Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2024ko azaroaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5462

AGINDUA, 2024ko azaroaren 19koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2025erako basogintzako produktuak eraldatzeko eta/edo merkaturatzeko inbertsio handietarako laguntzen deialdiaren oinarriak (2025eko Handitu Egurra Programa).

Eusko Jaurlaritzak, Egurraren Sektoreko 2021-2024 aldirako Plan Estrategikoan, enpresa-sektoreari laguntzeko politikak diseinatzeko testuinguru-esparru estrategiko berria zehaztu zuen.

Uste da basogintza-industriak 3.514 pertsona ingururi ematen diela enplegua Euskal Autonomia Erkidegoan; haietatik 2.624 zurgintza-jardueretan aritzen dira zuzenean, eta 890, berriz, lotutako bestelako jardueretan. Lanpostu horiek sortzeaz gain, industria horrek berebiziko garrantzia du landa-garapenean, eta abantaila ugari dakar berekin, hala nola ingurumena hobetzea, aisialdirako guneak, etab.

EAEko egur-industriak bere produktuen kalitate-, sofistikazio- eta eraldaketa-mailarik handienak lortzea du helburu. Ildo horretan, gorabidean dauden askotariko merkatu-segmentuetara iritsi nahi du, bai eta lehendik dauden eskakizun handiko segmentuetara ere. Horretarako, berrikuntza izango du gidari, alderdi guztietan: teknologia, kudeaketa eta antolaketa, produktua, negozio-ereduak eta merkatuekiko harremanak. EAEko egur-industria ekoizpen-gaitasunak balio-katearen fase landuenetan garatzera bideratuta dago. Eta horretarako, elkar hartuta jardun behar dute eragileek eta Administrazioak, eta lankidetza-kultura eta -portaerak landu behar dira.

Egurraren balio-kateak rol estrategiko bat du euskal ekonomian, eta eragin bultzatzailea dute barne-produktu gordinean eta sortutako enpleguan duten pisuagatik. Eta hori lortzen du, halaber, gero eta inbertsio handiagoa egiten delako berrikuntzan, eta horrek areagotze-efektu handia du jarduera ekonomiko globalean, baita lurraldean egituratze-ahalmenena dutelako ere.

Plan Estrategiko berriak laguntza gehiago ematen die enpresei negozioa sortzeko, laguntza-programa batzuen, finantza-tresnen eta beste jardun-ildo batzuen bidez; jarduera ekonomikoa sustatzea eta ekoizpen- eta teknologia-aktibo berrietan inbertsioak sustatzea da horien jomuga, bai eta hazteko gaitasuna duten negozio-ideia berriak garatzen laguntzea ere, enpresako barne-ekintzailetzari eta ekintzaileei lagunduz.

Ildo horretan, gaur egun, badago laguntza-ildo desberdinak dituen laguntza-esparru handi bat, nahiz eta ez dagoen tresna bat enpresen lehiakortasuna bultzatzen duten ekimen bultzatzaile handiei laguntzeko –haiei esker, bada, enpresa-lehiakortasunari lagunduko zaio, eta teknologia berri eraginkorragoak txertatuko dira basogintzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzeko, bai eta ezartzen diren tokiko eta eskualdeko eremuetan ekonomia sortzeko gaitasun handia dutenak ere–.

Sektoreko ekimen estrategikoak, inbertsio handikoak eta eraldatzaileak babestu nahi dira, tokiko eta eskualdeko ekonomiak bultzatu eta eraldatzeko, eta dibertsifikazioa eta negozio-aukera berriak sortzea bultzatzeko, bai eta teknologia-arloko azpiegitura handietako inbertsioa ere.

Hala, agindu honen xedea da basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio handiko proiektuetarako laguntzen deialdia egitea (2025eko HANDITU EGURRA programa), eta, horrela, enpresa-lehiakortasuna hobetzea, Euskadiko zur-katearen baliabideak optimizatzea, enpresa-hazkundeetan jauzi kualitatiboak egiteko laguntza-esparru bat sortzea, eta kalitatezko enplegua sortzea.

Laguntza horiek bateragarriak dira barne-merkatuarekin, bat etorriz nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroetan ezarritakoarekin (2022/C 485/01); laguntzok aldez aurretik jakinarazi zaizkie Europako Batzordeko zerbitzuei, eta C (2023) 5980 azken erabakiaren bidez baimendu dira, 2023ko irailaren 4an hasi eta 2027ko abenduaren 31ra arte.

Agindu honen bidez deitutako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena). Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako eremuaren barruan eta «Planak eta proiektuak» atalean.

Laguntza-deialdi hau eraginkorra izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua egon behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Onartzea, 2025. urterako, basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio handiak bultzatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak (2025eko Handitu Egurra programa). Agindu honen I. eranskinak dakartza oinarriok.

2. artikulua.– Baldintza.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aldez aurretik izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 19a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta izaera.

1.– Agindu honen xedea da basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio handietarako 2025eko ekitaldiko laguntzen deialdia egitea (2025eko Handitu Egurra programa).

2.– Urtekoak edo hainbat urtetarako izan daitezkeen inbertsioen programa batera egokituko dira laguntzak, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.

2. oinarria.– Helburua eta eremua.

1.– Agindu honen 1. oinarrian finkatutako xedea lortzeko, basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio handietarako laguntzak ezarriko dira, hain zuzen basogintzako teknologien alorreko edo eraldatzearekin eta merkaturatzearekin loturiko teknologietan inbertsioak egiteko, baldin eta basogintzako produktuei balio erantsia ematen badiete. Inbertsioak gutxienez 5 milioi eurokoak edo hortik gorakoak izango dira.

2.– Laguntza hauen helburua da Euskadiko zura eraldatzearen sektorea indartzea, lehiakorra izan dadin lortzeko, basogintzako produktuei balio erantsia emango dieten eraldaketarekin eta merkaturatzearekin lotutako teknologien bidez.

3.– Laguntza horiek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen barruan daude (2022/C 485/01), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.

3. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:

1.– Nekazaritza: kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzari, abeltzaintzari eta basoari dagokiena, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren abenduaren 23ko 17/2008 Legeak finkatzen duenari jarraikiz.

2.– Nekazaritza- eta elikagai-enpresak: nekazaritza-ustiategien eta nekazaritza-esparruan (basogintza barne) jarduten duten enpresen multzoa.

3.– Krisialdian dagoen enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 2. artikuluko 14. apartatuan zehaztutako egoeraren batean dagoen enpresa. Erregelamendu horrek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako laguntza-kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4.– Bertako lehengaia: Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten den basogintzako lehengaia.

5.– Inbertsio-proiektua: produktu komertzialak eskuratzeko eta haien produktibitatea eta kalitatea hobetzeko diseinatutako azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta makinen multzoa.

6.– Basogintzako produktuak eraldatzea eta merkaturatzea: Entitate onuradun berak industria-eraldaketaren aurretik egindako eragiketen multzoa, merkaturatze-eragiketak barne.

7.– Industria-eraldaketaren aurreko eragiketak: zuraren mozketa, garraiatzea, azala kentzea, zatikatzea, biltegiratzea, babesteko tratamendua eta lehortzea, bai eta fabriketan zura zerratu aurreko eragiketa guztiak ere; eta, halaber, zerratzea, baldin eta urtean zerratzeko zur-enborkien 20.000 m3-ko ekarpena egiteko gehieneko ahalmena badute.

8.– Enpresa berria: agindu honen aplikazioaren ondorioetarako, enpresa berritzat hartuko da, sortu berria izateaz gain, eskatutako laguntzaren xede den produkzio-zentro berria sortzen duena. Enpresa sortu eta lehenengo bi urteetan mantendu daiteke enpresa berriaren izaera hori.

9.– Inbertsio handia: agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, inbertsio handitzat hartuko da 5.000.000 eurotik gorako inbertsioa.

4. oinarria.– Finantzaketa.

1.– 2025eko eta 2026ko ekitaldietarako 10.700.000 euro erabiliko dira 2025eko Handitu Egurra programaren deialdian aurreikusitako laguntzak finantzatzeko. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

Hala ere, agindu hau eraginkorra izan dadin, kreditu egokia eta nahikoa egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpena emateko unean.

2.– Funtsak honela banatuko dira: 3.200.000,00 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 7.500.000,00 euroak, berriz, 2026rako konpromiso-kredituari.

3.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero –hasiera batean aurreikusitakoaren % 30era izan ahalko da, gehienez ere–, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bitartez emango da horren berri.

5. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Pertsona fisiko eta juridiko pribatuak izan daitezke laguntza hauen onuradun, baldin eta agindu honetan aurreikusitako diruz laguntzeko moduko jardueraren batean badihardute eta hautagarritasun-baldintzak eta aginduan xedatutako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateak, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 4.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Onuraduna izateko, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako baldintzak eta apartatu honetan jasotako betekizunak bete behar dira:

a) Inbertsioek 5 milioi eurokoak edo gehiagokoak izatea, eta agindu honetako 2. oinarriaren xedeari lotuta egotea.

b) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

c) Enpresak bideragarriak izatea ikuspegi ekonomikotik eta produktuak merkaturatzeko irispide arrunta izatea.

d) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).

e) Inbertsioak Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan izena emandako ekoizpen-establezimendu batean egitea, edo, bestela, erregistro horretan sar daitekeen establezimendu berri bat sortzera bideratuta egotea inbertsioa. Bigarren kasuan, establezimenduak Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan inskribatuta egon beharko du, dirulaguntzaren azken ordainketa egin baino lehen.

f) Inbertsioak hasita ez egotea eskaera aurkezten den unean. Eskakizun horretatik salbuetsita egongo dira obra zibileko proiektuaren ordainsariak eta makineriaren konturako ordainketak.

Egoera hori elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak in situ egindako ikuskapen baten bidez egiaztatuko da, edo notario-akta bat aurkeztuz –entitatearen kontura izango da–, betiere entitateak organo instrukzio-egileari inbertsioa hasi ez dela egiaztatzeko behar diren elementuak jasotzen baditu.

Era berean, enpresa handientzat, laguntzarik gabe nolako egoera duten deskribatu beharko dute eskaeran, hau da, hipotesi kontrafaktual gisa edo proiektu edo jarduera alternatibo gisa aipatutako egoera, eta eskaeran deskribatutako hipotesi kontrafaktualaren aldeko dokumentu-frogak aurkeztu beharko dituzte.

Salbuespen gisa, bisita horien ordez, inbertsioa hasi ez izanaren aktak egin ahal izango dira modu ez-presentzialean, baldin eta funtzionarioak ezin badira inbertsioaren tokira joan akta in situ egiteko, edo, bestela, onuradunak emandako edozein frogagiri egokiren bidez, baldintza hauek betetzen badira:

1.– Ezinbesteko arrazoiak direla medio, ezin bada bisitatu laguntzaren xede den eragiketaren lekua edo inbertsioaren kokalekua.

2.– Akta egiteko erabilitako baliabide telematikoek eta eskatzaileak emandako dokumentazioak, argazki geoetiketatuak eta datatuak barne, argi eta garbi egiaztatzen badute egin nahi diren inbertsioak ez direla hasi akta aurkeztu den unean.

g) Diruz lagundu daitekeen proiektuak obra zibil bat badu ekoizpen-establezimendu berri bat egiteko, proiektua ebaluatzeko unean, agiri bidez egiaztatzea inbertsioa egiteko behar diren lursailak edo higiezinak erabiltzeko aukera ematen duen titulua, gutxienez 10 urterako, eskabidea aurkezten den urtetik hasita; horrez gain, obra gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenek aurrez eskatuta egon beharko dute.

h) Inbertsioak berekin badakar obra zibil bat egitea funtzionatzen ari den establezimendu batean, obra gauzatzeko lizentziak eta baimenak eskatuta egon beharko dute aurrez.

i) Inbertsio horri esker batez besteko enplegua handitu behar da, gutxienez 10 pertsonatan azken ordainketa egin aurretik, eta gutxienez 5 urtez mantendu beharko da.

j) Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

k) Nekazarien elkarte eta antolakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako atalaseak betetzea.

l) Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra) –hala badagokio, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.

m) Ez egotea ezein berreskuratze-aginduren menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

4.– Halaber, laguntzen onuradun izateko, onuradunak ez dira egongo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretan. Hona hemen egoera horiek:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.

f) Egunean ez izatea erregelamenduz zehaztutakoaren arabera dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin betearazpen-aldiko dirulaguntzen itzulketengatik, edo premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoen pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko epean erantzun gabeko zorrik ez badute. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada, edo etetea erabaki bada, dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta.

g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten 50 langiletik gorako enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

h) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

j) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmo bat ematen ez den heinean bide emango lukeena kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izateko dagokion erregistroan.

k) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ez izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du Elikagai Industrien arloko zuzendaritza eskudunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, eskatzaileak berariaz uko egiten ez badio; kasu horretan, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

l) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatzean, ez betetzea merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak. Lege horretan ezarritako ordainketa-epeak bete beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da, aginduaren IV. eranskinean adierazten den bezala.

6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerarekin batera, oinarri honen 6. puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira. Alabaina, agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako eskabideak onartuko dira; eskabide horiek berriro aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den dokumentazio orokor eta espezifikoa erantsita, hala badagokio, eta agindu honek ondorioak dituenetik hilabeteko epean.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

3.– Eskaera, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioa eta gainerako agiriak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus atariko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

ES: https://www.euskadi.eus/servicios/1214105

EU: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1214105

Eskabidearen ondoko izapideak hemen egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta eta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

5.– Laguntza-eskaeraren ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://euskadi.eus helbidean, eta agindu honen III. eranskina da.

6.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera ordezkari baten bidez egiten bada, ordezkaritza-egiaztagiria.

b) Pertsona juridikoek, eratze-eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita), eta, hala badagokio, gerora erregistratutako eskrituren kopia, enpresa gaur egun zer egoeratan dagoen egiaztatzeko.

c) Enpresa eskatzailea talde batekoa bada: enpresa zein taldetakoa den, haren antolamendu-egituraren dokumentazioa, partaidetza-ehunekoak adierazita (laguntza eskatzen den eguneko informazioa).

Datu hauek emango dira:

• Negozio-zifraren zenbateko garbia.

• Langileen batez besteko kopurua.

• Aktiboaren zenbatekoa, guztira.

Era berean, emandako datuak egiaztatzen dituen dokumentazioa eman behar da, hala nola urteko kontu bateratuak, enpresa bakoitzaren urteko kontu ikuskatuak (halakorik ezean, Merkataritza Erregistroan aurkeztutako balantzea eta galdu-irabazien kontua), Sozietateen gaineko Zerga, eta abar.

d) Aurreko 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada: hirugarrenen alta-agiria; web-helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

e) Aurrekontuak eta proformako fakturak, inbertsioa edo gastua justifikatzeko. Eskaintza faltsuak aurkezteak laguntza-eskaera ukatzea ekarriko du.

f) Eskatutako inbertsio guztiak banan-banan azaltzen dituen taula, eta bakoitzaren hiru aurrekontuak, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz zein aurrekontu aukeratu den adierazita. Eskaintza ekonomikoki onuragarriena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik memoria batean. Ezinezkoa bada inbertsioren batean hiru aurrekontu aurkeztea, justifikazio-memoria, inguruabar hori ukaezina dela argudiatzekoa.

g) Memoria tekniko-ekonomiko bat, proiektuaren bideragarritasunari buruzkoa, edukiaren aldetik agindu honen II. eranskinarekin bat datorrena.

h) Proiektuan obra zibil bat edo instalazioak egin behar badira, obra egiteko proiektua eta horretarako baimena lortzeko eskaeraren kopia –hala badagokio, oniritzia izan beharko du proiektuak– eta behar diren lizentzia- eta baimen-eskaeraren kopia.

i) Obra zibila ekoizpen-establezimendu berri bat egiteko bada, inbertsioa exekutatuko den lursail edo higiezinen jabetza-tituluaren kopia edo gozamen- edo alokairu-kontratuaren kopia. Lizentzia edo baimen horiek behar ez badira, lizentzia eta baimen horiek ez direla behar adierazten duen udalaren ziurtagiria.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinean adierazten baita aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla eta 5. oinarriaren 1. apartatutik 3.era bitartean ezarritako betekizunak betetzen dituela.

k) Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, 5.4 oinarriaren a) letratik j) letrara bitartean ezarritako betekizunak betetzea egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpena, halako betekizunak betetzeari buruzkoa.

l) Memoria bat, 10. oinarriari dagokionez kasu bakoitzean aplikatutako balorazio-irizpideak betetzen direla justifikatzekoa.

m) Enplegatuko diren langile berrien kopurua, proposatutako inbertsioek edo gastuek komprometitutako enpleguaren sorkuntzan zer ondorio izango duten justifikatuz.

n) «Enpresan alta emanda dauden plantillako langileen batez besteko kopuruari buruzko txostena» aurkeztu beharko du enpresak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina). Dirulaguntza eskatu aurreko urtekoa eta eskaera aurkeztu aurreko hilabetekoa izan behar du txostenak. Kontuan hartuko den enpleguari buruzko datua hau izango da: laguntza eskatu aurreko urteko batez besteko enpleguaren eta eskabidea aurkeztu aurreko hilabeteko enpleguaren arteko kopururik handiena.

o) Higiezinen bat erosi bada, indarreko tasazio ofiziala eta eraikinak azken 10 urtean laguntzarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatuko denez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan jarritako ordainketa-epeak betetzen direla egiaztatzeko agiriak; hain zuzen ere, agindu honen IV. eranskinean ezarritako froga-baliabideak.

q) Laguntza kuantifikatzeko, entitate eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

7.– Automatikoki egiaztatuko da entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izango onuradunek horretarako berariazko baimena ematea. Berariaz aurka egiten badiote, ordea, egiaztatu egin beharko dute hori, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

8.– Agindu honen 6.a) paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan lehendik aurkeztua badute, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Hala ere, adierazi beharko dute noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituzten agiri horiek. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratu dezan, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daitezke laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean agindutakoaren arabera.

10.– Eskaerak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan oinarrituta, elikagaien industrien arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.– Edonola ere, elikagaien industrien arloko eskumena duen zuzendaritzak bestelako agiri eta/edo argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, beharrezko irizten badie aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko.

7. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen kostuak, oro har.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira, oro har, hauek guztiak:

A) Lehen aldiz martxan jarriko diren ondasun higiezinak eraikitzea edo eskuratzea; edo, bestela, bigarren eskuko ondasun higiezinak eskuratzea eta birgaitzea, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo Erkidegokorik, hain justu ere laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.

A.1.– Kasu guztietan, lurren balioa laguntzatik kanpo geldituko da. Tasatzaile independente eta egiaztatu batek zehaztuko du balioa.

A.2.– Inbertsioa justifikatzeko beharrezkoak diren makina eta instalazioak eduki beharko dituzte higiezinek. Ildo horretatik, lehengaiak eta produktuaren balio-kate bereko produktu amaituak biltegiratzeko higiezinei dagokienez, bertan egiten den jarduera justifikatzeko beharrezkoak diren eskakizunak bete beharko dituzte makinek.

B) Obra zibila eta/edo instalazio industrialak egiteko nahitaezkoak diren ordainsari profesionalak, gehienez ere, proiektuaren gauzatze materialaren % 8ra artekoak.

C) Makinak eskuratzea, instalazioak egitea eta ekoizpen-instalazioak ekipamenduz hornitzea, barnean direla enpresaren funtzionamendurako beharrezkoak diren bulego-altzariak, bulegotika-ekipamendua eta programa informatikoak.

D) Ingurumenari dagokionez inpaktua txikitu eta kalitatea hobetzeko prozesuetan inbertsioak egitea; helburuak izan behar du produktuek ekoizpen-prozesuetako eskakizun tekniko eta sanitarioak betetzen dituztela egiaztatzea edo haietara egokitzea.

E) Hardware-sistemak, softwarea, web-plataformak eta merkataritza elektronikorako plataformak ezartzea, informazio- eta komunikazio-teknologiak (IKT) erabiltzen hasteko eta merkataritza elektronikoa ezartzeko.

Beraz, elementu hauek izango dira diruz laguntzeko modukoak:

• Zura eraldatzeko makinetan egiten diren inbertsioak; tartean, azala kentzeko makinak, lehortegiak, 20.000 m3-ra arteko zerraketa-lineak, instalazioen barnean garraiatzeko makinak; halaber, zur-biribilkia, zur prozesatua edo haren hondakinak mugitzeko makinak; eta, oro har, zura tratatzeko makinak, berau ingeniaritzako zur, produktu eta azpiproduktu bihurtzeko.

• Zura lehengai edo energia-iturri gisa erabiltzeko, zuraren azpiproduktuak eta zerraketa-lanetan sortzen diren hondakinak ustiatzeko eta eraldatzeko makinak izateko egiten diren inbertsioak.

• Zura merkaturatzeko egituretan egiten diren inbertsioak, bai baso-kudeaketa jasangarriko prozesu baten barruan eraldatutako basogintzako produktuen zaintza-katea ziurtatzeko prozesuetan egindako inbertsioetan, bai produktuak eta azpiproduktuak erakusteko eta saltzeko merkaturatze-instalazioetan egindako inbertsioetan (tratamendu-makinak, sailkatzeko makinak, pilatzeko makinak eta produktuak merkaturatzera bideratutako bestelako makinak barne).

• Biltegiratze-zentroetan egiten diren inbertsioak.

• Zur sailkatua erakusteko eta saltzeko merkaturatze-instalazioetan, tratamendu-makinerian, sailkagailuetan, pilatzeko makinetan eta zerraketako produktuak merkaturatzera bideratutako antzeko bestelako makinetan egiten diren inbertsioak.

2.– Onuradunak hornitzaile ezberdin eta independenteen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, eskatutako laguntzaren xede diren inbertsio guzti-guztiei dagokienez, zenbatetsitako kostuaren zenbatekoa edozein dela ere (diruz laguntzekoa den gastua kontratu txikien zenbatekoa baino txikiagoa izan daiteke), obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan horiek egin, mailegatu edo hornitzen dituzten entitateen kopuru nahikorik ez badago –egiaztatu egin beharko da–.

Aurrekontuko inbertsioa egiteko eta zerbitzu hori emateko gaitasuna duten enpresa independenteek egin behar dituzte aurrekontuak; behar bezain zehaztuta egon behar dute, eta konparatzeko moduko gastu-kontzeptuak jaso behar dituzte.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –laguntza eskatzean aurkeztu beharko dira eskaintzok– efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onuragarrienaren alde egiten ez bada.

8. oinarria.– Dirulaguntza jaso ezin duten kostuak.

Ez dira diruz lagunduko:

1.– Ustiapen-kapitala.

2.– Ordainketa-eskubideak erostea;

3.– Lurrak erostea dagokion eragiketan diruz lagundu daitezkeen guztizko gastuen % 10etik gorako zenbatekoagatik; salbuespentzat hartuko da lurrak erostea ingurumena kontserbatzeko eta karbono ugari duten lurrak kontserbatzeko, halakoetan, 10etik gorakoa izan daiteke portzentaje hori.

4.– Zorraren interes-tasa, interes-hobari gisa edo berme-komisioetako dirulaguntza gisa emandako dirulaguntzenak izan ezik.

5.– Enpresa-salerosketak eta -eskualdatzeak.

6.– Sozietate bat eratzeko eta hasteko gastuak.

7.– Inbertsioa egiten den lursaila erosteko eta erosten diren lokal eta pabiloi eraikietako lurzoruaren balioa ordaintzeko inbertsioak.

8.– Eraldaketa-proiektuei dagokienez, higiezinetan bakarrik egiten diren inbertsioak, salbu eta, enpresak jardunean jarraitzeko, onuradunak makinak edo ekipamenduak garraiatzen dituenean beste establezimendu batetik.

9.– Txikizkako merkataritzaren alorreko inbertsioak, enpresak bere instalazioetan bere produktuak dastatzeko jartzen dituen dendetakoak izan ezik.

10.– Produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko prozesuarekin zuzeneko loturarik ez duten obrak (etxebizitzak, sukaldeak, komunak, jangelak, ostatuak eta antzekoak)

11.– Industriaren jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten urbanizazio-lanak, industriaren lursailetik kanpoko zerbitzu-azpiegituretarako harguneak barne (ura, argia, saneamendua...).

12.– Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste tasa eta zerga batzuk. Ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskura edo konpentsa badaitezke. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz laguntzekoa izango, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera ez bada berreskuratzeko modukoa. Berreskuratu ezin daitekeen BEZa diruz laguntzeko modukoa izan dadin, onuradunaren merkataritza-peritu batek edo legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta onuradunaren kontabilitatean gastu modura jaso dela.

13.– Normalean 5 urtetik beherako zikloetan amortiza daitezkeen materialak. Ezingo dira diruz lagundu, halaber, kontabilitateak gastutzat hartzen dituen inbertsioak, salbu eta azterlanak eta proiektuak.

14.– Garraio-elementuak, salbu eta eraldaketa-prozesuekin halabeharrezko lotura dutenean eta establezimenduarenak direnean.

15.– Ez dira diruz lagunduko guztira 5.000.000 eurotik beherako zenbateko garbiko proiektuak.

16.– Ebakitzeko eta zulatzeko esku-erremintak, motozerrak eta abar.

17.– Ekipamendua eta makinak besterik gabe aldatzeko edo ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologia ezberdina darabilten edo errendimendu hobea duten ekipamendua eta makinak erosten badira.

18.– Mantentze-lanak, konponketak eta autoeraikuntza.

19.– Eskudirutan ordaindutako inbertsioak.

9. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuen mugak eta baldintzak.

Jarraian zehaztu diren inbertsio-balorazioen moduluei egokituko zaizkie diruz lagun daitezkeen kostuak, kontuan izanik hauek guztiak:

1.– Proiektuek obra zibila egitea aurreikusten badute, diruz lagundu daitekeen gehieneko inbertsioa honela kalkulatuko da: azalera eraikia edo berritua bider metro koadroko 450 euroko modulu bat.

Modulu hori aplikatzeko, kontuan izango dira bai erosketa-gastuak, bai obra zibileko gastuak –eraikuntza berrien eta berrituen kasuan–, barneko banaketak barne. Horretarako, aipaturiko muga horiek ezingo dira gainditu, ezta azalera berean gastu horietako bat baino gehiago egiten bada ere.

Muga horretan ez dira kontuan hartuko instalazioekin lotutako gastuak, edozein direla ere.

2.– Produktuak altueran biltegiratzeko eraikinei dagokienez, moduluaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurreko paragrafoan aipatutako metro koadroko moduluaren zenbatekoa bider guztizko altuera, zati zazpi.

3.– Proiektuak bulego-altzariak jartzea badakar, diruz laguntzen den gehieneko inbertsioa hauxe izango da: metro koadroko 100 euroko ekipamendu-kostua eta 10 metro koadroko ratioa lanpostu bakoitzeko.

4.– Finken inguruko itxiturak. Diruz lagundu daitekeen gehieneko inbertsioa 35 euro izango da metro linealeko, barnean direla ateaz besteko elementu berezi guztiak. Era berean, diruz lagundu daitekeen metro linealen gehieneko kopurua, balio absolutuan, inbertsio-proiektuaren xede den establezimenduan eraikitako edo eraiki nahi diren metro karratuen batura izango da.

5.– Lurrak berdintzea eta urbanizatzea, zoru-zuzkidura barne. Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 30 euro izango da jarduketaren xede den metro karratu bakoitzeko. Era berean, diruz lagundu daitezkeen metro koadroen gehieneko kopurua kalkulatzeko, azalera eraikia bider bi egingo da.

6.– Makinetan egiten diren inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatu ahalko dira, baldin eta finantza-alokairuko kontratuak xedatzen badu nahitaezkoa dela alokairua amaitzen denean ondasuna erostea. Alde horretatik, ondasunaren deskribapena, haren zenbatekoa eta errentamendu-epea adieraziko ditu kontratuak, eta, halaber, alokairua amaitzen denean ondasuna erostea nahitaezkoa izateko klausula bat finkatuko du, baita alokairuak dirulaguntzei buruzko araudiak finkatzen dituen betebeharrak bete behar izatea ere. Finantza-errentamenduak zazpi urte iraungo du gehienez ere.

10. oinarria.– Proiektuen balorazioa.

Inbertsio-proiektuen balorazioa oinarri honetan xedatutakoaren arabera egingo da, eta kuantifikazioa agindu honen 11. oinarrian agindutakoari jarraikiz egingo da.

Proiektu bakoitzari eman beharreko puntuazio zehatza kalkulatzeko, bete beharreko hurrengo balorazio-irizpideak eta haiei dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek laguntza eskatzeko unean bete eta egiaztatu behar dira, enplegua sortzeko irizpidea izan ezik. Ordaintzeko unean egiaztatuko da irizpide hori, eta laguntzaren baldintzei eusteko nahitaezko aldian betetzen dela egiaztatuko da.

1.– Inbertsio-proiektuaren sustatzailearen tipologiaren arabera:

A) Basogin-kooperatibek edo basogintza-ustiategi batzuek establezimendu bakar batean eraldatu eta merkaturatzeko sustatzen dituzten proiektuei 30 puntu emango zaizkie.

B) Emakumeek sustatutako enpresa-ekimenei 15 puntu emango zaizkie. Enpresa berria pertsona fisikoa ez bada, enpresan duten partaidetzak gehiengoa izan dezan baloratuko da.

C) Gazte ekintzaileek (41 urtetik beherakoek) sustatutako enpresa-ekimenei 15 puntu emango zaizkie. Enpresa berria pertsona fisikoa ez bada, enpresan duten partaidetzak gehiengoa izan dezan baloratuko da.

D) 2003/361/EE Gomendioaren definizioekin bat mikroenpresatzat har daitezkeen enpresek basogintzako produktuak eraldatzeko, garatzeko eta merkaturatzeko sustatzen dituzten inbertsio-proiektuei 15 puntu emango zaizkie.

2.– Inbertsio-proiektuaren tipologiaren arabera:

A) 40 puntu emango zaizkie proiektuek sektorean duten eragina eta haien berrikuntza- eta enplegu-ezaugarriak kontuan izanik Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeak estrategiko eta traktoretzat dituen proiektuei. Elikagaien industriaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez argitaratuko da zer sektore edo azpisektore jotzen diren estrategiko eta traktoretzat. EHAAn argitaratuko da ebazpen hori, Batzordea eratu aurretik.

B) 35 puntu emango zaizkie nekazaritzaren eta elikagaigintzaren gaineko eskumena duen sailak onartutako plan sektorial estrategikoen arabera sektore edo azpisektore batekoak diren proiektuei.

C) Enplegu-sorreraren irizpidea kontuan hartuta:

• 35 puntu emango zaizkie enpresa berriak sortzeko proiektuei, baldin eta laguntza eskatzen denetik laguntza ordaintzen den arte gutxienez hiru lanpostu sortzen badituzte (5. oinarriko 3. puntuko i) letran ezarritakoez gain) eta lanpostu horiek bost urtez mantentzen badituzte, laguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera. Sortu eta lehenengo bi urteetan joko dira enpresa berritzat.

• 20 puntu emango zaizkie enpresak sortzeko ez diren proiektuei, baldin eta, laguntza eskatzen denetik laguntzaren azken ordainketa egiteko eskatzen den arte, enpresako enplegua gutxienez % 10 handitzen badute (5. oinarriko 3. puntuko i) letran ezarritakoez gain) eta 5 urtez mantentzen badute. Erreferentziako batez besteko enplegua laguntza-eskabidearen aurreko bi urteetakoa izango da.

D) 30 puntu emango zaizkie inbertsio-proiektuei, baldin eta erabiltzen dituzten lehengaien % 50, gutxienez, EAEn ekoitzia bada.

E) 30 puntu emango zaizkie inbertsio-proiektuei, baldin eta, merkatuaren eskariaren arabera, basogintzako produktuak sailkatzeko eta estandarizatzeko helburua badute.

F) 20 puntu emango zaizkie azken 3 urteetan laguntza-lerro hau jaso ez duten enpresek sustatutako inbertsio-proiektuei.

G) 15 puntu emango zaizkie diruz laguntzeko moduko inbertsioan makinak sartzen dituzten proiektuei, baldin eta, batera hartuta, diruz lagun daitekeen inbertsio guztiaren % 50 baino gehiago badira.

H) 15 puntu emango zaizkie basogintza jasangarriko ziurtagirian zaintza-kateko sistemak ezartzeko proiektuei.

I) 15 puntu emango zaizkie informazio- eta komunikazio-teknologien eta negozio elektronikoaren («e-business») tresnak ezartzeko proiektuei, lehiakortasun hobea eta merkaturatzea areagotzea dakartenei –bereziki esportazioan–. Kontzeptu honengatiko inbertsioak inbertsio guztien % 50etik gorakoak izango dira.

J) 10 puntu emango zaizkie produktu-zorroa Espainiako estatutik kanpoko Europako herrialdeetako merkatuetan duten enpresen proiektuei.

K) 10 puntu emango zaizkie belaunaldi-erreleboaren ondorioz enpresek sustatutako inbertsio-proiektuei.

L) 5 puntu emango zaizkie merkataritza-lana modu esklusiboan egiteko langile bat edo gehiago dituen merkataritza-saila duten enpresen inbertsio-proiektuei. Hori ez da kontuan hartuko zeregin horiek egiteko ardura dutenak enpresa filialak badira.

M) Lurralde-orekaren irizpidearen arabera:

• 1. zaurgarritasun mailako arreta bereziko eremuetan (ABE) dauden enpresek sustatutako inbertsio-proiektuak: 30 puntu.

• 10 puntu emango zaizkie 2. zaurgarritasun mailako eremuetan kokatutako inbertsio-proiektuei, indarrean dagoen landa-zonifikazioko dibertsifikazio ekonomikoko maparen arabera, edo lehentasuneko jarduketa-eremuetan (LJE) daudenei, baina puntu horiek ezingo dira aurreko paragrafoko puntuekin metatu.

11. oinarria.– Laguntzaren kuantifikazioa.

1.– Gehienez ere, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 65eko laguntza emango da.

2.– Inbertsio-proiektu bakoitzak aurreko oinarriarekin bat etorrita lortzen duen balorazioaren arabera, proiektu bakoitzari esleitu beharreko zuzeneko laguntza honela gauzatuko da:

a) 10 puntura bitarte: % 0 lagunduko da diruz.

b) 11 puntutik 25era bitarte: % 10 lagunduko da diruz.

c) 26 puntutik 40ra bitarte: % 20 lagunduko da diruz.

d) 41 puntutik 60ra bitarte: % 30 lagunduko da diruz.

e) 61 puntutik 80ra bitarte: % 35 lagunduko da diruz.

f) 81 puntutik 95era bitarte: % 40 lagunduko da diruz.

g) 96 puntutik 110era bitarte: % 55 lagunduko da diruz.

h) 110 puntu baino gehiago: % 65 lagunduko da diruz.

3.– Batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, ordena honetan emango zaie lehentasuna:

a) Enplegua sortzen duten enpresa eta ekoizpen-establezimendu berriak sortzeko inbertsio-proiektuak (5. oinarriko 3. puntuko i letran ezarritako enplegu-handitzeaz gain).

b) Basogintzako beren produktuak sailkatzeko eta estandarizatzeko helburua duten inbertsio-proiektuak.

c) Emakumeek sustatutako proiektuak. Pertsona fisikoa ez bada, enpresan duten partaidetzak gehiengoa izan dezan baloratuko da.

Irizpideak aplikatuta berdinketa ebazten ez bada, laguntza-eskaeraren sarrera-hurrenkeraren arabera lehenetsiko da.

12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien industrien arloko eskumena duen zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru bokalek osatuko dute, eta horietako bat enpresa-programaren arduraduna izango da. Beste biak, berriz, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikarien artetik aukeratuko dira, eta zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, aipatutako zuzendaritzako teknikarien artetik hautatuta. Batzordearen osaera elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren titularraren ebazpen baten bidez argitaratuko da. EHAAn argitaratuko da ebazpen hori, Batzordea eratu aurretik.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak baloratu aurretik, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako betekizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Hauek izango dira balorazio-batzordearen eginkizunak:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duten eskabideen zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten inbertsio-eskaerak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion adierazten duen txostena egitea.

5.– Balorazio-batzordeak elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko titularrari igorriko dio txostena. Txostenak agindu honen 15. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du, gutxienez.

6.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketa bidezko norgehiagoka erabiliko da.

2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honetan jada ezarritako irizpide objektiboak aplikatuko dira. Horrela, ordena horretan esleituko dira laguntzak, agindu honen 11. oinarriak finkatzen dituen ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, inbertsioaren zenbatekoa diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da.

14. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Kontuan hartuta 12.5 oinarrian aipatu den Balorazio Batzordearen txostena, zuzendaritza eskuduneko titularrak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den pertsona eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, 10 eguneko epea emanda alegazioak aurkez ditzaten. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 1. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

15. oinarria.– Ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, elikagaien industrien arloko eskumena duen sailburuordeak ebatziko du deialdia. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.

2.– Ebazpenean informazio hau adierazi beharko da, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.

2.– Laguntzaren zenbatekoa:

3.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4.– Diruz lagundutako jarduketa guztiak egiteko epea.

b) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Agindu honek ondorioak izan eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatzen duena betez. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpena helaraziko zaio, eta bakoitzari berariaz eragiten dioten ebazpenaren alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota ebazpen espresurik ez eman ez bada, eskaerak ezetsi egin zaizkiela ulertu ahal izango dute interesdunek, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek elikaduraren, landa-garapenaren, nekazaritzaren eta arrantzaren arloan eskumena duen sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.

16. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako betebeharrak, oinarri honetan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan zehaztutako betebeharrak. Hona hemen betebehar horiek:

1.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa laguntza emateko ebazpenak edo, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak ematen duen epean gauzatzea; betiere, ezarritako gehieneko mugaren barruan.

2.– Eman den helburu zehatzerako erabiltzea laguntza.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.

4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean.

Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak egiaztatuko du automatikoki eta ofizioz eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraikiz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

5.– Establezimendu berrien kasuan, Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan erregistratuta egon behar dute laguntzaren azken ordainketa eskatu aurretik.

6.– Dagoeneko erregistratuta dauden establezimenduen kasuan, beharrezkoa da eguneratuta izatea Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroko datuak, azken ordainketa baino lehen egindako inbertsioekin.

7.– Ekipamendu informatikoen kasuan, onuradunari egiten zaion azken ordainketatik ondorengo 5 urteetan aktibo egon beharko dute inbertsioek; gainerako ondasun higigarrien kasuan, guztizko ordainketa egiten denetik ondorengo 7 urteetan. Ondasun higiezinen kasuan, jabetza-erregistroan inskribatzen direnetik ondorengo 10 urteetan, eta epe horretan ezin izango dira ez besterendu, ez amortizatu, ez diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu baterako erabili.

8.– Elikagaien industrien arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela, eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.

9.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

10.– Agindu honen 5. oinarriaren 3. apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen bada, horren berri ematea elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.

11.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatzen badira, horren berri ematea elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunari, baldintzak aldatu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaletan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.

12.– 5.3 i) oinarrian ezarritako baldintzetan adierazitako enpresaren kontratazio-gehikuntza betetzea. Igoera horri eutsi beharko zaio onuradunari laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteetan gutxienez.

13.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

14.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez 5 urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.

15.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan biltzen diren zabalkunde-neurriak hartzea. Dirulaguntzaren xede diren inbertsio guztietan ikusteko moduan eta agerian jaso beharko da, baita horiei buruz argitaratzen den informazio edo publizitate guztian ere, finantzaketa publikoa dela, hau da, Eusko Jaurlaritzaren funtsak dituela, bat etorriz abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan agindutakoarekin.

16.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

17.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

18.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

19.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.

17. oinarria.– Gehieneko gauzatze-epeak.

1.– Urtebetean edo zenbait urtetan gauzatu ahalko dira inbertsioak.

2.– Urtebete irauten duten inbertsioak gauzatzeko epea 2025. urteko abenduaren 31ra artekoa izango da, baina luzatu egin ahal izango da, 20. oinarriko 5. paragrafoan xedatutakoarekin bat. Nolanahi ere, epea luzatzen bada ere, 2026ko abenduaren 31ra artekoa izango da gehieneko epea. Epe hori ezingo da luzatu.

3.– Bi urte irauten duten inbertsioak gauzatzeko gehieneko epea 2026. urteko abenduaren 31ra artekoa izango da, baina luzatu egin ahal izango da, 20. oinarriaren 5. paragrafoan xedatutakoarekin bat. Nolanahi ere, epea luzatzen bada ere, 2027ko abenduaren 31ra artekoa izango da gehieneko epea. Epe hori ezingo da luzatu.

18. oinarria.– Inbertsioa gauzatu izana justifikatzea.

1.– Emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatu dela justifikatzeko, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean, proiektua gauzatzeko gehieneko epea amaitu eta gehienez ere hurrengo hilabetean, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egindako jarduketak justifikatzeko memoria bat; informazio hau jaso behar da: proiektua egin dela, gauzatze-maila eta diruz lagundu daitezkeen gastuek ez dutela merkatuaren balioa gainditzen.

b) Ondasun higiezinen erosketa lagundu bada diruz, salerosketaren egiaztagiri publikoaren kopia bat aurkeztuko da. Higiezin berria eraiki bada, ikus-onetsitako obraren amaierako ziurtagiriaren kopia.

c) Inbertsioak obra zibila egitea badakar, obra-lizentzia eta obra berriaren adierazpenaren agiria, udal-tasei eta haien ordainketari buruzko dokumentazioarekin batera.

d) Udal-araudiak hala eskatzen badu, inbertsioak egiteko udal-lizentzia. Edo, ez bada nahitaezkoa lizentzia edo baimen hori eskatzea, hori behar bezala egiaztatzen duen justifikazioa aurkeztu beharko da.

e) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

f) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

g) Enpresaren batez besteko enplegua handitzea, 2. oinarrian agindutakoaren arabera; «Alta emanda dauden enpresako langileen batez besteko plantillaren txostena» –Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoa– aurkeztu beharko du onuradunak, laguntzaren azken ordainketaren eskabidea aurkeztu baino 30 egun lehenago.

h) Memoria ekonomiko gehigarri bat, fakturen eta egindako ordainketen datuak biltzen dituen taula bat xehatu bat duena: faktura eta ordainketen data eta erreferentziak, hornitzaileak, azalpena, zenbatekoa (eurotan) eta aplikatutako zergak.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, berriz, ofizioz egiaztatuko du elikagaien industriaren arloko zuzendaritza eskudunak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.

19. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketak egin aurretik, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzearen eskaera eta justifikazioa egin beharko da aurreko oinarriak aipatzen dituen dokumentuen bidez, eta elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikariek proiektuaren gauzatzea kontrolatu beharko dute. Onuradunek inbertsioa partzialki edo osorik egin dutela jakinarazi eta lau hilabetean egin beharko da, gehienez ere, kontrol horri buruzko ziurtapena.

2.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

3.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie onuradunei, finantza-errentamenduen kasuan izan ezik.

4.– Urte bakoitzean, bi ordainketa partzial egin ahalko dira; betiere, interesdunak eskatzen badu. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, bat etorriz Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoarekin.

5.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 18. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere lau hilera, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak egin beharreko izapideak egingo ditu, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.

6.– Laguntzaren xede den inbertsioa ez bada gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, luzapenak barne, edo eman den laguntzaren xedeko inbertsioa gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beretan, galdu egingo da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, agindu honen 22. oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.

20. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldi berean gertatzea eta aldatzea, eta inbertsioa egiteko epeak luzatzea.

1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua babestu beharko dira. Horretarako, elikagaien industrien arloan eskumena duen sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektuan edozein aldaketa eginez gero eta dirulaguntza horretarako eman bada, onuradunak jakinarazi eta behar bezala egiaztatuko du elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean, inbertsioak gauzatu aurretik eta 3 hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion inbertsio-proiektuan egindako aldaketa hauek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko dute, betiere betetzen badira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutako betekizunak:

a) Laguntzaren onuraduna aldatzea (enpresek bat egitea edo sozietate mota eraldatzea salbu).

b) Emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko egutegia aldatzea.

c) Inbertsioen kokapena aldatzea.

d) Inbertsioaren kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako inbertsioez gain beste batzuk ere sartuz.

Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.

Aldaketak ez badira apartatu honetan aipatutakoak, ez dute aldaraziko laguntza emateko ebazpena, kontuan harturik, nolanahi ere, oinarri honen 4. paragrafoan aurreikusitakoa gerta daitekeela.

3.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inbertsioen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egin bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratze bat badago, laguntza emateko ebazpena aldatuko da. Hala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, halakorik egin behar bada, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, dirulaguntza murrizteari eta itzultzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

4.– Baldin eta egindako inbertsioaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dagokion proportzioan; horretarako, ebazpen bat emango da elikagaien industrien arloko eskumena duen sailburuordearen dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko, eta, hala, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa. Ez da onartuko aldaketarik baldin eta, gutxienez, hasieran onartutako diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 60 ez bada gauzatzen.

5.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta arrazoitzen badu –laguntza emateko ebazpenaren arabera emandako laguntzaren xede den inbertsio-gauzatzea bukatu behar den eguna baino lehenago aurkeztu beharko luke eskabidea–, elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, ebazpen baten bidez, non zehaztuko baita gehienez zenbat luza daitekeen, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita. Ebazpenean, luzapenaren gehieneko iraupena finkatuko da. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango agindu honen 17. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.

21. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio elikagaien industrien arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 16. oinarriko 3. paragrafoan ezarritako betebeharrei jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzari uko egiteko eskaera helarazi beharko dio elikagaien industrien arloan eskumena duen sailburuordeari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

22. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Honako kasu hauetan itzuli behar dira jasotako kopuruak, eta exijitu berandutze-interesa, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa egin behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoa, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte sortutakoa, data hori dirulaguntza itzuli behar dela erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den eta diruz lagundu daitekeen inbertsioaren proiektuaren zenbatekoaren % 60 ez gauzatzea gutxienez.

e) Enpresa-deslokalizazioa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluari jarraikiz.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egonez gero, elikagaien industrien arloko sailburuorde eskudunak ez-betetzeagatik eskubidea galtzeari buruzko espedientea egin ondoren –espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan–, administrazio-ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, pro rata temporis egingo da emandako dirulaguntzaren itzulketa.

Hala eta guztiz ere, ez-betetzea dela eta laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoaren % 60tik behera gauzatzen bada, dirulaguntzarako eskubidea galduko da eta, hala badagokio, dirua itzuli beharko da, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren gain.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan zehaztutako jokabideak.

23. oinarria.– Bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen duen beste edozeinekin –Lehiatu Inbertsioa izan ezik–; betiere, dirulaguntza guztien batura ez bada handiagoa agindu honen kapitulu bakoitzak finkatzen dituen gehieneko ehunekoak baino. Handiagoa bada, berriz, gehiegizko kopuruari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

24. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
INBERTSIO HANDIKO PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUNARI BURUZKO MEMORIA TEKNIKO-EKONOMIKOA

Memoriak parametro hauek eduki behar ditu:

1.– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

2.– Enpresa-egitura. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, adierazi parte-hartzaile guztiak eta haien NAN zenbakiak.

3.– Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

4.– Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.

5.– Proiektuaren kokalekua.

6.– Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria...).

7.– Ekoizpen-prozesu berrien eta lortu beharreko produktuen deskribapena (halakorik bada).

8.– Gauzatzeko epeak eta kronograma.

9.– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegua sortzea...).

10.– Azken bi urteetako balantzea eta emaitzen kontua.

11.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.

12.– Bideragarritasun-plana, honako hauek barne:

a) Egungo salmentak eta bost eta hamar urterako aurreikusitakoak.

b) Inbertsioaren balioztapen ekonomikoa. Balio eguneratu garbia eta itzulerako barne-tasa.

III. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus

Hau da inprimakiaren oinarrizko edukia:

– 2025eko Handitu Egurra.

– Kodea.

– Organo instrukzio-egileari zuzendua.

– Nortasun-datuak.

– Titularra.

– Ordezkaria.

– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.

– Jakinarazpenetarako eta komunikaziorako bidea.

– Abisuak jasotzeko datuak.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Inbertsio- edo gastu-proiektuaren izenburua.

– Gaur egun enplegatuta dauden langileak, emakumeen eta gizonen kopuruaren arabera banakatuta.

– Kooperatiba edo elkartea izanez gero, adierazi elkartearen Artezkaritza Kontseiluko kideen kopurua eta generoa.

– Egoitza fiskala.

– Parte-hartzaileak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, parte-hartzaileen izena eta NAN zenbakia, eta parte-hartzearen ehunekoa.

– Enplegatuen kopurua, sexuaren arabera banakatuta.

– Sozietatearen kapitalaren egungo egitura.

– Nekazaritzako ustiategia / abeltzaintzako ustiategia / basogintza.

– Egun garatutako eta/edo aurreikusitako jarduerak.

– Erabili eta/edo aurreikusi diren lehengaiak.

– Fabrikatu eta/edo aurreikusi diren produktuak.

– Inbertsioaren kokalekua.

– Inbertsioaren deskribapena.

– Inbertsioaren zenbatekoa, ekintzen eta urtearen arabera.

– Proiektuaren finantzaketa.

– Balorazio-irizpideak.

– Erantzukizunpeko adierazpen hauek:

• Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten direla.

• Inbertsioak Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan izena emandako ekoizpen-establezimendu batean egiten direla, edo erregistro horretan sar daitekeen establezimendu berri bat sortzera bideratuta dagoela inbertsioa.

• Bideragarritasun ekonomikoa duela, eta bere produktuek merkaturako irispide arrunta dutela.

• Ezin hartu daitekeela krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).

• Proiektuak bete egiten dituela ingurumenaren arloko arauak, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).

• Diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion ala ez beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta halakorik eskuratu duen ala ez.

• Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

• Nekazarien elkarte eta antolakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako atalaseak betetzen dituela.

– Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, hain zuzen 5.4 oinarriaren a) apartatutik j) apartatura bitartean ezarritako onuradun izateko debekuetan nahasita ez egotea egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpenak, honako hauei buruzkoak:

• Ez duela jaso, epai irmo bidez, laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren kondenarik, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.

• Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dagoela esku-hartze judizialaren pean edo ez dagoela desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Ez duela eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta interes-gatazkak arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Ez duela zerga-egoitza araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

• Egunean duela EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeagatiko edo zehapenengatiko betebeharren ordainketa;

• Ez dagoela zehatuta –ez zigor- ez administrazio-arloan– dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

• Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez daukala zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

• Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, edo egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

• Elkarteen kasuan, ez daudela nahasita Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan; edo, ez daudela nahasita ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura etetea eragin duten kausetan, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, baldin eta ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

Halaber, onuradunak baimen inplizitua eman beharko du elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak automatikoki ziurta dezan zerga-betebeharrak bete direla eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin direla; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.

IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTAZIOA.

Onuradunaren edota entitate laguntzailearen kondizioa izateko, Merkataritza-eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateek ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz bete dituztela ordainketa-epealdiak.

Betetze-maila egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak izenpetuta.

Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudiari jarraituz.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek agiri hauetako bat aurkez dezakete:

1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen den horretara) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

2. Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, zeinean ondorioztatuko baita, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin bati egindako berrikusketa, salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik aurkituz gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza betetzat joko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa bada.


Azterketa dokumentala