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, zehazki, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa. Horrez gain, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluarekin, dirulaguntzaren onuradunak gainfinantzaketarik ez jasotzeko konpromisoa adierazi beharko du.

2.– Proiektu bati emandako dirulaguntzen eta bestelako laguntzen zenbatekoak ezin ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak (ez laguntza bakoitzaren zenbatekoak, ez laguntza guztien baturak), eta entitate onuradunek laguntza horien berri eman behar diote Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari. Horrelakoetan, gutxitu egingo da agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa, gehiegizko kopurua adina.

11. artikulua.– Europar Batasunarekiko egin beharreko izapideak eta efektu pizgarria.

1.– Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren agintariek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko.

2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere bat etorriz Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin.

3.– Gainera, programa honetan, laguntzak pizgarri gertatzeko, entitate eskatzaileak eskabidea egin ondoren abiarazitako proiektuak baino ez dira lagunduko diruz.

III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHENENGO ATALA
HASIERA

12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1030810/ (castellano).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030810/ (euskara).

Helbide horretan eskuragarri egongo dira eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta bide horretatik izapideak nola egin azaltzen duten zehaztapenak.

Eskaera egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» gunearen bidez egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Alde horretatik, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01sedepd/es/transparencia/077400-capa2-es.shtml

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Laguntza-eskabidea, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira agindu honetan aurreikusitako eskabidea eta dokumentazio osagarria. Euskarri elektronikoan bete beharko dira, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz.

2.– Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2025eko ekitaldian garatutako proiektu lehiakorrak eta 2025eko, 2026ko eta 2027ko ekitaldietan garatutako proiektu estrategikoak.

3.– Elkarlaneko proiektuetarako, entitate interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten enpresetako batek izango ditu, taldeko buru gisa jardunez, proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluarekin. Horretarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere.

Kasu horietan, horrenbestez, taldeko buru egiten duen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea. Beraz gain, parte hartzen duten gainerako entitateek ere izenpetu beharko dute eskabidea. Gainera, bai enpresa buruari eta bai taldeko gainerako enpresei ere ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.

4.– Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetan –hala nola ERANET ekimenak, Europako partenergoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek Europako beste entitate batzuekin parte hartzen duten finantza partekatuko proiektuak–, EAEn kokatutako enpresek baino ez dute izango eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.

5.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuko buru egiten duen enpresak sinatuta, eta proiektuan parte hartzen duten enpresa guztien datuak eta haietako bakoitzak izango duen aurrekontua dituela. ERANET proiektuetan, Europako partenergokoetan eta finantzaketa partekatukoetan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak edo enpresek bakarrik sinatuko dute.

b) Parte hartzen duen enpresa bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; gehienez, 80 orrialde izango ditu (proiektu estrategikoak), edo 60 orrialde (proiektu lehiakorrak), azala, aurkibidea eta eranskinak (intereseko gutunak eta ikertzaileen curriculum vitaeak) zenbatu gabe. Letraren tamaina: Arial 11.

d) Lankidetza-proiektuei dagokienez, parte hartzen duten enpresa guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Taldea eratzeko hitzarmenean, gutxienez, alderdi hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.

e) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua, parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.

6.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, honako alderdi hauek egiazkoak direla ziurtatzeko:

– ETEa izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak bete behar ditu, Europako Erkidegoko arauei jarraituz. Hauek hartuko dira enpresa txiki edo ertaintzat, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz: 250 baino langile gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.

– Ez daude administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez dira administrazio instituzionalekoak.

– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

– Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez dute jo kaudimengabetzat inongo prozeduratan, ez dauka konkurtso-deklaraziorik –eta, baldin badauka, horretan eraginkortasuna hartu du hitzarmen batek–, ez dago esku-hartze judizialaren pean, eta ez dute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, eta desgaitu badute, amaituta dago konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia.

– Ez du Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez du araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Entitate eskatzailea ez dago sartuta itzulketa- edo zehapen-espedienteetan; ez du galdu, zigor- eta administrazio-arloan zigortuta, dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak lortzeko aukera; eta ez dago haiek lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexuan oinarritutako bereizkeriaren ondoriozko debekuak barne, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

– 50 langiletik gorako enpresen kasuan, berdintasun-plan bat dute indarrean, Estatuko araudiaren arabera egina, eta egiazta dezakete neurriak hartu dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko.

– Entitate eskatzailea ez dago Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera batean ere, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotzen diren Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko egoera eragozleei dagokienez.

– Entitate eskatzailea ez da enpresa edo entitate bat, betetzeko dagoen berreskuratze-agindu baten pean dagoena aurretik Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela erabaki duela eta.

– Entitate eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01)

– Entitate onuradunak konpromisoa hartzen du ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenari kalte handirik ez egiteko («DNSH printzipioa») proiektuaren esparruko jarduketetan.

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren batek funtsean zehaztasunik ez badu edo faltsua bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, diruz lagundutako jarduera bertan behera geratuko da egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.

b) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez.

c) Abenduaren 29ko 3/2004 Legeari lotutako entitate eskatzaileek (irabazteko asmoa duten pertsona fisiko eta juridikoak, zuzenbide publikoko entitateak ez direnak), 30.000 euro baino gehiagoren dirulaguntzak lortu behar badituzte, agiri hauek aurkeztu behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako betekizuna egiaztatzeko:

1.– Entitateak urteko kontuen eredu laburtuak aurkezten baditu, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak sinatuta, eta honela: «Nire erantzukizunpean adierazten dut betetzen ditudala Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak».

2.– Entitateak ez badu urteko kontuen eredu laburturik aurkezten, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da, a) edo b) kasu hauetara egokituta, zein dagokion:

a) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera iristen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera), bat etorriz abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioarekin.

b) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, adostutako prozedurei buruz Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako txosten bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.3 bis artikuluan agintzen duen eran, ondorioztatzen duena abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak atzemanez gero, horiek ez dutela eragozten eskatzen den betetze-mailara iristea.

Lege honen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa (fakturen kopuruaren % 90) edo gehiago izanez gero. Hamar egun igaro baino lehen egiaztatu behar da, behin betiko ebazpen-proposamena egin aurretik instrukzio-organoak egiaztapenerako bidalitako errekerimendua jakinarazten denetik. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da, eta, gero, hura lortzen denean, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

7.– Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera, erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko proposamena eman aurretik. Gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte mantendu beharko da betetze hori.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, izaera positiboko administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak, hurrenez hurren.

– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Erakunde interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

8.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan araututako taldeek aurkezten dituzten lankidetza-proiektuen kasuan, entitate interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko; parte-hartzaile bakoitzak, baina, baldintzak betetzen dituela eta debekurik ez duela egiaztatzen duten agiri guztiak aurkeztu beharko ditu, honako hauek erantsita:

a) Enpresa parte-hartzaileek taldeko buru egiten duen enpresari beren izenean laguntza eska dezan izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua.

b) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarena, buruarena barne.

c) Artikulu honetako 3. apartatuan adierazitako agiriak, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarenak, taldeko buruarenak barne.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, interesdunek eskubidea dute administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako agiriak ez aurkezteko. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.

Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte, beren sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoen bidez, non eta prozeduran ez den interesdunaren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua ematea. Salbuespenez, administrazio publikoek, ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekar ditzala.

10.– Entitate onuradunek eman zaien laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko du.

11.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea agindu honen harira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin dituzten harremanetan.

14. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzendu dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan.

2.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

PROIEKTUAK HAUTATZEA ETA ONARTZEA

15. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Ebaluazio-organoak ezarrita dauden irizpideen arabera baloratuko ditu eskabideak eta aurkeztutako ikerketa-proiektuak, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen ebaluazio-txosten bat egingo du, non jasoko baitu diruz lagunduko diren proiektuen eta ukatuko direnen aurreproposamena. Txosten hori organo kudeatzaileari eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari helaraziko zaie, eta azken horrek ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, dirulaguntza ematen duen organoari helarazteko.

2.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduradun Catalina Chamorro Silgado izango da ebaluazio-organoko burua, eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako beste arlo-arduradun bat izango da haren ordezkoa.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

– José Luis Azkue Arrastoa, Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendaria eta, ordezko gisa, Rosa Murillas Maza.

– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Sailaren ordezkari bat, Amaia Martinez Muro, eta ordezkoa, Cristina Oyon.

– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Larraitz Segurola Bereciartua, idazkari-lanak egingo dituena, eta, ordezko gisa, Angel Martinez Martinez.

Era berean, I+G arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten entitateetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholku eman ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.

3.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren mendekoa, lankidetzan arituko da ebaluazio-organoarekin, aurkeztutako proposamenak aztertzeko eta analizatzeko lan materialetan.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

16. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako oinarriei jarraikiz ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI) – Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailari atxikita dago – erakunde laguntzaile izendatzen da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluaren arabera, non erakunde laguntzaileen araubidea arautzen baita.

2.– SPRIk zeregin hauek egingo ditu elkarlanean:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideen hasierako ebaluazioan laguntzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

c) Aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioan laguntzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

d) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzen laguntzea eta parte hartzea.

e) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzen laguntzea, eta dagokion jarraipena egitea, laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

f) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzen eta ezartzen laguntzea.

g) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egiten laguntzea.

f) Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak hala aginduta, programa zuzen kudeatzeko egin behar diren jarduera guztietan laguntzea.

i) Dirulaguntza ematen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak programaren kudeaketari buruz egin ditzaketen egiaztapen-jarduketak onartzea, bat eginez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d) artikuluarekin.

17. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzen dituzten I+G-ko proiektu lehiakorrak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Gako-irizpideak:

1.– Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuaren merezimendu teknologikoa, eta erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzeko gaitasunaren analisia. Pisu espezifikoa: % 20.

2.– Proiektuaren emaitzek izan dezaketen merkatua, eta ustiatzeko aukerak eta eragin ekonomikoa. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek merkatuan sartzeko duten gaitasuna ere, produktu, prozesu edo zerbitzu berriaren erabileren eta erabilgarritasunaren arabera. Pisu espezifikoa: % 35.

b) Irizpide orokorrak:

1.– Proiektuan behar diren giza baliabideen egokitasuna. Pisu espezifikoa: % 10.

2.– Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokiak; hurbiltze tekniko justifikatua; proiektuan, lehentasun argiak; proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturrien egokitasuna; laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren efektu pizgarria). Pisu espezifikoa: % 10.

3.– Aurrekontuaren egitura eta banakatzea argiak izatea. Trazabilitate egokia egotea helburuen, planifikatutako I+G jardueren eta behar den aurrekontuaren artean. Pisu espezifikoa: % 10.

4.– Proposamenak ingurumenean eta gizartean duen eragina. Proiektuak energia- eta klima-trantsizioei, gizarte-trantsizioari eta irisgarritasun unibertsalari egiten dien ekarpena aztertzea, eta genero-ikuspegia integratzea eta euskara garatzea, hala badagokio. Pisu espezifikoa: % 15.

2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 6.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Gako-irizpideak.

1.– Proiektuko jardueren orientazio zientifikoa eta teknologikoa. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren xedeak ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.

– Proiektuak dakarren berrikuntza-osagaia eta aurre egiten dion erronka teknologikoa (gaur egungo egoerari egiten dion ekarpen zientifiko-teknologikoa).

– Proposamena Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planari egokitzea.

– ZTBESk gauzatutako eta jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerkuntzako proiektuetan (bukatutakoak nahiz unekoak) emaitzak aprobetxatzea edo integratzea.

– Euskadiko sektoreek eta kluster elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekin bat etortzea.

– Proiektua Horizon Europe Programan txertatzea.

2.– Proiektutik espero diren emaitzen eragina. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko edo patente eta eduki teknologikoko enpresa berriak sortzeko aukerak.

– Proiektuan parte hartzen duten entitateek komertzialki ustiatzeko aukerak.

– Merkatuko arriskua. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-azterketa.

– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.

– Parte hartzen duten entitateak eta, orokorrean, euskal ekonomia nazioartekotzen laguntzea.

3.– Taldearen oreka eta gaitasuna. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Parte hartzen duten entitateen kopurua, profila, eta bata bestearekiko osagarri izatea.

– Parte hartzen duten entitateek proiektuan lantzen den arloan duten I+G+B gaitasuna eta esperientzia.

– Proiektuaren buruzagitzaren eta taldearen egokitasuna; emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuko da.

b) Irizpide orokorrak.

1.– Metodologiaren sendotasuna. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren plangintza (zereginen egitura eta haien deskribapen teknikoa, mugarriak, entregagaiak, parte hartzen duten entitateak eta arduradunak).

– Proiektua kudeatzeko sistema.

2.– Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako ikerkuntza estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.

– Aurrekontuak xehatua izan behar du, proiektuko partaideen eta jardueren arabera.

– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.

3.– Ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Energia- eta klima-trantsizioari ekarpena egitea.

– Garapen Jasangarriko Helburuei ekarpena egitea.

– Gizarte-trantsizioari ekarpena egitea eta genero-ikuspegia barne hartzea.

– Euskara garatzea parametro horiek barne har ditzaketen proposamenetan.

3.– Lankidetzan gauzatutako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko pisu espezifikoa izango du; a.3) apartatuan zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1), b.2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 10eko pisu espezifikoa izango du.

4.– Eta, bereziak diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko eta % 30eko pisu espezifikoa izango du hurrenez hurren, eta b.1), b2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 15eko pisu espezifikoa izango du.

5.– Honako hauek aldi berean betetzen dituzten proiektuak aukeratuko dira: ebaluazioan guztira lortutako nota guztira lor zitekeen nota gorenaren % 50 edo handiagoa izatea eta gako-irizpide bakoitzean lortutako nota gako-irizpideari dagokion nota gorenaren % 40 edo handiagoa izatea. Kasu horretan, laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:

Ikerkuntza industrialeko proiektuak eta garapen esperimentaleko proiektuak.

Proiektu lehiakorrak % 30* - % 25.*

Proiektu estrategikoak % 40 - % 25.

Ikerkuntza industrialeko proiektuak ebaluazioan guztizko gehieneko notaren % 50 edo gehiago lortzen badu eta gako-irizpide bakoitzean gako-irizpideari dagokion gehieneko notaren % 50 edo gehiago lortzen badu aldi berean, harentzako laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:

Ikerketa industrialeko proiektuak.

Proiektu lehiakorrak % 40.*

Proiektu estrategikoak % 50.

* Nazioz haraindiko lankidetzako proiektu lehiakorrek –esaterako, ERANET ekimenek, Europako partenergoek eta finantzaketa partekatuko proiektuek– KASEOren 25 quater artikuluan ezarritako laguntza kopuruak lor ditzakete, baldin eta enpresa batek ere ez badu diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 baino gehiago bere gain hartzen.

18. artikulua.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izango da dirulaguntzen programa honen organo kudeatzailea.

2.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, eskabideak ebaluatzeko organoak egingo dituen ebaluazio-txostenean eta proiektuak hautatzeko proposamenetan oinarrituta, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta laguntzak ematen dituen organoari helaraziko dio. Proposamen horretan, gutxienez informazio hau jasoko du:

a) Onartzea proposatzen den proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen den eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

LAGUNTZAK EMATEA

Laguntza emateko ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

19. artikulua.– Eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzea.

1.– Baldin eta, prozedura izapidetzen den bitartean eta dirulaguntza ematea ebatzi aurretik, onuradun izateko proposatu den eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea.

Hala ere, eskatzaileen fusio-, zatiketa- eta bereganatze-eragiketek, ez eta prozesuko ondorengotza eragin dezakeen beste edozein eragiketak ere, ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.

– Oinordetza-entitateak oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzea.

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak berariaz baimena ematea.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da baldin eta eskatzailea Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan araututako erakunde-talde bat bada eta talde horretako kide baten nortasun juridikoa aldatzen bada.

3.– Jakinarazpenarekin eta aldaketa-eskaerarekin batera, ikerketa-proiektua gauzatzeko konpromiso berria aurkeztu behar da, ebazpenean onuradun berria eta haren konpromisoak adieraz daitezen.

20. artikulua.– Prozedura ebazteko organo eskuduna.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebazpen bakar batean ebatziko dira, eta, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita eta organo kudeatzailearen proposamenez, Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko sailburuordeak emango du ebazpena, hura baita prozedura ebazteko organo eskuduna. Horrez gain, prozeduran planteatutako gai guztiak ebatziko ditu, eta egindako eskaerak onartu eta ukatuko ditu.

2.– Ebazpenean zehaztuko da diruz lagundutako proiektuen zerrenda, eta, zerrenda horretan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, gauzatzeko epeak eta emandako dirulaguntzaren zenbateko globala, ezetsitako edo baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

Lankidetza-proiektuei dagokienez, orobat adieraziko da zeintzuk diren taldea osatzen duten entitate onuradunak eta proiektuaren arduraduna, zenbateko dirulaguntza esleitu zaion taldekide bakoitzari, eta taldeak zein gauzatze-konpromiso hartu dituen bere gain, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluarekin.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han entitate onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

3.– Onuradun izateko, aldeko ebazpenaren jakinarazpena jaso behar da.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko sailburuari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan.

Egintza espresua ez bada, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, noiznahi, araudiaren arabera administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie bai proiektuko burua izatea bere gain hartu duen entitateari eta bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA

21. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie entitate onuradunei, zatikaturik, hemen azaltzen den moduan:

1.– Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean, emandako dirulaguntzaren % 70 ordainduko da, 15 eguneko epea igarotakoan, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio dirulaguntzari.

b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko da dagokion jarduera egin izana, baita jarritako helburuak zenbateraino bete diren ere, eta egindako gastua.

Dirulaguntza proiektua gauzatu eta hurrengo ekitaldiko lehen bi hilabeteetan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, bat eginez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluarekin.

c) Azken urtekoari dagokion zenbatekoa ordaintzeko, gainera, ekitaldi horren jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu behar dira; justifikazio horrek memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta egon behar du, eta memoria horretan, batez ere, honako hauek adierazi behar dira: egindako jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edo baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.

2.– Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:

a) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean, lehenengo urtekoari dagokion dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, 15 eguneko epea igarotakoan, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehen urtekoaren gainerako dirulaguntza ordaintzeko, bai eta ondorengo urtekoak ordaintzeko ere, aldez aurretik agiriekin justifikatu behar da dena delako urtekoari dagokion jarduera egin izana, bai eta jarritako helburuak zenbateraino bete diren ere, eta egindako gastua.

Justifikazioa azaldutako moduan egin ondoren, ordain-agindua emango da, justifikatutako urterokoaren zatiarena eta hurrengo urterokoaren % 50ri dagokion aurrerakinarena.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50a ordaintzeko, gainera, ekitaldi horren jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu behar dira; justifikazio horrek memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta egon behar du, eta memoria horretan, batez ere, honako hauek adierazi behar dira: egindako jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edo baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.

3.– Ordainketa aurreratuek 180.000 euroko zenbatekoa gainditzen badute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1. artikulutik 3. artikulura araututako berme-araubidea ezarri behar da (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra ezartzen da eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta eginbeharrak xedatzen dira).

4.– Justifikazioko kontua betetzen laguntzeko, entitate onuradun bakoitzari, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio. Aintzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzen justifikazioa arautzen baitu, bai eta artikulu horren 5. apartatuan jasotakoa ere: «Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero».

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazioko kontuak dokumentazio hau izan beharko du:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete direla justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu edo inbertsioen zerrenda bat, sailkatuta eta alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluari jarraituz onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

c) Kontuen auditoretza-txosten bat, sinatua, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko eta entitate onuradun bakoitzeko, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoretza-txostena osatzeko, justifikazioko kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

6.– Egiaz egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo balio frogagarria duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da jatorrizko fakturak edo gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFek lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.

7.– Laguntzak jaso baino lehen eta organo kudeatzaileak eskatuta, entitate onuradunak haren esku jarriko ditu agindu honen 13. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.

8.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen gainerako agiri eta argibideak eska ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera.

9.– Dirulaguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten entitate onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko apartatuan ezarritako araubidea aplikatuko da.

22. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo bete beharko dira aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta hurrengo bi hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.

2.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kodeketa egokia izan beharko dute diruz lagundutako proiektuen kargura egindako transakzioei dagokienez.

4.– Entitate onuradunek zuzenean egin behar dituzte dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu behar dituzte diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+G jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.

5.– Entitate onuradunek nahitaez bete behar dituzte Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebehar guztiak:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean entitate onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako; nolanahi ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak onar ditzake jarduera horietan sortzen diren aldakuntzak, baldin eta aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren berariazko baimena lortu bada.

c) Enpresa handiek, laguntza jasotzeko, nahitaez frogatu behar dute I+G jarduera osagarriak direla, egin ohi dituztenetatik aparte daudenak betiere. Hartarako, enpresak nahitaez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, non zehazten baitira proiektuaren egoera eta laguntzaren izaera pizgarria.

d) Baimena ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren titularrari, edo hark izendatutako pertsonari, proiektua garatzeko lanetan eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentazioan sarbide librea izateko.

e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan, jaso egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte, nahitaez, diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari laguntza ematea emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egitean; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek. Halaber, hala badagokio, zer enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute entitate onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.

h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Jatorria beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batean duten eta xede berbera edo antzekoa duten dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo eskuratu izana komunikatzea organo kudeatzaileari.

j) Diruz lagundu diren programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan eta erregelamenduz xedatutakoari jarraikiz.

6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen da laguntzen programa hau (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren % 40 izango da). Horregatik, laguntzek honako hauetan xedatzen dena bete beharko dute: 2021/1058 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoa; eta 2021/1060 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena. Halaber, bete beharko dituzte funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasun Funtserako eta Mugen Kudeaketari eta Bisa Politikari Finantza Laguntza emateko Tresnarako finantza-arauak. Honako hauek dira EGEFen laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, entitate onuradunak legedi nazionala eta Europar Batasunekoa bete beharra dauka.

b) Euskadiko 2020-2027 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan finantzatuko da laguntza, elkarren artean, eta alderdi horren berri eman beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFen bidez Europar Batasunaren finantzaketa partekatua duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta, eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta, edo proiektuari buruzko gutxienez informazio-kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da, erraz ikusteko leku nabarmen batean.

c) EGEFen finantzaketa partekatuak behartu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta hiru urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, onuraduna behartuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

Laguntza-eskabidean zehaztutakoa aldatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimenak aldez aurrekoa izan behar du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin.

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Entitate onuradunak, agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko du, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada.

Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

2.– Dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko orduan, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua. Prozeduraren ebazpenean dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko balitz, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa eta horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira.

Laguntzak ematen dituen organoak abiaraziko eta ebatziko du itzulketa-espedientea, bere ekimenez, goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitu bat egin ondoren, salaketa baten ondorioz edota KEBk edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egindako finantza-kontrolaren ondorioz, baldin eta proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira espedientea abiaraztea eragin dezaketen inguruabarrak.

3.– Baldin eta dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio desbideratze hori organo kudeatzaileari, hots, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta honako inguruabar hauek gertatzen badira:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

Era berean, desbideratze hori behar bezala justifikatutako eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin konpentsatu daiteke, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta, betiere, dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.

4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta, hori kalkulatzeko, egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kontuan hartuko da. Onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa, nolanahi ere, emandako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa izango da, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

Hori guztia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluarekin, zeinak adierazten baitu ezen, ez-betetze partziala gerta dadin, onuradunak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetzera, eta, gainera, egiaztatu behar duela jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

24. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, betiere aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira; honako hauek hain zuzen ere:

a) Dirulaguntza aldatzea entitate interesdunak eskatuz gero, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen jakinaraztea interesdunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa areagotu behar ez izatea.

c) Oinarri hauen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

2.– Halaber, salbuespenez, eta entitate onuradunak aldez aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea, gehienez ere sei hilabetez, betiere alegatutako arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute eta lehenengo apartatuan ezarritako betekizunak betetzen badira. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzaren ordainketa.


Azterketa dokumentala