253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
6029
474/2024 DEKRETUA, abenduaren 17koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematekoa Bic Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematekoa sozietate horren estatutuetako 5. artikulua aldatzeko onespena eman dezaten.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2024ko ekainaren 17an egindako bilkuran, erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari baimena eskatzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Bic Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018rako aurrekontuak onartzen dituen 5/2017 Legearen 13. xedapen gehigarriaren 5. apartatuaren c) letraren arabera. Partaidetza hori 200.000 eurokoa izango litzateke, hau da, % 50ekoa. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren partaidetza.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 110.1 artikuluak ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Kapitala adierazten duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Bic Gipuzkoa Berrilan, SA sozietatearen helburu soziala hau da:
a) Zerbitzuak ematea eta ekimenak sustatzea, hain zuzen ere enpresa berritzaileak sortzeko eta Gipuzkoako lurralde historikoan egun dauden enpresak biziberritzeko eta haietan berrikuntza eta dibertsifikazioa sustatzeko. Hona hemen zerbitzu horiek:
Lurralde historikoan ezar litezkeen enpresa-proiektuak aurkitzea.
Aurrez, proiektua egingarria den ebaluatzea.
Ekintzaile potentzialak hautatzea eta prestatzea.
Negozio Plana prestatzeko aholkularitza eman eta gainbegiratze-lanak egitea.
Bazkideak erakartzea eta enpresen arteko akordioak sustatzea.
Finantza-baliabideak bilatzen laguntzea.
Berrikuntzaren eta teknologiaren arloko laguntza ematea.
Enpresa berrientzako enpresa-inkubagailua izatea.
Lokal industrial eta komertzialak eraikitzea, saltzea eta alokatzea.
b) Sozietatea bera garatzeko, beste sozietate batzuetan parte hartzea, fundazioan akzioak edo partaidetzak harpidetuz, sozietateen kapitala gehituz edo akzio edo partaidetzak eskuratuz titulu bidez.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 111.2 artikuluak ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen saileko sailburuak biek batera proposaturik.
Kapital-zabalkuntzaren helburua da sozietatearen helburu soziala osatzen duten jarduerak gauzatzeko funtsak ematea sozietateari.
Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak batera proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Bic Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen kapital-zabalkuntzaren harpidetza egiteko. Berrehun mila euroren harpidetza egingo du; zabalkuntzaren % 50. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren partaidetza.
2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematea Bic Gipuzkoa Berrilan SA sozietatearen estatutu sozialetako 5. artikulua aldatzeko adostasuna eman dezaten, kapital-zabalkuntzaren ondorioz; honela idatzita geratuko da artikulu hori:
«Kapitala bi milioi eta laurehun mila (2.400.000) eurokoa izango da: berrehun eta berrogei mila (240.000) akzio izendunek osatuko dute, 1etik 240.000 arteko zenbakiekin (biak barne), eta akzio bakoitzak hamar (10) euroko balio nominala izango du. Kapital hori osorik harpidetuta eta ordainduta dago».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 17an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.