251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (216 KB - 13 orri.)
- EPUB (677 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
5968
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 13koa, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baitira Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2024ko urriaren 2ko Aginduaren babesean aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak. Agindu horren bidez, oinarriak onartzen dira laguntza ekonomikoak emateko EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitu eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak gara ditzaten, eta 2024. urterako deialdia egiten da. Dirulaguntzen bigarren lerroa: Immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.
AURREKARIAK
1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2024ko urriaren 2ko Aginduaren bidez (2024-10-17ko EHAA, 203. zk.), oinarriak onartzen dira laguntza ekonomikoak emateko EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitu eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak gara ditzaten, eta 2024. urterako deialdia egiten da. Zehazki, agindu horren III. kapituluak dirulaguntzen bigarren lerroa arautzen du: immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.
Agindu horren 20. artikuluak ezartzen du 850.000,00 eurokoa dela aurrekontu-kreditua, EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko dena.
2.– Aipatutako aginduaren 19. eta 21. artikuluetan zehaztuta dago finantzaketa publikoa jasotzeko zer betekizun eta baldintza bete behar dituzten eskatzaileek, bai eta zein diren esleipen-irizpide espezifikoak ere.
3.– Lehenengo eranskinean aipatzen diren EAEko toki-erakundeek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek laguntzak eskatu dizkiote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari, immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloan jarduerak garatzeko.
4.– Aginduaren 4. artikuluarekin bat etorriz, balorazio-batzordeak, 2024ko azaroaren 27an egindako bileran, ebazpen-proposamena prestatu zuen, laguntza-lerro horretan aurkeztutako eskaeren inguruan, aurreko araudia kontuan harturik.
Horrenbestez, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzako balorazio-batzordeak prestatutako txosten teknikoa ikusita, eta 2024ko urriaren 2ko Aginduaren 4. artikulua betez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bigarren eranskinean aipatzen diren EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei eranskin horretan bertan zehazten diren diru-zenbatekoak ematea, immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloko jarduerak garatzeko laguntza gisa.
Bigarrena.– Laguntzen ordainketa, bai jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko ere, zatika egingo da: % 70 ordainduko da 10.a) artikuluan ezarritako epea igarotakoan, berariaz uko egin ez bazaio eta diruz lagundutako ekintzen gutxienez % 70i dagokion gastuaren betearazpena 2024ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu eta egiaztatu ondoren. Gainerako % 30a 2025eko ekitaldian ordainduko da, justifikatzeke geratzen diren gainerako ekintzak 2025eko martxoaren 31 baino lehen justifikatu ondoren.
Hirugarrena.– Entiate onuradunak berariaz adierazi behar du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesa duela, diruz lagundutako jardueren zabaltzea, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea dakarten diruz lagundutako jarduera guztietan. Diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan beti jarri behar da Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzaren logotipoa eta Migraziorako Euskal Itun Sozialaren logotipoa. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenean jasoko da diruz lagundutako entitate publikoak hartuko dituela bere gain aipatu jardueraren edukiak.
Laugarrena.– Gastuak justifikatzeko, jatorrizko dokumentu egiaztatzaileak aurkeztu behar dira, edo salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez egin daiteke, edo entitate publikoan fede publikoa duen pertsonak emandako ziurtagiri baten bidez. Azken kasu horretan, ziurtagiriak adieraziko ditu kontratatutako immigrazio-teknikariaren zenbakia eta lanbide-kategoria, eta harremanaren ondoriozko kostu ekonomikoa, bai eta garatutako ekintzen kostua ere, 2024. urteari dagokionez, betiere.
Bosgarrena.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu ondoren gainfinantzaketagatik edo eskatutako faktura guztiak ez aurkezteagatik dirulaguntzaren bigarren ordainketaren kopurua murriztu behar bada edo jasotako diru guztia edo zati bat itzuli behar bazaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendariak banakako likidazio-ebazpen bat eman beharko du, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du, ebazpena jasotzen den egunetik aurrera, dagokion diru-itzulketa egiteko.
Seigarrena.– Dirulaguntzak eta entitate onuradunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 13a.
Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzako titularraren postua hutsik dagoenez, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren ordezkapen araubidea ezartzen duen xedapen gehigarriaren arabera.
Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea,
XABIER LEGARRETA GABILONDO.