253. zk., 2024ko abenduaren 31, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 14 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6026
AGINDUA, 2024ko abenduaren 23koa, Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen eta deitzen baita koproduzio-ahalmena duten zinema-proiektuen nazioarteko kogarapenerako dirulaguntzak emateko araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei buruzko eginkizunak, bai eta horien sustapen eta zabalkundeari buruzkoak ere. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen 2024ko azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen dizkio eginkizun horiek.
Kultura Sustatzeko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak egokitzat jotzen du koprodukzio-ahalmena duten zinema-proiektuen kogarapenerako berariazko laguntza-lerro bat ezartzea, merkatura zuzendutako koprodukzio bihurtuko direnak, bai eta beste herrialde batzuetako eragileekin lan egiteko eta jakintza testuinguru bat sortzea ere.
Agindu honen bidez, beraz, gure ikus-entzunezko industriaren garapen-gaitasunari ez ezik, nazioarteko koprodukzioak ahalbidetuko dituzten lan-espazioak sortzeko beharrari ere erantzun nahi zaio.
Agindu honen zuzkidura Euskadik Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA) duen lankidetza-esparruaren barruan dago, sektore horretako laborategiak, inkubagailuak eta proiektuak sustatzeko.
Kulturarako estatu-laguntzei buruzko EBren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1ean sartu zen indarrean 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko AO, L 187); aurrerantzean, 651/2014 salbuespen-erregelamendu orokorra. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako estatu-laguntzak jakinarazteko betebeharretik salbuetsita dauden kategorien artean daude kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako laguntzak, eta zehazkiago, ikus-entzunezko lanetarako laguntzak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.- Agindu honen xedea da nazioarteko koprodukzio-ahalmena duten fikziozko, animaziozko eta dokumentuzko film luzeen proiektuak nazioartean garatzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta horietarako deialdia egitea. Proiektuaren garapena ikus-entzunezko ekoizpen bat prestatzea eta diseinatzea da, produkzio-fasearen aurreko eragiketetan oinarritua.
2.- Ondorio horietarako, film luzetzat hartuko da fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentalezkoa izanik hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duen eta zinema-aretoetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen den ikus-entzunezko lana.
3.- Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
a) Film laburrak eta serieak.
b) Eskabidea aurkezteko unean dagoeneko filmatzen hasiak diren proiektuak.
c) Telebistarako edo plataformetarako programak (talent show-ak, lehiaketak, reality show-ak, streaming-ak, influencer edo youtuberren serieak, etab.).
d) Telebista-plataforma edo -kanalen laguntza edota garapen-kontratua duten proiektuak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.
Dirulaguntza horietarako 350.000 euro erabiliko dira guztira.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean egindako gastuak onartuko dira. Epe hori agindu honen 17.1b) artikuluan ezarritako justifikaziorako azken eguna da.
2.– Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:
a) Obraren egiletza-eskubideak eskuratzea.
b) Gidoia garatzea: berridaztea edo egokitzea, elkarrizketak eta kanpo-aholkularitza.
c) Sustapen-materiala diseinatu eta egitea: teaserra, trailerra, programa pilotua, storyboarda, web-orria.
d) Finantza-plana egitea.
e) Marketin- eta banaketa-plana egitea.
f) Proiektuak garatzeko koprodukzioko merkatu eta foroetara, edo nazioarteko laborategietara joatea (joan-etorri-, ostatu- eta akreditazio-gastuak) baliabideak bilatzeko.
g) Castinga eta kokalekuak bilatzea
h) Animazioaren kasuan, pertsonaiak eta agertokiak diseinatzea.
i) Ikerketa dokumentala, grafikoa (animazio-proiektuetan) eta artxiboak bilatzea
j) Langile-gastuak: enpresako langileen soldatak eta gizarte-segurantza. Aurrekontuaren % 50eko gehieneko gastua, animazioaren kasuan berriz, % 80koa.
k) Gastu orokorrak: besteak beste, aholkularitza juridikoa eta fiskala, koprodukzio-kontratuetarako aholkularitza eta idazketa, aurretiazko salmentak, proiektuan parte hartzen duten profesionalekin egindako kontratuak eta itzulpenak (aurrekontuaren % 15, gehienez).
3.– Laguntzaren eskatzailea pertsona fisiko bat denean, garapen-aurrekontuaren % 25 egotzi ahal izango zaio, gehienez ere, aurretik zerrendatutako diruz lagundu daitezkeen gastuetako bati. Egindako lanak justifikatzeko adierazpen baten bidez eta horien balorazio ekonomikoarekin egiaztatuko dira.
4. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Balorazio horren hurrenkeraren eta puntuazioaren arabera baloraziorik onena izan duten eskabideak lagunduko dira diruz, diru-zuzkidura agortu arte.
2.– Eskatutako dirulaguntza esleituko da, agindu honen 3. artikuluan ezarritako mugen barruan, puntuazio handiena atera duenetik hasita, aurrekontua agortu arte.
3.– Fikzioaren edo dokumentalaren kasuan, laguntzen zenbatekoa ezingo da berrogei mila (40.000) eurotik gorakoa izan. Animazioaren kasuan, laguntzen zenbatekoa ezingo da berrogeita hamabost mila (55.000) eurotik gorakoa izan.
4.– Nolanahi ere, beharrezkoa izango da balorazio-fasean gutxienez % 50eko puntuazioa lortu izana.
5.– Dirulaguntza aurkeztu den aurrekontuaren % 100ekoa izan daiteke, baldin eta gainfinantzaketarik ez bada.
5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Ekoizle independente diren eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean finkatuak diren pertsona fisiko edo juridiko independenteek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, baldin eta laguntza emanez gero Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu iraunkorra irekitzeko konpromisoa hartzen badute.
Produkzio-etxe independentea ICAAren Zinematografia eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan inskribatuta egon beharko da.
2.– Ekoizle independentetzat hartuko da Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluaren n) apartatuan jasotako definizioan sartzen den pertsona fisiko edo juridikoa.
3.– Eskaera egiten duen produktoreak gutxienez ekoizpenaren % 20ko partaidetza izan beharko du, hainbat estaturen arteko koprodukzioen kasuan izan ezik, horiek gutxienez % 10ekoak izan baitaitezke. Finantza-partaidetza hutsak ez dira onartuko.
4.– Ekoiztetxe eskatzaileak film luzearen ekoizpen exekutiboaz arduratu beharko du, eta, beraz, ekoizpen exekutiboaz arduratzen den pertsona fisikoa enpresen mende egon beharko da kontratu bidez. Halaber, enpresa eskatzaileak film luze osoari egindako ekarpenari dagokion gastua enpresa eskatzailearen izenean fakturatu behar da.
5.– Ezin izango dira onuradun izan Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren berreskuratzeko agindu baten mende diren enpresak, ez eta krisian direnak ere, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoaren definizioaren arabera.
6.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuen eta onuradun izateko gainerako legezko debekuetako baten eraginpean dauden enpresak.
7.– Ekoizpen-etxe eskatzaileak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ikus-entzunezko sektorearekin bat datorren epigrafe batean alta emanda izan beharko du. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean.
8.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak emateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharko dira, bai eta itzulketagatiko betebeharrak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du deialdi honen organo kudeatzaileak, dirulaguntzen baimenik behar izan gabe. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.
9.– Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
10 – Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden pertsonak edo erakundeak:
a) Administrazio publiko diren edo haietakoren baten sektore publikoko kide diren erakundeak.
b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusia edozein administrazio publiko edo instituzionalek, sektore publikoko erakunde batek, finantza- edo kreditu-erakunde batek duen erakundeak.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion zehapenak ezartzen duen epean. Era berean, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso berdintasun-plan bat eduki behar duten enpresek, baldin eta Estatuko araudiaren arabera berdintasun-planik indarrean ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
d) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duen eskatzailea.
e) Krisian diren enpresak, krisian diren enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EBAO, C249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan definituta dago.
f) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetatik eratorritako gastu diruz lagungarriak enpresari aplika dakiokeen araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
g) Kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko betebeharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobra dezakeen finantzaketa edozein dela ere.
Onuradun izateko baldintza guztiak epealdi osoan mantendu behar dira, emandako dirulaguntza justifikatu arte.
6. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da, eta, beraz, agindu honen 2. artikuluan ezarritako dirulaguntzaren gehieneko muga errespetatuta, baloraziorik handiena lortu duten eskabideek baino ez dute jasoko laguntza.
7. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskatzaile bakoitzak ezin izango ditu bi proiektu baino gehiago aurkeztu. Eskatzaile berak bi proiektu aurkezten baditu, aurkeztutako azken eskaera hartuko da kontuan.
3.– Pertsona fisikoek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte deialdi honetako izapide guztiak, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuz aurkeztuko dira, artikulu honen 4. zenbakian adierazitako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
Film luzeen kogarapena: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276315
6.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikoak
8.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta horrekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
10.– Eskabideak horretarako ezarritako ereduaren bidez egin beharko dira, honako datu hauek betez: harremanetarako datuak, proiektua baloratzeko beharrezko datuak eta erantzukizunpeko adierazpenak. Halaber, agindu honen 9. artikuluan adierazitako agiri guztiak aurkeztu beharko dira.
a) Dokumentu-ereduak eskuragarri diren kasuetan, eredu horiek erabili beharko dira eta ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
b) Gainerako dokumentazioa, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko da.
11.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Beraz, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu egin beharko ditu.
12.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
9. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
1.– Eskatzaileari buruzko agiriak:
1.1.– Pertsona juridikoak direnean: administrazioren bati dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiririk aurkeztea.
2.– Proiektuari buruzko agiriak:
a) Kogarapenerako kontratua. Estatu desberdinetakoak diren enpresa produktore independenteen arteko akordioa aurkeztu beharko du. Akordio horren bidez, ikus-entzunezko lana ekoitzi aurreko jarduerak egiteko lankidetzan aritzeko eta ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak elkarrekin jartzeko konpromisoa hartzen dute.
b) Laguntza eskatzen duen enpresaren eta gidoilariaren edo obrari lotutako eskubideen jabearen arteko eskubideak lagatzeko kontratua, ikus-entzunezko proiektu bat garatzeko. Hitzarmen hori alderdiek sinatu eta datatu beharko dute, eta planteatutako koprodukzioarekin bateragarriak diren kontratu-baldintzak jaso beharko ditu.
c) Proiektu bererako eskatutako eta lortutako laguntzen aitorpena eta laguntzen zenbatekoa.
d) Aurreikusitako garapenari buruzko azalpen-memoria, garatu beharreko estrategia jasoko duena, bai eta proiektuaren garapenean aurreikusitako ekintza guztien deskribapen xehatua eta berorien kronograma ere.
e) Argumentu-sinopsia, storyline, narrazio-egitura eta pertsonaien garapena. Proiektuak ikerketa behar izatekotan, aurreproiektua erantsi beharko da.
f) Gidoia edo, bestela, gidoiaren tratamendu sekuentziala gehi sekuentzia elkarrizketatua (gehienez 35 orrialde). Dokumentalen kasuan, gidoiaren tratamendua (gehienez 10 orrialde) eskaletarekin batera. Proiektuaren jatorrizko bertsioa euskarazkoa bada, hizkuntza horretan garatuko dela bermatu beharko da. Dokumentazioa euskaraz aurkezten ez bada, gaztelaniazko proiektutzat hartuko da.
g) Proiektuaren kogarapenaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak eta diru-sarreren aurreikuspena jasotzen dituena, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren araberakoa.
h) Guztizko koprodukzio-aurrekontua eta finantzaketa-plana, biak dokumentu berean jasota. Onartutako gutxieneko kostua 1.000.000 eurokoa izango da fikziozko eta animaziozko film luzeen kasuan, eta 300.000 eurokoa film luze dokumentalen kasuan.
i) Eskaera egin duen produkzio-etxearen eta gainerako ekoizleen azken bost urteetako historiala eta datozen bi urteetarako dituzten ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren araberakoa.
j). Hala badagokio, ekoizpenaren jasangarritasun-plana, Basque Green Filmen ezarritako ereduaren arabera ezarri beharreko ekintzak jasota https://www.euskadi.eus/bgf-basque-green-film/web01-a2kulsus/eu/
10. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:
a) Eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako legezko debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zehapen eta debekuen arabera.
b) Eskatzaileak laguntza jasotzen badu, EAEn establezimendu iraunkor bat irekitzeko konpromisoa hartzea.
Eskatzailea ekoizle independentea izatea, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera.
c) Krisian den enpresa ez izatea, krisian diren enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C249). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan definituta dago.
d) Proiektu bererako eskatu eta jasotako dirulaguntzak eta zenbatekoa.
e) Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plana izatera behartuak diren enpresek plana indarrean izatea. 50 langile baino gehiagoko enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta aurka egiteko neurriak ezarri izana.
f) Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
g) Laguntza emanez gero, EAEn establezimendu iraunkorra irekitzeko konpromisoa hartzea.
h) Eskatzaileak egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
i) Edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik proiektu bererako eskatu eta emandako dirulaguntzak, eta zenbatekoak, bai eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa ere.
2.– Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak. Onuradun izateko proposatzen direnek dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla.
11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo horietan formazko akatsak direla ikusiz gero, edo baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak direla ikusiz gero, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpen bidez.
12. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da.
Batzorde hori honako hauek osatuko dute:
– Lehendakaria: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria. Hark ezin badu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.
– Kideak: Kulturako sailburuordeak agindu honen xede den arloko adituen artean izendatutako 4 kide.
2.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, baina ez da batzordeko kide izango. Zuzendariak izendatuko du. Hitza izango du, baina botorik ez.
Era berean, balorazio-batzordearen bileretara joan ahal izango dira gai zehatzak aztertzeko, eta hizpidearekin baina botorik gabe parte hartu ahal izango dute aztertu beharreko gaietan jakintza espezifikoa duten guztiek, bertaratuen gehiengoak onartzen baditu.
3.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eratu aurretik, edozein interesdunek errefusatzeko eskubidea erabil ahal izan dezan, legez ezarritako kasuetan eta baldintzetan.
4.– Balorazio Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko da.
5.– Balorazio Batzordeak, Aginduaren 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen aplikazioa oinarri hartuta, egindako balorazioa jasotzen duen txostena egingo du.
6.– Balorazio Batzordeak, aurkezten diren eskabideak behar bezala baloratu ahal izateko beharrezko ikusten duenean, egoki iritzitako argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
7.– Izendatutako Balorazio Batzordeko profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek adieraziz: ez direla Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako abstentzio-kausetan sartuak, eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera proiektuak baloratzeko ez den beste helburu baterako ez dela erabiltzen, eta, ebazpen-proposamena egin ondoren, espedienteen dokumentazio guztia deialdiaren organo kudeatzaileari itzultzen zaiola.
8.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
Proposamen horretan ordezkoak sar daitezke, onuradunek laguntzari uko egiten badiote edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte. Inguruabar horietakoren bat gertatzen bada, ordezkoak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa, eskatutakoaren barruan, hasieran batean onuradun izan zenari ordaintzeke geratutakoa izango da
13. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskaerak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu, jarraian adierazitako baremoaren arabera:
a) Proiektuaren bideragarritasuna eta interesa (% 30). Honako hauek hartuko dira kontuan:
– Aurrekontua proposatutako garapenera egokitzea (% 10). Aurrekontuaren eta proposatutako ekintzen arteko koherentzia baloratuko da.
– Produkzio-aurrekontu zenbatetsiaren eta finantzaketa-planaren bideragarritasuna (% 10). Horretarako, proiektuaren gastuen eta merkatu-gastuen arteko oreka baloratuko da.
– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko da Euskadiko egindako baliabideen inbertsioa (langile-gastuak barne) produkzio-kostu guztiekiko.
b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Honako hauek hartuko dira kontuan:
– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 15). Historiaren berezko entitatea baloratuko da, baita kontatzeko modua ere.
– Pertsonaien definizioa (fikzioa)/diseinua (animazioa)/parte-hartzaileak (dokumentalak) (% 10). Narrazioan pertsonaiek izan duten bilakaera eta ñabardurak baloratuko dira, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (adierazpenak, poseak, grafismoa...). Dokumentalen kasuan, parte-hartzaileek kontatzen den historiarekin duten interesa, garrantzia eta lotura baloratuko dira.
– Gidoiaren egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherentea eta egituratua baloratuko da, generoarentzat eta hartzaileentzat erritmo egokiari eutsiko diona.
c) Proiektua garatuko duten ekoiztetxeen ibilbidea. Nazioarteko gainerako enpresa kogaratzaileen ibilbidea baloratuko da, beren lanek nazioarteko jaialdietan azken bost urtean izandako parte hartzea aintzat hartuz (% 5).
d) Jatorrizko bertsioa euskarazkoa izatea (% 10). Jatorrizko bertsioa euskarazkotzat hartuko da gidoiaren % 70 behintzat euskaraz sortua izan denean.
e) Emakumeak zuzendaritza-lanetan, gidoian eta ekoizpen exekutiboan parte hartzea (% 10). 2 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aipatutako hiru lanpostuak emakumeak betetzen badituzte, aparteko 4 puntu emango dira. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan baino ez dira emango puntuak.
f) Ekoizpenaren jasangarritasun-plana, ingurumen-inpaktuari dagokionez ezarri beharreko ekintzak jasotzen dituena (% 5). Planak ingurumen-desorekak sortzeko eta horien gainean jarduteko gai diren ekoizpen-aldagaiak identifikatzeko duen gaitasuna baloratuko da.
2.– Justifikazio-fasean balorazio-irizpideen % 10etik gorako desbideratzeak ez-betetzetzat joko dira, eta ez-betetzeak eragin dituen irizpidearen edo irizpideen arabera lortutako puntuazio-ehunekoaren araberako itzulketa-betebeharra ekarriko dute.
14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko ebazpena, organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusi ondoren Kulturako sailburuordeak eman eta jakinaraziko da, 6 hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen horrek zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak esleitu diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengo kasuan, diruz lagundutako jardueraren ekoizle onuradunaren izena edo izen soziala, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza urteka nola banatu den eta justifikatzeko modua adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukatzeko arrazoiak jasoko dira.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Edozein motatako hautaketa- edo norgehiagoka-prozedura osatzen duten administrazio-egintzak argitaratu egingo dira beti, eta jakinarazpenaren ondorioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan ezarritakoaren arabera izango dira. Interesdunari hainbat bide erabiliz jakinarazten zaionean, jakinarazpen-datatzat hartuko da 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera lehenengo egin den jakinarazpen-data.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako epea ebazpena jakinarazi gabe igarotzen bada, interesdunak legitimatu egingo dira dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzeko.
15. artikulua.– Bateragarritasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandakoekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion mugaraino murriztuko da.
Nolanahi ere, inoiz ez dira bateragarriak izango Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak proiektu bererako emandako beste laguntza batzuekin.
Bestelako laguntza publikorik izanez gero, haien guztien batura, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezingo da izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 100 baino handiagoa.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Laguntza emanez gero, EAEn establezimendu iraunkorra izatea edo irekitzea.
c) Film luzean, behintzat, bertsio azpititulatua edo euskarara bikoiztua sartzea.
d) Dirulaguntza emandako xederako erabiltzea.
e) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen helburua fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
f) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza objektibo eta subjektiboen aldaketa oro Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, jakin bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.
g) Katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki grafia eta gainerako material grafikoen aleetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea. Material hori euskaraz argitaratuko da, beste hizkuntza batzuen erabileraren kalterik gabe.
h) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik –nazionalak zein nazioartekoak– helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, bai eta beste finantzaketa-iturri batzuk eman izana ere.
i) Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari argitaratutako sustapen-material guztien ale bana ematea.
j) Proiektuaren jarduera-txostena eta agindu honetan adierazitako gainerako agiriak aurkeztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean, 2025eko azaroaren 30a baino lehen betiere.
k) Proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetan gastatzea. Ehuneko hori onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari aplikatuko zaio.
l) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen V. tituluaren arabera.
2.– Halaber, erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak sektoreko araudi aplikagarrian edo merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Diruz lagundutako zenbatekoaren % 80, laguntza eman ondoren eta onartutako aurrekontuaren % 25 justifikatu ondoren. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen txosten xehatua.
– Aurrekontu exekutatua, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren arabera.
– Garapen-gastuen zerrenda sailkatua, BEZa kenduta, honako hauek adierazita: hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data, eta, hala badagokio, ordainketa-data, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren arabera, eta egindako gastuen justifikazioa, behar bezala egiaztatuta, jatorrizko fakturen edo kopia konpultsatuen eta ordainka egin izanaren egiaztagirien bidez.
– Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu iraunkorra duela egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, EAEn den establezimenduaren alokairu- edo jabetza-kontratua aurkeztuko da.
– Parte hartu den nazioarteko merkatuetako ziurtagiriak edo proiektuak garatzeko nazioarteko laborategietan parte hartu izanaren egiaztagiriak.
b) Gainerako % 20ra arte, onartutako aurrekontuaren % 75 justifikatutakoan. Justifikatzeko azken eguna azaroaren 30a izango da eta ondorengo dokumentazio jaso eta agindu honetan aurreikusitakora egokitzen dela egiaztatuta bideratuko da ordainketa:
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen txosten xehatua.
– Behin betiko aurrekontua, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren arabera.
– Garapen-gastuen zerrenda sailkatua, BEZik gabe, honako hauek adierazita: hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data, eta, hala badagokio, ordainketa-data, euskadi.eus-en ezarritako ereduaren arabera, eta egindako gastuen justifikazioa, behar bezala egiaztatuta, jatorrizko fakturen edo kopia konpultsatuen eta ordainketa gauzatu izanaren egiaztagirien bidez.
– Gidoi osoa eta zuzendua.
– Lan-planaren xehakapen berria eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.
– Filmatzeko lekuei buruzko dokumentazioa.
– Castingetarako behin-behineko proposamenak.
– Finantzaketa-plan xehatua.
– Marketin- eta banaketa-plan xehatua.
– Proiektua sustatzeko materialaren ale bat.
Dokumentazio hori elektronikoki aurkeztu beharko da Nire Karpetatik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
2.– Kulturako sailburuordeak, justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen dituen onuradunak eskaera egin ondoren, epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, justifikazio epea agortu aurretik eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da luzatuko, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
3.– Hirugarren interesdunaren alta egin beharko da Eusko Jaurlaritzan, baldin eta laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
18. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada–, eta deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta, hala badagokio, beste erakunde publiko edo pribaturen batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badu, aldatu egingo da laguntzak emateko ebazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak egokitzeko
19. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.
d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko edozein aldaketa egitea.
e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi.
2.– Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera eta bertan aurreikusitakoa bete ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta, zehazki, 54. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan araututako dirulaguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen mende daude.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburuaren deskribapena: Laguntza ekonomikoak kudeatzea kulturaren eta sormenaren sektorean.
Lege-oinarria: interes publikoaren alde eta tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako eginkizuna betetzeko beharrezko tratamendua (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).
Hartzaileak: Arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoak.
Eskubideak: Eskatzaileak bere datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-eu.shtml helbidean
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 23a.
Jaurlaritza lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.