Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2024ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5578

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 19koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinen bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2024ko ekainaren 5eko Aginduan iragarritako dirulaguntzak. Agindu horren bidez, itunpeko ikastetxe pribatuetan makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko dirulaguntzen deialdia egiten da (1. eremua).

2024ko ekainaren 17an argitara eman zen Hezkuntzako sailburuaren agindu bat, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi bat iragartzen baita makineria edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzeko, bi jarduketa-eremuren arabera:

– 1. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-zikloak emateko beharrezko duten makineria edo ekipamendua eguneratzeko, II. kapituluan adierazitakoaren arabera.

– 2. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 eta 5.0 ingurunearen erronkei erantzungo dieten eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko, III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa bi milioi berrehun eta hamazazpi mila laurehun eta laurogeita zazpi eurokoa da (2.217.487 euro).

1. eremuari dagokionez, 21.4 artikuluak ezartzen du azkenean ematen den zenbatekoa ezingo dela izan diruz lagungarritzat onartutako inbertsioaren % 100 baino handiagoa. Irizpide horiek aplikatuta ateratako kopurua diruz lagungarritzat onartutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua hainbanatuta banatuko da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera horretan ez dauden eskabideen artean, eta irizpide guztiak aplikatu eta gero lortutako azken emaitzaren arabera. Bada, banaketa-irizpide guztiak aplikatu ondoren, hainbat eskabideren kopurua handiagoa izan da diruz laguntzeko moduko zenbateko osoa baino; beraz, soberakina adierazitako moduan banatu da.

Bestalde, aginduaren 27.3 artikuluak ezartzen duenez, 2. eremuan onuradun bakoitzeko eman beharreko zenbatekoa ez da 18.000 eurotik beherakoa izango, ez eta 150.000 eurotik gorakoa ere. Eskabideak baloratu eta 2. eremurako zenbatekoak esleitu ondoren, 21.365,39 euroko soberakina geratu da. Aginduaren 3.3 artikulua aplikatuz, 1. eremuari esleitutako zenbatekoari aipatutako zenbatekoa gehitu zaio.

2024ko ekainaren 5eko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta jarduera guztietan dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ezarritako prozedura, oinarri arautzaileetan nahiz indarreko araudian ezarritakoa, bete ondoren, Balorazio Batzordeak ebaluatu zituen aurkeztutako eskabideak. Batzorde horrek, 8. artikuluaren arabera horretarako izendatuta, behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi zitzaien onuradunei 2024ko irailaren 9an. Era berean, 10 eguneko epea eman zitzaien, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkezteko.

Jakinarazpena egin eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, honako erakunde hauek aurkeztu dizkiote alegazioak 1. eremuko behin-behineko ebazpenari:

– Centro de Formación de Profesional Arce, S.L.

– Politeknika Ikastegia Txorierri, S.Coop.

– Zabalburu Ikastetxea, S.Coop.

– Centro de formación de Administración y Hostelería, S.L. (CDEA).

– Cebanc, S.A.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena onartu zuen, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egilea den aldetik, Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, 2024ko urriaren 7ko aktan jasota dagoen bezala.

Proposamena Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi ondoren, eta aginduaren 9. artikuluan xedatzen den bezala, sailburuordeari berari dagokio aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena ematea eta entitate interesdunei jakinaraztea.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2024ko ekainaren 5eko Aginduaren 22. artikuluan ezarritako irizpideen eta 21.4 artikuluan ezarritako mugaren arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea I. eranskinean zerrendatzen diren entitate onuradunei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera. Dirulaguntza horien hartzaileak dira aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuak, eta helburutzat dute heziketa-zikloak emateko beharrezko den makineria edo ekipamendua eguneratzea (1. eremua).

2. artikulua.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, jakinarazpen-ondorioak eduki ditzan, bai eta herritar oro jakitun egon dadin ere. Ebazpenean, onuradunen zerrenda, dagokien ikastetxea, lortutako puntuazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko dira. Dirulaguntzen onuradunek 10 eguneko epea izango dute jasotako dirulaguntza onartzeko, eta, hala egiten ez badute, eskabideari uko egiten diotela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2024ko ekainaren 5eko Aginduan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 19a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JON MIRENA LABAKA INTXAUSPE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala