Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5963

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita txanda-kontratuak egiteko laguntzetarako deialdia 2025eko ekitaldirako.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko abenduaren 19ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, txanda-kontratuak egiteko 2025eko ekitaldiko laguntza-deialdia onartu du. Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea txanda-kontratuak egiteko 2025eko ekitaldirako laguntzetarako deialdia, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak 2024ko abenduaren 19ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berorri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
TXANDA-KONTRATUAK EGITEKO LAGUNTZA-DEIALDIA

2024-2028 Gobernu Programak enplegua ezarri du XIII. legegintzaldirako lehentasunen artean. I. ardatzean, «Pertsonak erdigunean» izenekoan, «Gazteria» jarduera-arloan, 51. konpromisoa du: «Kalitatezko enplegua sustatzea eta gazteen ekintzailetza babestea». Konpromiso horren barruan, bereziki zahartuta dauden sektoreetan, hala nola lehen sektorean edo merkataritza txikian, belaunaldien arteko errelebo-programak areagotzea. Era berean, II. ardatzean, «Hazkunde eta ongizate eredua» izenekoan, «Kalitatezko enplegua eta Talentua» jarduera-arloan, 60. konpromisoa du: «Enplegua sustatzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea». Plan horren helburua da enpresetan adina kudeatzeko laguntzak zabaltzea aurreikusten duen plan bat bermatzea, planifikatutako belaunaldi-erreleboa errazteko eta lanbide guztietan talentua galtzea saihesteko.

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian, helburu estrategiko hau finkatu da: kalitatezko enplegu inklusiboa eraikitzea, gizarte-eragileekin ahalik eta adostasun handiena izanik, aukera-berdintasun eraginkorrean eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritua, langileen eskubideak bermatuko dituena eta enpresen aukerei lagunduko diena, eta gizarte aurreratuago eta kohesionatuago bat eraikitzen lagunduko duena. Euskadin dagoen enplegu-tasa altuak erakusten du orain arte garatutako politiken eraginkortasuna krisi-testuinguru batean, non ekintzailetza ere sustatu den.

Zehazki, bi kolektibo horiek, gazteak eta 45 urtetik gorako pertsonak, izan dute krisi ekonomikoaren eragin handiena: 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa Europar Batasunean, EUROSTATen datuen arabera, 2024ko bigarren hiruhilekorako (eskuragarri dagoen azkena) % 10,98 da, eta 45 urtetik gorakoen artean % 4,26. Gure lurralde-eremuan, Eustatek aldi bererako emandako datuen arabera, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,73koa da, eta 45 urtetik gorakoena, berriz, % 6,22koa.

2007an, enplegua suntsitzeko prozesu bat hasi zen, eta horrek modu bereziki negatibo batean eragin dio aztertutako bi adin-talde horietako langabezia-tasari, eta egiturazko arazo hori are larriagoa da osasun-krisialdiaren ondorioz.

Langabezia-tasaren bilakaera txarrak funtsean gazteenengan dauka eragina; izan ere, 30 urtetik beherakoen langabezia-tasak dira handienak. 2008an, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen langabezia-tasa % 7,3koa zen; 2014an, % 29,5era igo zen; gero, 2020ra arteko beheranzko joera izan zuen, eta, 2021ean, beheranzko bidea hartu bazuen ere, oso jaitsiera motela izan zen. 2022an % 14,9 izan zen, 2023ko bigarren hiruhilekoan % 12,3, eta 2024ko bigarren hiruhilekoan % 11,73 izan da 16 eta 29 urte arteko pertsonen langabezia-tasa.

45 urtetik gorakoengan, eragin handiagoa dauka luzaroko langabeziak langabezia-tasa altuek baino; izan ere, ez dago haiek baino luzaroko langabezia-tasa handiagorik daukan beste adin-tarte bat ere. 2009an, iraupen luzeko langabeen % 47,4 45 urtetik gorakoak ziren; 2019an, % 60; 2022an, % 57; 2023ko bigarren hiruhilekoan, % 52,1; eta 2024ko bigarren hiruhilekoan, % 54,3.

Langabe eta adin-tarte guztiak kontuan hartuta, luzaroko langabeen ehunekoa % 35,12 da 30 urtetik beherakoentzat; % 46,29 30 eta 45 urte bitartekoentzat, eta % 60,65 45 urtetik gorakoentzat.

Beraz, 2 talde horien langabezia murrizteak lehentasuna izan behar du gure gizartean, eta erronka horri heldu behar diote bai erakunde publikoek bai arlo pribatuak.

Alde horretatik, Enpleguaren Euskal Estrategiak jarraibideetan adierazten duenez, belaunaldi-aldaketen prozesuetarako laguntza publikoa emateko programak ezarri ahal izango dira (laguntza ekonomikoa edo laguntza teknikoa), belaunaldi-aldaketa lan-munduan sartzeko prozesuekin behar bezala lotuta eta belaunaldien arteko jakintzen transmisioari bide emanda, metatutako esperientziak ematen duen balioa deskapitaliza ez dadin.

Ezin da ukatu enpresek talentu gaztea hartu behar dutela, gazteek gaitasuna dutelako enpresetan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara eta eskakizun berrietara egokitzeko. Horrela, enpresek, biziraun nahi badute, plantillak gaztetu behar dituzte, eta, aldi berean, hori aukera ona da gazteentzat, kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko.

Egia da, halaber, testuinguru sozial eta ekonomiko horretan, 45 urtetik gorako pertsonek langabezia-egoerak pairatzen jarraitzen dutela, bereziki iraupen luzekoak, eta enpresetan esperientziak ematen duen balioa deskapitalizatzen dela. Hori dela eta, egokitzat jo da bi talde horiek modu kohesionatu batean laneratzeko neurriak bultzatu eta sustatzea, belaunaldien artean jakintza eta lanbide-esperientzia transmititzea posible egiten duen modu batean.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko abenduaren 19ko batzarrean, txanda-kontratuak egiteko laguntzetarako deialdia onartu du, ezaugarri hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honen helburua da Langileen Estatutuen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7 artikuluan aipatzen dituen txanda-kontratuak egiteko laguntzak erregulatzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako laguntzak, 2024ko urriaren 19tik aurrera hasitakoei, hain zuzen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.200.000 euro dira guztira; horietatik 720.000 euro 2025eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 480.000 euro 2026rako konpromiso-kreditukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusita.

2025eko ekitaldian egiten diren txanda-kontratuak finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2025. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu horretan arautu baitzen zer-nolako aurretiazko izapideak bete behar diren Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura egiteko diren gastu-espedienteetan.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke bertan ezarritako baldintzetan txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, banako enpresaburuak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, bai eta elkarte eta fundazioak ere (administrazio publikoak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak izan ezik), baldin eta honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

a) Kondenaturik ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, edo, halakorik izanez gero, igarota edukitzea zigorraren edo zehapenaren epea.

c) Ez edukitzea eskatuta borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez egotea edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez egotea konkurtsoan deklaratuta edo, hala egonda ere, hitzarmen batek eraginkortasuna lortu izatea, ez egotea esku-hartze judizialaren mende, eta ez izatea desgaikuntzarik Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera edo, hala izanda ere, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta edukitzea.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin ez izana.

e) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki frogatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

h) Ez edukitzea dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisoa hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Ez jasotzea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik-zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa-, edo zehapen-epea igaro izana.

j) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Ez egotea zehatuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.

m) Elkartea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean ez egotea.

n) Ez izatea inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, eman izana ebazpen judizial irmoa eta, beraz, izatea dagokion erregistroan inskribatzeko aukera.

ń) Ez egitea enpresa-deslokalizaziorik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta edukitzea.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epean).

p) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. o) apartatuan jasotako betekizuna dokumentazio honen bidez egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Ezin badu galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Lanbidek entitate onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

4. artikulua.– Jarduketa diruz lagungarriak.

1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak baldin eta behin amaituta edo amaitu baino lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada.

2.– Edonola ere, dirulaguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS) pareko gutxieneko ordainsari gordina izan behar du urteko.

3.– Txanda-kontratuak eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonek sinatuko dituzte:

3.1.– 30 urtetik beherakoak edo 45 urtetik gorakoak izatea.

3.2.– Hauetariko egoeraren batean egotea:

3.2.a) Kontratua hasi aurreko egunean, langabeak izatea, nor dagokion enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda.

3.2.b) Enpresarekin iraupen jakineko kontratu bat hitzartuta izatea. Kasu horretan, enpresak, txanda-kontratuaz gain, beste kontratu gehigarri bat egin beharko du, txanda-hartzailearen aldez aurreko aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denboraren baliokidea, gutxienez, hilabetez. Kontratazio gehigarria hauetariko egoeraren batean dauden pertsonei egingo zaie:

– 45 urtetik gorakoei edo 30 urtetik beherakoei, baldin eta kontratua hasi aurreko egunean langabeak badira eta enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda badaude.

– 30 urtetik beherakoei, baldin eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota badaukate hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian badaude, kontratazioaren ondorengotza ahalbidetzeko xedez.

3.2.c) 30 urtetik beherakoak izanez gero, batetik, enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota edukitzea hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea, eta, bestetik, kontratuen edo lan-arlotik kanpoko praktikaldien indarraldian zehar edo amaieran txanda-hartzaile bihurtzea.

4.– Enpresan aurretiko akordioren bat badago erretiro partzialen ondorioz enpresako jarduneko langileei txanda-kontratuak egiteko prozeduraren gainean, sinatutako txanda-kontratu horiek dirulaguntza jaso ahal izango dute, nahiz eta 3.1 apartatuan aurreikusitako adin-eskakizunak betetzen ez dituzten pertsonei egin, betiere txanda-hartzailearen aurretiko aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denbora adinako kontratazio gehigarria egiten bada gutxienez, 3 hilabeteko gutxieneko iraupenarekin, eta honako baldintza hauetako bat betetzen duen pertsona batekin:

a) 30 urtetik beherakoa edo 45 urtetik gorakoa izan, eta kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbiden inskribatuta eta alta emanda egotea.

b) 30 urtetik beherakoa izan, eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota amaitzea (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea.

5. artikulua.– Dirulaguntzatik kanpo utzitako jarduketak.

Deialdi honetan, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Banako enpresaburuaren ezkontidearen kontratazioa, haren aurreko edo ondorengo ahaideen kontratazioa, edo odol-ahaidetasun bidezko, ezkontza bidezko zein adopzio bidezko alboko ahaideen kontratazioa, bigarren mailara artekoak barne.

b) Edozein sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako entitateetako bazkideen kontratazioak, ezta euren ezkontideen, aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailara artekoak barne; ezta entitate horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideen kontratazioa ere.

c) 4. artikuluan aipatutako kontratazio gehigarria. Hala ere, hala badagokio, indarreko arauetan aurreikusitako laguntzen xede izan daiteke.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Txanda-hartzailea 4. artikuluko arauen arabera kontratatuz gero, 8.400 euroko dirulaguntza emango da. Txanda-hartzailea emakumea bada, zenbateko hori % 10 handiagoa izango da.

7. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko epeak:

a) Deialdia EHAAn argitaratu aurretik hasitako kontratuak: hiru hilabete, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Deialdia EHAAn argitaratu den egunean edo ondoren hasitako kontratuak: hiru hilabete, txanda-kontratua hasi den egunetik aurrera.

Edozein kasutan ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 20a da.

2.– Dirulaguntza-eskaerak bide elektronikotik aurkeztu eta izapidetuko dira.

Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0136411. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailea pertsona fisiko bat bada eta dirulaguntzako jarduera profesionala bada, hau da, jarduera hori sailkatuta badago ekonomia-jardueren gaineko zergako tarifen bigarren eta hirugarren ataletan, dirulaguntza-zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko zaizkio, zerga horren gaineko arauen arabera dagokiona, hain zuzen. Eta jarduera hastearen ondorioz, PFEZ zergaren konturako atxikipena aplikatzeko (jarduerak hasteko zergaldian eta hurrengo bietan), eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio hori aplikatzea eragiten duten inguruabarrak daudela; horretarako, eskabidearekin batera eskuragarri dagoen komunikazioa sinatu eta aurkeztu beharko du (http://www.lanbide.euskadi.eus).

b) Dagokionaren arabera, txanda-hartzaile gisa eta kontratu gehigarridun gisa kontratatutako pertsonen nortasun-agiri nazionalaren kopia edo atzerritarren identifikazio-zenbakia.

c) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta kontratatutako langileak sinatua.

d) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da (RED sistematik hartua): «altako langileen txostena» (ALT), enpresak eremu horretan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.

e) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.

Hala badagokio, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako prestakuntza-kontratuetatik egindakoaren kopia, edo lan-arlokoak ez diren praktikak egiteko akordioa.

f) Halakorik badago, 4.4 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.

4.– Aurreko apartatuaren a) letran jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Dirulaguntzetarako eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio hutsegitea hamar eguneko epean zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazpen-epea eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, dirulaguntzari buruzko datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua, eta justifikazioa.

Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da zergatik ukatu den eskaera.

3.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman, eta inguruabar horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera; eta epe hori amaitutakoan dirulaguntza-eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinaraziko da eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda eta jasoko dituzten diru-zenbatekoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Halaber, erakunderen bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Honela ordainduko dira deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak:

– % 60 eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.

– Gainerako % 40a laguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, Gizarte Segurantzaren altako langileen txostena aurkeztu beharko du (RED sistemaren bidezkoa) enpresak, eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan segitzen duela.

Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, horretarako inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri.

Dirulaguntzaren xede den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionaletako bat bada, dirulaguntza-zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko zaizkio, zerga horren gaineko arauen arabera dagokiona, hain zuzen.

10. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua suntsituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri horrek ez du sorraraziko beste dirulaguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.

b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hiletan. Ondorio horietarako, kasu hauetan ez da ulertuko betebeharra ez dela bete: erretiroen ondorioz lan-kontratuak azkentzeagatik; bidezko deklaratutako kaleratzeengatik, dimisioagatik, heriotzagatik, langileen ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, edo probaldian zeharreko suntsiarazpenengatik. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, dirulaguntza itzuli beharko da.

Betebehar hori bete egin dela egiaztatzeko, erreferentziako 20 hilen buruan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistematik hartua), enpresak EAEn dauzkan lantokiei dagokiena.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.

d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako dirulaguntza izan dezaketen jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsonari eragiten dion eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.

e) Kontabilitate-kodifikazio egoki bat izatea, jasotako dirulaguntzei eta euren trazabilitateari loturiko transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

f) Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dien edozein gertaeraren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako dirulaguntzei buruzkoa.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolari baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, eta Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

i) Diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaintzea, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

j) Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.

11. artikulua.– Bestelako dirulaguntza edo laguntzekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.

12. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman «minimis» laguntzetan, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har ezarritako betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean badaude, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte, bai eta laguntzak ordaintzen diren unetik aurrera aplikatzekoak diren dirulaguntzen arloko berandutze-interesak ere. Horretarako, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko dute (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak zein diren aditzera emateko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

15. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduketetan, honako bi xedapen hauetan xedatutakoa beteko da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretako eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntza-deialdi honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian aurreikusitako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoan eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu ondoren.

Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren web-orrian.


Azterketa dokumentala