Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2024ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
5580

102/2024 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara emateko Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoaren arteko harremanak arautzen dituen 2024ko programa-kontratua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako programa-kontratua sinatu du, eta, publikotasun egokia emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoaren arteko harremanak arautzen dituen 2024ko programa-kontratua. Programa-kontratua ebazpen honen eranskinean dator.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 28KO 102/2024 EBAZPENARENA
2024KO PROGRAMA-KONTRATUA, ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILAREN ETA «VIVIENDA Y SUELO DE EUSKADI S.A./EUSKADIKO ETXEBIZITZA ETA LURRA, E.A» SOZIETATE PUBLIKOAREN ARTEKO HARREMANAK ARAUTZEN DITUENA

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 14an.

HAUEK BILDU DIRA:

– Alde batetik: Denis Itxaso González jauna, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua

– Eta bestetik: Carlos Quindós Fernández jauna, «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A» (Visesa) sozietate publikoko zuzendari nagusia.

PARTAIDEAK

– Denis Itxaso González jauna, bere eginbidearen jardunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa.

– Carlos Quindós Fernández jaunak, arestian aipatutako sozietate publikoaren izenean eta haren ordezkari gisa.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote behar besteko legezko gaitasun nahikoa dutela hitzarmen hau egiteko, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Babes publikoko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantzaneurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak honako hau dio 35.1 artikuluan:

«Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak (gaur egun Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila denak), 32. artikuluan ezarritako prozedurari jarraitu gabe, zuzenean esleitu ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lurzoruaren gaineko azalera-eskubidea eratzea, edo laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kapitalaren gehiengoaren partaidetza duen sektore publikoko sozietateei, edo zuzenbide publikoko entitateei».

II.– Babes publikoko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantzaneurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak honako hau xedatzen du 35.2 artikuluan:

«Esleipen hori lankidetza-hitzarmenen edo kontratu-programen bidez egingo da».

III.– Halaber, gaur egungo Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak besterendu ahalko dio kostu-bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzorua «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietateari araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak 99.4.a) artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Ildo berean, Euskadiko Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 18. artikuluaren lehenengo apartatuko a) letran xedatzen duenarekin bat etorriz, ebazten da administrazio publikoen arteko hitzarmenek edo administrazio publikoen eta sektore publikoko erakundeen arteko hitzarmenek eragin dutenean dena delako besterentzea, Lurzoru Ondare Publikoko ondasunak besterendu daitezkeela zuzenean, erregelamendu bidez zehaztuko diren betekizunak eta baldintzak betez.

IV.– «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietatea sozietate publikoa da, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoaren arabera, eta babes ofizialeko etxebizitzen sustapena haren xede sozialaren barruan dago, azaroaren 21eko 258/1989 Dekretuan xedatutakoaren arabera (258/1989 Dekretua, azaroaren 21ekoa, «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoa sortzea erabakitzen duena). Dekretu hori honako hauek aldatu zuten:

29/1990 Dekretua, otsailaren 6koa, «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» Baltzu Publikoa sortzeko azaroaren 21eko 258/1989 Dekretua aldatzen duena.

175/1992 Dekretua, ekainaren 23koa, «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoa sortzea erabakitzen duen Dekretua aldatzen duena.

137/2007 Dekretua, irailaren 11koa, «Vivienda y Suelo de Euskadi S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» Baltzu Publikoak erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak (etxebizitza sozialak), alokatzeko direnak, birkokatzeko etxebizitzak (etxebizitza eskuratzeko modalitate guztiak) eta zuzkidura-alojamenduak eraikitzeko kudeaketaren egikaritzan jarduteko lege-esparrua ezarri eta arautzen duena.

96/2011 Dekretua, «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko baimena ematen duena (Visesa).

58/2012 Dekretua, apirilaren 24koa, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko baimena ematen duena (Visesa).

182/2012 Dekretua, irailaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA sozietate publikoaren kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko baimena emateko dena (Visesa) eta sozietatearen estatutuak aldatzea.

V.– Programa-kontratu honen bidez zehazten dira Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak itunkide duen sozietate publikoari emango dizkion onurak hark datozen urteetako ekitaldietan abiaraziko dituen babes publikoko etxebizitza-sustapenetarako.

Halaber, Euskadiko Etxebizitza Legearen Bigarren Xedapen Iragankorrean agintzen denarekin bat etorriz, lege horren garapenari dagozkion erregelamenduak lantzen eta indarrean sartzen ez diren bitartean, eta itun hau onesten den unean indarrean daudenak ordezten ez dituzten artean, haiek indarrean izango dira lege-xedapen horren aurkakoa edo kontraesankorra ez den edozertarako.

VI.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrean aurreikusten dira programa-kontratu honen bitartez Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere gain hartzen dituen dirulaguntzak esleitzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak, aurrekontu-aplikazioaren barruan.

VII.– Bi alderdiak ados daude dagozkien interesetan, eta kontuan hartuta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuan ezarritakoa (Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardunarloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez sortu zen; 18/2024 Dekretu horren Lehenengo Xedapen Iragankorrean xedatzen da ezen, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dutela Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzaren Sailen egitura eta eginkizunak zehazten dituzten arau organikoek), Programa-kontratu hau formalizatzea erabaki dute, honako estipulazio hauen arabera:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Xedea.

2024ko Programa-kontratu honen xedea da zehaztea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoak zer-nolako partaidetza izango duen bakoitzak jarraian zerrendatuko diren babes publikoko etxebizitzen sustapen pribatuetan, bai onuren emakidari dagokionez, bai haiek egikaritzeko alde bakoitzak bere gain hartzen dituen baldintza eta betebeharrei dagokienez.

Bigarrena.– Jarduera-esparrua.

A) «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» sozietate publikoak jarraian aipatzen diren sustapenak gauzatzeko konpromisoa hartzen du bere gain, honako ezaugarri orokor hauekin:

Araba:

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Etxebizitza kopurua eta araubidea: 225 BOE alokairuan.

Eremua eta lurzatiak: Salburua S13 RC 1A / B 1 lurzatia.

Salmenta-araubidea: azalera-eskubidea.

Sustapenari elkartzen zaizkion onurak:

– Ordainsarietarako eta laguntza teknikorako dirulaguntza: 1.350.000 euro.

– Errentamendurako pizgarriak: 7.875.000 euro.

– Lagapenengatik kalte-ordaina: 832.329,83 euro.

Gehieneko salmenta-prezioa:

– Etxebizitza (13.328,00 m2u); lehen 45 m2-ak, 2.080,82 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 60 m2-ra arte, 1976,78 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 75 m2-ra arte, 1.734,02 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 90 m2-ra arte, 1.387,22 euro/m2u.

– Eranskinak (5.130,00 m2u); 693,61 euro/m2u.

– Garaje libreak (0 m2u):

– Lokalak (1.200,00 m2u):

Visesak Udalari laga behar dizkionak Sailaren kontura: Sailak eta Udalak 2023ko otsailaren 23an sinatutako hitzarmenaren arabera, egokitu gabeko lokalak entregatuko zaizkio Udalari, eta horien eraikuntza-kostua, zenbatetsi denaren arabera, 480,80 euro/ m2c-koa da. Lurzoru erabilgarriaren estimazioa: Espero da Visesaren aldeko azalera-eskubidea 2024an gertatzea.

Udalerria: Agurain.

Etxebizitza kopurua eta araubidea: 56 BOE alokairuan.

Eremua eta lurzatiak: Harresi, 9. Lurzatia.

Salmenta-araubidea: jabetza osoa.

Sustapenari elkartzen zaizkion onurak:

– Ordainsarietarako eta laguntza teknikorako dirulaguntza: 336.000 euro.

– Errentamendurako pizgarriak: 1.960.000 euro.

Gehieneko salmenta-prezioa:

– Etxebizitza (3.854,00 m2u); lehen 45 m2-ak, 1.964,48 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 60 m2-ra arte, 1.866,25 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 75 m2-ra arte, 1.637,06 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 90 m2-ra arte, 1.309,65 euro/ m2u.

– Eranskinak (0 m2u): 654,83 euro/m2u.

– Garaje libreak (0 m2u):

– Lokalak (0 m2u):

Visesak Udalari laga behar dizkionak Sailaren kontura: E/A.

Lurzoruaren erabilgarritasunaren aurreikuspena: Udalaren eta Visesaren arteko hitzarmena, 2024ko ekainaren 13koa. Lurzoruaren eskubidearen eskritura, Visesaren alde, 2024an egitea espero da.

Bizkaia:

Udalerria: Bilbao.

Etxebizitza kopurua eta araubidea: 111 BOE alokairuan.

Eremua eta lurzatiak: Zorrotzaurre AI1 UE1, RZ-16 lurzatia.

Salmenta-araubidea: jabetza osoa.

Sustapenari elkartzen zaizkion onurak:

– Ordainsarietarako eta laguntza teknikorako dirulaguntza: 666.000 euro.

– Errentamendurako pizgarriak: 3.885.000 euro.

Gehieneko salmenta-prezioa:

– Etxebizitza (7.124,00 m2u); lehen 45 m2-ak, 2.288,90 euro/m2u-ko; hurrengo 15 m2-ak, 60 m2-ra arte, 2.174,46 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 75 m2-ra arte, 1.907,42 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 90 m2-ra arte, 1.525,94 euro/m2u.

– Eranskinak (3.108,00 m2u): 762,97 euro/m2u.

– Garaje libreak (1.540,00 m2u):

– Lokalak (460,00 m2u):

Sailaren kontura, Visesak Udalari egindako lagapenak: E/A.

Lurzoruaren erabilgarritasunaren aurreikuspena: Visesaren jabetza.

Udalerria: Muskiz.

Etxebizitza kopurua eta araubidea: 75 BOE alokairuan.

Eremua eta lurzatiak: San Juan PCRL1.

Salmenta-araubidea: Azalera-eskubidea.

Sustapenari elkartzen zaizkion onurak:

– Ordainsarietarako eta laguntza teknikorako dirulaguntza: 450.000 euro.

– Errentamendurako pizgarriak: 2.625.000 euro.

– Lagapenengatik kalte-ordaina: 164.747,34 euro.

Gehieneko salmenta-prezioa:

– Etxebizitza (5.050,00 m2u); lehen 45 m2-ak, 1.976,97 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 60 m2-ra arte, 1.878,12 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 75 m2-ra arte, 1.647,47 euro/m2u; hurrengo 15 m2-ak, 90 m2-ra arte, 1.317,98 euro/m2u.

– Eranskinak (1.950,00 m2u): 658,99 euro/m2u.

– Garaje libreak (880,00 m2u):

– Lokalak (250,00 m2u):

Visesak Udalari laga behar dizkionak Sailaren kontura: Udal gizarte-jardueretarako eraikitako lokalak Udalari lagatzeko aukera jasotzen da.

Lurzoruaren erabilgarritasunaren aurreikuspena: Sailak eta Udalak 2012an sinatu zuten hitzarmena. Eusko Jaurlaritzaren jabetzako lurzorua. Azalera-eskubidea Visesari 2025ean eskualdatzea espero da.

Oharra: zenbatetsitako azalera erabilgarriak. Bai etxebizitzen azalera bai haien kopurua behin betiko zehaztuko dira dagozkien babes ofizialeko etxebizitzen izendapena egiterakoan.

B) Ez dira aintzat hartuko Visesak sustapen bakoitzerako beren-beregi bere gain hartu dituen betebeharrak, ez eta kostu ekonomiko handiagoa dakartenak ere.

C) Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak baldintza hauek egiaztatzen ditu Programa-kontratu honetan jasotako sustapenetan lagako diren lurzoruei dagokienez:

1.– Geologikoki egokiak ote diren bertan eraikin berriak eraiki ahal izateko.

2.– Ez dezatela zortasunik, kargarik, zergarik, edo errentamendurik izan, ez eta beste okupatzailerik ere.

3.– Legez beharrezkoak diren baldintzak bete ditzatela eraikuntzarako baliagarri izateko; batez ere, indarrean dagoen legeriaren arabera, garbiketa- eta lehengoratze-operazioak egin behar izatea ekar dezaketen substantzia kutsatzailerik ez egotea lurzoruetan.

Lurzoruaren izaera horiei buruzko edozein ez-betetze egiaztatzeak ekarriko luke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere gain hartu behar izatea gorabehera horien ondorioz Visesak jasan ditzakeen kalte guztiak.

Oharra: deskontaminazioaren kalte-ordainetarako, urbanizatze orokorra egiteko edo VISESAk Sailaren kontura edo haren mandatupean egin ditzakeen lanetarako esleitzen diren diru kopuruak behin-behinekoak dira eta kasuan kasuko azken kitapenean ebazten denaren mende izango dira. Une hori iristen denean, kopuruen erregularizazioa egikarituko da eta kausitzen diren desbideratzeak kobratu nahiz ordaindu egingo dira.

Hirugarrena.– Salmenta-prezioak.

Salmenta-prezioen gehieneko muga hauxe izango da: programa-kontratu honen xede diren etxebizitzak eta eranskinak salerosteko unean Ingurumen, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak indarrean duen Aginduan babes publikoko etxebizitzetarako zehaztutako gehieneko prezioak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren (gaur egun, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua) 2022ko ekainaren 30eko Aginduaren, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzkoaren, 3.2.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baldin eta etxebizitzak kanpoko tokia badauka, horrela lortutako gehieneko prezioak % 2 handituko dira gizarte-etxebizitzetan, % 1,5 babes ofizialeko etxebizitzetan eta % 1 etxebizitza tasatuetan. Gehikuntza hori diru-sarreren estimazioetan egin da, programa-kontratu honetan erantsitako sustapenetan aplikagarria izan denean.

Laugarrena.– Kalitate-irizpideak.

Kalitate-irizpide hauek bete beharko dira, nahitaez:

Alokatzera bideratuko diren Araubide Bereziko Babes Ofizialeko etxebizitzek zein Araubide Orokorreko BOEk muntatuta izan beharko dituzte sukaldeak (goiko eta beheko armairuak, sukaldegainekoa, harraska, sukaldea, labea, garbigailua eta hozkailua).

Azalera-eskubideko araubidez eskualdatzeko sustapenetan eta eraikinaren iraupena bermatze aldera, Visesak ezarriko du Jabeen Erkidegoaren Estatutuetan eratze-aurreikuspen hauek eratzea:

1.– Urteroko aurrekontua egiterakoan, eraikina behar bezala kontserbatu ahal izateko funts bat zuzkituko da mantentze-lanetarako; funtsaren zenbatekoa ezingo da izan kasuan kasuko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioan ezarritako babes ofizialeko etxebizitzaren prezioaren milako bat baino txikiagoa.

2.– Azalera-eskubidearen emakida egin eta 40 urte betetzen direnetik aurrera, urtero inbertituko den kopurua ezingo da izan kasuan kasuko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioan ezarritako babes ofizialeko etxebizitzaren prezioaren ehuneko 0,5 baino txikiagoa.

– Egiturazko eta eraikuntzazko osagaien sendotasunari eta segurtasunari buruzkoak.

– Euriteei eta hezetasunari aurre egiteko iragazgaiztasunari buruzkoak.

– Instalazioen egoera onari buruzkoak.

– Suteen aurkako segurtasunari buruzkoak.

Bosgarrena.– Baldintza ekonomikoak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak (gaur egun, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua) alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruz 2021eko abenduaren 7an emandako Aginduaren 14. artikuluan garatzen dira babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 42. artikuluan ezarritako laguntzak, finantzaketa kualifikatua eta laguntza ekonomikoak.

Horrela, diruz lagunduko diren kontzeptuak, alokairu babestura bideratutako etxebizitza-parkeari dagokionez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak emango ditu, bat etorrita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak (gaur egun, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua) alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruz 2021eko abenduaren 7an emandako Aginduan ezarritakoarekin:

1.– Errentamendura bideratutako babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntza teknikorako eta urbanizatzearekin zerikusia duten kostuetarako:

Dirulaguntza hori izan daiteke laguntza teknikoaren guztizko kostuaren % 100: eraikuntzaproiektuaren eta urbanizazio-proiektuaren idazketak eta obra zuzentzeak eta ikuskatzeak sortutako kostuak.

Era berean, urbanizazio-kostuen % 100era iritsi daiteke laguntza, BEZa eta gainerako zergak kanpoan direla.

Kontzeptu biak batuta, etxebizitza bakoitzeko sei mila (6.000) euroko gehieneko mugarekin.

Birgaitze integratuko eremuetan, eremu degradatuetan, landa-eremuetan, despopulatzen ari diren landa-eremuetan eta lehentasunezko jarduketa-eremuak suspertzeko eskualdeetako plan estrategikoetan sartutako esparruetan, bederatzi mila (9.000) eurorainoko laguntza emango da etxebizitza bakoitzeko, gehienez ere.

Programa-kontratuaren apartatu honetan barne hartuta dago, orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hartutako konpromisoei jarraikiz (gaur egun, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila), sailak eta Visesak zuzenean sustatutako 60.000 euroko diru-partida, 2005eko martxoaren 23an Visesarekin sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez, eraikuntza-lanen alorrean lan-baldintza hoberenak sorrarazten lagunduko zuten irizpideak eta jarduketak lantzeko; partida hori 2024ko ekitaldi honetako obretan Lan Arriskuen zaintza-gaiez arduratuko direnen lan-kostuei aurre egitera bideratuko da.

Zenbateko hori ordainduko da jasandako kostuari dagokion ziurtagiria aurkeztu ondoren, eta une horretan egikarituko da haren erregularizazioa.

2.– Babes publikoko etxebizitzak sustatzea, ondoren hirugarren bati besterentzeko, eta hark etxebizitzak errentamendu babestura bideratzea gutxienez 75 urterako:

Araubide orokorreko babes publikoko etxebizitza bakoitzeko hogeita hamabost mila (35.000) euroko zuzeneko laguntza emango da, araubide orokorreko babes publikoko etxebizitzen errentekin.

Berrogeita hamabost mila (55.000) euroko zuzeneko laguntza emango da araubide bereziko edo sozialeko babes sozialeko etxebizitza bakoitzeko, araubide bereziko edo sozialeko babes sozialeko etxebizitzen errentekin.

Kontzeptuetako bakoitzari dagozkion dirulaguntzak erabili ahalko dira beste zerbaitetarako, baldin eta justifikatzen bada hasiera batean aurreikusitakoa baino gastu handiagoa egin dela. Horregatik beragatik, zilegi izango da Hitzarmen honetan aintzat hartzen diren sustapen desberdinen artean dirulaguntzak eskualdatzea Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariaren baimenarekin.

Ohar gehigarria: Klausula honen baitan ematen diren laguntzak mantendu egingo dira, hargatik kalterik egin gabe hasiera batean sustatutako etxebizitzen erabilera edo tipologia aldaraz dezaketen geroztiko akordioei edo itun-kideetako bakoitzak tokiko erakunde edo udalekin hartu ahalko dituen konpromisoei; esaterako, lagatzeak eta ostatu emateak, sustapen bakoitzerako hitzartutako baldintzen aldaketa erakartzen dutenak.

Seigarrena.– Kontratu-programaren garapena eta jarraipena.

A) Kontratu-programa hau sinatzeak ahalmena ematen dio VISESA sozietate publikoari izapideak abiarazteko eta behar diren baimenak eskatzeko: esaterako, babes ofizialeko etxebizitzen behinbehineko kalifikazio-zedula, udal-baimenak, proiektuak eta laguntza teknikoa kontratatzea, obrak egikaritzea eta abar.

Gero, gehituko dira Programa Kontratuaren Eranskin modura azalera-eskubidea eratzeko edo kostu-bidez lurzorua zuzenean besterentzeko aginduak, Baldintza Tekniko eta Juridikoen Pleguekin batera, Programa Kontratu honetan aintzat hartzen diren Babes Ofizialeko Etxebizitzen sustapen bakoitzerako, eta baimen horiek askietsiko dira Lurralde Ordezkaritzen aurrean ziurtatzeko betetzen dela Babes Ofizialeko Etxebizitzen Erregelamenduaren 79. artikuluaren e) apartatuan xedatzen dena, Behin-behineko Kalifikazio Zedula erdiesteari dagokionerako.

A.1.– Sustapenak egikaritzeko erabiliko dira lursailak, ondoren haiek pertsona fisiko zein juridikoei besterentzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren Agindu bidez geroago zehaztuko den prozedura erabiliz.

Azalera-eskubidearen lagapenak 75 urteko iraupena izango du, eta, hori amaitzean, eraikitakoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondarean sartuko da, salbu eta onuradunek lurzoruaren jabetza eskuratzen badute zuzenbidean baliozkoak diren bideetako edozein erabiliz; kasu horretan, automatikoki iraungiko da baimendutako azalera-eskubidea.

Eratuko den azalera-eskubideak kostua duenez, eskritura publikoa egiten den egunean Visesak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari sei mila eta hamar euro eta hamabi zentimo (6.010,12 euro) eta dagokion BEZa ordainduko dizkio (azalera-eskubideen eraketaren zerga-oinarria, BEZa kalkulatzeari begira, lagatako lur urbanizatuaren kostuaren zati proportzionala izango da, lagatako urbanizazioaren amortizazioa barne hartuta, hala badagokio. Zati proportzional hori % 70ean zehazten da).

A.2.– Lurzoruaren eskualdatzearen ondorio- eta prezio-balioaren mugapenei dagokienez, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak 7. artikuluan agintzen duenari men egingo zaio:

«1.– Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenetara zuzendutako lurzoruen balioa arlo honetan aplika daitekeen legediak ezartzen dituen lurzorua baloratzeko erregelak aplikatzearen ondoriozkoa izango da. Horrenbestez, berdin banatzeko prozesuetan, sustatu beharreko produktu higiezinen errentagarritasunak haztatuz kalkulatuko da babes ofizialeko etxebizitzarako lurzoru urbanizatuaren oihartzun-balioa. Nolanahi ere, babes ofizialeko etxebizitzaren lurzoru urbanizatuaren oihartzunbalioak ez ditu inolaz ere muga hauek gaindituko:

a) Etxebizitzen eta, araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, gainerako eraikinen gehieneko prezioaren % 15.

b) Etxebizitzen eta, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, gainerako eraikinen gehieneko prezioaren % 20.

c) Prezio horren % 25, erregulazio autonomikoko erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak direnean.

Etxebizitzarekin lotuta ez dauden lokalen eta eranskinen gehieneko prezioa kalkulatzeko, merkatuko prezioak erabiliko dira.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, urbanizazioaren gastutzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147. artikuluan xedatutakoak.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzaren sustapenera zuzendutako lurzoru, orube, partzela eta jada urbanizatutako hirigintza-eraikigarritasunen kostu bidezko eskualdatzearen gehieneko prezioak ezin izango ditu artikulu honen lehenengo paragrafoan gehienekotzat jotako ehunekoen mugak gainditu. Kostu bidezko eskualdatzean muga hauek gainditzea arrazoi nahikoa izango da kalifikazioa ukatzeko».

Prezioaren ordainketari dagokionez, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak 94. artikuluan xedatutakoari men egingo zaio. Aipatu artikuluan xedatutakoa betez, Visesak ordainduko du prezio hori kontratu-programaren xede diren etxebizitzak eskrituratan ipini ondoren.

B) Visesa sozietate publikoak sei hilean behin helaraziko dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariari informazio xehatua sustapenen abiamenari eta bilakabideari buruz (esleipenak, obren egikaritzapenaren zenbatekoak, epeen betearazpena eta abar), eta urteroko bilera bidez adostuko dira Programa Kontratu honen jarraipenerako eta betearazpenerako egokiak diren ekinbideak.

Horretarako, alde biek, ados ipinita, Batzorde Misto bat eratuko dute, eta haren egitekoa izango da Programa Kontratu honen baitako jarduketen programazioa, jarraipena eta azterketa egitea. Batzordea osatuko dute VISESAko zuzendari nagusiak eta Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak, edo haiek eskuordetzen dituztenek. Urtero Kontratu-Programaren barnean gauzatzen diren jardueren memoria bat idatziko da, eta hurrengo ekitaldirako jarduketa-proposamen bat.

Zazpigarrena.– Kontratua eguneratzeko eta sustapenak gehitzeko prozedura.

Programa Kontratua egikaritzeko eta kudeatzeko dokumentu honetan adostu litezkeen aldaketak, eta erants lekizkiokeen sustapen eta kudeaketa-ildo berriak, dokumentu honen eranskin modura formalizatuko dira, eta kontratu-konpromisoen eguneratzea eta haien ordaintza ekonomikoa aintzat hartuko dituzte.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzak eta maileguak.

A) Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egingo duen dirulaguntzen ordainketak honela banatuko dira:

(Ikus .PDF)

B) Alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzko 2021eko abenduaren 7ko Aginduaren 11. artikuluaren arabera eman beharreko hipotekamaileguek edo deskontu-lerroek, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan izapidetu ondoren, etxebizitzen eta eranskinen salmentarako gehieneko preziorako gehieneko zenbateko bat izango dute, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak erregulatzen dituen araudiaren arabera, behin agindu horren arabera lortutako dirulaguntzen zenbatekoa deskontatu ondoren.

C) Maileguen baldintzak:

Mailegu kualifikatuaren interes-tasa: kreditu-entitateekiko Lankidetza Finantzarioko Hitzarmenean indarrean dena hura onesten den unean.

Amortizazio-epea: 20 urte, 4 urte gehiagoko aukerako gabealdia barne, gutxienez 20 urteko errentamendurako sustapen-eragiketetan. Gutxieneko errentamendu-epea 50 urtekoa denean, amortizazio-epea 33 urtera artekoa izango da, 8 urteko aukerako gabealdiarekin, aipatutako epearen barruan.

Bermeak: mailegua hipoteka bidez bermatu ahalko da eta, behar izanez gero, kreditu-entitateek mailegu-hartzaileari eska diezazkioketen bermeekin.

Erabilgarritasuna: emandako maileguaren % 100erainokoa, inbertsioaren garapenaren eta obren egikaritzapenaren arabera.

Bankuko deskontu-lerroaren muga-eguna: 4 edo 8 urtekoa izango da formalizatzen denetik, etxebizitzak bideratuta dauden gutxieneko errentamendu-epearen arabera.

Interes-tasaren subsidiazioa:

1.– Etxebizitza sozialak sustatzen direnean ondoren errentamendu babesturako besterentzeko, araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen errentarekin, subsidiatutako interes-tasa urteko efektiboaren % 0 izango da mailegu kualifikatuaren bizialdi osoan, eta subsidioak 20 urteko iraupena izango du gehienez ere.

2.– Etxebizitzak sustatzen direnean araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen errentekin 20 urtez gutxienez errentamendura bideratzeko, subsidiatutako interes-tasa % 1eko urteko tasa efektiboa izango da (% 0,99ko tasa nominala, hileroko muga-egunekin) mailegu kualifikatuaren bizialdi osoan, eta subsidioak 20 urteko iraupena izango du gehienez ere.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta berritzea.

2024ko Programa Kontratu honek sinatzen denetik 2028ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Aurreko epea amaituta, haren xedea guztiz bete ezean, programa-kontratuaren indarraldian hasitako jarduketa jakin batzuk luzatu ahal izango dira harik eta bukatzen diren arte, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

VISESAko zuzendari nagusia,

CARLOS QUINDÓS FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala