Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
6030

AGINDUA, 2024ko abenduaren 17koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterrak dinamizatzeko erakundeentzako 2025eko ekitaldirako dirulaguntzen oinarriak onartzen dituena eta deialdia egiten duena.

EAEko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako dirulaguntzak euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez handitzeko helburu estrategikoaren barruan kokatzen dira, hau da, euskal industriak dituen erronkei erantzuteko oinarrizko estrategietako baten barruan.

Klusterrak dinamizatzeko erakundeak lankidetza publiko-pribatuaren ikuspegian oinarritzen dira, zeinak barruan hartzen baititu enpresa, zientzia-teknologia-berrikuntzaren sistema eta gobernua (helize hirukoitza). Erakundeok klusterren lehiakortasuna hobetzea dute helburu, klusterretako kideen arteko lankidetza erraztuz, batez ere berrikuntza-sistemako eragileen eta ETEen artekoa, eta eskualde-garapenari eta lurraldearen eraldaketa ekonomikoari laguntzea, lankidetzan arituz gobernuarekin berrikuntza, lehiakortasun eta jasangarritasunerako planak, sektore-estrategiak eta politika publikoak ezartzen.

Dirulaguntzen erakunde onuradunak izango dira aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta klusterrak dinamizatzen diharduten erakundeak, bai banakako modalitatean, bai taldekakoan edo federatuan.

Gobernuak Euskadiren berrindustrializazioa sustatzeko baldintzak indartu eta bultzatzeko asmoarekin ekin dio XIII. legegintzaldiari, eta, besteak beste, ekonomia berriak industria-ehun moderno, dinamiko, garatu eta jasangarri bat bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi ditu.

Helburu horrekin, eta gobernuaren «Ongizatea, Aurrerapena, Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi global baterako» estrategiaren esparruan, II. ardatzean (Hazkunde- eta ongizate-eredua) kokatzen da Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako dirulaguntzen programa, baita klusterren politika ere, Euskadin errotutako 5.0 Industria konpromisoaren eta 2028ko Industria Planaren barruan.

Dirulaguntza horietarako oinarriak onartzen eta deialdia egiten duen agindua Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren babesean eman da (651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduak aldatua), EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2014-06-26an; L 187 seriea). Salbuespen-erregelamendu deituko diogu aurrerantzean.

Dirulaguntza hauek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan daude jasota. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta, –www.euskadi.eus–, sailari dagokion esparruaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Beraz, aintzat hartu behar dira jarraibide horiek eta Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) xedatutakoa.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari dagokionez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da programa honen oinarriak eta deialdia onartzeko organo eskuduna.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileei laguntzeko 2025. urteko dirulaguntzen oinarriak onartzea (agindu honen eranskinean daude jasota) eta 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeei bideratutako 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea, enpresa txiki eta ertainen eta oro har EAEko ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.

2.– Hauek hartuko dira klusterrak dinamizatzeko erakundetzat:

– berezko nortasun juridikoa duten irabazi asmorik gabeko elkarteak (aurrerantzean, «elkarte»), edo

– berezko nortasun juridikoa duten elkarteen federazioak (aurrerantzean, «federazio»), eta,

– elkarteen taldeak (aurrerantzean, «talde»), berezko nortasun juridikoa izan edo ez.

3.– Klusterrak dinamizatzeko erakunde batek enpresa bultzatzaileak, enpresa txiki eta ertainak, eragile zientifiko-teknologikoak eta hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.

Hau da klusterrak dinamizatzeko erakundeen egitekoa:

– Lankidetzaren bidez klusterraren lehiakortasuna hobetzea, batez ere enpresa txiki eta ertainena.

– Klusterreko kideen erronka komunak identifikatzen laguntzea eta baterako jarduerak sustatzea RIS3 estrategiaren lehentasunekin lerrokatuta dauden arloetan: estrategia, nazioartekotzea, enpresa-berrikuntza, teknologia eta I+G.

– Interes-taldeen beharrei erantzutea.

– Eusko Jaurlaritzaren politiken eskaerei erantzutea.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ulertzen da klusterrak direla elkarrengandik aski hurbil diharduten enpresa (handi, ertain eta txiki), eragile zientifiko-teknologiko, hezkuntza- eta prestakuntza-zentro, organismo publiko eta haien elkarte eta halako entitateen multzoa, honako ezaugarri hauek partekatzen dituztenak:

– Balio-kate bateko edo produkzio- eta zerbitzu-eremu bateko kide izatea.

– Kidetasuna izatea, ezagutza edo teknologia aldetik.

– Azken merkatu berera edo merkatu horren segmentu berera bideratuta egotea.

2. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten 1.2 oinarrian deskribatutako klusterrak dinamizatzeko erakundeak izan daitezke onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zenbait urtetarako klusterraren plan estrategiko eguneratu bat izatea. Plana erakunde onuradunen gobernu-organoek onartu behar dute eta www.euskadi.eus atarian argitaratutako Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren arabera garatu behar da.

b) Klusterraren jarduketa-plan bat izatea, urtekoa eta zehatz-mehatz jasoko dituena klusterraren plan estrategikoa inplementatzeko egin beharreko ekintzak, bideratu beharreko baliabideak eta lortu nahi diren emaitzak. Halakorik egonez gero, urteko nazioartekotze-proiektua ere identifikatu beharko du.

c) Masa kritiko nahikoa izatea:

– Klusterrak dinamizatzeko erakundeari kuota ordaintzen dioten enpresa elkartuen kopurua 30 baino handiagoa izan behar da.

– Enpresa elkartuen fakturazioen batura Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 1 baino handiagoa izan behar da.

d) Enpresa txiki eta ertainen partaidetza izatea: enpresa elkartuen % 60, gutxienez, izan behar dira enpresa txiki eta ertainak.

Baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dira enpresa txiki eta ertaintzat:

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

Enpresa elkartuen eta lotuen kasuan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta egingo da langileen eta mugen zenbaketa.

e) Bere kideen artean alderdi interesdun guztien eta klusterra osatzen duten balio-kateen ordezkaritza izatea: enpresa bultzatzaileak edo integratzaileak, hornitzaile ertain eta txikiak, eragile zientifiko-teknologikoak, prestakuntza-zentroak, unibertsitateak, eta abar.

f) Nazioartekotze-poltsan sartuz gero, nazioartekotze-batzordea, nazioartekotze-taldea edo antzeko egitura espezializatuak izatea.

g) Jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa izatea, gutxienez.

h) Klusterraren plan estrategikoak, klusterraren jarduketa-planak eta lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko egiten diren jarduketek bat egin dezatela Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiarekin eta XIII. Legealdiko Industria eta Nazioartekotze Planarekin, eta lagundu dezatela horiek inplementatzen.

i) Elkarteen ordezkari den zuzendaritza-batzorde bat izatea. Zuzendaritza-batzordeak bere gain hartuko du proposatutako jarduketak Klusterraren Plan Estrategikoarekin bat etorriz gauzatzeko erantzukizuna.

j) Urteko Jarduketa Plana koordinatzen eta gauzatzen erantzukizun betearazle gorena izango duen pertsona bat izatea. Pertsona hori gerente gisa kontratatuta egon beharko da lanaldi osoan.

Federazioen eta taldeen kasuan, apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, kide diren elkarte guztien magnitudeen batura hartuko da kontuan.

2.– Onuraduna talde bat bada, eskatzailea bertako kide den elkarteetako bat izango da. Eta bere gain hartuko du:

– Ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna.

– Taldearen ordezkaritza Administrazioarekin izan beharreko elkarrizketa eta harremanetan.

Taldeak ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar du, ahalorde askietsia izango duena elkartutako klusterrak dinamizatzeko erakundeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko; ordezkari edo ahaldun horrek ez du klusterrak dinamizatzeko erakundea desegingo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Onuraduna federazio bat bada, erakunde eskatzailea federazioa bera izango da, bai eta ordezkaritza eta ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna bere gain hartuko dituena ere.

Eskaeran berariaz jaso beharko dira federazioa edo taldea osatzen duten elkarteetako bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak.

Federazioak eta taldeak osatzen dituzten elkarte guztiek era solidarioan bete beharko dituzte itzultze-obligazioak, halakorik baldin badago, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak honako hauek bakarrik eskuratu ahalko dituzte:

– Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten entitateek.

– Elkarteen erregistro publikoan inskribatutako entitateek, hau da, elkarteek, federazioek edo taldeek, bai eta azken bi horietako kideek ere.

4.– Halaber, interesdunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. oinarria.– Debekuak.

1.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazietako egoeretako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak.

a) Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.

f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak, baldin eta taldekideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

3.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:

– Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debekuren bat jaso duten entitateek, ez eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteek ere, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.

– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenek.

– Batzordearen aurretiazko erabaki batean legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresek, hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako dirulaguntza-araubideak izan ezik.

4.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

5.– Oinarri honen 1.e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, non eta interesduna aurka ez badago.

6.– Ezingo dute onuradun izan dirulaguntzak berreskuratzeko agindu baten mende dauden entitateak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo baldin badu; halaber, ezingo dute onuradun izan krisialdian dauden enpresak, hala baitago ezarrita krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-dirulaguntzei buruzko jarraibideetan.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (4.000.000,00 euro zehazki).

Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketari jarraikiz, eta dirulaguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industria Sustatzeko sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

Deialdi hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Laguntza jaso dezaketen jarduketatzat onuradunek 2025eko ekitaldian egiten dituztenak hartuko dira.

Laguntza jaso dezaketen jarduketatzat hartuko dira lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu dutenak.

Jarduketak 2025eko ekitaldian egingo dira, eta laguntza-eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduketak lagundu ahal izango dira. Jarduketa horiek klusterrak dinamizatzeko erakundearen urteko klusterraren jarduketa-planean jasoko dira.

Agindu honen I. eranskinean deskribatzen diren jarduketak jarduketa estrategikoko arlo hauetan kokatu beharko dira: Nazioartekotzea, Teknologia-Berrikuntza-Estrategia, eta Agenda 2030 (Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzea).

6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Klusterrak dinamizatzeko erakundeek aurreko oinarrian aipatzen diren jarduketak garatzeko ordaindu beharrekoak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, izan barneko gastuak (soldatak, gizarte-segurantza eta egiturazko ohiko gastuak) ala kanpoko gastuak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).

1.– Barneko gastuak.

a) Aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak diren klusterrak dinamizatzeko erakundearen pertsonal-gastuak; soldatak nahiz gizarte-segurantzako gastuak hartuko dira aintzat. Pertsonal-gastuak benetako diru-zenbatekoaren arabera zehaztuko dira, eta, hala badagokio, baita justifikatu ere (soldata gordina eta enpresaren gizarte-segurantzako gastuak).

b) Klusterrak dinamizatzeko erakundearen egiturazko gastuak; pertsonal-gastuen gaineko ehuneko finko gisa kalkulatuko dira (soldata-kostua gehi gizarte-segurantzako kuotak), eta ez dira dokumentu bidez justifikatu beharko. Ehuneko hori % 15 da.

c) Pertsonako ordu-tasa kalkulatzeko, elkartea arautzen duen hitzarmenean ezarritako urteko lanaldi erreala hartuko da kontuan. Horrenbestez, honela kalkulatuko da ordu-tasa: aurreko pertsonal-gastuak eta egiturazko gastuak batu, eta emaitza hitzarmeneko urteko lanaldiko ordu-kopuruaz zatituko da.

Diruz lagundu daitekeen ordu-tasaren muga 69,89 eurokoa izango da.

2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira: zerbitzuak ematekoak, aholkularitzakoak, hainbat formatutako promozio-ekintzetakoak (formatu birtualak barne), nazioartean laguntzeko ekintzetakoak eta halakoak. Era berean, justifikazioko kontuaren auditoriaren kostua ere diruz lagundu ahal izango da, 1.500 euroko mugaraino.

3.– Ez da onartuko administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko entitateek egindako gasturik, ez eta Basque Trade & Investment sareko bulegoek emandako zerbitzuei dagozkienak ere.

4.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala hirugarrenekin kontratatu ahalko dute onuradunek, baldin eta horiek ez badira onuradun.

Proiektuaren zati baten gauzatzea kontratatzen denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino kontratatu ahal izango du gehienez.

Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak (15.000.00 euro, BEZik gabe, zerbitzu eta horniduretarako) gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza merkeena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

5.– Azpikontratazioak dirulaguntzaren diru-zenbatekoaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen entitateak aldez aurretik ematea kontratua egiteko baimena.

c) Nolanahi ere, berariazko erabakirik ez hartzeak baimena ukatzea dakar.

6.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuko betekizunak betetzea saihesteko.

7.– Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta onuradun horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

8.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da zaintzea agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla diruz lagundu daitekeen jarduera itundua egikaritzean, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

9.– Onuradunek inola ere ezingo dute honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osoa edo haren zati bat gauzatzeko:

a) Agindu honen 3. oinarrian edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.

c) Bitartekariekin edo eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat ordaintzen zaienekin, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin, hauek gertatzen direnean izan ezik:

– Zuzendaritza kudeatzailearen aldez aurretiko baimena lortu izana.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak egindako kostuarena baino handiagoa. Kostua egiaztatzeko, onuradunen gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

– Deialdi edo programa berean dirulaguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.

10.– Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluan jasotzen diren inguruabarretakoren bat betetzen bada.

7. oinarria.– Dirulaguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Laguntza-zerbitzuak eta nazioartekotze-jarduketak:

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

Basque Trade & Investment sarearekin elkarlanean egindako proiektuak eta jarduketak izanez gero, onartutako gastuen % 50eraino handituko da.

– Onartutako kanpoko gastuetarako, honako muga hauek aplikatuko dira jarduketa-tipologiaren arabera:

• Zuzeneko merkataritza-misioak: helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50eraino (II. eranskinean dago zerrenda), misioko 50.000 euroren mugarekin.

• Alderantzizko merkataritza-misioak: beharrezko gastuen % 50eraino, misioko 50.000 euroren mugarekin.

• Misioan parte hartzen duten pertsonen joan-etorrietarako, egonaldietarako eta mantenurako gastuak helburuko herrialdeari (zuzeneko misioetan) edo jatorriko herrialdeari (alderantzizko misioetan) dagokion bidaia-poltsaren zenbatekora mugatzen dira (II. eranskinean dago zerrenda).

• Nazioarteko feriak: standak eta dekorazioak eragindako gastuen eta helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50eraino (II. eranskinean dago zerrenda), 50.000 mila euroko mugarekin feriako.

• Laguntzaren xede diren nazioarteko azokak Nazioarteko Merkataritza Azoken Egutegia onartzen duen Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren ebazpenean (BOEn argitaratu zen) jasotakoak dira.

• Nazioarteko sustapen- eta zabalkunde-elementuak: proiektu bakoitzaren diru-zenbatekoaren % 50eraino.

– Klusterrak dinamizatzeko erakundeentzako dirulaguntzentzat, 180.000,00 euroko muga deialdian aurkeztutako nazioarteko laguntza-jarduera guztietarako.

b) Enpresek proiektuetan parte hartzeko eta haiei laguntzeko zerbitzuak (nazioartekotze arlokoak salbu): onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40raino.

c) Zaintza-, informazio-, benchmarking- eta estrategia-zerbitzuak: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40raino.

d) Zabalkunde-jarduerak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu).

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50eraino, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.

e) Kluster sustapeneko eta garapeneko jarduerak, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar):

– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40raino.

– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50eraino, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.

f) Foroak dinamizatzeko zerbitzuak, jarduketa-ildoak eta lankidetza-proiektuak definitzeko: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 50eraino.

g) Erronka partekatuko proiektu-taldeak dinamizatzeko zerbitzuak –aurretik f) hizkian landua–: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 50eraino.

h) Elkarteko talde teknikoaren gaitasunak garatzea: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 40raino.

2.– Deialdi honetako baliabide ekonomikoak honako zuzkidura hauek dituzten lau poltsatan banatzen dira:

– Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzeko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 160.000 euro.

– Nazioarteko laguntza-jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 980.000 euro.

– Teknologiako eta trantsizioko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 1.750.000 euro.

– Berrikuntzako eta Estrategiako jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 1.110.000 euro

a) Klusterrak dinamizatzeko erakunde bakoitzak poltsa bakoitzetik jasoko duen dirulaguntza finkatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Alde batetik, poltsa bakoitzaren zuzkidura klusterrak dinamizatzeko erakunde eskatzaileen artean banatzea. Banaketa horretarako, III. eranskinean ezarritako parametroen ehunekoak aplikatuko dira. Poltsa bakoitzaren parametroak klusterrak dinamizatzeko erakundeei aplikatuko zaizkie, poltsa horrekin bat egiten duten jarduketak egiten badituzte.

– Bestalde, kontuan hartuko dira klusterrak dinamizatzeko erakundeek proposatutako jarduketak. Diruz lagundu daitezkeen jarduketon gastuak honako irizpide hauen arabera finkatuko dira:

• Poltsa bakoitzerako aurkeztutako jarduketetan onartutako gastuak.

• Oinarri honetako 1. eta 2. apartatuetan ezarritako dirulaguntzen mugak.

• Eskaeran zehaztutako jarduketen lehentasun-hurrenkera.

b) Poltsa bakoitzeko zuzkiduren banaketa eta klusterrak dinamizatzeko erakundeek proposatutako jarduketak kontuan hartu ondoren, bi egoera hauetako bat sortuko da:

– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean klusterrak dinamizatzeko erakunde bati dagokion diru-kopurua, poltsa horrekin bat egiten duten jarduketa onartuen gastura iristen da. Egoera horretan, klusterrak dinamizatzeko erakundeari poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen diru-zenbateko osoa emango zaio.

– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean klusterrak dinamizatzeko erakunde bati dagokion diru-kopurua, ez da iristen poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen gastura. Egoera horretan, esleitutako zuzkidura emango zaio klusterrak dinamizatzeko erakundeari.

c) Poltsa baten zuzkidura esleitu ondoren soberakin bat sortzen bada, soberakin hori bigarren txanda batean banatuko da hasiera batean poltsa horretan onartutako jarduketen gastu osoa ordaindu ez zaien klusterrak dinamizatzeko erakundeen artean. Kasu horretan, ondoz ondoko txandetan eta irizpide berberen arabera, soberakina egoera horretan dauden klusterrak dinamizatzeko erakundeen artean banatuko da.

d) Soberakina agortzen ez bada, Berrikuntza eta Estrategiako poltsan sartuko da, zeina azken lekuan banatuko den.

Klusterrak dinamizatzeko erakunde bakoitzari emango zaion dirulaguntza esleipen-txanden amaieran poltsa bakoitzean esleitutako diru-kopuruen batura izango da.

3.– Onuradun bakoitzak 450.000,00 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.

8. oinarria.– Beste dirulaguntza batzuekiko aldiberekotasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Muga hori gaindituz gero, Industria Sustatzeko sailburuordearen ebazpen baten bidez, emandako zenbatekoa murriztu egingo da, soberakina kenduta.

2.– Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du diruz lagundutako jardueren eta jarduketen gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.

9. oinarria.– Emateko prozedura.

Dirulaguntzak lehiaketa bidez adjudikatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluko 2. apartatuan xedatzen den moduan. Horren arabera, dirulaguntzak emateko eta horien zenbatekoa zehazteko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, agindu honen III. eranskinean finkatutako haztapen-irizpideei jarraikiz.

10. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2025eko otsailaren 10ean amaituko.

2.– Klusterrak dinamizatzeko erakundeek, elkarte, federazio edo talde izan, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1012913

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman edo aldatu beharko ditu bere datuak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskaera –bakarra izango da entitate eskatzaileak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo oinarrian adierazten diren agiriak izan behar ditu.

5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak dagoeneko bere esku dituen indarreko agiriak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiri horiek zer egunetan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.

7.– Zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe. Interesdunak berariazko ukoa adieraz dezake eskaera-inprimakian. Hala egiten badu, eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Orobat, dirulaguntza jasotzeko eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura dezan Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza konkurrenteen egiaztapena, bai eta laguntzok justifikatzeko agiriak ere.

11. oinarria.– Eskabideen edukia.

1.– Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Klusterraren Plan Estrategikoa: erronka komunak identifikatuko ditu eta erantzunak lankidetzatik planteatu. Plan Estrategikoa egiteko:

– Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidako jarraibideak kontuan hartuko dira.

– Ezarri diren lehentasunei dagokienez, klusterrak dinamizatzeko erakundeak duen jarrera eta egindako ekarpenak islatuko ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiaren ezarpena ere.

b) Klusterraren urteko jarduketa-plana: aurreko puntuan deskribatutako klusterraren plan estrategikotik eratorriko da eta honako hauek jasoko ditu:

– 2025eko ekitaldian egiteko aurreikusitako jarduketen zehaztapena.

– Ekintza, gastu eta finantzaketa-iturrien xehakapena jasotzen dituen aurrekontua.

– Ekintzetan parte hartzen duten langileen zerrenda.

c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.

d) 2024ko ekitaldiko parametro sozioekonomikoen ziurtagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emana, erakunde dinamizatzaile eskatzaileko enpresa elkartuek enpresa txiki eta ertain izaera betetzen dutela egiaztatzeko.

– Eskubide osoz elkartutako eta elkarte-kuota sortzen duten enpresen kopurua.

– Euskal Autonomia Erkidegokoak diren enpresen kopurua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertain direnen kopurua, agindu honen 2.1.d) oinarrian xedatutakoaren arabera.

– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.

– Ekintza-planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

f) Eskatzailearen ordezkatze-ahalordea, izan elkarte, federazio edo talde. Taldeek ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, ahalorde askietsia izan behar duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.

g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak, bai eta dagozkion erregistroetako inskripzioak ere.

h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.

i) Eskatzaileari atxikitako enpresen eta klusterreko kideen zerrenda, ordaindutako kuotei eta haien parametro sozioekonomikoei buruzko informazioaren xehetasunekin (2.1.d) oinarrian xedatutakoaren araberako ETE kategoria: EAEkoak, eskubide osoz elkartuak eta elkarte-kuota, enplegua, fakturazioa, esportazio-ehunekoak, I+G eta abar sortzen dituztenak).

Parametro sozioekonomikoen ziurtagirian (11.1.d) oinarria) adierazitako enpresa-kopuruak bat etorri beharko du zerrenda honetan islatutako enpresa guztiekin, honako parametro hauei dagokienez:

– EAEkoa izatea.

– ETEa izatea, agindu honen 2.1.d) oinarrian ezarritakoaren arabera.

– Eskubide osoko bazkidea izatea.

– Elkarte-kuota sortzea.

j) Eskatzailea federazio edo talde bat bada, klusterraren plan estrategikoan sinergien aprobetxamendua justifikatu beharko da, baita kideen osagarritasuna ere klusterraren urteko jarduketa-plana gauzatzeko.

Era berean, taldeetan, kideek elkarteetako bat izendatuko dute entitate koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, elkarte hori arduratuko da taldeak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz, bai eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez ere.

k) Erakunde eskatzailea (elkartea, taldea, federazioa edo azken bi horietako kideak) osatzen duen pertsona bakoitzaren ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena.

Adierazpena indarreko zehapen-araubide administratibo eta penalaren mende geratuko da honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzko datu-faltsutzerik gertatuz gero:

– Ez duela dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu epai irmo bidez, eta ez dutela kondenatu delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzur eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea; edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Ez duela galdu dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Hala badagokio, Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egonik, berdintasun-plan bat duela, eta 50 langile baino gehiago edukirik, egiaztatu dezakeela ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezarritako baldintzetan.

– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, eta ez duela egiaztatu hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

– Ez dagoela Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan adierazitako debeku-egoeretako ezeinetan, edo ez dela inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkartea, lege horren 30.4 artikulua aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.

– Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoeran.

– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten zain, Europar Batasuneko Batzordeak dirulaguntza bat legez kanpoko eta merkatu erkidearekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Ez direla krisian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez dutela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.

– Lanaldi osoko gerente bat dutela, bai eta elkartutako enpresa-kopuruarekin eta dinamizatzea proposatzen diren jarduketekin bat datorren langile kualifikatuz osatutako lantalde bat ere.

l) Erakunde publiko edo pribatuei helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako dirulaguntzen zerrenda.

2.– Eskatzailea talde bat bada, taldea osatzen duten entitateek sinatutako akordioa ere aurkeztu beharko du. Akordioak entitate koordinatzaile gisa nork jardungo duen eta zein diren sinatu dituzten ekintzak jaso beharko du.

Eskatzailea federazio bat bada, federazioak lider gisa jardungo du eta federazio gisa egingo dituen ekintzak aurkeztuko ditu, bai eta federazioa osatzen duen elkarte bakoitzak egingo dituenak ere.

3.– Eskatzaileak edo haren partaideek baimena ukatzen badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zuzenean betetzen dituztela egiaztatzeko, betebehar horiek betetzea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, bai eta eskatzen zaien bakoitzean ere.

4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, entitate eskatzaileari bitarteko elektronikoen bidez hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

5.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak –Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendariak– beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

12. oinarria.– Eskabideen balorazioa.

1.– Balorazio-batzorde bat sortuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko, agindu honen III. eranskinean adierazitako haztapen-irizpideen arabera.

2.– Honako hauek izango dira jarraipen-batzordeko kideak:

Presidentea: Rosa M.ª Murillas Maza, Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako arduraduna (ordezkoa: Jon Echezortu Urretavizcaya.)

Bokalak:

Javier Vallejo Cereceda, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziakoa (ordezkoa: Mikel Oregui, SPRILURekoa).

Maite Subiñas, Basque Trade & Investment-ekoa (ordezkoa: Azucena Castro, Basque Trade & Investment-ekoa).

Idazkaria: David Fernández, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziakoa (ordezkoa: Susana Larrea, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziakoa).

3.– Balorazio-batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta burua, idazkaria eta bokal bat bertaratzen badira. Kide anitzeko organo horren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.18 artikuluetan ezarritako oinarrizko araubidea aplikatuko da. Horren ordez, ezarrita ez dagoen orotan, arau horren 19.22. artikuluak aplikatuko dira.

4.– Balorazio-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskaerak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea. Nazioartekotze-jarduketa espezifikoetarako, Basque Trade & Investment sarearen balorazio teknikoa izango du. Aurkeztutako jarduketen proiektuen analisian alderdi hauek kontuan hartuko dira:

– Urteko jarduketa-planean proposatutako jarduketak 5.2 oinarrian ezarritako eremuetan kokatu eta hautatu ahal izatea (I. eranskinean dago jasota jarduketon zehaztapena).

– Jarduketen eta klusterraren plan estrategikoaren artean koherentzia izatea, baita Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiarekin bat egitea eta estrategiari ekarpena egitea ere.

– Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzea eta, haien izaera kontuan hartuta, hautagarriak izatea, baita agindu honetan ezarritako diru-zenbatekoak, ehunekoak eta mugak errespetatzea ere.

– Eskatzaileak proposatutako ekintzen lehentasun-ordena egokia izatea, honako hauek kontuan hartuta: ekintza plan estrategikoarekin bat etortzea, aurreikusitako eragina, enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea, eta beharrezko baliabideen eta proposatutako finantzaketaren arteko oreka.

b) Organo kudeatzaileari txosten bat bidaltzea, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta; txosten horretan, eskaeren balorazioa eta horien lehentasun-ordena zehaztuko dira.

c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko dirulaguntza eman proposatzea eta organo kudeatzailera helaraztea.

d) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organoak berak hala eskatuta, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia balorazioa bera denean.

13. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko. Era berean, eskabide bakoitzean egiaztatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla, eta berariaz jasoko du hori, nahitaezko txostena egiteko.

2.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, dirulaguntza nori ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere, haien ebaluazioa eta hura egiteko baliatutako balorazio-irizpideak zehaztuta. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

14. oinarria.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Industria Sustatzeko sailburuordeak emango du, Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta agindu honen 6. eta 7. oinarrietako mugak errespetatuko ditu, deialdi honen 4. oinarrian esleitutako kreditua agortu arte.

2.– Hartuko den ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:

a) Dirulaguntza eman zaien onuradunen zerrenda. Eskatzailearen izena eta kide guztiak (taldea edo federazioa bada) identifikatuko dira, bai eta eskatzaile eta kide bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere (taldea edo federazioa bada).

Onuradun bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: babestutako jarduketa-plana, plan horretako partaidetza eta jarduera bakoitzean esleitutako diru-zenbatekoa.

b) Dirulaguntza ukatu zaien erakundeen zerrenda. Horietako bakoitzaren izena adieraziko da, baita dirulaguntza ukatzeko arrazoiak ere.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Dirulaguntza emateko ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian adjudikaziodunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak urtero argitaratzeko betebeharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.

5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahalko da errekurtsoa, bi hilabeteko epean esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.

15. oinarria.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedaturikoa bete beharko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena).

180.000,00 eurotik gorako ordainketa aurreratuen kasuan, berme errealen prestazioa eskatu ahal izango da, eta horiek ordainketaren edo aurreratutako ordainketen nominala gehi horren interesak estali beharko dituzte, gehienez ere urtebeterako, bai eta nominalaren ehuneko hamabosteraino ere balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

Organo kudeatzaileak aginduko du entitate onuradun bakoitzari (elkarteak, federazioak, taldeak eta azken bi horietako kideak) ordainketa egitea. Honela egingo da ordainketa:

a) Lehen ordainketa aurreratu bat, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, 180.000 euroko gehieneko mugarekin, onuradunak dirulaguntza berariaz onartu ondoren egingo dena.

b) Baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 50 180.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurretik ordainduak, alde horren balioko konturako bigarren ordainketa bat egin ahal izango da 2025eko ekitaldia amaitu baino lehen, ehuneko horretara iritsi arte; horretarako, aldez aurretik, egindako jardueren aitorpena eta dagozkion justifikazio-fakturen kopia elektronikoki aurkeztu beharko dira.

c) Azken ordainketa, dirulaguntzaren gainerakoa, 2026ko ekitaldian egingo da, behin diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren. Horretarako, jarduera burutu izana justifikatu beharko da, agiri hauek aurkeztuz bitarteko elektronikoen bidez:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete izana justifikatzen duen jarduketen memoria; onuradun bakoitzak egindako jarduerak eta lortutako emaitzak jaso behar dira bertan.

– Onuradun bakoitzaren memoria ekonomiko laburtua; bertan, diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko egindako gastuen egoera-orri adierazgarri bat jaso behar da, gastuak behar bezala taldekatuta, eta, hala badagokio, hasiera batean aurrekontuan aurreikusitako kopuruak eta izandako desbideratzeak zehaztuta.

– Justifikazioko kontuaren auditoretza-txostena, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren mendeko Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatutako auditore batek egina eta sinatua. Txosten horrek egindako jarduketak berrikusi beharko ditu, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan xedatutakoaren arabera (agindu horrek kontu-ikuskariek jarduteko araua onesten du Estatuko sektore publikoaren esparruan dirulaguntzak justifikatzen dituzten kontuak berrikusteko lanak egitean, zeinak uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 74. artikuluan aurreikusita dauden), baita jarduketon kostua ere (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.2 artikuluaren arabera).

Dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera emango diren jarraibideen arabera egingo du txostena elkarte onuradun bakoitzak, eta honako hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Onuradunak egindako gastuak diruz laguntzeko modukoak direla, bai agindu arautzaile honetan ezarritakoaren arabera bai Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31.8 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datozela diruz lagundutako jarduerekin.

c) Fakturetan eta gastuen gainerako egiaztagirietan jasotako gastuak benetan gauzatu eta ordaindu direla.

Berrikusitako faktura guztien zerrenda jaso beharko dute, eta, hala badagokio, diruz lagundu ezin diren gertakari edo zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazi beharko dituzte.

d) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datozela aplikatzekoa den zerga- eta gizarte-legeriarekin, honako hauek adierazita: zenbatekoa, BEZaren banakapena, hala badagokio, data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.

e) Hirugarren pertsonei edo entitate hornitzaileei azpikontratatutako jarduerak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egin direla.

f) Eskatzaileak jatorrizko fakturak dituela, eta horiek egindako gastuak egiaztatzen dituztela eta onuradunaren kontabilitate-erregistroetan jasota daudela.

g) Bidaia-poltsetan jasotako jardueren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten joan-etorri guztiek dagozkien egiaztagiriak dituztela.

h) Langileen gastuek dagozkien egiaztagiriak dituztela, gizarte-segurantzari ordaintzekoak barne hartuta, egindako jarduketetan emandako denboragatik horietara bideratutako orduak adierazita.

i) Justifikatutako jarduketa guztiak 2025eko ekitaldian egin direla, betiere eskaera aurkeztu ondoren.

Justifikatzeko aldia 2026ko martxoaren 10ean amaituko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

Onuradun guztien justifikazioak onartuko dira, bai elkarteenak, bai norberaren izenean aurkeztuak, bai federazioenak eta horien kideenak, bai taldeenak eta horien kideenak.

2.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta entitate onuradunak –aurreko paragrafoan zehaztuetako edozeinek– ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada. Onuraduna federazio edo talde bat bada, ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin bertako kide guzti-guztiek betebehar horiek egunean izan arte.

Oinarri honetan adierazitako ordainketa egiteko, onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute justifikazioan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituztela adieraziz.

Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan alta eman beharko du, edo bere datuak aldatu beharko ditu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

3.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.

16. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alderdi batek eskatuta edo, hala badagokio, ofizioz, honako kasu hauetan:

a) Proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko aurreikusten denean eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Era berean, jarduketa guztiak gauzatuta, justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean.

b) Aldi berean beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak jasoz gero.

c) Taldeak sinatutako egikaritze-konpromisoan aldaketak sartu nahi direnean, bereziki honako hauei buruzkoak: osaera (kideren baten uko egitea edo konkurtso-egoera), ordezkaritza, gauzatzean hartutako konpromisoak edo dirulaguntzaren banaketa ekonomikoa.

d) Proiektuaren gauzatzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alderdi batek eskaturik, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, gauzatze-epea amaitu baino lehen.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez handitzea.

c) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

d) Agindu honetako oinarrien xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.

Alderdi batek eskaturik gertatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskaeran, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du zergatik egin nahi duen aldaketa hori, eta, hala dagokionean, agiri bidez egiaztatu beharko du.

3.– Aldaketa, halakorik bada, Industria Sustatzeko sailburuordeak erabakiko du. Zenbatekoa gutxitzearen ondorioz ebazpena aldatzeko baimena ematen bada, zenbateko hori dagokion proportzioan murriztuko da, eta kasu horretan dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Proiektua aldatzeko baimena ematen bada, emakida-ebazpenaren aldaketan izandako porrot teknikoaren ondorioz, eman beharreko zenbateko berria ezarriko da, eta zenbateko hori porrot hori egiaztatu arte egindako gastu diruz lagungarrien baturaren emaitza izango da.

4.– Jarduketek barne hartuko dituzte laguntza emateko ebazpenean 2025eko ekitaldirako diruz lagundutakoak, eta, aldaketen ondorioz, jarduketei eta emandako dirulaguntzari dagokien egokitzapena egingo da, baina horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea.

17. oinarria.– Erakunde laguntzailea.

SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakunde laguntzaile gisa jardungo du, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatuko da.

SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak funtzio hauek beteko ditu:

a) Klusterrak dinamizatzeko erakundeak aurkeztutako klusterraren plan estrategikoa aztertzea. Kontuan izango ditu plana Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren araberakoa den, XII. Legealdiko Industria, Teknologia eta Nazioartekotze Estrategiarekin bat datorren eta zer ekarpen egiten dion, eta proposatzen den klusterraren jarduketa-planaren eta plan estrategikoarekin arteko koherentzia.

b) Ebaluazio-organoari bidaltzeko txosten tekniko bat egitea, garrantzitsuak diren azterketa indibidualez eta erantsiez hornitua, bat etorriz agindu honen 12. oinarrian zehaztutakoarekin.

c) Onuradunekin lotura-lanak egitea; horien barruan sartzen dira klusterraren plan estrategikoen eta jarduketa-planen laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzearen jarraipena egitea eta jarduera horiek kudeatzen dituzten onuradunek lantaldeetan parte hartzea, haien garapena egiaztatzeko. Gainera, halakorik badago, laguntza justifikatzeko fasean kontuan hartuko diren aldaketa egokiak proposatzea eta onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatzea bigarren ordainketa egin aurretik, eta aipatutako ordainketa egiteko proposamena aurkeztea zuzendaritza kudeatzaileari.

18. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak arau hauetan zehazten dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, Europako erregelamendu aplikagarriak eta oinarri hau. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunak hamar egun izango ditu laguntza espresuki onartzeko edo uko egiteko, egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea.

3.– Alderdi interesdunek –helize hirukoitzaren eredua (hau da, enpresa elkartuak, zientzia-teknologia-berrikuntzaren sistema eta Gobernua)– klusterra dinamizatzeko erakundearen gobernantzan modu eraginkorrean eta informatuan parte hartzen dutela eta erronka komunak definitzen laguntzen dutela bermatzea. Erronka horiei lankidetzan ekin behar zaie, klusterraren plan estrategikoa zehaztuz eta hura ezartzeko jarduketak eginez, zeinak klusterraren urteko jarduketa-planean deskribatzen baitira.

4.– Klusterraren urteko jarduketa-plana eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta gauzatu direla justifikatzea.

5.– Klusterraren urteko jarduketa-planaren aurrerapen-mailari eta gauzatze-aurreikuspenari buruzko informazioa ematea SPRIri, bai eta lotura-lanak egitea eta laguntzaren xede diren jarduketak kudeatzen dituzten lantaldeetan parte hartzea ere.

6.– Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.

7.– Zuzendaritza kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.

8.– Helburu berarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, edo haiei eskatuz gero, horren berri ematea zuzendaritza kudeatzaileari.

9.– Jarduketa-planarekin eta bertako ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea bost urtez.

10.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskuratzea beren funtzioak betetzen ari direla agindu honen kargura ematen diren dirulaguntzei dagokionez haiek onuradunei eskatutako informazio guztia.

11.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea eta diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea toki ikusgarri batean, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren logotipo korporatiboa agerian jarriz, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera. Taldeen kasuan, ahalegina egingo da zatiketa saihesteko, alegia, partaide bakoitzaren irudi korporatiboa ez erabiltzeko; horrenbestez, irudi korporatibo komun bat hartuko da, estrategia partekatu baten eta kluster kohesionatu baten isla gisa.

12.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan xedatutakoaren arabera legez eska daitekeen beste edozein betebehar.

19. oinarria.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratu beharko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzultzea, kasu hauetan:

a) Entitate onuradunak ez badu dirulaguntza eskatutako eta emandako helbururako erabiltzen, ez badu dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten, ez badu justifikatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzetako edo betebeharretako edozein betetzen ez badu.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako gainerako kasuetan ere egin beharko da itzulketa.

2.– Horrez gain, dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 20. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.

3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da, eta ebazpena emateko eskumena Industria Sustatzeko sailburuordeak izango du, nahiz eta espedientea hastea eta izapidetzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokion.

4.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osoa itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketaren betetze-mailaren araberakoa izango da. Edonola ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

5.– Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

20. oinarria.– Aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Dirulaguntza-prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hauek osatzen dute:

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko arauek osatua.

– Dirulaguntzei buruzko aurreko araudian arautu gabekoari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizkoak ez diren alderdiak aplikatuko dira osagarri gisa.

Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala