250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 18 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5941
AGINDUA, 2024ko abenduaren 3koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025eko ekitaldian dirulaguntzak emateko araubidea arautzen eta iragartzen duena, kultura-arloko sorkuntza-lanetarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira artearen eta kulturaren arloko jarduerak eta horien zabalkundea. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.
Ildo horretan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterainoko garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri iruditu zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, sorkuntza bultzatzeko laguntza-neurriekin jarraitzea. Honako hauek izango dira jarduera-eremuak: antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, literatura-testuak eta koreografiak. Dirulaguntza ekonomikoak emango dira sortzaileen euskarazko nahiz gaztelaniazko lana sustatzeko. Deialdi honen helburu nagusia da kulturaren ikuspegitik gure lurraldean hain garrantzitsua eta beharrezkoa den sorkuntzaren sektorea finka dadin sustatu eta laguntzea.
Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartu zen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez; bada, testu bategin horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira sormen kulturalaren arloan dauden desberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko, bai eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren helburuak betetzeko.
Aurreko edizioetan, dirulaguntzen lerro hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES 2021-2024) oinarritu da. Plan hori Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen.
Gaur egun, indarrean jarraitzen du euskal kulturaren sorkuntza eta ekoizpena indartzeko helburu estrategikoak, zeina Plan Estrategiko horretan jasota baitago. Horregatik, eta 2025-2029 urteetarako Plan Estrategikoa onartu arte, komenigarritzat jotzen da 2025eko kultura-sorkuntzarako laguntzetarako deialdia egitea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak arautzea eta horiek emateko deialdia egitea, antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak, euskarazko literatura-testuak eta koreografiak egitera bideratutako 2025. urteko sorkuntza-prozesuetarako.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 508.000 euro daude jarrita.
2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-moten artean:
a) 108.000 euro, antzerkirako testuak sortzeko.
b) 156.000 euro, zinemarako gidoiak sortzeko.
c) 82.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.
d) 54.000 euro, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko.
e) 54.000 euro, euskarazko ipuin eta nobela motzak sortzeko.
f) 54.000 euro, koreografiak sortzeko.
3.– Eskabiderik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko zuzendariak proposatu ahal izango dio Kulturako sailburuordeari soberako kopurua beste modalitate batera eskualdatzea, oraindik ebatzi gabe badago ere. Kasu horretan, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Laguntza hauek eska ditzakete eskabideak aurkezteko azken egunean adin-nagusitasunera iritsi diren pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo eskabideak aurkezteko azken egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
Testuetarako proiektuak (antzerkirako testuak, gidoiak, gazteentzako literatura eta ipuin eta nobela motzak) euskaraz idatzita aurkeztuko dituzten pertsona fisikoek ez dituzte aurreko paragrafoan jaiotzaz eta erroldaz zehaztutako baldintzak bete behar.
Gainera, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira, eta ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira; halaber, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere egunean izan behar dira, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordaintzen denean.
3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23. artikuluarekin (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).
4.– Otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, 82. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez zaio dirulaguntzarik emango LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen inori, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
5.– Deialdi honen baitan eskatzaile berak ezin izango du lortu dirulaguntza bat baino gehiago.
6.– Eskatzaileek bi laguntza-eskabide aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskabideak, gidoi zinematografikoen kasuan izan ezik, eskatzaile bakoitzeko eskabide bakarra onartuko baita. Pertsona berak zenbait modalitatetara aurkezten baditu eskabideak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena, edo bakarrik lehena gidoi zinematografikoen kasuan onartuko dira.
7.– 2024. urteko kultura-sorkuntzarako dirulaguntza-modalitateren batean dirulaguntza lortu bazuten, ezin izango dute aurtengo deialdi honen dirulaguntza-modalitate berean eskabiderik aurkeztu. Era berean, ezin izango da deialdi honetara aurkeztu kultura-sorkuntzaren deialdira birritan edo gehiagotan aurkeztu diren gidoi zinematografikoko proiektuak.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Deialdi hau, 2.2 artikuluan zerrendatutako dirulaguntza lerroetan, lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik lerro bakoitzean finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den gehieneko dirulaguntzaren barruan. Aurrekoa gorabehera, agindu honen 19.3, 23.3, 27.3, 31.2 eta 35.2 artikuluetan ezarritakoa hartuko da kontuan, bermatu ahal izateko diruz laguntzen direla emakumeek egindako proiektuen gutxieneko kopuru bat eta, hala badagokio, artikulu horietan ezarritako adinean dauden adingabeek egindako proiektuen gutxieneko kopuru bat.
2.– Bi fasetan baloratuko dira modalitate bakoitzean aurkezten diren proiektuak. Lehenengo fasean, eskabideek 45 puntu lortu beharko dituzte gutxienez 85etik, hurrengo fasera igarotzeko; zinemarako gidoien modalitatean izan ezik, kasu horretan 50 puntu eskatuko baitira aurreikusitako gehienekotik (95 puntu), eta musika-konposizioaren modalitatean izan ezik, kasu horretan 38 puntu eskatuko baitira aurreikusitako gehienekotik (70 puntu).
5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:
a) Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, establezimenduetan eta dependentzietan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
b) Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honen 4. apartatuan adierazten den helbidearen bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:
a) Antzerki testuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025036
b) Zinema gidoiak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025037
c) Musika konposizioa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025038
d) Gazte literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025039
e) Ipuin eta eleberri motzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025040
f) Koreografia sorkuntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025041
Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak, eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
2.– Proiektuak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira, ezingo dira itzulpenak izan eta 2025ean hasi behar dira egiten. Sorkuntza prozesuan ezin izango da erabili adimen artifizialeko softwarerik.
3.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:
a) Modalitate bakoitzean zehazten den proiektuari buruzko dokumentazioa formatu elektronikoan aurkeztu beharko da, edozein dela ere eskabidea aurkezteko erabilitako bidea (aurrez aurrekoa edo elektronikoa).
b) Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, betiere halakorik bada, eta ahal dela ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
– Gainerako dokumentazioa, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko da.
– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.
– Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, horiek kontsultatzeko.
c) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den gainerako dokumentazioa.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako inguruabar hauek:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean ez egotea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea.
b) Proiektua jatorrizkoa dela eta orain arte ez dela garatu adieraztea.
c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta pertsona edo erakunde eskatzaileak dirulaguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
d) Edozein entitate publikok xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.
e) Dirulaguntza jaso nahi duen proiektua euskarazko testu bat bada, eskatzaileak adierazten du jatorriz euskaraz idatzita dagoela.
f) Adimen artifizialean oinarritutako softwarerik ez erabiltzea ideia garatzeko prozesuan, ezta deialdi honetara aurkezten den proiektua sortzeko prozesuan ere.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidearen izapideak egiteko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
10. artikulua.– Balorazio-batzordeak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:
a) Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.
b) Kideak: Kulturako sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.
Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.
2.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.
3.– Balorazio-batzordeak eratzean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan ezarritakoa bete behar da (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).
4.– Batzorde horiek, prozedura bakoitzean eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, txostena egingo dute. Txosten horietan agertuko dira eman nahi diren dirulaguntzak, onuradunen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta egin behar den jarduketa, eta baita ere ukatuko diren dirulaguntzak eta horretarako emandako arrazoiak. Era berean, zein eskabide ez den onartu adieraziko da.
5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.
6.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Laguntzen kudeatzaileak helarazitako proposamenak aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta indibidualki jakinaraziko die ebazpena interesdunei, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Deialdi honetan aurreikusitako sei dirulaguntza-modalitateetako bakoitzerako ebazpenetan dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, horien xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikatzeko modua adieraziko dira, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere.
2.– Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– 1. apartatuan jasotako ebazpen-epea igarota, onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da.
4.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen.
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko batek xede berberaz emandakoekin. d) Gazteentzako euskarazko literatura-testuak sortzeko eta e) euskarazko ipuin eta eleberri laburrak sortzeko dirulaguntzak bateraezinak izango dira Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekarekin. Eta b) zinemarako gidoiak sortzeko dirulaguntzak bateraezinak izango dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ikus-entzunezko proiektuen garapenerako 2025eko dirulaguntza-deialdiarekin.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.
c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.
d) Garatutako proiektuan aipatzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horren berri eman beharko zaio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, jakin bezain laster, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere hilabeteko epean. Baldintzak aldatzeak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.
Gainera, onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoa bete beharko dute.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Dirulaguntzaren % 75, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren.
b) Gainerako % 25a 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagundutako sormen-lana igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Eta koreografien modalitateko laguntzetan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sormen-lana benetan egin den egiaztatuko du.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa, edo tasa murriztua aplikatzea artistentzako atxikipenetan, onuradunak eskatu beharko du.
3.– Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko du, Eusko Jaurlaritzak emana, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharko da: diruz lagundutako sorkuntza eta Jabetza Intelektualaren Erregistroan egindako inskripzioaren agiria (VII. Kapituluan jasotako modalitatea izan ezik).
2.– Esleipen ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabeteko epea izango du behin betiko sorkuntza zuzendaritza kudeatzaileari entregatzeko. Koreografia sortzeko modalitatean, agindu honen 37.3 artikuluan ezarritakoa entregatu beharko da epe horren barruan.
3.– Dirulaguntza ematen duen organoak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du amaitu aurretik, onuradunak aldez aurretik eskaera eginez gero, zeinak behar bezala justifikatuko baititu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak.
16. artikulua.– Itzultzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak.
2.– Horrelako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera eta artikulu horietan aurreikusitakoa bete ondoren.
II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK
17. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako antzerkirako jatorrizko testuak sortzeko lagungarri izan nahi dute laguntza hauek.
Jatorriz elebidunak edo eleaniztunak diren proiektuak aurkezterakoan, honela jokatuko da: proiektuan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen artean presentzia handiena duen hizkuntzan aurkeztuko dira. Presentzia orekatua bada, eskatzaileak aukeratuko du bi hizkuntzetako bat.
Proiektu bera ezin izango da aurkeztu, inola ere, euskaraz eta gaztelaniaz.
18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Honako agiri hauen ale bat:
a) Idazlearen ibilbide artistikoa. Zehaztu idatzitako lanak, estreinatutako lanak eta argitaletxeak.
2.– Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adieraziko ez duena. Horren edukian ez da jaso behar testuaren egilearen, konpainiaren ez parte-hartzaileen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Argumentuaren sinopsia. Gehienez, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
b) Tratamendu dramaturgikoa. Gehienez, 10 orri.
c) Eszena bati dagokion idatzi beharreko testuaren lagin bat.
d) Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari.
e) Azalpen-memoria, proiektuak eszenatokietan ikus daitekeen antzerki-muntaketa bihurtzeko dituen aukerak zehaztuz.
f) Genero-ikuspegia txertatzeari buruzko azalpen-memoria.
19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 108.000 euro daude. 12 laguntza emango dira, bakoitza 9.000 eurokoa, honela banatuta: 7 euskaraz idatzitako antzerkirako testuetarako eta beste 5 gaztelaniaz idatzitako antzerkirako testuetarako.
2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere laguntzen kopuru osoa aldatu gabe.
3.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk 30 urtetik beherakoek idatzitakoak izan beharko dute. Beharrezkoa izanez gero, aurreikuspen hori betetzeko, Balorazio Batzordeak aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sartuko ditu diruz lagundutako proiektuen artean, baita puntuazio handiagoa duten beste proiektu batzuen aurretik daudenak ere. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
20. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen balorazioari buruzko txostena egiteko, balorazio-batzordeak ondorengo irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehenengo balorazio-fasea. Proiektuaren balorazioa:
a) Aurkeztutako testu-proposamenaren tratamenduaren kalitatea (% 35).
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren originaltasuna edo gaiari heltzeko modua baloratuko dira nagusiki (% 30).
c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaketa izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz) (% 10).
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa (% 10).
2.– Bigarren balorazio-fasea. Idazlearen ibilbide artistikoa (% 15).
III. KAPITULUA
ZINEMARAKO GIDOIAK SORTZEKO LAGUNTZAK
21. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Zinemarako gidoietarako dirulaguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.
Gidoi-tratamendu bat aurkeztu beharko da, ez erabat garatuta dagoen gidoi bat; hala eginez gero, baztertu egingo da.
22. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Honako agiri hauen ale bat:
a) Gidoilariaren ibilbide artistikoa.
b) Jabetza Intelektualaren Erregistroan gutxienez amaitutako gidoi zinematografiko bat erregistratuta izatea egiaztatzea.
c) Gidoilari gazteentzako (30 urtetik beherakoak): zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen den edo ez adierazteko zinpeko adierazpena (filmaren edo filmen izenburuak).
d) Gidoi egokitu bat idazteko proiektu bat aurkeztuz gero, lehendik dagoen obraren eskubideen jabearen berariazko baimena.
2.– Ale anonimo bat, 1. apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar gidoilariaren edo ekoiztetxearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Aurkeztutako proiektua fikziozko edo animaziozko zinemarako film luze bat baldin bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez orri 1.
– Gidoi-proiektuaren tratamendua, sekuentziaka. Gutxienez 20 orri eta gehienez 30 orri.
– Elkarrizketadun sekuentzia bat.
– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.
b) Aurkeztutako proiektua zinemarako film luze dokumental bat baldin bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez ere orri 1.
– Eskaleta sekuentziaka. Gutxienez 10 eta gehienez 20 orriko luzerarekin.
– Ikerketa iturrien eta elkarrizketatuko diren pertsonen zerrenda.
– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.
23. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Zinemarako gidoiak sortzen laguntzeko, guztira 156.000 euro daude. 12 laguntza emango dira, bakoitza 13.000 eurokoa, honela banatuta: 7 euskaraz idatzitako gidoietarako eta 5 gaztelaniaz idatzitako gidoietarako.
2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere laguntzen kopuru osoa aldatu gabe.
3.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilariek idatzitako gidoietarako izan beharko dute. Eta diruz lagunduko diren proiektuetatik bostek emakumeek idatzitakoak izan beharko dute. Beharrezkoa izanez gero, aurreikuspen hori betetzeko, Balorazio Batzordeak aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sartuko ditu diruz lagundutako proiektuen artean, baita puntuazio handiagoa duten beste proiektu batzuen aurretik daudenak ere. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
24. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen balorazioari buruzko txostena egiteko, balorazio-batzordeak ondorengo irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehenengo balorazio-fasea: gidoi-proiektuaren balorazioa:
a) Originaltasuna, premisa: istorioak euskal testuinguruari eta euskal testuinguruaren berezko izaerari edo hura kontatzeko moduari dagokionez duen originaltasuna baloratuko da (% 20 / % 25 dokumentaletan).
b) Estiloa, teknika, tratamendua, zuzenketa: gidoi-formatura egokitzea, gramatika- eta ortografia-zuzentasuna eta idazketaren argitasuna baloratuko dira (% 20).
c) Egitura, bilbea eta koherentzia: bilbea obraren estiloarekin koherentea izatea baloratuko da, istorioaren interesari eusteko behar bezala egituratuta egotea, eta gidoiaren erritmoa egokia izatea obraren estilo edo generoari dagokienez (% 20).
d) Pertsonaiak: pertsonaien sorkuntza balioetsiko da, haien bilakaera eta ñabardurak kontuan hartuta, eta istorioan zehar izandako bilakaera kontatu nahi denarekin eta genero-ikuspegiaren integrazioarekin koherentea izatea kontuan hartuta (% 20 / % 15 dokumentaletan).
e) Proiektuaren interesa: bere interes tematikoa, ekarpen kulturala eta proiektuaren garrantzia baloratuko dira bereziki (% 15).
2.– Bigarren balorazio-fasea: gidoilari gisa egindako lan-ibilbidea (% 5), eta ez hainbeste sortutako gidoien kopurua, baizik eta gidoiak idatzi dituzten filmen garrantzia (jaialdiak, sariak, prentsan izandako oihartzuna).
IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK
25. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
1.– Laguntza hauek partitura batean (pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio-planean) irudikatutako jatorrizko musika-konposizioak sortzea sustatzeko dira.
2.– Diruz lagun daitezkeen konposizio-proiektuak ezin dira deialdi honen eskabideen epea itxi baino lehen estreinatu edo erregistratu, ezta ere eduki ekonomikoko enkargu baten xede izan hura sortzeko.
26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Honako agiri hauen ale bat:
a) Proposamenaren laburpen-fitxa, www.euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.
b) Obra zabaltzeko eta estreinatzeko aurreikuspenak.
c) Testuak egile-eskubideak balitu, eskubide horien egiaztagiria.
d) Konpositorearen curriculuma eta ibilbide artistikoa.
e) Aurreko lan baten kopia.
2.– Ale bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburuarekin bakarrik identifikatzen dena. Horren edukian ez da jaso behar konposizioaren egilearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proiektuaren memoria. Konposizioaren planteamendu teknikoa eta artistikoa izan beharko ditu gutxienez.
b) Proiektuaren partituraren lagin partziala (edota horrekin erlazionatutako materiala: bozetoa, estruktura, eskema, zatiak...).
c) Nahi izanez gero, eskaeraren xede den proiektuari buruzko soinu-artxibo bat aurkeztu ahal izango da.
27. artikulua.– Obren tipologia, laguntzen zenbatekoa eta banaketa-prozedura.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzetarako diru-kopurua 82.000 eurokoa da.
2.– Obren tipologia eta dirulaguntza bakoitzeko gehieneko diru-kopurua.
Proiektu onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa honako obra mota hauen eta bakoitzarentzat adierazitako gehieneko muga ekonomikoaren arabera zehaztuko da:
(Ikus .PDF)
3.– Laguntzak banatzeko prozedura.
a) Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:
– 4.2 artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuak puntuazio horren lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, eta kasu bakoitzean eskatzailea eta haren tipologiari dagokion modulua identifikatuko dira, aurreko paragrafoan adierazitako sailkapenaren arabera.
– Ondoren, banaketaren behin-behineko kalkulu bat egingo da: aurreko taulako ordenaren arabera, proiektu bakoitzari bere moduluari (obra mota) dagokion gehieneko kopurua esleituko zaio, erabilgarri dagoen guztizko kopurua agortu arte.
– Aurreko kalkulua egin ondoren soberako kopuru bat ateratzen bada, sailkatutako hurrengo proiektua onuradunen artean sartuko da. Ondoren, eman beharreko azken zenbatekoak berriro kalkulatuko dira, betiere proiektu bakoitzari dagokion hasierako moduluaren eta modalitate horretan erabilgarri dagoen guztizko ekonomikoaren arabera.
b) Nolanahi ere, prozedura hori aplikatzean, eta betiere 4.2 artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioaren baldintza betetzen bada, ahaleginak egingo dira ziurtatzeko diruz lagundu beharreko proiektuen artean, gutxienez, emakumeek egindako lau proiektu daudela, bai eta 35 urtetik beherakoek egindako bi ere (eskabideak aurkezteko epearen azken egunean). Aurreikuspen hori betetzeko, Balorazio batzordeak diruz lagundutakoen artean aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sartu ahalko ditu, baita puntuazio handiagoa duten proiektuen aurretik ere.
28. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko txostena egiteko, balorazio-batzordeak ondorengo irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik.
a) Proiektuaren planteamendu orokorra eta memorian emandako erreferentzia artistikoen eta teknikoen zehaztasuna. Konposizio-prozesuan erabili behar diren kanpoko erreferentziak eta ikerketak (% 30).
b) Originaltasuna eta gaurko musika sorkuntzari egindako kontribuzioa (% 20).
c) Proiektuaren laginaren (eta/edo ikusizko materialaren) interesa, kalitate teknikoa eta zehaztasuna (% 20).
2.– Bigarren balorazio-fasea:
a) Proiektua estreinatzeko eta hedatzeko plana (% 10). Ondorio horietarako emandako erreferentzien zehaztasun-maila eta garrantzia hartuko dira kontuan.
b) Eskatzailearen prestakuntza eta arte-ibilbidea musikaren arloan (% 10).
c) Aurkeztutako aurreko obraren balorazio artistikoa (% 10).
V. KAPITULUA
GAZTEEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO LITERATURA-TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK
29. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Dirulaguntza hauek 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura-testuak sortzea sustatzeko dira. Diruz lagunduko den bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez.
30. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Honako agiri hauen ale bat:
a) Idazlearen ibilbidea.
2.– Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa eta gehienez 15.000koa.
b) Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa, genero-ikuspegiaren txertaketa eta proiektuari eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
c) Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailerra eta beste ekintza batzuk.
31. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 54.000 euro daude. Sei laguntza emango dira, bakoitza 9.000 eurokoa.
2.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak izan beharko dute. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da. Beharrezkoa izanez gero, aurreikuspen hori betetzeko, Balorazio Batzordeak aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sartuko ditu diruz lagundutako proiektuen artean, baita puntuazio handiagoa duten beste proiektu batzuen aurretik daudenak ere.
32. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen balorazioari buruzko txostena egiteko, balorazio-batzordeak ondorengo irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa:
a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea (% 40).
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa eta berrikuntza; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki (% 20).
c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai gazteen artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere (% 15).
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa (% 10).
2.– Bigarren balorazio-fasea:
a) Idazlearen ibilbidea (% 15).
VI. KAPITULUA
EUSKARAZKO IPUIN ETA NOBELA MOTZAK SORTZEKO DIRULAGUNTZAK
33. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Dirulaguntza hauek gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuak –ipuin nahiz nobela motzak– sortzea sustatzeko dira.
34. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Honako agiri hauen ale bat:
a) Idazlearen ibilbidea.
2.– Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa eta gehienez 15.000koa.
b) Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, genero-ikuspegiaren txertaketa, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
c) Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailerra eta beste ekintza batzuk.
35. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 54.000 euro daude. Sei laguntza emango dira, bakoitza 9.000 eurokoa.
2.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak izan beharko dute. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da. Beharrezkoa izanez gero, aurreikuspen hori betetzeko, Balorazio Batzordeak aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sartuko ditu diruz lagundutako proiektuen artean, baita puntuazio handiagoa duten beste proiektu batzuen aurretik daudenak ere.
36. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen balorazioari buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak ondorengo irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa:
a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea (% 40).
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa eta berrikuntza; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki (% 20).
c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai populazioaren artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere (% 15).
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa (% 10).
2.– Bigarren balorazio-fasea:
– Idazlearen ibilbidea (% 15).
VII. KAPITULUA
KOREOGRAFIA-SORKUNTZARAKO LAGUNTZAK
37. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eremuak.
1.– Laguntza hauek dantza profesionalaren arloko sorkuntza-proiektuei laguntzeko dira.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza jaso ahalko dute sorkuntzaren arloko ikerketa teoriko eta praktikoko prozesu, baliabide edo jarduera zehatzak biltzen dituzten proiektuek, baldin eta gogoetak, posizionamenduak eta estrategiak garatzeko badira, baita zuzenean edo zeharka erabil daitezkeen eduki praktiko eta erabakitzaileak ere, etorkizuneko ekoizpen eszenikoko proiektuetan.
3.– Proiektu horiek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zuzeneko loturarik ez izatea deialdi honen ekitaldi berean ekoizpen eszenikoko deialdietara aurkezten diren ekoizpen proiektuekin edo beste edozein egitura profesionaletako edo sorkuntza/produkzio zentroetako ekoizpen edo koprodukzio fasean dauden proiektuekin.
b) Helburuez eta garapen planaz gain, proiektuek azken ebaluaziorako erreferentziak zehaztu beharko dituzte, bai eta dirulaguntzaren azken justifikaziorako aurreikusitako elementuen edukiak, formatua eta metodologia ere, dirulaguntza emanez gero. Horien artean, gutxienez, honako hauek egongo dira:
– Garatutako prozesuaren azken txosten-memoria.
– Diruz lagundutako prozesuaren dinamikei, ondorioei edo zatiei buruzko aurkezpena edo bestelako jarduera irekia, lotutako lanbide eremuetan. Jarduera hau onuradunak berak antolatu eta zabaldu beharko du, eta EAEn egin.
38. artikulua.– Onuradunek bete beharreko betekizunak.
Laguntza hauek eskatu ahalko dituzte, 3. artikuluan ezarritako betekizunak betetzeaz gain, betekizun hauetako bat betetzen dutenek:
a) Dantzaren arloan izandako jarduera profesionala, azken hiru urteetan.
Ondorio horietarako, profesionaltzat joko dira produkzio eszenikoa ohiko praktika ordaindutzat duten eragileak.
b) Koreografo edo zuzendari artistiko titular (edo titularkide) gisa agertzea azken 5 urteetan estreinatutako dantzako bi obra eszenikotan gutxienez.
39. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Dokumentu hauen ale bana:
a) Eskatzailearen eta parte-hartzaileen curriculuma eta ibilbide profesionala praktika koreografikoaren eta mugimenduaren arloan.
b) Eskatzailearen jarduera profesionalari 38. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentuak.
2.– Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuetatik bereizia, non proiektuaren titulua bakarrik agertuko baita. Apartatu honetako dokumentuetan, ez zaio ez eskatzaileari, ez parte-hartzaileei, ez konpainiari inongo erreferentziarik egingo. Erreferentziarik egiten bazaio, deialditik kanpo utziko da proiektua.
Honako dokumentazio hau sartu behar da:
a) Proiektuaren laburpen-fitxa, euskadi.eus guneko eredua erabilita.
b) Helburu orokorren eta espezifikoen memoria. Metodologia. Egutegia eta non egingo den.
c) Proiektua justifikatzeko egin beharreko jarduerei buruzko aurreikuspenak, 37.3.b artikuluan ezarritakoaren arabera.
40. artikulua.– Laguntza hauen zenbatekoak eta mugak.
Koreografiak sortzeko, 54.000 euroko dirulaguntzak bideratuko dira, 9.000 euroko 6 laguntzatan banatuta.
41. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen esleipen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehen balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa:
a) Proiektuaren interesa (% 50). Irizpide hau bi ikuspuntutatik baloratuko da:
– Proiektuaren interes orokorra eta kalitatea (% 35). Alderdi horiek eszena- eta dantza-sorkuntzaren ikuspegitik baloratuko dira, oro har, eta EAEko testuinguruari dagokionez, bereziki.
– Proiektuaren tesia osatzen duten elementuen arteko koherentzia, garapen-proposamenari dagokionez (% 15).
b) Proiektuaren planifikazioa eta garapena (% 30).
– Aurkeztutako proiektuaren xehetasuna eta koherentzia: helburuak, metodologia, plangintza (% 20).
– Justifikatzeko aurreikusten diren elementuak eta jarduerak, 37.3.b artikuluan ezarritakoaren arabera (% 10).
c) Proiektuan euskara txertatzea (% 5). Proiektuaren erredakzioa eta komunikazioa.
Proiektuari buruzko dokumentazioa euskaraz sortzea eta sozializatzea baloratuko da.
2.– Bigarren balorazio-fasea:
Eskatzailearen eta proposatutako taldearen prestakuntza-curriculuma eta ibilbide eszenikoa praktika koreografikoaren arloan (% 15).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
Helburua: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren eskumen-esparruetako sorkuntza, ekoizpen, hedapen, sustapen eta egituratze-arloko dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa den tratamendua da (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Araudia: dirulaguntza hau izapidetzeko egindako datu pertsonalen tratamenduek honako arau hauek errespetatuko dituzte:
2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
– Antzerki testuak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025036
– Zinema gidoiak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025037
– Musika konposizioa: https://www.euskadi.eus/dbao/1025038
– Gazte literatura: https://www.euskadi.eus/dbao/1025039
– Ipuin eta eleberri motzak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025040
– Koreografia sorkuntza: https://www.euskadi.eus/dbao/1025041
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 3a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.