Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2024ko abenduaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5715

390/2024 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariari baimena ematen diona Sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzearen alde irizteko.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina. Bada, lege horren 110.1 artikuluak honako hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, lehenengo eta behin Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta zuzenean edo bitarteko erakunde baten bidez sozietatea atxikita duen edo izango duen saileko buruak, biek batera, horixe proposatuta. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori, eta eman den egunetik bertatik izango da indarrean.

Era berean, EOLen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei dagokie estatutu sozialak onartzea, eta, aldatzekotan, Gobernu Kontseiluak eman beharko du baimena.

Kapitalaren adierazpen- baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doan eskuratzeko ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietate-helburua adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak % 50eko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 50ekoa.

«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen helburua da edozelako arte-lan eta sorkuntza-lanak eskuratu eta ustiatzea, baita arte-erakusketak eta -esposizioak antolatzea ere.

2024ko urriaren 3an egindako bilkuran, sozietatearen Ez-ohiko Batzar Orokorrak (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak bertan zeudelako) erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez; hartara, Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programa burutzeko 2024ko ekitaldian zehar. Proposamen horren helburua da, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eusteko aldera, Eusko Jaurlaritzak sozietate horren beste 2.702 partaidetza eskuratzea (1.623.929,02 euro guztira). Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa.

2.702 partaidetza horiek eskuratzeko kreditu egokia eta nahikoa badagoenez, lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da orain, sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa izango da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona; hain zuzen, gehikuntzaren ondorioz sortutako kapital sozialaren zifra berriaren arabera egokituta idatzi beharko da.

Hori dela eta, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko: 1.623.929,02 euro jarriko ditu, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntzarako; horretarako, sozietatearen 2.702 partaidetza sozial eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 euro– ordainketa bakarrean.

EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2024ko abenduaren 1a baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.

Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen kapitalean 65.425.347,59 euroko partaidetza izango du, hots, 108.859 partaidetza-ale. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza da; beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 130.850.695,18 eurokoa izango da, 217.718 partaidetza-ale izanik.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titularitateko akzioen ordezkariei «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuetako 6. artikuluan egiteko aldaketen alde daudela adierazteko, eta, ondorioz, gehikuntzaren ondorioz sortutako kapital sozialaren zifra berriaren idazketa egokia egiteko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik bertatik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala