Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5942

AGINDUA, 2024ko abenduaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025eko ekitaldian komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko dirulaguntzak emateko erregimena arautzen eta iragartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak, eta horien sustapen eta hedapena. Eskumen horiek, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailean bertan, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen dizkio azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmen-esparruaren barruan, eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sorkuntzaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa (komikiak, nobela grafikoak edo irudidun albumak) bultzatzera bideratutako neurriak babestea. Izan ere azken helburua da gaur egun gure herrialdean gorakada handia duen sormen-sektore hori bultzatzea eta finkatzen laguntzea.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere, lan literario eta lan grafiko bat behar ohi dutenak, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau zuzentzen zaie argitalpena ziurtatuta, edo gutxienez, bideratuta duten obrei. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena), agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira sormen kulturalean dauden desberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzeko eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzeko.

Aurreko edizioetan, dirulaguntzen lerro hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2021-2024 DPE) oinarritu da. Plan hori Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen.

Gaur egun, indarrean jarraitzen du euskal kulturaren sorkuntza eta ekoizpena indartzeko helburu estrategikoak, Plan Estrategiko horretan jasota dagoenak. Horregatik, 2025-2029 urteetarako Plan Estrategikoa onartu arte, komenigarritzat jotzen da 2025eko kultura-sorkuntzarako laguntzetarako deialdia egitea.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da argitalpen-lan bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea. Azken emaitza, nolanahi ere, liburu bat izan behar da (komikia, nobela grafikoa edo irudidun albuma).

2.– Proiektuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, hau da, orain arte garatu gabeak eta argitaratu gabeak, eta 2025ean hasi beharko dira egiten. Ezingo da erabili adimen artifizialeko softwarea sortzeko prozesuan.

3.– Ez dira aintzat hartuko bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 150.000 euro erabiliko dira.

2.– Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozedura ezberdinetan banatuko da:

a) 15.000 euroko 5 laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat, gutxienez, emakume batentzat. Bi badira ilustrazioaren egileak, biek bete beharko dute baldintza.

b) 15.000 euroko 5 laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da. Bi badira ilustrazioaren egileak, biek bete beharko dute baldintza.

3.– Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako modalitate bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Beraz, balorazio fasean aipatutako artikuluan ezarritako puntuazioa edo altuagoa lortzen duten proiektuek bakarrik izango dute dirulaguntza lortzeko aukera.

Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenan jarriko dira, lortutako puntuazio handienetik txikienera. Lehen dirulaguntza 30 urtetik beherako pertsonen artean puntuaziorik altuena lortu duenari egokituko zaio. Ondoren, ezarritako ordenaren arabera emango dira beste dirulaguntzak.

Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, modalitate bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru osoa aldatu gabe.

3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko eskakizunak.

1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaio badira edo eskaerak aurkezteko epearen azken egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta badaude, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin. Pertsona bat edo bi izan daitezke sorkuntza grafikoaren egileak. Bi badira, sortze-prozesuan bakoitzak duen partaidetza-ehunekoa adierazi beharko da eskabidean eta biek bete beharko dituzte ezarritako baldintzak.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, genero-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 23. artikuluaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa).

4.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Dirulaguntzen deialdi honetan pertsona berak ezin izango du izan dirulaguntza bat baino gehiago.

5.– Aurreko urteko deialdiaren bi modalitateetako edozeinetan dirulaguntza jaso zutenek ezin izango dute deialdi honen edozein modalitatetan dirulaguntza eskatu.

4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

a) Aurrez aurre. Eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan –hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan–, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro, establezimendu eta bulegoetan.

b) Bitarteko elektronikoz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten diren esteken bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurkezteko aukeretako bat erabili bada (aurrez aurre edo bide elektronikoen bidez), horrek ez du esan nahi nahitaez bide bera erabili behar denik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daiteke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

a) Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047016

b) Albuma edo irudidun liburua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047017

Eskaeraren osteko izapideak esteka honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta eskakizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Ilustratzailearen ibilbidea: adierazi egindako lanak eta argitaratutako liburuak.

b) Ilustrazio-lanaren oinarri izango den gidoi literario osoa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren gehienez 2 orrialdeko sinopsia. Komiki eta nobela grafikoen modalitatean, gainera, gutxienez 6 orrialdeko gidoi zehatza.

c) Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orrialde dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

d) Kasuaren arabera, testuaren nahiz gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa bada.

e) Argitaletxe batekin sinatutako argitalpen-kontratua edo konpromiso-eskutitz irmoa sinatuta, obra argitaratzeko, lana zer hizkuntzatan argitaratuko den eta edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

f) Sustapen-plana. Bertan aipatuko dira hedapen-estrategiak, banaketa eta argitaratutako lanaren salmenta.

g) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, inguruabar hauek egiaztatuko dira eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.

b) Adierazi behar da proiektu originala dela eta ordura arte ez dela hala garatu.

c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta pertsona edo erakunde eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintzak.

d) Erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako emandako dirulaguntzarik ez jasotzea.

e) Dirulaguntzaren xede den proiektua euskarazko testua bada, eskatzaileak adierazi beharko du jatorriz euskaraz idatzia izango dela.

f) Adimen artifizialean oinarritutako softwarea ez erabiltzea ideia garatzeko prozesuan, ezta deialdi honetara aurkezten den proiektua sortzeko prozesuan ere.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo haietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Bi modalitateetan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek osatuko dute:

a) Presidentea: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

b) Kideak: laguntzei dagokien gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da eta eratu aurretik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, txosten bat egingo du eta hartan jasoko dira emateko proposatutako dirulaguntzak, proposatutako pertsonen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntza jasotzeko proposatzen den proiektua, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere (ukatzeko arrazoiak adierazita). Era berean, zein eskabide ez diren onartu adieraziko da.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

6.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin-betiko ebazpen proposamena egingo du.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen txostena prestatzeko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek ezarriko ditu:

a) Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 5 puntu). Hauek baloratuko dira:

– egindako lanak (2 puntu),

– eta argitaratutako lanak (3 puntu).

b) Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 50 puntu). Hauek hartuko dira aintzat:

– ilustrazioaren trataera (30 puntu),

– berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

c) Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 35 puntu). Kontuan izango da:

– gidoiaren interesa eta kalitatea (15 puntu),

– sustapen-plana: hedapen-estrategiak, banaketa eta argitaratuko lanaren salmenta (10 puntu),

– euskara eta gaztelania ez diren zein hizkuntzatan argitaratuko den (argitaletxeak sinatutako edizio kontratuan edo edizio konpromisoan agertu beharko da) (5 puntu),

– eta argitaletxearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea (5 puntu).

d) Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Gidoi originala euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira, eta euskaraz argitaratuko direnak 5 punturekin (argitaletxeak sinatutako edizio kontratuan edo edizio konpromisoan agertu beharko da).

2.– Aurreko atalean ezarritako irizpideak aplikatuz gutxienez 60 puntu lortzen dituzten proiektuek baino ezingo dituzte jaso dirulaguntzak.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenetan jasoko dira, alde batetik, onartutako eskaerak eta ez onartutakoak, eta azken horiek baztertzeko arrazoiak. Eta, beste alde batetik, proiektuen balorazioa, eta horren ondorioz dirulaguntza-eskaeren balioespena edo gaitzespena. Organo kudeatzaileak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta indibidualki jakinaraziko die ebazpena interesdunei, gehienez 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazteko epea igarota onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 122.2 artikuluan.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea, eta amaitutako obra Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari entregatu eta Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

Gainera, onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Proiektuaren aldaketak.

1.– Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari, gehienez ere, hilabeteko epean onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta biharamunetik hasita.

2.– Proiektuaren aldaketa bakarrik onartuko da, baldin eta agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako eskakizunak mantentzen badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

a) Esleitutako dirulaguntzaren % 75a, 13.a) artikuluan ezarritako epea amaitzean, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Gainerako % 25a (ordaintzeko falta den zenbatekoa) 2026an ordainduko da, amaituta dagoen obra Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzara igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Argitalpen-kontratua ere aurkeztu beharko da, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ez bada.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa edo artisten tasa murriztua aplikatzea onuradunak eskatu beharko du egoki denean.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

16. artikulua.– Sorkuntza aurkezteko epea.

Esleipenaren ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunek hamabi hilabete izango dituzte gehienez ere behin betiko sorkuntza argitaratzeko moduan, paperean edo euskarri informatikoan, aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzan.

Liburua 6 hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta; liburua argitaratu eta 2 hilabeteko epean bidali beharko da alea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen eta Industrietako Zuzendaritzara.

Dirulaguntza ematen duen organoak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du amaitu aurretik, onuradunak aldez aurretik eskaera eginez gero eta justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen baditu.

17. artikulua.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak.

1.– Itzultzeko arrazoiak izango dira hauek:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, laguntza jaso duten jardueretarako ez beste batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.

2.– Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa euskal autonomia erkidegoko diruzaintza nagusiari itzuli beharko zaizkio, dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan eta bertan ezarritakoa bete ondoren.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.

– Helburua: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren eskumeneko eremuetan sorkuntza, ekoizpen, zabalkunde, sustapen eta egituraketaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.

– Lege-oinarria: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

– Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

– Informazio gehigarria: web-helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1047016

– Album edo liburu ilustratua: https://www.euskadi.eus/dbao/1047017

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, jurisdikzio-salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 11.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala