Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5966

AGINDUA, 2024 urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez, 0-3 urte arteko haur-eskolen toki-korporazio titularrentzako dirulaguntzen deialdia egiten baita 2024-2025 ekitaldirako.

2004ko azaroaren 19an, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua argitaratu zen, 0-3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (2., 3., 4., 5., 6. eta 11. artikuluak eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak). Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. Horrela, bada, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak, tarte horietako eskaintza betetzeko lehentasun-irizpideen artean, ezartzen du titulartasun publikoko haur-eskolak sustatu behar direla, egungo eskaintza sendotuz. Irizpide horiek aplikatzeko, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarrian honako hau ezartzen da: «gaur egungo haurtzaindegi zein udal-titulartasuneko haur-eskoletako eskaintza sendotu ahal izateko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen haur-eskolak edota haurtzaindegiak sortu dituzten toki-korporazioekin hezkuntzako Administrazioak hitzarmenak egingo ditu».

Era berean, bigarren xedapen gehigarrian honako hau jasotzen da: «xede horrekin, ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza Sailak deialdi bat egingo du 0-3 urte bitarteko haurrei arreta eskaintzen dieten haur-eskoletako arduradunak diren Toki Erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko; bertan zehaztuko dira finantzaketaren kantitateak, horretarako aurreikusitako aurrekontu partidaren kontura izango direnak. Hitzarmen horien indarraldia ikasturte osoan luzatuko da eta urtero berrituko dira. Finantzaketa jasoko duten kantitateak zehazteko, haur-eskolan betetako plazak hartuko dira kontuan, bai eta ikasturtean izandako plazen bariazioa ere».

Halaber, agindu hau Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2024ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen, eta bertan deialdi hau jaso zen.

Xedapen horiek betetzeko, agindu honen xedea da haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak ematea 2024-2025 ikasturtean, kostuak murrizteko eta egungo eskaintza finkatzeko 0-3 haurrentzako haur-eskoletan. Horretarako, finantzaketa eman aurretik, Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira urtero.

Hezkuntza Sailak udal bakoitzari egingo dizkion ekarpen ekonomikoak udal-titulartasuneko haur-eskolan okupatutako plazen arabera finkatuko dira. Okupatutako plaza bakoitzeko zenbatekoa moduluaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteetarako, eta % 100, berriz, 2-3 tarterako.

Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera jarduten da, honako hauekin bat etorriz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Oinarri gisa hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastuak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen helburua da 0-3 urte arteko haur-eskolen toki-korporazio titularrentzako dirulaguntzak emateko deialdia onestea eta oinarriak ezartzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastuak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek prozedura-gaietan arautzen ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Baimena ematen zaio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA
2024-2025 IKASTURTEAN 0-3 URTE ARTEKO HAUR-ESKOLEN TOKI-KORPORAZIO TITULARREI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdi honen xedea da 0-3 urte arteko haur-eskolen titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak ematea.

Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 3.500.000 euro bideratuko dira. Zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskabide guztiei erantzuteko, ateratzen den zenbatekoa hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

Bigarrena.– Helburua.

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak 0-3 urte arteko udal titulartasuneko haur-eskolen mantenu-kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira.

Hirugarrena.– Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute haur-eskolen titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek (betiere haur-eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautzen dituen abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua indarrean sartu aurretik sortu baziren), bai eta Gizarte Laguntzako Institutu Nazionalak bere garaian transferitutako haur-eskolen titular diren udalek ere, betiere eskaerak aurkezteko epea hasten denean ez badute bat egin Haurreskolak Partzuergoarekin.

2.– Ezingo dira laguntzaren edo dirulaguntzaren onuradun izan hauetako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak:

2.1.– Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.

2.2.– Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

2.3.– Legezko ordezkaria Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean sartuta badago, eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguak baditu, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

2.4.– Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

2.5.– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ez dituztenak, erregelamenduaren arabera zehazten den moduan.

2.6.– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-aldi osoan.

2.7.– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresak. Ez eta 50 langiletik gorako enpresak ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

2.8.– Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

2.9.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak.

3.– Halaber, ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak. Eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikulu horren 6., 7., 8. eta 9. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da, halaber, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

Laugarrena.– Betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, egiaztatu egin beharko da egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, hurrenez hurren zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

Zigor-aurrekarien ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da laguntza-deialdi honen 3. artikuluko 2.1 eta 2.7 epigrafeetan zigor-kondenei buruz jasotako baldintzak betetzen direla.

Lan-agintaritza eskudunak horretarako sortutako erregistroak emandako inskripzio-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da agindu honen 3. artikuluaren 2.8. epigrafean jasotako berdintasun-plan bat indarrean izateko baldintza betetzen dela, baldin eta Estatuko araudiak plana izatera behartzen badu.

Espedientearen organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko ditu dokumentu horiek organo eskudunetatik, eskuragarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Dokumentuak ezin badira zuzenean eskuratu, pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Pertsona edo erakunde interesdunak uko egin ahal izango dio organo kudeatzaileak aipatutako inguruabarren egiaztagiriak zuzenean eskuratzeari. Uko eginez gero, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak.

Gainerako betebehar eta betekizunak eskabideari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4, 9.5, 13.1 eta 13.9 artikuluak aplikatuz.

2.– Eskaeretan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen pertsonak edo erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak. Kasu horretan, organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

3.– Ez da beharrezkoa izango Administrazioak duen dokumentaziorik eranstea. Ondorio horietarako, interesdunak dokumentazio hori zein egunetan eta zein administrazio-organotan aurkeztuko duen adierazi beharko du.

Bosgarrena.– Kopurua plaza bakoitzeko.

Plaza bakoitzaren zenbatekoa honako hau izango da: agindu honen 7. oinarrian ezarritako moduluaren % 60 0-1 eta 1-2 urte tarteetarako; eta % 100, berriz, 2-3 urte tarterako, betiere deialdian ezartzen diren salbuespenak eta baldintzak kontuan hartuta.

Seigarrena.– Diruz lagundu beharreko plazen kopurua zehaztea.

2022, 2023 eta 2024an jaiotako haur guztien matrikularen datu banakatuak eta adinaren araberako banaketa EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan sartuko ditu ikastetxe bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak datuak aterako ditu aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu ikastetxe bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Laguntza hauek kudeatzeko erabiltzen diren ikasleen datu pertsonalak hauek dira:

– Izena eta bi abizen.

– Jaioteguna.

Ez dira matrikulatutzat joko 2024ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.

2024ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako umeek ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2024ko irailetik 2025eko uztailera bitartean.

Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko urritik 2025eko uztailera bitartean.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko azarotik 2025eko uztailera bitartean.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko abendutik 2025eko uztailera bitartean.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko urtarriletik uztailera bitartean.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko otsailetik uztailera bitartean.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko martxotik uztailera bitartean.

Zazpigarrena.– Moduluak haur bakoitzeko.

1.– Haur bakoitzeko moduluak, tarteen arabera, honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Zortzigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Deialdian parte hartzeko eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/0096914

2.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak, nahi duten hizkuntzatan. Era berean, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Oinarrizkoa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa).

3.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) 2024-2025 ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (II. eranskina).

b) Haur-eskolari emandako udal aurrekontu-esleipena, 2024-2025 ikasturtean zehar zerbitzua emateko. Diru-sarrerak (familiek emandako kuotak barne) eta gastuak desberdinduko dira, eta jarduerak sortu ohi duen defizita adierazi beharko da (III. eranskina).

c) Haur-eskolako langileen zerrenda (IV. eranskina).

d) Berdintasun Planaren inskripzio- egiaztagiria, erregistro eskudunak emana.

e) Zigor-aurrekarien egiaztagiria.

5.– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 16. eta 17. oinarrietan ezarritako Jarraipen Batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, urteen arabera; taldekatzeko irizpideak; unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) Egutegia eta ordutegia, bai eta 0-3 urte bitarteko haur-eskolak eskaintzen dituen zerbitzuak ere (jantokia, arreta mediko-sanitarioa, psikologikoa, gurasoen eskola...).

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

Hezkuntza Sailburuordetzako Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak Udalek aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna egiaztatu ahalko du.

Bederatzigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Udal interesdunek prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatua betez.

2.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60. artikulutik 67. artikulura bitartekoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta deialdi hau osatzen duten gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097014

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –zuzenketak, justifikazioak eta errekurtsoak barnean direla– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Hamargarrena.– Prozeduraren kudeaketa.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoa izango da esleitzeko prozedura.

2.– Prozedura Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak kudeatu beharko du.

3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen edo okerren bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hori zuzentzeko. Epea bukatu eta zuzendu ez badu, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 21. eta 68.1 artikuluetan aurreikusitako terminoetan eman ondoren.

4.– Eskabideak ebaluatu ondoren, organo kudeatzaileak txosten tekniko bat egingo du ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan, pertsona edo erakunde eskatzaileek agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituzten ala ez egiaztatuko da, organo kudeatzaileak duen informazioaren arabera.

5.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak, espedientea eta txosten teknikoa aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen horrek dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren erakundeen zerrenda eta zenbatekoa jasoko ditu.

6.– Ebazpen-proposamena banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei. Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Pertsona edo erakunde onuradunek 5 eguneko epea izango dute behin betiko ebazpen-proposamena onartzeko edo ukatzeko. Alde horretatik, pertsona edo erakunde onuradunek ebazpen-proposamenaren jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

Behin betiko ebazpen-proposamenari uko eginez gero, onuradun gisa proposatutako pertsonak edo erakundeak eskabideari uko egin diola ulertuko da.

Hamaikagarrena.– Deialdia ebaztea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena Hezkuntzako sailburuordeak emango du sei hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean. Ebazpen hori banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie udalei, eta emandako dirulaguntzak EHAAn argitaratuko dira, jendeak horren berri izan dezan.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

2.– Epea amaitu eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Hamabigarrena.– Hitzarmenak.

Dirulaguntza emanda eta onartuta dagoela ulertuko da agindu honen V. eranskinean aipatzen den hitzarmena izenpetzen dutenean bai Hezkuntza Sailak bai diruz lagundutako eskola eta diruz lagundutako eskolen udal titularrek. Horretarako epea hilabetekoa izango da, interesdunei Ebazpena jakinarazten zaienetik aurrera.

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa –% 30ari dagokiona–, 12. artikuluan aipatzen den hitzarmena sinatu ondoren sartuko da indarrean.

b) Bigarren ordainketa –gainerako % 70ari dagokiona– dirulaguntzaren onuradunak 2024-2025 ikasturtean izandako gastu eta diru-sarreren agiri bidezko justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da; justifikazio hori udal-idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiri bidez egingo da. Eskabide-eredua (VI. eranskina) euskadi.eus webguneko egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

Justifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Justifikazio hori aurkeztu ahal izango da 2025eko uztailaren 1etik 31ra bitartean eta Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren aurrean egingo da.

3.– Aurkeztutako justifikazioa dela eta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak dirulaguntza kitatu egingo du; horretarako, antzemandako alde hori murriztuko zaio, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 1eko 20/2023 Legea.

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak erregistratuta egon ezean edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetan egin beharko dute: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– Ikastegi guztiek jarraipen-batzordearen esku jarriko dute 2024-2025 ikasturtearen eduki-memoria bat. Memoria horretan, gutxienez, honako atal hauek jasoko dira:

a) 2024-2025 ikasturtearen garapen orokorra eta egin beharreko jarduerak.

b) Haur-eskolako heziketa-proiektuan jasotako helburuen lorpen-maila.

c) Emaitzen analisia, programaren egokitzapena eta horren balizko aldaketak erabakitzeko asmoz.

Hamalaugarrena.– Bateraezintasun araubidea.

1.– Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina dirulaguntza guztien batura ezingo da izan gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

Erakunde eskatzaileek gainfinantzaketa ezaren konpromiso bat sinatu beharko dute eta eskaeraren erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan jasota egongo da.

Hamabosgarrena.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen udal onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikulua betetzeko:

a) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.

b) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea baldintza eta eskakizunak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere, sexuen arabera bereizitako datuak gehituta.

c) Dirulaguntza eman duen organoaren edo erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.

d) Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Sailburuordetzari.

Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Sailburuordetzari.

Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztatu eta kontrolatzeko balioko dutelakoan.

i) Agindu honen helburu den dirulaguntza hedatzeko eta publizitatea emateko neurriak hartzea. Neurri horien artean daude Hezkuntza Sailaren logoa jartzea, eta erabiltzen diren karteletan, inprimatutako materialetan edo euskarri elektroniko edo ikus-entzunezko euskarrietan honako esaldi hau jartzea: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatu du ikastetxe hau».

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

2.– Era berean, udal onuradunak informazioa emango dio Jarraipen Batzordeari, laguntza jaso duen proiektuaren garapenari buruz, batzorde horrek hala eskatuz gero.

Hamaseigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hezkuntza Sailak eta udal bakoitzak izenpetutako hitzarmena, 12. artikuluan aipatzen dena, behar bezala betetze aldera, jarraipen-batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordeburua izango dena.

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari jardungo duena.

Hamazazpigarrena.– Jarraipen Batzordearen eginkizunak.

1.– Jarraipen Batzordeak, berak erabakitako prozeduraren arabera, hitzarmenaren betetze-mailaren ikuskapena egin ahal izango du, bai eta haur-eskolaren esku egongo den heziketa-proiektua ere.

2.– Horretarako, Jarraipen Batzordeak, 13.1 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin aurretik, udalek eskabideekin batera emandako datuak aztertu ahal izango ditu, eta, hala badagokio, agindu zitzaizkion eginkizunetarako beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du. Dokumentazio horren arabera, dagokion txostena egin ahal izango du. Txostena Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari bidaliko zaio, azken ordainketa egin dadin, betiere oniritzia ematen bazaio. Nolanahi ere, txosten hori udal bakoitzaren esku geratuko da.

Hemezortzigarrena.– Ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira (dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte, itzulketa aurrekoa bada) honako kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio nahikoa ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta agindu honen oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsututa, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluetan ezartzen diren kontrol-jarduerei aurka egitea, desenkusatzea, oztopatzea edo uko egitea.

f) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluak jasotzen dituen publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Dirulaguntza bakoitzaren oinarri arautzaileetan aurreikusitako gainerako kasuak.

h) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera, itzultzeko beharra dakarren erabaki bat hartzea.

i) Enpresaren deslokalizazio-deklarazioa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluaren arabera.

2.– Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3 artikuluan jasotako kasuan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa izango da itzultzeko prozedura.

Hemeretzigarrena.– Datuen babesari buruzko informazioa. Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: laguntzak eta dirulaguntzak haur-eskola eta irakaskuntza espezializatuentzat.

– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: dirulaguntzak ematea 0-3 urte bitarteko haur-eskolen eta musikako eta arte plastikoetako ikastetxeen titulartasuna duten EAEko udalei.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak, eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala