242. zk., 2024ko abenduaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5708
AGINDUA, 2024ko abenduaren 3koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat izendapen askez betetzeko, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren Sailburuordetzan.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren Sailburuordetzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dago (kodea: 520010; dotazioa: 6), eta sail honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102. artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren oinarriak.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionario izan behar da, eta lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak bete (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute, harik eta egoera hori aldatzen den arte.
b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian badaude, eta ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.
2.– Orobat, parte hartu dezakete beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek ere, bai eta irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek, deialdi honetan parte hartzekotan, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatu behar dituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran egon; non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Hautagaiek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, 15 egun baliodun izango dituzte, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko diote hautagaiek, eta, hor, datu pertsonalak ez ezik, adierazi beharko dute zer talde, azpitalde edo kidegotakoak diren. Honako beste datu hauek ere adierazi beharko dituzte:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagutzak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotutako bestelako merezimenduak, norberak egoki iritzitakoak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, baldin eta horiek Langileen Erregistroan ez badaude.
Hautagaia deitutako lanpostuko funtzioak betetzeko aukerakoa dela dela ziurtatu aldera, deialdia egin duen organoari aukera emango zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko, egoki jotzen dituen bitartekoak erabilita; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostua jabetzan hartu arte. Hortaz, ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu bitarte horretan betekizun horiek betetzeari utzi diotenek.
Laugarrena.– Ebazpena.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak agindu bidez ebatziko du deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori EHAAn argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duen hautagaiak horretarako ezarriko den datan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, aurretik beste lanposturen bat bazeukan, horren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, hautagaiak ondo betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak, eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, hautagaia egokiagoa dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Gerta liteke deialdia hutsik geratzea, hautagaietatik batek ere ez badu lanpostua betetzeko beste merezimendu.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 3a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.