Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
6028

472/2024 DEKRETUA, abenduaren 17koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematekoa Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematekoa sozietate horren estatutuetako 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia enteak Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietatearen xedea hau da: industria-arloko ekimena eta inbertsioa sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiz, azpiegiturak instalatuz eta higiezinak ekipamenduz hornituz. Eta, horretarako, horien esplotazioa kudeatzen du, errentamenduen bidez, jabetza transferituz edo beste molde batzuen bidez, are ordainik gabe lagaz ere; lokalak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatzen ditu; konplexuan ezarri nahi duten enpresak gonbidatzen eta hautatzen ditu, eta etenik gabe kudeatzen ditu eta ustiatzen halako instalazioetan behar diren zerbitzuak: testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidezko marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen, bulegoko makineriaren eta bilera-gelen alokairua, eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua. Instalatzen diren enpresek, betiere, teknologia aurreratuko jarduerak izan behar dituzte; bereziki, produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren arlokoak (hardwarea eta softwarea).

Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapital-zabalkuntza gauzatu behar du, 2022-2024 aldirako Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planeko inbertsioak finantzatzeko; hain justu, Datuaren Ekonomiaren Proiektua finantzatzeko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar dela, dekretu bidez emana.

Sozietatea egitekoa den kapital-zabalkuntzan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia enteak guztira 2.000.000 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 100ekin. Hala, % 71,51koa izango da aurrerantzean SPRIk Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SAren kapitalean izango duen partaidetza.

Kapital-zabalkuntzak berekin dakar kapital-sozietateen estatutuen artikulua berridatzi beharra. Horrenbestez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikulua aplikatu behar da (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina), zeinak ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek, sozietate-estatutuak onartzearen edo aldatzearen alde egiteko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dutela, eta ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposatu behar dutela baimena ematea.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak batera proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 17an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Bi milioi eurokoa izango da parte-hartzea (2.000.000 euro), hau da, kapital-zabalkuntzaren % 100. Eragiketa horren ostean, % 71,51ko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, kapital sozialaren zenbateko berria adieraziko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala