242. zk., 2024ko abenduaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 2 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5709
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 10ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Ibaiondo heziketa-zentroko hezitzaileen lanpostuan enplegua finkatzeko prozesu berezian eta salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrenda argitaratzeko.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.
Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako beste agindu baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Ibaiondo heziketa-zentroko hezitzaileen lanpostuan enplegua finkatzeko prozesu bereziko eta salbuespenezko prozesuko deialdia egin zen, eta prozesu horietako oinarri espezifikoak onartu ziren. Agindu hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.
Hautaketa-prozesuei aplikatu behar zaien 14. oinarri orokorrak ezartzen duenez, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamazioak ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango du hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrenda argitaratzeko agintzeko. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Hautaketa-prozesuetako web-orriko Eskaerak eta jarraipena atalean eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan argitaratzea, Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Ibaiondo heziketa-zentroko hezitzaileen lanpostuan enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezian eta salbuespenezko hautaketa-prozesuan hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrenda.
Bigarren artikulua.– Hautatutako pertsonei kontratuak formalizatzeko behar diren agiriak aurkezteko 20 egun balioduneko epea ematea, 2025eko urtarrilaren 7tik 2025eko otsailaren 3ra. Dokumentuak Enplegu Publikoko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira. Aurkeztu beharreko dokumentazio zehatzari buruzko informazioa Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» atalean dago, «lanpostuaz jabetzeko urratsak» gunean.
Epe berean, hautatutako pertsona guztiek kontratuak sinatzeko ezinbestekoa den informazioa bete beharko dute, Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» atalean, «lanpostuaz jabetzeko urratsak» gunean.
Hirugarren artikulua.– Dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horren bidez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari bidaliko zaio oinarri orokorretan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zerbitzurako lan-kontratuak formalizatzeko.
Laugarren artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da, eta lan arloko demanda aurkeztu ahal izango da, 2 hilabeteko epean, zerbitzuak ematen diren tokiko edo demandatuaren egoitzako hiriko Lan-arloko Epaitegian, demandatzailearen aukeran, Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legeko 69. artikuluaren arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak emandako idazketan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 10a.
IVAPeko Zuzendaritza hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikulua).
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Hautaketa eta Prestakuntzako zuzendariordea,
IMANOL URIGUEN GARAIZABAL.