Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5944

AGINDUA, 2024ko abenduaren 17koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta deitzen baita arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen programa (Elkartek Programa - 2025).

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programarekin lerrokatuta baitago, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuarekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen Ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe esparru-programa abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPak hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: I. zutabea: bikaintasun zientifikoa; II. zutabea: lidergo teknologiko industriala; III. zutabea: berrikuntza irekia, eta elementu nagusia: talentua.

Horrenbestez, 2030erako ZTBPren hiru zutabeetako bat «Bikaintasun zientifikoa» da, eta bikaintasuneko ikerketa sustatzea du helburutzat, ezagutza berriak sortzeko eta zabaltzeko, gaitasun eta gaitasun tekniko eta zientifikoak areagotzeko eta erronka sozioekonomiko handiei irtenbideak emateko oinarri gisa.

Zutabe horren oinarrian dagoen ardatzetako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (aurrerantzean ZTBES) eragileen arteko lankidetza indartzea. 2030erako ZTBPk eta Horizon Europek aldarrikatzen duten diziplinen eta gaitasun zientifiko eta teknologikoen beharrezko konbinazioak ZTBESko eragileen arteko lankidetza areagotzen jarraitzea eskatzen du. Era berean, ezinbestekoa da ikerketa zientifikoaren eta teknologikoaren emaitzetarako orientazioan aurrera egiten jarraitzea, baliabideen eta inbertsioen erabilera efizientea bermatzeko.

Euskadik bere erronka sozioekonomikoei zientziatik eta teknologiatik erantzuten jarraitzeko eta, horrela, trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sozialari aurre egin ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da I+Gra bideratutako laguntza-programa bat bultzatzen jarraitzea. Izan ere, laguntza-programa horrek balioko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileek eremu estrategikoetan egiten duten lankidetza-ikerketa bultzatzeko.

Ikerketa horrek, izan funtsezkoa edo izan industriala, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (Euskadi 2030) eta Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (RIS) espezializazio-eremuetan kokatuta egonik, lagundu behar du Zientzia eta Teknologia Estrategia berria (ZTBP 2030 planean definitua) garatzen eta hedatzen, zehaztutako helburuak lortzen eta Berrikuntzaren Euskal Sistema finkatzen.

Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra) Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 972/2020 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 1237/2021 (EB) Erregelamenduaren eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen.

Azkenik, aipatu behar da programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren gaur egungo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila 2024-2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dagoela.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Elkartek Arlo Estrategikoetan Elkarlaneko Ikerketa Sustatzeko Programaren deialdia egitea, I. eranskinean jasotako baldintzetan, 2025eko ekitaldirako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Finantza sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarri hauetan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

I. ERANSKINA
ELKARTEK - ARLO ESTRATEGIKOETAN ELKARLANEKO IKERKETA SUSTATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako laguntza-programa honen oinarriak ezartzea eta deitzea da: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzako entitateek egindako Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntzak (Elkartek Programa), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2030 Planaren espezializazio-arloetan jasota dagoen bezala.

Laguntzen araudi hau 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari lotzen zaio (Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 972/2020 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen erregelamendu hori), bai eta Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 1237/2021 (EB) Erregelamenduari eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduari ere, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzei buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketatzat jotzen da aipatu Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 84. eta 85. zenbakietako definizioan xedatutakoa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 47.000.000 euro– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

4.2 artikuluan aipatzen diren proiektuak finantzatzeko, deialdiaren diru-zuzkidura osoaren % 25 erabiliko da gehienez, eta 4.3 artikuluko ekintzak finantzatzeko, berriz, % 10, gehienez ere. Proiektu eta ekintza horietarako laguntzak esleitu ondoren gehieneko diru-zenbatekoak agortzen ez badira, soberakina 4.1 artikuluan bildutako proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluaren arabera, % 10ekoa izango da aurrekontua aplikatzeko muga, baldin eta baliabide gehigarriak eduki ahal badira. Horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta ez da beste deialdi bat egin beharko.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun, betiere horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Eskabidea egiten denetik, entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzen itzulketengatikoak ere.

3.– Entitate onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute nahitaez, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

Hala ere, onuradun izan daitezke nortasunik ez duten pertsona juridikoen taldeak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, taldeak entitate lider bat izendatu beharko du. Lider horrek ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, eta behar besteko ahalmena izango du taldeari, entitate onuradun gisa, dagozkion betebeharrak betetzeko. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dituzte, agindu honetako 18.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak.

4.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso sexu-diskriminazioa egin duten jarduerek, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoek eta juridikoek ere, zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Entitate hauek ere ezingo dituzte jaso laguntza edo dirulaguntza hauek: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar dutenek baina ez dutenek, eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarrita dituztela ziurtatzen ez duten entitateek.

5.– Ez izatea Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozlerik.

6.– Krisialdian dauden enpresa eta entitateak ezingo dira onuradun izan, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak (2014/C 249/01).

7.– Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten entitateak ezin izango dira onuradun izan.

8.– Oro har, onuradun izateko, erakundeek ez dituzte bete beharko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuak.

9.– Onuradun izateko izaera dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Deialdi honetara 2025. eta 2026. ekitaldietan garatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

1.– Elkarlanean egindako funtsezko ikerketa-proiektuak:

a) Lankidetza-ikerketako proiektutzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek elkarlanean egindako funtsezko ikerketa estrategikoko proiektuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean (industria adimenduna, energia garbiagoak eta osasun pertsonalizatua) ezarritako lehentasunen barruan kokatutako arloetan ezagutzak zabaltzera bideratuta daudenak, bai eta plan horretan definitutako zeharkako ekimen eragileetan kokatutakoak ere (zahartze osasuntsua, mugikortasun elektrikoa eta ekonomia zirkularra), erronka sozialen eta RIS3 estrategiaren artean integrazio handiagoa lortu eta espezializazio-eremuen arteko lankidetza handiagoa lortze aldera.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 84. zenbakian xedatutakoa.

b) Elkarlaneko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan ahalko dira, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gutxienez hiru eragilek lankidetzan eginak izan beharko dira; eragile horiek, bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko edozein motatakoak izango dira, eta akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera (109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena). Oro har, taldean parte hartzen duten entitateak ezingo dira izan 8 baino gehiago, ez bada Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak besterik berariaz baimenduta.

c) Elkarlaneko ikerketako proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 1.000.000,00 eurokoa eta entitate parte-hartzaileko 50.000,00 eurokoa –urte baterako–, gutxienez.

d) 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

2.– Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak.

a) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektutzat hartuko dira funtsezko ikerketa orientatuko proiektuak edo industria-ikerketakoak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen I+Gko enpresa-unitateek, merkatua erakartzeko eta hara iristeko ahalmen handia dutenek, gidatuta egongo dira proiektuok, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-esparruekin bat egingo dute.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluko 84. eta 85. puntuetan xedatutakoa.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan daitezke. Gainera, proiektu horiek enpresetako I+G unitateek garatu beharko dituzte, banaka edo enpresetako I+G unitate baten gidaritzapean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuekin lankidetzan. Oro har, entitate parte-hartzaileak ezingo dira izan 8 baino gehiago, ez bada Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak besterik berariaz baimenduta.

c) Industria-potentzial handiko proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 200.000,00 eurokoa eta entitate parte-hartzaileko 50.000,00 eurokoa –urte baterako–, gutxienez.

d) 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 25. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

3.– Interes bereziko ekintza osagarriak:

a) Interes bereziko ekintza osagarritzat hartuko dira eskaintza-eskaria bitartekaritza-organismoek eta hedapen-organismoek esklusiboki garatutako eskaintzaren eta eskari teknologiaren arteko bitartekaritza-proiektuak, hala nola:

– Prospekzio-lanak eta eskari goiztiarrari buruzko azterlanak egitea, bai eta funtsezko ikerketaren edo ikerketa industrialaren arloetako proiektuei loturiko zaintza teknologikoari buruzko azterlanak ere.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko I+G+b-ko proiektuak prestatzerakoan lankidetza teknologikoa eta aholkularitza aldeztera bideratutako jarduerak.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko proiektuei loturiko ezagutzaren transferentziarako eta baloraziorako I+G+b kudeatzeko jarduerak.

– Funtsezko ikerketaren edo industria-ikerketaren arloko proiektuei loturiko I+G+b nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea.

b) Ekintza osagarriek bat etorri beharko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Euskadi Planaren espezializazio-esparruekin.

c) Ekintzok bakarka egin ahal izango dira, edo beste organismo batzuekin elkarlanean, eta urte anitzekoak izan daitezke.

d) 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, interes handiko ekintza osagarrien aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Interes bereziko ekintza osagarriek, gainera, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa beteko dute. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4.– Halaber, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek eta elkarlanean egindako interes bereziko ekintza osagarriek honako kondizio hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko eratutako taldeak orekatua izan behar du, eta elkarlan eraginkorra egin, halako moduan non entitate kide guztiek era orekatuan emango dioten balioa proiektuari.

b) Entitate parte-hartzaile bakoitzak ez du proiektuaren kostu osoaren % 70 baino gehiago hartuko bere gain.

c) Lankidetza-akordio bat egin beharko da entitate parte-hartzaile guztien artean, haien legezko ordezkari guztiek izenpetua, alderdi bakoitzaren gauzatze-konpromisoak ezarriko dituena, proiektua gauzatuko dela bermatu duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako kondizioak jasoko dituena.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira jarraian aipatzen direnak, eta honako hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluan.

a) Entitate eskatzaileko plantillako langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak) eta ikerketa- eta garapen-jarduerak gauzatzeko akordio baten bidez entitateari atxikitako teknikarien kostuak, betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Kostu horien artean, langileen kostu zuzenak eta zeharkakoak sartuko dira, justifikazioko kontua aurkezteko jarraibideetan jasotako prozedurari jarraikiz.

b) Ikerketa-proiektuaren zati batzuk hirugarrenekin kontratatzea, entitate onuradunek eurek ezin baitituzte egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazioaren atalean ezingo dira sartu artikulu honetan adierazitakoez bestelako gastuak.

c) Aholkularitza-zerbitzuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk, honako hauek barne hartuta: ikerketa-lanak eta ezagutza teknikoa erostea; kanpoko ikastaro eta mintegietara joateko gastuak, eta bideragarritasun- eta merkatu-azterlanenak –haien barruan, proiektuaren kostuei buruzko auditoria sar daiteke–. Auditoriaren kostutik, gehienez 1.500,00 eurorekin lagundu daitezke, proiektu, entitate onuradun eta urte bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

d) Ikerketa-jarduerak zuzenean eragindako beste gastu batzuk (materialak, horniketa, bidaiak, eta abar).

e) Patenteak erregistratzeko eta mantentzeko gastuak edo jabetza intelektuala babestekoak.

f) Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere, Gastu horien helburua izango da proiektuaren xedeak kondizio onenetan erdiestea.

Aurreko apartatuetan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

2.– Aipatutako kostuak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren mende daudenez, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Oro har, entitate onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 50etik gora, salbu eta espezializazio altuak eta/edo entitate onuradunak bere baliabideekin egiteko ezintasunak eragindako kasuetan; kasu horietan, azpikontratazioa Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren ebazpen bidez onartu beharko da.

Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa formalizatzen duen kontratua idatziz egin beharko da. Halaber, kontratu horren gastu-bolumena dirulaguntza ematen duen organoaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoaren arabera.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legean (azaroaren 8ko 9/2017 Legea) kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu entitate onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egin eta ordaindu bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

3.– Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek –Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak badira, edo partaidetza publikoa gehiengoduna duten eta ezein administraziotako sektore publikoan sartuta ez dauden entitateetakoak– langile propioak edo plantillakoak zeharkako kostu gisa bakarrik egotzi ahal izango dizkiote dirulaguntzaren justifikazioari, eta ezin izango da, inola ere, langile horien zuzeneko kosturik egotzi. Hala ere, diruz lagundutako proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileen zuzeneko kostua aplikatu ahal izango zaio justifikazioari.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluarekin bat etorriz.

2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, lehia-konkurrentziaren bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 15. artikuluan zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraituz. Lehiaketaren bidez egingo da lehia-konkurrentzia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 15. artikuluaren 2. puntuan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

3.– Agindu honen 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak onartu diren proiektuei.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, artikulu honetako 3. apartatuan aurreikusitako laguntzarik handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Dirulaguntzak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke, onartutako proiektuaren iraupenaren arabera, eta, gehienez ere, agindu honen 4.1 artikuluan zehaztutako ekitaldi kopururako emango dira, hau da, bi ekitalditarako, 2025 eta 2026.

3.– Entitate onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen (itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak) mugak honako hauek izango dira, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan zehaztutakoaren arabera:

a) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute, funtsezko ikerketa-proiektuak baldin badira, eta % 50, industria-ikerketako proiektuak badira.

c) Interes bereziko ekintza osagarriek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute, funtsezko ikerketa-proiektuei loturiko ekintzak baldin badira, eta % 50, industria-ikerketako proiektuei loturiko ekintzak badira.

4.– Diruz lagundutako proiektu-tipologia bakoitza finantzatzeko bideratuko den diru kopurua, deialdi-ebazpenean ezarritakoa, nahikoa ez bada jarduketa guztiak finantzatzeko aurreko 3. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena lortu dutenak izango dira, dagokion aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduketa horiek gauzatzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa, eta bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluarekin – eta beraz, gehiegizko finantzaketarik ez izateko konpromisoa eskatzen da.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo erakunderen batetik dirulaguntzak eskuratu dituztela, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan, ez eta entitate onuradunek garatuko duten jardueraren kostu osoa baino handiagoak ere. Horrela bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

9. artikulua.– Europar Batasunarekiko izapideak eta eragin pizgarria.

1.– Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, entitate eskatzaileak eskabidea egin ondoren abiarazitako proiektuak soilik lagundu ahal izango dira diruz.

III. KAPITULUA
PROZEDURA
HASIERA

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2025eko martxoaren 3ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1027111/ (gaztelaniaz).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027111/ (euskaraz).

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelaniaz).

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskaraz).

4.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

6.– Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

7.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.

1.– Proiektuak hautatzeko eskabideak eta agindu honetan aurreikusitako gainerako dokumentazio osagarriak formatu elektronikoan beteko dira, aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan, bertan ematen den ereduaren arabera.

Elkarlaneko proiektuetarako, entitate interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetako batek, taldeko buru gisa jardunez (proiektuaren garapenean protagonismo tekniko handiena izateagatik), izango du proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Ondore horietarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere. Kasu horietan, horrenbestez, taldeko lider diharduen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea.

2.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den entitateak sinatuta, honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten entitateen datuak eta haietako bakoitzak egingo dituen jarduerak eta izango duen aurrekontua.

b) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; gehienez, 80 orrialde izango ditu, azala, aurkibidea eta eranskinak (intereseko gutunak eta ikertzaileen CV) zenbatu gabe, eta Arial 11 tipografian beharko du.

Lankidetza-proiektuen kasuan, taldea osatzen duten entitateek, gainera, honako hauek aurkeztuko dituzte:

b.1.– Eragile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

b.2.– Parte hartzen duten entitate guztiek sinatutako lankidetza-akordioaren kopia digitalizatua. Bertan, agindu honen 4.5.c) artikuluan adierazitakoak jasoko dira: proiektua gauzatzeko konpromisoa, alderdi bakoitzaren gauzatze-konpromisoak, konfidentzialtasun akordioak eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako kondizioen deskribapena eta liderrari taldearen ordezkaritza ematea, haren izenean laguntza eskatzeko.

b.3.– Entitate parte-hartzaile bakoitzaren eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, ondoren zehazten diren alderdiak egiazkoak direla eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan sartzen ez dela adierazten duena:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

– Entitateak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Ez duela eragin administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Egoitza fiskala ez duela araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Konpromisoa hartzen duela deslokalizazioan ez erortzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera.

– Entitate eskatzailea ez izatea berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo entitate bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Entitate eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).

– Entitate eskatzaileak, 50 langiletik gorako entitateen kasuan, Estatuko araudian ezarritako zehaztapenak betetzen dituen berdintasun-plan bat duela, eta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri dituela egiaztatzen duela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

– Ez dagoela lege-artikulu hauetan ezarritako egoeren eraginpean: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikulua eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikulua.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia teknologiaren, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren arloan eskumena duen Sailburuordetzaren titularraren esku jarriko da.

d) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Europako Batzordearen Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

e) Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren otsailaren 13ko Aginduaren arabera. «Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere honako agindu honetan xedatutakoaren arabera: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa».

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, entitate eskatzaileek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein Administraziok egindako agiriak. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.

Ondorio horietarako, entitate eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta administrazio publikoek elektronikoki atera beharko dituzte beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoen bidez kontsulta eginez, non eta prozeduran ez den interesdunaren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua ematea. Salbuespenezko moduan, administrazio publikoek ezin badituzte aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekar ditzala.

12. artikulua.– Eskabideen zuzenketa eta prozeduraren antolamendua.

Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta, ondorioz, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularrak behar den ebazpena emango du, hala xedatuta baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan.

1.– Aipatutako arauaren 11.3 artikuluarekin bat, lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den entitatearekin gauzatuko da jarduketa hori.

2.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak beharrezko iritzitako bestelako dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

PROIEKTUAK HAUTATZEA ETA ONARTZEA

13. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

Xede horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Organo horren buru Catalina Chamorro Silgado izango da, eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako beste arlo-arduradunetako bat izango da ordezkoa.

Kide hauek izango dira bokalak:

– Jose Luis Azkue Arrastoa, Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendaria eta, ordezko gisa, Rosa Murillas.

– Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Saileko ordezkaria; ordezkoa, berriz, Cristina Oyón.

– Amaia Gandarias, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean teknologia eta berrikuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena; ordezkoa Sonia Larrabide izango da.

Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako bokaletako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez apartatu honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.

Eskabideak aztertu eta ebaluatu ondoren, organo horrek ebaluazio-txostena egingo du, egindako azterketaren emaitza zehaztuz, eta Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dio, laguntzen organo kudeatzailea baita. Zuzendariak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, proposamen bat egingo dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, horixe baita laguntzak emateko ebazpenak egiteko eskumena duena.

14. artikulua.– Entitate laguntzailea.

Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI), Industriaren Garapen, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunari atxikia, entitate laguntzaile izendatzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin bat etorriz, non entitate laguntzaileen araubidea arautzen baita.

1.– SPRIk eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideen hasierako azterketa egiten laguntzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

b) Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzetan izandako kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzen laguntzea.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzen laguntzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko betekizunak betetzen jarraitzen dutela.

e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzen eta ezartzen laguntzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egiten laguntzea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean dirulaguntza ematen duen organoak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketarekin lotuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d) artikuluan adierazitakoaren arabera.

15. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Proiektuak hautatzeko, ebaluazio-irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Funtsezko irizpideak eta irizpide espezifikoak:

I.– Arlo estrategikoetan egindako elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuak eta industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak:

1.– Orientazio zientifiko-teknologikoa (25 puntu):

– Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2030 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, inbertsioak egiteko nolako aukerak ematen dituen proiektuak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarritzat hartuta; bestalde, egungo artearen egoerari dagokionez, nolako ekarpen zientifiko-teknikoa egiten duen proiektuak.

– Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

– Nolako gaitasuna daukan partzuergoak erreferente zientifiko-teknologiko bihurtzeko.

2.– Zientzia eta teknologia transferitzeko potentziala eta inpaktu sozioekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

– Programan aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak nolako inpaktua izan lezakeen euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran, aplikazio-perspektiben arabera.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, nolako aukerak izan ditzakeen Euskal Autonomia Erkidegoak gaitasunak garatzeko, gizartearen eta/edo ekonomiaren arlotik begiratuta.

II.– Interes bereziko ekintza osagarriak:

1.– Jarduera zientifiko-teknologikoaren osaketa (25 puntu):

– Proposamena noraino egokitzen den Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntzan dituen lan-ildoetara, eta nolako ekarpena egiten dion ZTBP 2030 planean bildutako espezializazio adimendunaren estrategiari.

– Proposamenean definitzen diren arloetan, zer aukera ematen duen ekintzak, zientzia- eta teknologia-ikuspegia oinarri hartuta; bestalde, nolako ekarpena egiten duen proiektuak egungo artearen egoera hobeto ezagutzeko.

– Proposatutako jardueretan nolako emaitzak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

2.– Zientzia eta teknologia transferitzen laguntzeko potentziala, eta inpaktu sozioekonomikoaren proiekzioa (25 puntu):

– Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek nolako aprobetxamendua izango duten gizartearen edo ekonomiaren ikuspegitik.

– Euskal eragileek egindako proiektu zientifiko-teknologikoen emaitzek euskal gizartearen eta ekonomiaren egituran izango duten inpaktua sendotzea.

b) Proiektu mota guztietarako irizpide orokorrak:

1.– Lantaldea (10 puntu):

– Lantaldearen ezaugarriak, kideen dedikazioa eta beharrezkoa den masa kritikoa aintzat hartuta.

– Lantaldearen gaitasuna, eta, elkarlaneko ikerketa-proiektuen kasuan, haren gaitasun zientifiko-teknikoa. Atzerrian lanean ari diren teknikari eta ikertzaile euskaldunak lantaldean sartzea (berreskuratzea), elkarlaneko ikerketa-proiektuetarako.

– Proiektuko buruzagitza eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuz. Hau da, lau kide baino gehiagoko taldeetan sexu bakoitzeko pertsonak gutxienez % 40 direnean. Gainerako kasuetan, bi sexuetako pertsonak ordezkatuta daudenean.

2.– Finantzaketa-eskema egokia (10 puntu):

– Aurreikusitako aurrekontuaren tamaina: proiektuan aurreikusita dauden helburu eta jarduerarekin bat etorri beharko du.

3.– Metodologia egokia (10 puntu):

– Jarduketa-planaren deskribapena eta egitura.

– Argi bereiztea funtsezko garapen-lanak eta bigarren mailako atazak.

– Proposatutako kudeaketa-egiturak egokiak izatea.

– Proiektuaren egutegia egokia izatea.

– Proiektuan genero-ikuspegia integratzea, hala badagokio.

– Proiektuan euskara integratzea eta garatzea, hala badagokio.

4.– Lankidetza - Zientzia-Teknologia-Berrikuntza sistemaren integrazioa (10 puntu):

– Zientzia-Teknologia sistemako eragileekiko lankidetza eta elkarlanerako eskemak.

5.– Konektagarritasuna (10 puntu):

– Europako Ikerketa Gunean integratzea.

– Erreferentzia-zentroekiko akordioak edo halakoak egiteko konpromisoak.

– Emaitzen berri zabaltzea, entitate parte-hartzailearen barruan zein kanpoan.

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea.

3.– 7.4 artikuluan xedatzen den bezala, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena duten proiektuak izango dira, aurrekontu-partida agortu arte.

Proiektuak aurreko puntuko irizpideen arabera hautatua izateko puntuazioa lortzeak ez du bermatzen dirulaguntza jasoko duela.

16. artikulua.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, zeinak gutxienez honako hauek jasoko baititu:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

LAGUNTZAK EMATEA

Laguntzak emateko ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

17. artikulua.– Laguntzak emateko eta ebazteko organoa.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira aurkeztutako eskaerak, eta, han, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emango du ebazpen hori, organo kudeatzaileak proposatuta.

2.– Laguntzak ez dira emango kreditu nahikoa eta egokia egon arte.

3.– Ebazpenean zehaztuko da zein diren hautatutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako zenbateko orokorra; horrekin batera, aditzera emango da ezetsitako edo baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

Elkarlanean egindako proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren taldea osatzen duten entitate onuradunak eta zein den proiektuaren arduraduna. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluaren arabera, ebazpenean adierazi behar da entitate parte-hartzaile eta onuradun bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.– Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzen den bitartean, eta ebatzi aurretik, eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada –horren berri eman beharko dio organo kudeatzaileari, jakin bezain laster–, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea. Hala ere, eskatzaileen bat-egite, zatiketa eta xurgatze eragiketek, ez eta prozesu-oinordetza eragin dezakeen beste edozein eragiketak ere, ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.

– Oinordeko entitateak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak betetzea.

– Dirulaguntza ematen duen organoak espresuki baimena ematea.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta eskatzailea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan araututako entitate-talde bat bada, eta talde horretako kideetako baten nortasun juridikoa aldatzen bada.

Aldaketa baimentzen bada, taldeak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan, oinordeko enpresa zein den adierazi beharko da.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko sailburuordetza eskudunaren titularraren aurrean edo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta horrek ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), bai eta banaka ere.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko taldeen kasuan, ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren lider izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA

18. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntzak zuzenean entitate onuradunei ordainduko zaizkie, honako era honetan zatikaturik:

a) Lehen urtekoari dagokion dirulaguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, 15 egun naturaleko epean espresuki uko egiten ez bazaio.

b) Lehenengo urterokoaren ordainketa, bai eta hurrengoarena ere, honako hauek baldintzaturik egongo dira: aurretiko dokumentu-justifikazioa aurkeztea; dagokion urteko jarduera gauzatzea; finkatutako xedeen erdiespen-maila, eta egindako gastua.

Proiektuaren urte bakoitzean egindakoaren justifikazioa urtea amaitu eta hurrengo lauhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Justifikazioa azaldutako baldintzetan egin ondoren, ordain-agindua emango da, zeina baitagokie justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50eko aurrerakinari.

c) Gainera, azken urterokoari dagokion azken % 50a ordaintzeko, ekitaldi horretako jarduera egitearen azken likidazioa aurkeztu beharko da, bai eta proiektua osorik betetzearen justifikazioa ere, memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira nagusiki: egindako jarduketak; lortutako emaitza kuantifikatuak edo baloratuak; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekako eta kontzeptuzko gastuekin; kontratu, hitzarmen, itun eta abarren azken betetze-mailari buruzko txostena.

d) Ordainketa aurreratuek 180.000 euroko zenbatekoa gainditzen badute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) 1. artikulutik 3. artikulura araututako berme-araubidea ezarri behar da.

Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, entitate onuradun bakoitzari dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio. Kontuan hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa –dirulaguntzen justifikazioa arautzen duena–, eta, era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 5. apartatuan jasotakoa: «Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero».

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazio-kontuak honako dokumentazio hau izan beharko du:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete ote diren justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluarekin bat.

c) Kontuen auditoria-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoriako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoria-txostena osatzeko, justifikazio-kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren. Dokumentu hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

3.– Dirulaguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait entitate onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko apartatuan ezarritako araubidea aplikatuko da.

4.– Entitate onuradunei laguntzak ordaintzeko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharko dituzte, bai eta dirulaguntzak itzuli ere.

5.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak, zeina laguntza hauen organo kudeatzailea baita, beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eta argibide osagarriak eska ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitako entitate onuradunek berek egin beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, oinarri hauen 6. artikuluan zehaztutako kasuetan izan ezik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuaren I+G jardueraren zatiren bat EAEn edo EAEtik kanpo azpikontratatzea.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek honako hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: indarrean dagoen araudia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 9.4.n) eta 42. artikuluak.

3.– Entitate onuradunek, orobat, beren jarduera ekonomikoa merkatuaren baldintza arrunten arabera gauzatzeko, Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan –Batzordearen «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparrua» (2022/C 414/01) jakinarazpena– ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoak ere.

4.– Entitate onuradunek, gainera, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean entitate onuradunak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak onar ditzakeen jarduera horiek gauzatzerakoan sor litezkeen aldakuntzak, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira, eta teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko sailburuordetzako titularraren baimen espresua lortu bada, agindu honen 21. artikuluan ezarritako moduan.

c) Baimena ematea teknologia eta berrikuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularrari edota hark izendatutako pertsonari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz. Horretarako, publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel edo argitalpenetan, jaso egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa zein «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Laguntza ematea teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko sailburuordetzako titularrari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Teknologiaren, Berrikuntzaren eta Eraldaketa Digitalaren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularrari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

Laguntza-eskabidean zehaztutakoa aldatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoaren baimen espresua aldaketa egin baino lehen eman behar da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan adierazitakoaren arabera.

20. artikulua.– Ez betetzea eta dirua itzultzea.

1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den betekizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, betiere beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera izapidetuko da dirua itzultzeko prozedura. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea laguntza hauek emango dituen organoari dagokio, eta bere ekimenez, goragoko mailako agindu baten ondorioz, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz, salaketa baten eraginez edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako finantza-kontrolaren ondorioz eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, baldin eta espedientea irekitzea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira.

3.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondoreetarako, ez-betetzetzat hartuko dira honako egoera hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Laguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidetako batean kontsignatutako zenbatekoen % 25etik gorako beheranzko desbideratzea gertatzen bada proiektuan egindako gastuetan, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ezta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak desbideratze hori behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio organo kudeatzaileari, hau da, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari.

4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Kasu horretan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

Aurreko guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan araututakoaren arabera, zeinak adierazten baitu ezen, ez-betetze partziala gerta dadin, onuradunak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetzera, eta, gainera, egiaztatu behar duela bere jarduketa argi eta garbi konpromisoak guztiz betetzera bideratuta egon dela.

21. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak eta xede bererako bestelako sarrera edo baliabideak eta honako hau aldi berean jasotzeak dirulaguntza hau emateko ebazpena aldaraz dezakete.

2.– Hala badagokio, laguntza eman duen organoaren ebazpen baten bidez baimenduko da aldaketa, onuradunak eskabidea egin eta behar bezala justifikatu ondoren, baldin eta dirulaguntzaren izaera eta helburuak indargabetzen ez badira eta agindu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.

Aldaketaren eskabidea eta baimena dirulaguntza gauzatzeko epea amaitu baino lehen egin beharko dira.

Aldaketa-baimena ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ukatu egin dela ulertuko da.

3.– Honako aldaketa hauek baimendu ahal izango dira, aurreko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betekizunak betez gero:

a) Egin beharreko jarduerak atzeratzea dakarren aldaketa. Entitate liderrak proiektu bakoitzeko luzapen-eskaera bat aurkeztu beharko du, gainerako entitateen adostasunarekin, hasieran aurreikusitako exekuzio-epea amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Luzapena baimentzen bada, salbuespena izango da, eta horrek dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du.

b) Dirulaguntzaren onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea. Dirulaguntzak ematen dituen organoak bakarrik baimendu ahal izango ditu horrelakoak, espresuki, bat-egite, zatiketa eta xurgatze eragiketen ondorio direnean edo haren oinordetza unibertsala eragin dezakeen beste edozein eragiketaren ondorio direnean. Baimena emateko, artikulu honen 1. eta 2. zenbakietan ezarritako betekizunak betetzeaz gain, oinordeko entitateak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Kasu horretan, exekuzio-akordio berriak ondorioak izango ditu dirulaguntza eman duen organoaren ebazpena eman eta jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, akordio berria baimendu ondoren.

c) Taldeko kide baten edo batzuen nortasun juridikoa aldatzea. Kasu horretan, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, eta ezin izango da inola ere baimendu legezko baldintzetan oinordetza unibertsala ez dakarren taldeko kide baten titulartasuna aldatzea.

Taldeko kide den entitate baten nortasun juridikoa aldatzen bada oinordetza unibertsalik ez dakarren prozedura baten bidez, hura diruz lagundutako proiektutik kanpo geratuko da, eta taldea osatzen duten gainerako entitateekin jarraituko da gauzatzen, itzulketarako sor daitezkeen ondorioak alde batera utzi gabe.

Aldaketa baimentzen bada, taldeak exekuzio-konpromiso berria aurkeztu beharko du, eta, hori aztertu ondoren, laguntza ematen duen organoak eskaera ebatziko du, eta aldaketa egingo den ala ez erabakiko du. Taldeak beste exekuzio-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan jasoko dira baimendutako aldaketak.

d) Eskabidea egiteko unean aurkeztutako memorian jasotako jarduketetan izandako aldaketa.

e) Proiektuaren porrot teknikoak eragindako aldaketa. Halakotzat jotzen da eskabidea egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea ezinezkoa izatea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

4.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla –dirulaguntzaren xedea edo izaera funtsean aldatzen ez dutenak– eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den administrazio-baimenaren izapidea ez denez egin, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango da, betiere hori eginda hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

5.– Entitate onuradunak aurreikusten duenean proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua txikiagoa izango dela dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino, ebazpena aldatu ahal izango da. Era berean, jarduketa guztiak gauzatuta, aurreikusten denean justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela.

6.– Baldin eta entitate onuradunak aurreikusten badu helburu bererako eta aldi berean beste edozein entitate publiko nahiz pribatuk emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasoko dituela, horren berri eman beharko du, eta horrek ebazpena aldatzea ekar lezake.


Azterketa dokumentala