250. zk., 2024ko abenduaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (154 KB - 5 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5939
ERABAKIA, 2024ko abenduaren 17ko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2024. urteko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko dena.
Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 52. artikuluaren arabera, administrazio publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideen arloko premiak lan eskaintza publikoaren bidez beteko dira, aurrekontu izendapena badute. Legeak esaten du, halaber, lan eskaintza publikoan bertan adieraziko direla bete behar diren lanpostu hutsak, bai karrerako funtzionarioenak bai lan kontratudun langile finkoenak.
Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 59. artikuluak eta hurrengoek adierazten dutenez, unibertsitateak, bere autonomiaz baliatuz, teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak aukeratuko ditu, funtzionarioak zein lan kontratudunak, bere lan eskaintza publikoaren arabera.
2024ko lan eskaintza publikoaren oinarrian printzipio hauek daude:
– Lehenik eta behin, premiarena, hau da, bete beharreko plazak betetzea.
– Era berean, funtzio publikoan sartzeko aukerei dagokienez, herritarrei gardentasuna eta publizitatea bermatzea da oinarrizko helburua, lan eskaintza publikoa kudeaketarako eta zabalkunderako tresna den aldetik.
Alde horretatik, lan eskaintza publikoak ziurtasuna eta gardentasuna bermatzen ditu etorkizuneko hautaketa prozesuei begira, eta, ondorioz, herritarrek jakin dezakete zein plaza sartuko diren deialdian, zein jarduera arlotakoak diren eta zein diren hautaketa prozesuen oinarrizko arauak.
Bestetik, lan eskaintza publikoa lotuta dago estatuaren urteroko aurrekontu orokorren legeari. Bestalde, Espainiako Konstituzioak hau dio 134.4 artikuluan: «Dagokion ekonomia ekitaldiko lehen eguna baino lehen onesten ez bada Aurrekontu Legea, aurreko ekitaldiko aurrekontuak joko dira besterik gabe luzatutzat, berriak onetsi bitartean». Beraz, aplikatu behar da 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legea, zeinak % 120ko birjartze tasa ezartzen duen».
2024ko aurrekontuak aurreko urtekoen luzapena direnez, 2023ko birjarpen tasari dagokion lan eskaintza publiko honetako deialdiek bultzada emango diete Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen laugarren xedapen iragankorreko aurreikuspenei. Izan ere, aukera dago oposizio fasean lor daitekeen puntuazioaren % 45era arte lortzeko lehiaketa fasean UPV/EHUn emandako zerbitzuen bidez, bai eta zerbitzuak ematen jarraitzeko bermea ere, lege horretan xedatutakoaren arabera, eta ziurtatuta aurreikuspen horiek bermerik handienekin garatuko direla. Horrela, gutxitu egin ahal izango da aldi baterako edo bitarteko harremana daukaten pertsonen gaur egungo ehunekoa, eta plantillen zein langile taldearen egituren plangintzan eta arautzean aurrera egin, bai eta gestio prozesu arrunten normalizazioa lortu ere.
Eskainitako plazak hauek dira:
– 33 plaza huts funtzionarioentzat; horietatik 2 barne promozioan.
– 3 plaza huts lan kontratudunentzat.
Halaber, aurreikusita dago plaza batzuk gordetzea desgaitasuna duten pertsonentzat, nahiz eta horien ehunekoa kasuan kasuko deialdian zehaztuko den.
Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategineko 14. artikuluan aipatzen den funtzionario publikoen barne promoziorako eskubidea bermatze aldera, barne promozioko prozesuen bidez deitu beharreko plazak ere sartu dira.
Bestalde, lan kontratudun langileei dagokienez, kontuan hartu behar da hitzarmen kolektiboak dioena 15. artikuluko 6. puntuan lanpostu hutsak betetzeari buruz: «Lanpostu hutsak betetzeko lehenengo lehiaketa orokorra (hurrengo artikuluan jasotzen den promozioaren aurrekoa) burutu eta ondorengo lan eskaintza publikoa egin ostean, lan kontratudun langile finkoen artean beharrezko prozedurak ezarriko dira, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori beste edozein prozesutan eskaini aurretik».
Horrez gain, hitzarmeneko 16. artikuluko 6. puntuak, promozio profesionalari buruzkoak, hau ezartzen du: «Promoziorako lehenengo prozesua behin amaitu ondoren, aurreko artikuluko prozesuak bete eta gero, beharrezko prozedurak ezarriko dira lan kontratudun langile finkoen artean, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori lan eskaintza publikoan sartu aurretik».
Beraz, indarrean dagoen hitzarmen kolektiboak ezartzen du lan eskaintza publikoa egin aurretik lanpostu hutsak betetzeko deialdia eta promozio profesionalerako deialdia egin behar direla, eta deialdi horietan atera behar direla aipatutako prozeduren bidez gutxienez behin eskaini ez diren lanpostuak.
Azkenik, esan behar da Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman diola lan eskaintza honi.
Adierazitako guztiagatik, bat etorrita xedatutakoarekin Funtzio Publikoa Eraberritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko 18. artikuluan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategineko 70. artikuluan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 52. artikuluan, eta UPV/EHUren indarreko Estatutuetako 59. artikuluan, ikusita Gerentziak proposatuta, eta sindikatuak entzun ondoren negoziazio batzordeek 2024ko uztailaren 15ean eta 2024ko irailaren 18an egindako bileretan, aho batez bere babesarekin, Gobernu Kontseiluak
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea 2024. urteko lan eskaintza publikoa, I. eta II. eranskinetan jasota dagoen moduan.
Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Leioa, 2024ko abenduaren 17a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
I. ERANSKINA
Lehenengoa.– Onartzea 2024. urteko lan eskaintza publikoa.
Bat etorrita xedatutakorekin Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratuko 70. artikuluan (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua), Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 52. artikuluan, eta abenduaren 23ko 31/2022 Legean (2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrena), Euskal Herriko Unibertsitateko teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lan eskaintza publikoa onartzen da 2024. urterako, erabaki honetan zehaztutako baldintzen arabera.
Bigarrena.– Lan eskaintza publikoaren kuantifikazioa.
Lan eskaintza publikoan sartzen dira erabaki honen II. eranskinean aipatzen diren plaza hutsak, aurrekontuetan diruz hornituta daudenak.
Deialdietako oinarriak TEKAZELen negoziazio mahaietan negoziatuko dira. Ondoren Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio eta, behin onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara.
Hirugarrena.– Hautaketa prozesuetan aplikatuko diren irizpide nagusiak.
Lan eskaintza publiko honi lotutako hautaketa prozesuen bidez ebaluatu eta aukeratuko dira UPV/EHUren premietarako profil profesional egokienak dituzten pertsonak. Hortaz, eta errespetatuta erabat langileak aukeratzeko prozesuak zuzentzen dituzten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legeko laugarren xedapen iragankorrari jarraituta lehiaketa oposizio bidez egingo diren deialdiek irizpide orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Hautaketarako programak eta probak izango dira bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatu eta hautagaiak aukeratu ahal izateko modukoak.
b) Lehiaketa fasearen baremoan jasoko da lehentasuna emango zaiola hautagaiek antzeko eginkizunetan daukaten esperientziari, bai bitarteko funtzionario moduan bai aldi baterako langile moduan.
c) Hautaketa probetako epaimahaiak eratzean, bete egingo da gizonen eta emakumeen arteko parekidetasun irizpidea, bai eta inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak ere.
d) Hautaketa probetako epaimahaien osaketan desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea sustatuko da, pertsona horientzako txanda duten probetan.
e) Pertsonaleko Gerenteordetzaren webgunean helbide bat jarriko da hautaketa prozesuetarako, eta bertan agertuko dira deialdi guztiak eta horietatik eratorritako egintzak.
Oro har, lan eskaintza publiko honi lotutako hautaketa prozesuetako deialdien oinarrietan jaso ahal izango da ariketetako nota gordeko dela, baldin eta kasuan kasuko ariketan lortzen den kalifikazioa bada lortu ahal den kalifikazio maximoaren ehuneko 70 baino handiagoa. Neurri hori hurrengo deialdian aplikatu ahal izango da, betiere gaien edukia eta ariketak kalifikatzeko modua antzekoak badira.
Aipatutako neurria deialdiaren oinarrietan jaso beharko da.
Laugarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak.
1.– Deialdietan ez da ezarriko bazterketarik urritasun psikiko eta/edo fisikoengatik, betiere lanak edo eginkizunak betetzeko ezintasunik ez badago, eta deialdi bakoitza argitaratzen denean indarrean egongo den arautegia bete beharko da.
Bai administrazioak bai epaimahaiek laguntza eskatuko ahal izango diete organo tekniko eskudunei horretarako. Era berean, txostena eskatu ahal izango diote administrazio organo eskudunari, deialdiaren helburu diren plazetan egin ohi diren jardueretan aritzeko hautagaiak daukan gaitasunari buruzkoa.
2.– Eskaintza hau osatzen duten plaza guztien ehuneko zazpi, gutxienez, gordeko dira, hautaketa probetarako deialdietan, desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten. Desgaitasuna duten pertsonatzat joko dira Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean hala definitutakoak (4. artikulua, 2. atala). Gutxieneko ehuneko zazpi (% 7) hori gordetzeko orduan, eskainitako plazen ehuneko bia (% 2), gutxienez, adimen desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonek bete beharko dute, eta eskainitako gainerako plazak beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen dutenek. Hori guztia egingo da betetzeko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategineko 59. artikulua.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuen kasuan, betetzen ez direnak txanda librera pasatuko dira.
3.– Hautaketa prozesuetan, denbora eta bitartekoei dagokienez, egin beharreko egokitzapenak egingo dira, halakorik eskatuko luketen desgaituentzat, pertsona horien eta gainerako hautagaien arteko baldintza berdintasuna bermatzeko.
Bosgarrena.– Barne promozioa.
Barne promozioko prozesuak arautzen dituen legeriari jarraituta, funtzionarioentzako plazen deialdia egiten da.
Barne promozioko hautaketa prozesu horiek egin ahal izango dira eskaintza publikoko ohiko deialdiekin batera edo beste deialdi baten bidez.
Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko da zein kolektibok parte hartu ahal izango duen eta zeintzuk diren deialdiaren ezaugarriak eta baldintzak.
Seigarrena.– Lan eskaintza aurrera eramatea.
Lan eskaintza publiko honen helburu diren plazak betetzeko deialdia kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko da 2024ko abenduaren 31 baino lehen.
Hautaketa prozesuak 2026ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi beharko dira.
Zazpigarrena.– Erabaki hau EHAAn argitaratzea.
Erabaki hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Bat etorrita Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategineko 70.1 artikuluak eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluak diotenarekin, deialdi bakoitzean eskaintzen den plaza kopuruari gehitu ahal izango zaio kopuru horren ehuneko hamarra.
AZKEN XEDAPENA.– Erabaki hau indarrean sartzea.
Erabaki hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.