Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5965

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 20koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez administrazio publiko ez diren euskal sektore publikoko beste entitateek bete beharreko baldintzak ezartzen diren, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko.

11/2022 Legeari jarraikiz (Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa, abenduaren 1ekoa), euskal sektore publikoko entitateetako lanpostu guztiek dagokien hizkuntza-eskakizuna esleituta izan behar dute, eta hizkuntza-eskakizun horrek zehazten du lanpostua betetzeko eta horretan jarduteko behar diren euskarazko gaitasun-mailen multzoa.

19/2024 Dekretuak, otsailaren 22koak, euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko denak, 11/2022 Legearen aplikazio-eremuarekin bat etorriz, euskal sektore publiko osoan aplikatuko dela ezartzen du. Hartara, zioen azalpenean, aukera ematen zaie administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateei hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko.

Dena den, dekretu horren laugarren xedapen iragankorrak egokitzapen-aldiak ezartzen ditu, eta 2033ko urtarrilaren 1erako Dekretuan aurreikusitakoa osorik aplikatuko dela zehazten du. Nolanahi ere, ez ditu sektore publikoko entitateak plangintzaldi jakin bat amaitu arte itxarotera behartzen, egokitzapen-prozesua hasi eta burutzeko. Halaber, horren arabera, entitate bakoitzari dagokio trantsizioa egitea, bere egokitzapen-aldian zehar, eta erabakitzea nola ordezkatuko duen aurreko araudiarekiko mendekotasuna.

Era berean, aipatutako dekretuak Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izendatzen du euskal sektore publikoko entitate guztietan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaikuntza duen organismo bakartzat. Horretarako, IVAPek, alde batetik, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako deialdiak egingo ditu, ohikoak eta bereziak; bestetik, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egingo ditu euskal sektore publikoko entitateek langileak hautatzeko eta beharrezkoak diren lanpostuak betetzeko deitu ditzaketen prozesuen esparruan.

Ebazpen honen xedea prozedura bat ezartzea da, administrazio publiko ez diren sektore publikoko entitate horien langileek IVAPeko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan parte hartu dezaten, entitateek egin beharreko egokitzapenak eginak izanez gero.

Hortaz, 19/2024 Dekretuarekin bat etorriz, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan ezarritako baldintzak aldez aurretik bete beharko dira, eta, bereziki, honako hauek, Administrazio publikoak ez diren euskal sektore publikoko erakundeetako langileek IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egiten dituen deialdietan parte hartu ahal izateko eta erakunde horietan enplegu publikoa lortzeko hautaketa-prozesuetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak sartu ahal izateko:

Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta plan estrategikoa onartuta izatea eta entitatearen web-atarian argitaratuta. Halaber, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari behar den eran jakinarazita egongo da onarpena.

Lanpostu-zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo jarduera-eremuari dagokion lurralde historikoko aldizkarian onartuta eta argitaratuta edukitzea, eta lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna esleituta izatea.

Entitateek bi solaskide izendatu beharko dituzte, titularra eta ordezkoa, eta IVAPeko Ebaluazio Arloari jakinarazi hartarako ezarriko den epean. Solaskide hauek entitateko langileen eskaerak kudeatzeaz arduratu beharko dira.

Euskal sektore publikoko entitateen eskaerak IVAPi zuzenduko zaizkio, eta horrek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen Sailari eskatuko dio entitate eskatzaileek a) eta b) baldintzak betetzen dituztela IVAPi ziurtatzeko.

Bigarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko ohiko deialdietan parte hartzeko, entitateek IVAPi eskaera aldez aurretik helarazi beharko diote, epe hauetan:

Urteko lehen deialdian parte hartu ahal izateko, eskaera formala bitarteko elektronikoen bidez bidali beharko da IVAPera urte horretako urtarrilaren 15a baino lehen.

Urteko bigarren deialdian parte hartu ahal izateko, eskaera formala bitarteko elektronikoen bidez bidali beharko da IVAPera urte horretako uztailaren 15a baino lehen.

Deialdi baterako eskaera egin eta onartua izanez gero, ez da beharrezkoa izango eskaera berriro egitea hurrengo deialdietan parte hartu ahal izateko, baldin eta lehenengo artikuluan zehazten diren parte hartzeko baldintzak betetzen badira.

Deialdi berezien kasuan, halakorik deitu behar bada, deialdiaren ebazpenean zehaztuko da eskaerak bidaltzeko epea.

Hirugarrena.– Hautaketa- edo hornikuntza-prozesuen barruan, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPek antolatzen dituen deialdi bateratuetan parte hartzeko, entitateek IVAPi eskaera aldez aurretik helarazi beharko diote, epe honetan:

Deialdi bateratuaren lehen eguna baino hamar egun natural lehenago, entitateek deialdi horretara joango diren hautagaien behin betiko zerrenda bidaliko dute IVAPera.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du eragina ebazpen honek.

Bosgarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 20a.

IVAPeko Zuzendaritza hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikulua eta 8.2.f) artikukua).

Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria,

NAGORE ALBERDI BERASALUZE.


Azterketa dokumentala