237. zk., 2024ko abenduaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (98 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5574
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 28koa, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko presidentearena, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko kide bakarreko organoak eta horien eskumenak zehaztekoa.
Zergei buruko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 231. artikuluak auzitegi ekonomiko-administratiboen funtzionamendua arautzen du, osoko bilkuretan, saletan eta kide bakarreko eran, eta adierazten du kide bakarreko eran jardun ahal izango dutela presidentearen, salako presidenteen, edozein bokalen eta idazkariaren bitartez. Era berean, erregelamendu-garapenera bideratzen ditu Legean bertan arautzen ez diren auzitegien osaerari, antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko gaiak.
Halaber, lege horren 236.6, 239.4, 238.2 eta 245.2 artikuluek ezartzen dute ezen, arazo intzidentalak ebazteko, onartezintasuna deklaratzeko, jarduketak artxibatzeko eta laburtuta izapidetzen diren prozedurak ebazteko, auzitegiak kide bakarreko eran jardun ahal izango duela.
Bestalde, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra garatzen duen Erregelamendu Orokorra onartzen duen maiatzaren 13ko 520/2005 Errege Dekretuaren 32. artikuluak xedatzen duenez, administrazio-bideko berrikuspenaren arloan, estatuko auzitegi ekonomiko-administratiboei dagokienez, kide bakarreko organotzat hartuko dira presidentea, bokalak eta idazkaria, berrikuspen-errekurtso berezia onartezintzat deklaratzeko, arazo intzidentalei buruzko edo onartezintasuna deklaratzeko ebazpen bat emateko eta jarduketak artxibatzeko erabakia emateko, prozedura orokorrean zein laburtuan.
Azkenik, 64. artikuluak xedatzen du erreklamazio ekonomiko-administratiboak prozedura laburtuaren bidez izapidetuko direla 6.000 eurotik beherakoak direnean, edo 72.000 eurotik beherakoak, oinarrien edo balorazioen aurkako erreklamazioak badira.
Ondorioz, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboak izapidetutako espedienteen kopurua eta metaketa direla eta, horien ebazpena arintzeko neurriak hartu behar dira. Neurri horietako bat epaitegiaren antolamenduari berari buruzkoa da, aipatutako araudiaren arabera espedienteak ebazteko kide bakarreko organoak eratuz.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboa kide bakarreko organo hauek osatzen dute: presidentea, idazkaria eta bokalak.
Bigarrena.– Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboko presidentearen eskumena izango da 300 eurotik gorako eta 6.000 eurotik beherako erreklamazioak ebaztea.
Hirugarrena.– Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboko idazkariaren eta bokalen eskumena izango da:
– 300 euroko edo hortik beherako erreklamazioak ebaztea.
– Arazo intzidentalak erabakitzea.
– Erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta berrikuspen-errekurtso berezia onartezintzat deklaratzea.
– Jarduketak artxibatzea ebaztea.
Laugarrena.– Kide bakarreko organoek hartutako ebazpenen berri emango da Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren hurrengo bilkuran.
Bosgarrena.– Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren Osoko Bilkurak edozein unetan eskatu ahal izango du kide bakarreko organoei esleitutako gaiez arduratzea. Halaber, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren presidenteak Osoko Bilkurari eman ahal izango dio gai jakin baten ardura.
Seigarrena.– Ebazpen honek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, eta egun horretatik aurrera ebazten diren espediente guztiei aplikatuko zaie.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 28a.
Euskadiko Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko presidentea,
IÑAKI ALONSO ARCE.