Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2024ko abenduaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5714

67/2024 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren lehendakariarena, erakunde horretako Osoko Bilkuraren erabaki bat argitara ematen duena. Erabaki horren bidez, epaitegi horretako langileen lanpostu-zerrenda aldatzea onartzen da.

Lanpostuen zerrenden bidez arrazionalizatzen eta antolatzen dituzte EAEko administrazio publikoek beren barne-egiturak, zehazten dituzte beren langile-beharrak, definitzen dituzte haiek betetzeko eskatzen diren baldintzak eta sailkatzen dute lanpostu bakoitza, eraginkortasun-, efizientzia- eta antolaketa-irizpideen arabera, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluak xedatzen duen moduan.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren azken lanpostu-zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) 2005eko irailaren 9an argitaratu zen, eta hainbat aldaketa izan ditu orduz gero. Azken aldaketa Osoko Bilkurak 2023ko abenduaren 18an onartu zuen eta 2023ko abenduaren 28ko EHAAn eman zen argitara (246. zk.).

Une honetan, lan-kargak aztertzeko eta plantilla berritzeko prozesuen ondorioz, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, beharrezkoa da HKEEren LPZ aldatzea, bederatzi plaza berri gehitzeko; plaza horiek jada aurrekontuan diruz hornituta daude, 2024ko ekitaldiari dagokion aurrekontu-plantillan. Halaber, beste plaza batzuk ezabatuko dira, 2024ko ekitaldiko aurrekontu-plantillan jada amortizatuta daudenak.

Hartara, LPZ aurrekontuko zuzkidurei egokituko zaie, HKEEren 2024ko ekitaldiko enplegu publikoaren ohiko eskaintza onartu ahal izateko.

HKEEren Osoko Bilkurak aurrekontu-plantilla aldatzeko aldez aurretik onartutako proposamenetan jasota daude plantillako lanpostuen amortizazioen justifikazioak.

Auditoretzako urgazle-lanpostuaren monografian (espedientean jasota dago) zehaztuta daude LPZn gehitu diren lanpostu berriei esleitutako ezaugarriak, funtzioak eta zereginak.

Fiskalizazio- eta auditoretza-egitekoak garatzearekin lotutako lanpostu teknikoak direnez gero, beharrezkoa da esperientzia konfiguratzea lanpostua eskuratzeko baldintza gisa, Kontuen Auditoretzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legearen 9. artikuluarekin bat etorrita. Artikulu horrek zehazten du gutxienez prestakuntza praktikoa eskuratu beharko dela eta, gainera, kontuen auditoretzako jarduera osatzen duten faseen zereginak benetan egin direla egiaztatu beharko dela, kontuen auditoretzaren jarduera gauzatzeko. Kasu honetan, esperientziaren betekizunaren helburua ez da funtzio publikoan sartzeko baldintzak arautzea, baizik eta lanpostu horien funtsezko ezaugarrietako bat definitzea.

Kontabilitate eta Kontuen Auditoretzako Institutuak adierazten duen moduan, «prestakuntza praktiko honen helburua da etorkizuneko auditoreak eskuratutako ezagutza teorikoak egoera errealetan aplikatzen jakitea, hau da, egoera finantzarioek duten informazioari buruzko ebidentzia eskuratzea eta horri buruzko iritzia ematea, eta, aldi berean, aukera ematen die beren jardunaren kalitatea eratzen duten ezaugarrietan trebatzeko, hala nola independentzian, auditoretza-arauak betetzearekiko errespetuan, eszeptizismo profesionalean eta bere eginkizunaren dimentsio etikoan eta interes publikoko funtzioan».

Lanpostu jakin batzuk betetzeko esperientzia eskatzea, zeina lanpostu-zerrendetan gauzatzen baita, hasiera batean ez da zuzenbidearen aurkakoa, baina eskakizun hori lanpostu zehatzetara mugatu behar da. Auditoretzako funtzioak barne hartzen dituzten lanpostuak eskuratzeko esperientzia eskatzea Estatuko, EAEko, instituzioetako eta kanpo kontroleko organoetako LPZetan jasoa dago.

B gidabaimena izateko baldintza beste KKE batzuen antzeko lanpostuetan ere jasoa dago eta fiskalizatutako erakundeen egoitzetara bertaratu behar izatetik dator, «landa-lana» egiteko. HKEEren kontrolak EAEko Sektore Publikoa osatzen duten erakunde guztiak barne hartzen dituenez gero, ezinbestekoa da lantaldeetako langileen bizilekutik edo HKEEren beraren egoitzatik urrun dauden herrietara joan behar izatea lanera.

Kontabilitate eta Zerbitzu Orokorretako goi-mailako teknikari, auditore eta auditore laguntzaile lanpostuei eskatzen zaien hizkuntza-eskakizunari dagokionez, lanpostuen funtzio komunikatiboak oinarri hartuta, 3. hizkuntza-eskakizuna eskatzen da kasu guztietan. Espedientean jasota dago Hizkuntza Politikako Sailak egindako nahitaezko txostena.

Azkenik, eta nahitaez bete beharreko indizearekin bat etorriz (derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuen ehunekoa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 25. artikuluaren arabera; HKEEren kasuan % 52,85 da ehuneko hori), 2023-2027 plangintzaldirako, hiru lanpostu gehiagori ezarri behar zaie derrigortasun-data.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluko 6. puntuak aurreikusten duenez (Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aplikagarri zaio, 11/22 Legeak berak ezartzen dituen osagarritasun-terminoetan), lanpostu-zerrendaren bidez sortu eta amortizatu behar dira lanpostuak.

Honako hau da orain egin asmo ditugun aldaketen eduki xehatua:

1. LPZn honako lanpostu hauek amortizatzen dira:

– 542101 lanpostua, auditorea, 1. dotazioa.

– 542102 lanpostua, letradua, 2. eta 7. dotazioak.

– 542105 lanpostua, auditore atxikia, 4. dotazioa.

– 542913 lanpostua. Gidaria. 1. dotazioa.

2. Auditoretzako urgazleen 9 lanpostu gehitzen dira (A taldea, A2 azpitaldea; lanpostu-mailako behin-behineko osagarria: 20), lanpostuaren behin-behineko monografian deskribatutako behin-behineko zereginen arabera, eta behin-behineko balorazio-txostenari jarraikiz. Dokumentu bi-biak espedientean jasoak daude.

Honela, bada, lanpostu hau LPZn sartzea proposatzen da, honako deskribapen honekin:

Auditoretzako urgazlea, A taldea, A2 azpitaldea, destino-osagarriaren 20. behin-behineko maila, berariazko osagarria (orokorra) 12.257,70 euro, derrigorrezko 3. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data 2027ko ekainaren hogeita hamarra duena.

Lanaldi jarraitua, telelana egiteko aukerarekin.

Betekizunak:

1.– Graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo lizentziatura jakintza-arlo hauetakoren batean (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitate-irakaskuntzen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena) edo baliokidea:

– Ekonomia-zientziak, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, marketina, merkataritza, kontabilitatea eta turismoa.

– Zuzenbidea eta espezialitate juridikoak.

2.– Urtebeteko esperientzia kanpo-auditoretzako zereginetan (ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean ageri diren auditoretza-sozietateetan egindakoak, edo administrazio publikoetako kanpo-kontroleko erakunde eta organoetan egindakoak), edo KAEOn inskribatuta egotea.

3.– B gida-baimena.

3. Kontabilitate eta Zerbitzu Orokorretako goi-mailako teknikari, auditore eta auditore laguntzaile lanpostuei eskatzen zaien hizkuntza-eskakizuna aldatu da, eta 3. hizkuntza-eskakizuna ezarri da kasu guztietan.

4. 2024ko abenduaren 1eko derrigortasun-data ezartzea lanpostu-zerrendako lanpostu hauei:

– 542101, 9. dotazioa.

– 542102, 1. dotazioa.

– 542104, 1. dotazioa.

Aldaketa hori Langileen Batzordearekin negoziatu da. Halaber, entzunaldia eman zaie interesdunei, espedientean jasotako ziurtagiriaren arabera.

HKEEri aplikagarria zaion Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera, 11/22 Legeak berak ezartzen dituen osagarritasun-terminoetan, hizkuntza-politikari nahitaezko txostena eskatu zaio.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/88 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Barne Araubidearen Erregelamenduaren 5.5.i) artikuluan ezarritakoaren arabera (erregelamendu hori HKEEren Osoko Bilkurak 2022-10-27an onartu zuen; 2022-12-28ko EHAA, 247. zk.), Osoko Bilkura da aldaketa onartzeko organo eskuduna, eta behin aldaketa onartu ondoren, Lehendakaritzak EHAAra igorriko du argitaratzeko eta ondorioak eragiteko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, Osoko Bilkurak, bere kideen gehiengoz, hau

ERABAKITZEN DU:

Bat.– Onartzea lanpostu-zerrendan egindako aldaketak, erabaki honen eranskinean jasota daudenak, aldaketa-espedientearen parte diren agirien arabera.

Bi.– Agindua ematea lanpostu-zerrendaren aldaketa EHAAn argitara dadila. Lanpostu-zerrendan egindako aldaketek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 5a.

HKEEko lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala