250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (534 KB - 61 orri.)
- EPUB (3262 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5943
AGINDUA, 2024ko azaroaren 26koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratzen eta onartzen duena.
EAEn, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailaren eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren bitartez eta hiru foru-aldundietako zerga-organoen lankidetza estuaren bidez, ekoizpen-prozesuen efizientzia sustatzen duen zerga-tresna bat dago; alegia, ingurumen-jokaera hobea duten ekipoak EAEko ekoizpen-sarean ezartzea sustatzen duena. Ingurumenaren aldetik eraginkorrenak diren teknologien eta materialen euskal zerrenda izeneko tresnak lotura zuzena du indarrean dauden plan, programa, estrategia eta legeekin.
Honako hauek bereiz ditzakegu:
• Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren 5. jarduketako 26. puntuan jasota dago Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren agindu berria idatziko dela, material sekundarioak eta baliabide-erabilera efizienteko teknologiak txertatzeari buruzko ikerketa zerrendan txertatuta.
• Euskadiko Energia Estrategia 2030en 1. jarduketa-lerroko 1.1.1.5 ekimenean jasota dago energia-aurrezpena sustatzea zerga-pizgarriak emanez ETE-etan energia jasangarrietan egindako inbertsioetarako.
• Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2021eko Planaren 5.4 jarduketa-lerroan jasota dago material sekundarioak eta baliabide-erabilera efizienteko teknologiak teknologia garbien zerrendan txertatzeari buruzko ikerketa.
• Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean, 9. lan-lerroan, ingurumenaren aldetik eraginkorrenak diren teknologien eta materialen euskal zerrenda dago, funtsezko tresna delakoan hondakinen proiektuetarako finantzaketa errazago eskuratzeko, tresna ekonomikoak eta fiskalitate berdekoak garatzeko, bigarren mailako material eta produktuen lehiakortasuna bultzatzeko eta isuriei pizgarriak kentzeko.
• Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako Euskal Estrategiaren 14. jarduketa-lerroaren barruan, «Hiri-hondakinen sorrera murriztea» 38. ekintza barne: «Ingurumenaren arloko zerga-sistemaren neurriak definitzea eta abian jartzea» (adibidez, isuri-kanona, ordainketa sortzeagatik, tasa lehengaiak erauzteagatik), baita zerga-pizgarriak ere, hondakinen sorkuntza, baliabideen erauzketa eta hondakinak zabortegietan uztea gutxitzeko.
• Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 85.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumen-arloko eskumena duen sailak jarduera ekonomikoetan ingurumenaren aldetik eraginkorrenak diren teknologien eta materialen zerrenda bat onartu eta aldian behin eguneratuko du. Zerrenda hori sektore publikoko kontratuetan sartu ahal izango da, eta lehentasunezko irizpidetzat hartu ahal izango da hura baliatzea, bai zerga-onurak ezartzeko orduan eta bai enpresei ingurumena hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko orduan, tributuen eta dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituz betiere.
Ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuaren 2006ko ekainaren 30eko, 2012ko irailaren 10eko eta 2016ko uztailaren 13ko aginduen bidez, Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren erregulazioa onartu zen, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuarekin bat etorriz. Dekretu horrek Teknologia Garbien Euskal Zerrenda arautzen du, ingurumenaren ikuspegitik lehentasunezko teknologiak zein diren identifikatzeko, eta zerga-politikaren bi aldeak teknologia horietara bideratzeko, hau da, zerga-arloko neurrien bidez nahiz gastu-politikaren bidez teknologia horiek enpresen ekoizpen-prozesuan sar daitezen sustatzeko.
Prospekzio aktibo sakon bat egin da, eta zenbait teknologia detektatu dira, gehienak prebentziozkoak, ingurumenaren aldetik eraginkorrena den teknologiaren kontzeptuarekin bat datozenak, hau da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 85.2 artikuluan aipatzen direnetakoak.
Ingurumenaren aldetik eraginkorragoak diren materialak zerrendan sartzeko aukera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen onarpenaren ondorio denez eta aukera hori Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren erregulazioa onartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuan aurreikusita ez dagoenez, ezin izan da prospekzio aktiborik egin material horiek detektatzeko. Zerrenda eguneratzen den hurrengo aldietan sartuko dira.
Era berean, adierazi behar da zerrendaren izena martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuan eman bezala utzi dela, hau da, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda, uste baita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak ez duela aldatu izen hori berariaz. Legeak «ingurumenaren aldetik eraginkorrenak diren teknologiak eta materialak» kontzeptuari egiten dion aipamena «zerrenda» terminoarekin batera doan «garbi» adjektiboaren deskribapen gisa hartu behar da.
Hori horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2022 Legearen 85.2 artikuluak, Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren erregulazioa onartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak esleitzen didaten eskumena baliatuz, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratzea eta onartzea, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 85.2 artikuluak arautua, eta eranskinean zerrendatzen diren teknologiek osatua geratzen da.
2. artikulua.– Teknologia garbiak hautatzeko irizpideak.
1.– Teknologia Garbien Euskal Zerrendan sartuko diren teknologiak ebaluatu eta hautatzeko, kontuan hartu dira Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren araubidea ezartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuaren irizpideak.
2.– Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren araubidea ezartzen duen martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuaren 3.3 artikuluan jasotako irizpide aldagarriak aplikatzeko balio zehatz hauek erabili dira:
a) Aplikatzekoa den sektoreetan duen ezarpen-maila: kasuan kasuko teknologia sektorean % 40an baino gutxiagoan ezarrita egotea.
b) Teknologiaren transferigarritasuna, haztapen honen arabera:
1) 0 eta 10 enpresa artean: 2 puntu.
2) 11 eta 50 enpresa artean: 4 puntu.
3) 51 eta 300 enpresa artean: 7 puntu.
4) 300 enpresa baino gehiago: 10 puntu.
c) Teknologiaren prebentzio-izaera, haztapen honen arabera:
1) Prozesu-amaierako teknologia, inpaktu edo karga kutsatzailea suntsitzeko edo deuseztatzeko: 1 puntu.
2) Prozesu-amaierako teknologia, balorizatzeko: 2 puntu.
3) Prozesu-amaierako teknologia, birziklatzeko: 3 puntu.
4) Prozesu-amaierako teknologia, karga kutsatzailea gutxitu edo minimizatzeko: 4 puntu.
5) Prozesu-amaierako teknologia, berrerabiltzeko: 5 puntu.
6) Teknologia prebentiboa substantzia eutrofikoetarako eta hurrengo apartatuetan aipatzen ez diren bestelakoetarako: 6 puntu.
7) Partikulen teknologia prebentiboa (PM10, PM2,5), hidrokarburoak eta KOLak, hidrokarburo halogenatuak, fitosanitarioak eta beste pestizida batzuk: 8 puntu.
8) Teknologia prebentiboa metal astunentzat, POP, PCB, PCT eta dioxinentzat: 10 puntu.
d) Gutxieneko inbertsioa: 2.000 eurotik gorakoa.
e) 5 urte baino gehiagoko amortizazio-aldia, honela kalkulatuta: aparteko inbertsioaren kostua zati urteko aurrezki gehigarriak, ken urteko kostu gehigarriak.
3.– Aurreko apartatuetan zehaztutako hautaketa-irizpideak aldatu egin daitezke Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren ondorengo eguneratzeetan.
3. artikulua.– Informazioa bidaltzea.
Agindu honetako ekipo edo instalazioetan inbertsioak egiten dituztenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko ingurumen-organoari informazio hau bidali beharko diote organo eskudunari dagokion zerga-hobaria aitortzeko eskaera bidali baino lehen:
– Enpresaren sozietate-izena eta inbertsioa gauzatuko den jarduketaren EJSNa.
– Inbertsioaren kokapena.
– Ekipoaren identifikazio-kodea eta izena.
– Erositako ekipo kopurua.
– Ekipoaren kostu hautagarriak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren 2016ko uztailaren 13ko Agindua, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratzen eta onartzen duena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.