Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5960

AGINDUA, 2024ko abenduaren 18koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez luzatzen baitira 2024ko uztailaren 3ko Aginduan ezarritako epeak. Agindu horren bidez, Euskadiko liburutegietarako liburu-funtsak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia egiten da.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko uztailaren 3ko Aginduaren bidez, Euskadiko liburutegietarako liburu-funtsak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia zen (2024ko abuztuaren 30eko EHAA, 169. zk.).

Agindu honen xedea da Euskadiko liburutegietako funtsak berritu eta hornitzeko dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Dirulaguntzak hiru lerroren bidez izapidetuko dira: liburutegi sortu berrak funtsez hornitzea; Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegiak funtsez hornitzea, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien funtsak berritzea, hurrenez hurren.

Agindu horren 13.4 artikuluak ezartzen duenez, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gehienez ere sei hilabeteko epea izango du ebazpena emateko, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Era berean, agindu horren 15.2 artikuluak ezartzen du dirulaguntzak justifikatzeko agiriak 2024ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar direla.

Aipatutako Aginduaren arabera ebazteko epea indarrean dagoenez, baliteke laguntzen onuradunek nahiko denborarik ez izatea dirulaguntzak agiri bidez justifikatzeko, kontuan hartuta epea 2024ko abenduaren 31n amaitzen dela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluaren arabera, Administrazioak ofizioz luzatu ahal izango ditu ezarritako epeak, baldin eta komenigarritzat jotzen bada eta besteren eskubideei kalterik egiten ez bazaie, salbu eta kontrakoa dioen manuren bat badago. Luzapen horrek ez du epearen erdia gaindituko.

Azaldutako inguruabarrak kontuan hartuta, eta hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe, komenigarritzat jotzen da dirulaguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea luzatzea, pertsonek justifikazio-agiriak aurkezteko nahikoa denbora izan dezaten. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua aldatzea, eta 15.2 artikuluan aurreikusitako epe hauek luzatzea:

2025eko urtarrilaren 17ra arte luzatzea, egun hori barne, 2024ko uztailaren 3ko Aginduan jasotako dirulaguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea (2024ko uztailaren 3ko Agindua, Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko liburutegietarako liburu-funtsak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia egiten duena).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 18a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala