Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2024ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
5560

AGINDUA, 2024ko azaroaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedura arautzen duena.

Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizun bat ere bai. Era berean, irakasleen prestakuntza eredu pedagogikoen etengabeko hobekuntzaren oinarri izan behar duen printzipioetako bat ere bada, euskal hezkuntza sistema osoak bikaintasunerantz aurrera egin dezan, ekitatez eta kalitatez.

Bikaintasunerako bide horretan, hezkuntza-sistema egokitu egin behar da iraultza digitalak sortzen dituen premietara eta aukeretara, hala trebetasunak garatzeko, nola ikertzeko eta ezagutza sortzeko. Ziurtatu ahal izateko hezkuntza-sistema aro digitalera arrakastaz egokituko dela, hezkuntza sistemak rol aktiboa bete behar du iraultza digitalean, irakasleei zein ikasleei trebetasun digital egokiak emanez.

Eta egoera horretan, irakasleen konpetentzia digitala areagotuta soilik bermatu daiteke ikasleen konpetentzia digitala garatuko dela eta ikaskuntzan konpetentzia digitalak erabiliko direla.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak (2022-2024) esparru berri bat bultzatu nahi du, berrikuntza pedagogikorako palanka izanik, trebetasun digitalen garapenerako oinarriak indartuko dituena, teknologien integrazio eraginkorraren eta erabilera optimoaren bidez. Horrenbestez, plan horrek lagundu behar du teknologia berriak normaltasunez erabiltzen irakasleen irakaskuntza-jardunean, komunikazioa, parte-hartzea eta ikaskuntza erraztuko duten metodologien bidez. Hori lortzeko, planak ekintza-mugarri garrantzitsu gisa jasotzen ditu: alde batetik, «Irakasleen konpetentzia digitala aitortzeko eredua diseinatzea», prestakuntza-ibilbideei lotutako ziurtapen- eta egiaztatze-mekanismoak definituz, eta, bestetik, «Irakasle-eginkizunean sartu berri diren prozeduretan irakasle-jardunerako beharrezkoa den konpetentzia-maila bermatzea», bi ekintzaren bidez: lehiaketa publikoetan konpetentzia digitala ebaluatzeko mekanismoak diseinatuz eta praktiketako funtzionarioaren ebaluazioan irakasle-konpetentzia ebaluatzea txertatuz.

Maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 Dekretuek, hurrenez hurren Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculuma ezartzeari eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzkoak, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak txertatzea agintzen dute, hezkuntza-etapa bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokituta.

Ikaskuntzaren ingurune pertsonala digitalizatzea kontzeptua txertatzen da: hau da, ikasle bakoitzak bere ingurune analogiko eta digitaletan, ikaskuntza-beharren arabera, erabiltzen dituen informazio-iturrien, tresnen, konexioen eta jardueren multzoa litzateke; horrek guztiak, lanak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguruan egiteko aukera emango dio. Konpetentzia horren bidez, ikasleak prestatu nahi dira gailuak erabiltzetik eta sarean informazioa bilatzetik haratago doan ingurune digital batean molda daitezen. Konpetentzia digitala garatuta, beste hauek ere egin ahal izango dira: teknologiari ematen zaion erabilera ulertu eta balioetsi genero-estereotipoetatik at; lanean produktibitatea eta efizientzia handitu; informazioa interpretatzeko, antolatzeko eta aztertzeko trebetasunak garatu; edukia sortu; bitarteko informatikoen bidez komunikatu, eta modu kooperatiboan lan egin. Era berean, konpetentzia horrek ingurune digitala modu kritiko eta seguruan erabiltzeko estrategiak ezagutzea dakar, arriskuez jabetzea, arriskuak nola saihestu edo gutxitu ikastea, beharrezkoa denean laguntza eskatzea eta izan daitezkeen arazo teknologikoak ahalik eta modu autonomoenean konpontzea.

Ikastetxeen eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen digitalizazio etiko eta arduratsua garatzeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak ezartzen duen bezala, hezkuntza-komunitate osoa digitalki ahalduntzea dakar.

Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 31. artikuluan hau ezartzen du irakasleen prestakuntzari buruz: lanbide-heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango da irakasleak prestatzea, ikasgeletan lantzeko ikaskuntza metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten, bai eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten ere, irakasle horiek ingurune konplexuetan aritzeko konpetentziak areagotzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak irakasleak prestatzeko programak ezarriko ditu, eta teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuteko ekintzak sustatuko ditu.

Alde horretatik, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, bederatzigarren xedapen gehigarrian («Lanbide Heziketako digitalizazioko eta adimen artifizialeko konpetentzia-plana»), jasotzen du lanbide-heziketako irakasle eta hezitzaile guztiek irakasleen konpetentzia digitalaren aitorpena lortzea sustatuko duela, Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparruan.

Gainera, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua oinarri hartuta, ikastetxeek berrikuntza teknologikoaren, eraldaketa digitalaren, murgiltze-teknologiaren eta ikaskuntza-metodologia aurreratuen arloko prestakuntza-prozesuei ekin beharko diete, administrazio eskudunek eta ikastetxeek beraiek bultzatuta, testuinguru berritzaile bat sor dadin.

Irakasleen egiaztagiri digitala Europako Kontseiluak 2020an onartutako Next Generation EU tresna finantzarioaren barruan kokatzen da, zeinaren bidez ordaintzen baita pandemiaren ondorioei aurre egiteko diseinatutako suspertze-plana, «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa» izenekoa (SEM). Hezkuntzaren arloan, plan horren helburua da, besteak beste, hezkuntza eta ezagutza, prestakuntza jarraitua eta gaitasun digitalen garapena modu eraginkorrean sustatzen lagunduko duten ekintzen multzoa inplementatzea.

Orobat, Ebaluazioko eta Lurralde Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakia argitaratu zen, Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparrua eguneratzen duena.

Era berean, Ebaluazioko eta Lurralde Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko uztailaren 1eko Ebazpenak, «Irakasleen konpetentzia digitala ziurtatu, egiaztatu eta aitortzeari buruzko Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakia» argitaratzen du, eta seigarren puntuan ezartzen, hezkuntza-administrazioetako unitateek izango dutela, beren eskumenen esparruan, irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko araudia onartzeko ardura, ebazpena BOEn argitaratzen denetik urtebeteko epean. Manu horren arabera, Hezkuntzako sailburuak emandako agindu honek, Hezkuntzako sailburua baita arau-garapena egitea dagokion hezkuntza-administrazioa, irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedura arautzen du.

Azkenik, adierazi behar da agindu hau bat datorrela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotzen den erregulazio onaren printzipioekin: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Lege horrek interes orokorra bilatzen du, egonkortasuna eta jarraitutasuna ematen baitio irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedurari, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakian jasotako baldintzetan (2022ko uztailaren 12ko BOE), eta zorrotz betetzen baitu aipatutako legearen 129. artikuluan ezarritako agindua. Gainera, eskubideak gutxiago murrizten dituen beste aukera arautzailerik ez dagoenez, ordenamendu juridikoarekiko koherentziari eusten dio eta baliabide publikoak eraginkorrago kudeatzea ahalbidetzen du.

Azaldutakoagatik, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta eman zaizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedura arautzea, bat etorriz hezkuntza-administrazioek Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakian adostutako oinarrizko printzipio erkideekin (Irakasleen konpetentzia digitala ziurtatzeari, egiaztatzeari eta aitortzeari buruzko erabakia, 2022ko uztailaren 1eko Ebazpenean jasoa eta 2022ko uztailaren 12ko BOEn argitaratua).

2.– Arau honen aplikazio-eremu subjektiboa honako hau da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako irakasleak, zerbitzu aktiboan edo enplegatu publikoaren legerian edo lan-araubidean haien baliokideetan jasotako gainerako administrazio-egoeretan daudenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrendetan dauden pertsonak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonak, baldin eta aurreko bi kasuetako batean ere ez badaude eta Euskal Autonomia Erkidego honetan hezkuntza-sistemako irakaskuntzak emateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2. artikulua.– Egiaztatze-prozeduren hasiera.

I. eranskinean jasotako egiaztatze-prozedurak honela hasi eta ebatziko dira:

a) Ofizioz, irakasleen prestakuntzaren arloan eskumena duen organoaren titularrak emandako ebazpenaren bidez.

b) Irakasleen prestakuntzaren arloan eskumena duen organoaren titularrak egindako deialdi publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, eta haren oinarrien arabera.

3. artikulua.– Ofizioz egiaztatzea.

1.– Irakasleen prestakuntzaren arloan eskumena duen organoak ofizioz egiaztatu ahal izango du irakaskuntzako konpetentzia digitala, xede horretarako aitortutako prestakuntza-jarduera gainditu dutenei.

2.– Organo horrek, behin-behineko ebazpen baten bidez, dagokion maila egiaztatu dutenen zerrenda onartuko du. Ebazpen horretan, xede horretarako onartutako prestakuntza-jarduerak zehaztuko dira. Irakasleek hamar egun baliodun izango dituzte, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko. Alegazio horiek onartutzat edo ukatutzat joko dira behin betiko ebazpenaren bidez, eta behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman duen organoaren goragokoari.

4. artikulua.– Deialdi publiko bidez egiaztatzea.

1.– Aldian-aldian, EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntzako eskumena duen organoak irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozeduretarako deialdia egingo du. Deialdi horietan, kasu bakoitzean, deialdi honen xede diren egiaztapen-prozedura edo -prozedurak, I. eranskinean aurreikusitakoen artean:

a) prestakuntza ziurtatzea.

b) berariazko proba gainditzea.

c) irakasle-lanbiderako gaitzen duten titulu ofizialak.

d) jarduna behatuz egiten den ebaluatzea.

e) C1 edo C2 mailetako adierazleekin bateragarriak diren ebidentziak aztertzeko eta baloratzeko prozesu baten bidez egiaztatzea.

2.– Deialdian, parte hartzeko zer baldintza bete behar diren zehaztuko da, eta, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko dira:

a) Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

b) Aurreikusitako egiaztapen-prozedura edo -prozedurak.

c) Egiaztapen-batzordea nork osatzen duen.

d) Batzorde teknikoen osaera eta eginkizun espezifikoak, halakorik balego, bai eta batzordekideen izendapena ere.

e) Balorazio-irizpideak.

f) Ebazpen-prozedura.

g) Egiaztapenari buruzko emaitzak argitaratzeko prozedura.

3.– Indarrean dagoen Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparrua izango da deialdien egiaztapen-erreferentea, zeina Ebaluazioko eta Lurralde Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez eguneratu baitzen. Ebazpen horren bidez, Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparrua eguneratzeari buruzko Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakia argitaratu zen.

5. artikulua.– Egiaztatze-batzordea.

1.– Agindu honetan aipatzen diren prozeduretan, egiaztatze-batzorde batek gauzatuko ditu prozedura horiek. Batzorde hori EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntzaren arloko eskumena duen organoak izendatuko du prozedura edo deialdi bakoitzerako, eta kide hauek izango ditu:

a) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Irakasleen Etengabeko Ikaskuntzako eta Hobekuntzako Zerbitzuko arduraduna, zeina batzordeburua izango baita.

b) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako zerbitzuburua.

c) Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetako berrikuntza-arduradunak.

d) Unibertsitatez kanpoko hezkuntzarako laguntza-zerbitzuetako digitalizazioaren eta berrikuntza teknopedagogikoaren arloko koordinatzaile bat (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza).

e) Unibertsitatez kanpoko hezkuntzarako laguntza-zerbitzuetako digitalizazioaren eta berrikuntza teknopedagogikoaren arloko koordinatzaile bat (Lanbide Heziketa).

f) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Irakasleen Etengabeko Ikaskuntzako eta Hobekuntzako Zerbitzuko teknikari bat, zeina batzordeko idazkari ere izango baita.

g) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat.

2.– Batzordea osatzerakoan, bi sexuen ordezkaritza orekatua bermatuko da, hau da, ez % 40 baino gutxiago, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Era berean, osaeran, kideek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan konpetentzia nahikoa dutela bermatuko da.

4.– Egiaztatze-batzordeak egiaztapen-prozedura edo -deialdi bakoitzean ad hoc sortutako batzorde teknikoen laguntza jaso dezake. Batzorde tekniko horiek hezkuntzarako laguntza-zerbitzuetako digitalizazioaren eta berrikuntza teknopedagogikoaren arloko aholkulariek osatuko dituzte.

5.– Batzorde bakoitzaren funtzionamendu-araubidea bat etorriko da kide anitzeko organoak arautzen dituen urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean ezarritakoarekin.

6.– Egiaztatze-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

6.1.– Ofiziozko prozeduran, batzordeak prozedura gainbegiratuko du eta egiaztatu beharreko pertsonen zerrenda igorriko dio Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleen etengabeko prestakuntzaren arloan eskumena duen organoari.

6.2.– Egiaztatze-prozeduran, zeina deialdi publiko bidez egingo baita, eginkizun hauek izango ditu batzordeak:

a) eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa edo merezimenduak baloratzea, deialdietan ezarritako irizpideen arabera.

b) behar izanez gero, eskabideetan alegatutako merezimenduak egiaztatzeko balioko duen dokumentazioa eskatzea.

c) egiaztatutako eta egiaztatu gabeko eskatzaileen behin-behineko zerrendak egitea.

d) behin-behineko zerrenden eta batzordearen beraren egintzen aurka aurkeztutako erreklamazioak aztertzea.

e) baloratutako eskabideen behin betiko zerrenda egitea, egiaztatu duten ala ez adieraziz.

f) ebazpen-proposamena aurkeztea organo eskudunari.

g) aurkeztutako dokumentazioa eta prozeduran sortzen den guztia administrazio eskudunari ematea, behin prozedura bukatu ostean.

h) egiaztatze-prozedurak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko komeni diren beste guztiak.

6. artikulua.– Egiaztagiria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleen etengabeko prestakuntzaren arloan eskumena duen organoaren titularrak egiaztatze-prozeduretan parte hartu duten pertsonek lortutako irakaskuntzako konpetentzia digitalaren maila egiaztatzen duen agiria emango du.

2.– Egiaztagiria eskuratu duten irakasleek Heziguneko Langileen Atariko eremu pribatuan izango dute agiria eskuragai.

7. artikulua.– Egiaztagiri-eredua.

Irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzen duen dokumentua ofiziala izango da, eta Estatuko lurralde osoan izango du balioa. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egingo da, II. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Gutxienez, alderdi hauei buruzko datuak jasoko ditu:

a) egiaztagiria arautzen duen araudiaren aipamena.

b) irakasleen konpetentzia digitalaren aitorpena eta egiaztatzeko prozedura.

c) egiaztapenaren izena.

d) irakasleen konpetentzia digitalaren maila eta dagokion irakasleen konpetentzia digitalaren esparruaren aipamena (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2).

e) Hezkuntza Sailaren zer zuzendaritzak eman duen.

f) eskatzailearen datuak (izen-abizenak eta NANa)

g) emate-data.

h) egiaztapen-kode segurua (EKS).

i) konpetentzia digitalaren C2 maila egiaztatuz gero, Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparruan (IKDEE) zer arlo egiaztatu den, eta zer konpetentzia edo lorpen-adierazle dagozkion jasoko da.

8. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Irakasleen prestakuntza» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira:

Arduraduna: Hezkuntza Saila.

Helburua: irakasleen egiaztapena.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuetarako irispidea izateko, datu horiek zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea web-orri honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Europako Parlamentuaren eta Batzordearen (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoak babesten dituena datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokienez, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua argitaratu aurretik emandako prestakuntzak ebazpen bidez egiaztatzea.

Ofizioz egiaztatuko zaie irakasleen konpetentzia digitalarekin lotutako edozein mailatako ikastaroetan aprobetxamendu-ziurtagiria lortu duten pertsonei, Hezkuntzako sailburuordearen 2024ko azaroaren 29ko eta Lanbide Heziketako sailburuordearen 2024ko azaroaren 29ko Ebazpenen bidez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Beste hezkuntza-administrazio batzuen egiaztagiriak.

Baliokidetzat hartuko dira, eta, beraz, baliozkotzat onartuko, Estatuko beste hezkuntza-administrazio batzuek irakasleen konpetentzia digitalean emandako egiaztagiriak, baldin eta bat badatoz Ebaluazioko eta Lurralde Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko uztailaren 1eko Ebazpenarekin, zeinaren bidez argitaratzen baita Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren erabakia, irakasleen konpetentzia digitala ziurtatzeari, egiaztatzeari eta aitortzeari buruzkoa.

Egiaztagiria beste autonomia erkidego batean lortu duten pertsonek egiaztagiri hori langileen erregistroan sartzeko eska dezakete.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleak prestatzeko eskumena duen organoari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa aplikatzeko behar diren ebazpenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala