Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
5945

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 18koa, Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariarena, garapenerako lankidetzako erakundeei 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko deialdia egiten diena.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio gazte-politikaren arloko eskumen esklusiboa.

Era berean, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 40. artikuluak euskal administrazio publikoei esleitzen die gazteek boluntariotza-jardueretan parte har dezaten sustatzea, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila da Administrazio Orokorraren egituran sartutako sailetako bat.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagozkio, besteak beste, gazteriari eta emantzipazioari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, ezabatutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Zerbitzuetako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzako organo eta unitateek eta Lehendakaritzako aurreko egiturako Gazteria Zuzendaritzak osatuko dute lehen aipatutako saila.

Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 14.2 artikuluak ezartzen duenez, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren mende dago, eta lehen aipatutako dekretuaren 16. artikuluak zuzendaritza horri dagozkion eginkizunak ezartzen ditu.

«Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen 2023ko irailaren 12ko 132/2023 Dekretuak (2023ko irailaren 25eko EHAA, 183. zk.), «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren bi alderdiak arautzen ditu; bata, garapenerako lankidetzako erakundeentzako laguntzen deialdiari buruzkoa, Hegoaldeko herrialdeetan garatu beharreko proiektuak aurkez ditzaten; eta, bestea, gazteei laguntzak emateko deialdiari buruzkoa, proiektu horietan parte har dezaten.

2025. urterako, deialdi honek, izapidetze aurreratuaren araubideari lotuta, garapenerako lankidetzako erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egiten jarraitzen du, gazte kooperanteek Hegoaldeko Herrialdeetan garatu beharreko proiektuak aurkez ditzaten, deialdi honetan zehazten denaren arabera.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan dago jasota. Plan hori Koordinaziorako eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Nolanahi ere, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen denean, tresna horrek deialdia jaso beharko du.

Honen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia egitea, 2025. urterako, garapenerako lankidetzako erakundeei, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten, eta programa horren oinarri arautzaileak onartzea, ebazpen honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek beronen aurkako gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearen aurrean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpena honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 18a.

Gazteria eta Emantzipazioko zuzendaria,

ADRIÁN LÓPEZ SARACHAGA.

I. ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAKO ERAKUNDEEI ZUZENDUTAKO DEIALDIA, 2025EAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN «EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO.

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzako erakundeei 2025erako dirulaguntzak emateko deialdia egitea, gazteek «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan parte har dezaten.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 100.000 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-inprimakia betez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127408. Betekizunak II. eranskinean ezarritako moduan egiaztatuko dira.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuek –ahal dela uztailetik aurrera egin beharrekoek– hiru hilabete inguruko iraupena izango dute, salbuespenezko kasuetan izan ezik, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 32.3 artikuluan ezartzen denaren arabera, esperientziaren tutore den GGKE bakoitzarekin adosten diren baldintzen arabera.

Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

1.000 euroko laguntza emango da hautatutako proiektura gehitutako gazte bakoitzeko, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan hautatutako gazte boluntarioaren egonaldi- eta mantenu-gastuak zati batean ordaintzeko.

Seigarrena.– Balorazio-batzordearen osaera.

Balorazio Batzordearen osaera Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 8.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Zazpigarrena.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari dagokio ebazpen honen bidez deitutako dirulaguntzak kudeatzea.

Aurkeztutako espedienteak eta balorazio-batzordeak egindako txostena aztertu ondoren, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.

Behin-behineko ebazpen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta, hala badagokio, 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

Epe hori igaro eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak laguntzak behin betiko emateko proposamena igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari.

Zortzigarrena.– Ebazpena.

1.– Proiektuak aztertu, ebaluatu eta hautatu ondoren, balorazio-batzordeak dagokion ebaluazio-txostena aurkeztuko dio Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako titularrari, eta hark behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du hautatutako eta hautatu gabeko proiektuen eta plazen zerrendarekin.

Behin-behineko ebazpen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta»ren bidez jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta 10 egun balioduneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

2.– Epe hori igaro eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta entitate interesdunei jakinaraziko die, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta»ren bidez, 5 egun balioduneko epean onarpena jakinaraz dezaten.

Epe horretan ezer jakinarazi ez bada, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.

3.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea izango da dirulaguntzak emateko ebazpena emango duen organoa.

Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta»ren bidez egingo dira.

Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie entitate onuradun guztiei, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Sei hilabeteko epea amaituta entitate interesdunak jakinarazpenik jasotzen ez badu, ezetsitzat jo dezake bere uzia administrazio-isiltasunez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Dirulaguntzak emateko ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio bideari. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.m) artikuluan ezarritakoaren arabera.

II. ERANSKINA
ESKABIDEAN GEHITU BEHARREKO DATUAK. ESKABIDEA DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHAR DA.

1.– Identifikatu.

Identifikazio datuak:

Honen izenean ari da: Pertsona/entitate interesdun gisa espedientean / Honen ordezkaria.

Identifikazio-dokumentua, Zenbakia, Entitatearen Izena.

Zein probintziatan dauden entitate eskatzailearen datu fiskalak*.

Jakinarazpenetarako datuak:

Jakinarazpen eta komunikazioak hona bidaliko dira: espedientea tramitatzen den bitartean Administrazioak bidalitako jakinarazpenak honi zuzenduko zaizkio:

Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala: Elektronikoa: Nire karpeta guneko jakinarazpen eta komunikazioen atalera igorriko dira. Bertan sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat beharrezkoa da. Kanal elektronikoaren gaineko oharra. Jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat emango da Nire Karpetan eskuragarri jartzen denetik 10 egun naturaleko epean. Esandako epea betetzen denean, jakinarazpena ukatu egin duzula ulertuko da eta horrela jasoko da espedientean. Izapidea egintzat emango da eta administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin.

Abisuak jasotzeko datuak:

Nire karpetan jakinarazpen edo komunikazioren bat jasotzerakoan abisu bat bidaliko dizugu posta elektronikora eta telefono mugikorrera: posta elektronikoa*, Telefono mugikorra.

Jakinarazpenen hizkuntza*:

Mezu elektroniko eta abisu-mezu bidezko jakinarazpen eta komunikazioak zuk aukeratutako hizkuntzan bidaliko dizkizugu: Euskara/Gaztelania.

Datuak erabiltzeko baimena:

– Nire komunikazio eta abisuetarako datuak Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeekiko harremanetan erabiltzea nahi dut. Bai/Ez.

– Nire komunikazio eta abisuetarako datuak espediente hau kudeatzeko bakarrik erabiltzea nahi dut. Bai/Ez.

Datu pertsonalen tratamendua:

Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa:

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programak.

Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza; Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

Helburua: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: Elkarteak eta irabazi asmorik gabeko organizazioak, Europar Batasuneko organoak, Estatuko Administrazioko beste organo batzuk, Toki administrazioko beste organo batzuk, Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

2.– Datuak bete.

Proiektuaren datuak:

Informaziorako kontaktua den pertsonaren identifikazio-datuak: Izena*, Lehen Abizena*, Bigarren abizena, Kargu hau duena (betetzen duen lanpostua)*, Telefono finkoa, Telefono Mugikorra, Faxa, Helbide Elektronikoa.

Proiektua:

Informazio Osagarria: Proiektuaren izena*, Harrerako garapenerako lankidetza-erakundea*, Proiektuaren deskribapen laburra*.

Pertsona gazte boluntarioen profilari edo profilei dagozkien datuak: Proiektuan eskaini diren gazte boluntarioen profilen kopurua*

Gazte boluntarioaren profila: Profila*, Pertsona boluntarioak egingo duen lanaren edo zereginen deskribapena*.

Erantzukizunpeko adierazpenak

Adierazten dut:

Bateragarritasun-adierazpenak* (lehenengo hiruretatik bat aukeratu):

– Ez du jasotzen helburu bera duen laguntza edo dirulaguntzarik administrazio publiko edo erakunde pribatuetatik.

– Helburu bera duen laguntza edo dirulaguntza jasotzen ari da administrazio publiko edo erakunde pribaturen batetik (atal honetako datuak dagokion dokumentuan zehaztu beharko dituzu).

– Helburu bera duen laguntza edo dirulaguntza eskatu du administrazio publiko edo erakunde pribaturen batean, eta ebazpenaren zain dago (atal honetako datuak dagokion dokumentuan zehaztu beharko dituzu). Bai/Ez.

– Formalki eratuta eta inskribatuta dagoela dagokion erregistroan. Bai/Ez.

– Estatutuetan berariaz aipatzen da bere helburuetako bat hegoaldeko herrialdeak garatzera bideratutako proiektuak gauzatzea dela, edo dokumentu fidagarrien bidez egiaztatzea erakundeak alor horretan gutxienez bi urte daramatzala lanean. Bai/Ez.

– Entitateak ez dauka irabazteko asmorik. Bai/Ez.

– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra izatea. Bai/Ez.

– Entitate eskatzailea ez dago dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta ez dago horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta*. Bai/Ez.

– Entitateak egunean ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Bai/Ez.

– Entitate eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren baldintza orokorrak betetzen ditu. Bai/Ez.

– Betetzen ditu indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak*. Bai/Ez.

– Deklaratzen dut hemen jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dudan dokumentazioa ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua.)* Bai/Ez.

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioaren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).*

3.– Dokumentuak erantsi.

Ofizioz egiaztatzea. Aplikatzekoa den araudiaren arabera, prozedura honen instrukzio organoak ofizioz egiaztatuko ditu honako datu hauek administrazio eskudunean:

Gizarte Segurantzarekiko ordainketa egunean izatea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN). Bai/Ez.

Zerga-betebeharren ordainketa egunean izatearen datuak (Euskal Foru Aldundiak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia). Bai/Ez.

(Salbu eta interesdunak arrazoituta aurka egiten badio. Aurka egiteko eskubidea erabiltzea).

Eskatutako dokumentu motak (Eskatutako dokumentuak, Erantsitako dokumentuak, Ekintzak):

Zerga-betebeharren ordainketa egunean izatearen datuak (Euskal Foru Aldundiak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia) (beharrezkoa, aurka egiten badio) (Erantsi/Bilatu/Entregatuta).

Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN) (beharrezkoa, aurka egiten badio) (Erantsi/ Bilatu/Entregatuta).

Entitatearen estatutuak (Erantsi/ Bilatu/Entregatuta).

Entitatearen eratze-eskriturak (Erantsi/Bilatu/Entregatuta).

Proiektua (Erantsi/ Bilatu/Entregatuta).

Gehitu beste dokumentu-mota bat (Erantsi).

4.– Sinatu eta bidali.


Azterketa dokumentala