231. zk., 2024ko azaroaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (226 KB - 16 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5435
AGINDUA, 2024ko azaroaren 13koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025. urtean kultura- eta gizarte-arloko berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak onetsi eta haietarako deialdia egiten duena (Bitartez).
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko zuzendaritzari, dekretu horrek ezartzen baitu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.
20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du lerro espezifiko bat abiaraztea, hain zuzen ere ikerketarekin, berrikuntzarekin eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak sustatzeko, bitartekaritza eta sare-lanaren bidez. Horrela, desberdinen arteko kolaborazioa eta talentua garatu ahal izango dugu, ahal den gehiena garatzeko gure inguruneak duen sormen-gaitasuna, elkarlan moduak areagotzeko lan-inguruneak, hartzaileengana jotzeko modu berriak –hartara, bizipen esanguratsu eta bereizgarriagoak eragitearren– eta, oro har, berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak, praktika kulturaletatik abiatzen direnak. Gainera, lerro hori Sailaren Kultura Plan Estrategikoaren lehengo helburuan jasotzen da; honako hau da helburu hori: «Talentu sortzailea garatzeko aukerak ugaldu». Plan horren lehenengo helburua da, hortaz, talentu sortzailearen bizitasuna eta kultura industrien sendotasuna sustatzea. Deialdi honen bidez, sorkuntzarako eta ekoizpenerako laguntza bereziez gain, talentua sortzeko, erakartzeko eta garatzeko aukerak areagotuko dira. Deialdia, bestalde, 2025-2029 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoko da.
Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta bateragarri da barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuari jarraikiz, osorik betetzen baititu aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntza-deialdi bat egitea, kultura- eta gizarte-arloko berrikuntza-proiektuetara bideratua. Horretarako, halako proiektuek konpromisoa izan behar dute ikerketarekin, berrikuntzarekin eta kultura-arloko adierazpen garaikideekin, eta bitartekaritza baliatu behar dute beren helburua betetzeko.
2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.
1.– Proiektuek honako hauek aldeztu behar dituzte:
– Sektore, arlo eta eragile desberdinen arteko baterako sorkuntza nahiz hibridazioa sustatzea, bai eta talentua ere, hartara gure inguruneko sormen-gaitasuna ahalik eta gehien garatzearren.
– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta artekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.
– Berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea, praktika kulturaletatik abiatuta.
2.– Proiektuek kultura-sektore bati edo batzuei lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika edo bertsolaritza).
3.– Proiektuek eskabideak aurkezteko epea agortu ondoren hasiak izan beharko dute, eta 2025eko abenduaren 31n gauzatuta egon.
4.– Gutxienez, % 20ko autofinantzaketa maila aurreikusi beharko du aurrekontuak; autofinantzaketatzat hartzen da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarrerak, hau da, laguntza pribatuak, mezenasgoa, jarduerak berak eragindako diru-sarrerak eta eskatzaileak egindako ekarpenak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.
1.– Dirulaguntza hauen gehieneko zenbateko orokorra 200.000 eurokoa da. Horietatik, 100.000 2025eko aurrekontuari lotuak dira, eta 100.000, berriz, 2026ko aurrekontuari.
2.– Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 35.000 euro izango da, betiere proiektuaren aurrekontuaren % 70 gainditzen ez badu.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzen xede den jarduera motarekin bat datozen gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagundu daitezkeen gastuek, halaber, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa bete beharko dute.
1.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sortzen diren gastu hauek izango dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:
a) Langile-gastuak:
– Kudeaketa-, zuzendaritza- nahiz koordinazio-langileen gastuak.
– Artisten, teknikarien eta administrazio-langileen gastuak.
b) Hirugarrenen kontratazioak (azpikontratatutako zerbitzuak).
c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak (entitateko langile eta arduradunenak).
d) Jarduerarako material-gastuak.
e) Komunikazio-gastuak.
f) Argia, ura, telefonoa, gasa, Interneta.
2.– b) puntuan adierazitako gastuen batura ezin izango da handiagoa izan aurrekontuaren % 70 baino. Halaber, c) eta f) puntuetan adierazitako gastuen batura, denera, ezin izango da aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
3.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta, diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 70era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den proiektu eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Edonola ere, kontratu bakoitzean garatutako lanek edo eskainitako zerbitzuek bat etorri behar dute aurrekontuko epigrafeetan jasotako kontzeptuekin. Zerbitzu profesional independenteak emango dituzten hornitzaileek eginiko aurrekontuak aurkeztu ezean, gastu horiek kendu egingo dira aurkeztutako aurrekontutik, aurrekontu onartua kalkulatzeko.
4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, pertsona edo entitate eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, gastutzat hartu ahal izango da justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion zenbatekoa.
5. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatuek jaso ditzakete deialdi honetako dirulaguntzak, baldin eta nortasun juridiko propioa badute, 1. artikuluarekin bat datozen proiektuak gauzatzen badituzte, agindu hau argitaratzen den egunean gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kultura-arloko epigraferen batean alta emanda egotea. Betekizun horri eustea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.
b) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordainduta. Gainera, nahitaez bete beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluek ezarritakoa.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
c) Eskatutako dirulaguntzaren onuraduna izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar du, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:
a) Administrazio Publikoak zein haietako baten sektore publikoko entitateak.
b) Entitate pribatuak, baldin eta administrazio publiko edo instituzionalen batek, sektore publikoko entitateren batek edo finantza- edo kreditu-entitateren batek badauka partaidetza handiena entitate pribatu horien kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
d) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.
e) Berreskuratzeko agindu baten mende diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
f) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago zehaztua.
g) Onuradunak enpresa-deslokalizariorik egin badute, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1, 3, 4 eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean diren pertsonak edo erakundeak.
i) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuak enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta behar dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, edozein dela ere enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzaketa.
6. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira, eta, 13. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan xedatutako hautaketa- eta balorazio-irizpideetan oinarrituta, artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman, betiere 13.4.a) artikuluak ezarritako gehieneko mugak errespetatuz.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 2tik 2025eko otsailaren 2ra izango da.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz eta aurrez aurre eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenak izan ezik. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.
Pertsona juridikoek, enpresaburu indibidualek eta autonomoek, aldiz, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte administrazio-prozeduraren izapideak egiteko.
3.– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, Herritarrei Arreta Emateko Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan, ahal dela aurrez hitzordua eskatuta, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo EAEko erregistro osagarrietan, (zehaztuta ageri dira Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan). Behar bezala bete beharko dituzte eskabideok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatuaren bidez. Eskabide-eredua eskuragarri dago EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033410
4.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluarekin bat etorriz, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033410
Halaber, aipatutako artikuluak aukera ematen du interesdunek Administrazio Publikoetako organoetara zuzentzen dituzten dokumentuak «administrazioaren edo organismoaren erregistro elektronikoan aurkezteko, eta 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan».
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak barne, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, «Nire karpeta» atalean, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, inskribatuta beharko du ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dituzte, Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko jarraibideak eskuragarri daude aurreko puntuan adierazi diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbideetan.
7.– Pertsona eta entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
8. artikulua.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
a) Pertsona fisikoa izanez gero: eskabidea sinatu duenaren identitatea egiaztatzea.
b) Pertsona juridikoa izanez gero:
Administrazio honetako erregistroetan inskribatuta dauden entitateek eskabidean adieraziko dute zer erregistrotan dauden, eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.
Beste administrazioetako erregistroetan inskribatuta dauden entitateek hauek egiaztatu beharko dituzte: beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
– Eratze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridiko eskatzailearen legezko ordezkariaren identitatearen eta haren legezko ordezkatze-ahalmenaren egiaztagiriak.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori formatu elektronikoan aurkeztuko da, ahal dela:
– Azalpen-memoria, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Aurreikusitako egutegia.
– Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdien egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira, 13. artikuluko irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen direnak.
3.– Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileek betetzen dituztela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluko 1. apartatuko a) eta b) hizkietan adierazitako baldintzak, eta, horretarako, ez du haien oniritzirik beharko. Hala ere, interesdunek egiaztatze horren aurka egin ahal izango dute berariaz, baina, kasu horretan, beraiek lortu eta aurkeztu beharko dituzte esandako egiaztagiriak.
Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordainduta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari jarraituz.
4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek, edozein dela ere erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa), ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduei jarraituko zaie, eta ereduok eskuragarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb izango da.
c) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Horren bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunek berariaz aurka egiten ez badute.
9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluak xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
– Erakundeak ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian).
– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.
– Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, konpromisoa hartzea enpresa-deslokalizariorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
– Beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1, 3, 4 eta 5. apartatuetan xedatutakoetan.
10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendariak izango du da laguntza horiek kudeatzeko eskumena.
11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak direla, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, eta hala jakinaraziko zaio aurrez, ebazpen baten bidez.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan arabera administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartu dauden enpresaburu indibidualek eta autonomoek eskabidea aurrez aurre egiten badute, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezatela eskatuko zaie, eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen datatzat.
12. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria; hura falta bada, batzordekide adinekoenak ordezkatuko du.
– Bokalak: 3 eta 5 artean; Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu, agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik.
2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du idazkari gisa, zuzendariak izendatuta. Hitza izango du, baina botorik ez.
Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitza izango dute, baina botorik ez.
3.– Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatuz eratuko da balorazio-batzordea, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluarekin bat etorriz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, balorazioa egin ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
6.– Kultura Sustatzeko zuzendariari egokituko zaio egiaztatzea aurkezten diren eskabideek ezarritako baldintzak betetzen dituztela, bai eta, 4. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz, aurrekontua aztertzea eta, hala badagokio, guztizko aurrekontu onartua zehaztea ere.
7.– Batzordeak, balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren, txostena egingo du, eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak ezarri bezala.
8.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
9.– Kultura Sustatzeko zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
13. artikulua.– Hautatzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.
1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehaztutako alderdiak.
Lehenengo fasea: proiektuaren kalitatea, berrikuntza, hibridazioa eta interes publikoa. Gehienez, 65 puntu. Honako hauek baloratuko dira:
a) Proiektuaren kalitatea. 10 puntu emango dira, gehienez ere.
Kontuan hartuko dira proiektuak sortzen dituen esperimentazioetatik datozen eduki original eta bereziak.
b) Berrikuntza-maila: kudeaketarako barne-prozesuetarako proposatutako berrikuntza, eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza: Gehienez, 20 puntu.
b.1.– Kudeaketarako barne-prozesuak: Gehienez, 10 puntu.
b.1.1.– Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatu bat: UNE 166.002; edo hori egiaztatzen duen kanpo-ziurtagiriren bat. 10 puntu.
b.1.2.– Ziurtagiririk gabe bada ere, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategikotik zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.
b.1.3.– Berrikuntza, ez sistematizatua ez ziurtatua ez izanagatik ere, erakundearen funtsezko faktorea da (5 puntu). Ondorengo hiru betekizun hauetatik bi bete behar ditu, gutxienez:
– Barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardundako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).
– Sarritan hartu du parte (ez tarteka) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela Europako proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.
– Berrikuntza jarduera-ardatz duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.
b.1.4.– Azken hiru urteotan aldian behin ekin zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.
b.1.5.– Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.
b.2.– Aurreikusitako eduki eta proiektuak. 10 puntu. Proiektuak berritzailetzat hartuko dira, baldin eta honako hiru bloke hauetan guztietan lortzen badituzte puntuak:
b.2.1.– Lehendik dagoenaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmenak izatea (4 puntu):
– Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon egin, edo Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat zeharo berria da (4 puntu).
– Berritasun nabarmena: gunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean, berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).
– Berritasun ez-esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik gunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu). 0 puntu baino gehiago biltzen ez duten eskabideei ez zaizkie hurrengo irizpideak baloratuko.
b.2.2.– Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri izatea, edo horretarako egitasmoa aurreikusita izatea (2 puntu):
– Ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzaketa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).
– Ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu behar dira (puntu 1).
– Ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).
b.2.3.– Balio ekonomikoa, soziala nahiz ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmenik gabea hiru alorretan (0 puntu).
c) Hibridazioa eta lankidetza. Aintzat hartuko dira sektore-dibertsitatea, eragile-dibertsitatea eta eragile-kopurua, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai hura gauzatzean (20 puntu, gehienez). Hibridazioa positiboki baloratuko da, baldin eta lankidetza hainbat sektoreren artean sustatzen bada eta, hartara, aukera ematen badu berrikuntzak egiteko balore diferentzial gehiagorekin. Halaber, eragileen arteko lankidetza baloratuko da; hala ere, lankidetza ez da elkarrekin lan egitea bakarrik izango, baizik eta alde guztien helburuekin bat datorren irtenbide berritzaile gisa hartuko da, arau argiak izango dituena, lankidetza eraginkorra lortzeko.
c.1.– Hibridazioa: proiektuan sartutako sektore bakoitzeko 2 puntu izango dute, eta lau sektoretik gora direnean, berriz, 10 puntu.
c.2.– Lankidetza: proiektuan sartutako eragile bakoitzeko 2 puntu izango dute, eta lau eragiletik gora direnean, berriz, 10 puntu.
d) Proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira proiektuaren dibertsitatea eta zenbat hartzaile dituen (10 puntu, gehienez), bai eta gizartean zenbateraino sustatzen den kulturartekotasuna eta kultura-praktika ere (5 puntu, gehienez).
2.– Lehenengo faseko irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Gainerako proiektuak baloratuak izango dira, bigarren fasean, hurrengo irizpideen arabera:
a) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Gehienez 15 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:
a.1.– Jarritako enpresa-baliabideak (0-5 puntu). Formula hau erabiliko da:
a1 = (PFP/PFPMax) * 5
PFP = Eskatzailearen finantzaketa propioaren ehunekoa.
PFPMax = finantzaketa propioaren ehunekorik altuena duen proiektua.
a.2.– Kalitate-kostu erlazioa egokitasuna (0-5 puntu). Proiektuaren kalitatea eta prezioa kuantifikatuko dira, kalitate-mailaren eta prezioaren egokitasunaren arabera.
a.3.– Bestelako finantzaketa-iturriak erakartzeko gaitasuna (0-5 puntu). Finantzaketa-ehunekorik handiena duenari 5 puntu emango zaizkio, eta gainerakoei, berriz, proportzioan.
a3 = (PCA/PACMax) * 5
PCA = PAPrib + PAPub (Finantzaketa Pribatuaren ehunekoa + Gainerako Dirulaguntza Publikoen ehunekoa).
PCAMax = PCA handiena duen proiektua.
b) Euskara erabiltzea (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da proiektuaren hartzaileei euskaraz zuzentzea, komunikazioa eta publizitatea euskaraz egitea, eta material idatzi zein entzutezkoa eleaniztuna izatea (% 70, gutxienez, eleaniztuna bada, euskara barne, 10 puntu; eta ehuneko horretatik beherakoa bada, berriz, 0 puntu).
c) Sortze- eta erabakitze-prozesuetan, emakumezkoen parte hartzea sortzaile eta kultura-eragile gisa (10 puntu, gehienez). Aintzat hartuko da zein den emakumezkoen proportzioa sortzaileen eta kultura-eragileen artean (5 puntu, gehienez), eta zein den proportzio hori erabakitze-organoetan (5 puntu, gehienez). Emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 bitartean bada, 3 puntu; % 60tik gorakoa bada, berriz, 5 puntu; bestela, 0 puntu.
3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio osotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aukeratutakoen artean sartu.
4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, onuradunek balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da 3.1 artikuluan aurreikusitako zuzkidura ekonomiko globala, honako prozedura honen arabera:
a) Puntuaziorik handiena lortu duen proiektutik hasita, honako hauek ezarritako mugekin emango zaio dirulaguntza: (a) eskatutako zenbatekoa, (b) 35.000 euro (3.2 artikulua) eta (c) aurrekontuaren % 70 (3.2 artikulua). Muga horietatik txikiena izango da proiektuari esleitutako zenbatekoa.
b) Prozedura errepikatu egingo da, aurreikusitako zuzkidura agortu arte, artikulu honetako 5. apartatuan jasotako irizpidea gainditu eta hautatu diren gainerako proiektuekin, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, eta aurreko puntuan deskribatutako hiru muga-zenbatekoei faktore proportzional bat aplikatuz, zeina izango baita dirulaguntzari dagokion proiektuak lortutako puntuazioaren eta puntuazio handiena duenaren artean dagoen erlazioa.
5.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzeko proiektu bakar batek jaso dezake dirulaguntza. Hala badagokio, balorazio-irizpideak aplikatuz puntuazio handiena lortzen duen proiektuari lagunduko zaio, formula honen bidez:
SP = SM* PO/PM
Non,
SP = Proposatutako dirulaguntza.
SM = Gehieneko dirulaguntza.
PO = Lortutako puntuazioa.
PM = Baloraziorik altuena izan duen proiektuaren puntuazioa.
Aurreko apartatuan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, muga guztiak errespetatzen dituen kopururik handienera arte murriztuko da emaitza. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da, hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte, edo 3.1 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:
SO = SP* DO/SUM (SPi)
Non,
SO = Emandako dirulaguntza.
SP = Aurreko urratsean proposatutako dirulaguntza.
DO = Zuzkidura (3.1 artikuluan ezarritakoa).
SUM (SPi) = Aurreko kalkuluan proposatutako dirulaguntzen batura (aurrekontu-muga gainditzen dutenak).
14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko zuzendariaren proposamena ikusita; izan ere, hala egitea deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren parte da, horrela ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak.
2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Horretaz gain, ebazpena argitara emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Lehenengo egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat, 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Paperean egiten diren jakinarazpenek 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Artikulu horren arabera, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira administrazio edo organismo jardulearen egoitza elektronikoan, haien edukia bere borondatez eskuratu ahal izan dezan.
4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, berariaz ebazteko duen betebeharretik.
5.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122 artikuluetan.
15. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bati esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da diru-sarrera guztien % 80 baino handiagoa izan, aurrekontu onartuaren gutxieneko % 20ko autofinantzaketa-maila beteko bada. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa, eta, hala badagokio, aurrekontu araztua onartutako guztizko aurrekontutzat, 4. artikulua oinarri hartuta. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako beste dirulaguntza batzuekin, ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan onetsitako dirulaguntzen onuradunek obligazio hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek xedatutakoari jarraituz:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.
d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
e) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren.
f) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizariorik egin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
g) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein zabalkunde-euskarritan proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.
h) Onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzen du, 9.4 h) artikulukoak xedatu bezala.
i) Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan, abenduaren 21eko, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago, edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan diren banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra dutenek halaxe egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Agindu honen kontura esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren, eta jakinarazi eta hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, epe horretan berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerako % 50a, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera. Betiere, dirulaguntza artikulu honen 4. apartatuan azaltzen den moduan justifikatu ondoren.
3.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari, zergari buruzko arauek hala xedatzen dutenean.
4.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsona edo entitate onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean, eta, betiere, 2026ko martxoaren 30a baino lehen, egun hori barnean:
– Memoria bat, lagundutako jarduerari buruzko exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa jasotzen dituena, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea, behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez bada eta, betiere, 4. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira.
– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastua justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Izandako gastu guztia justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak, jarduera osoari dagozkionak. Ez da tiket bidezko justifikaziorik onartuko. Horrekin batera, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.
– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntza bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutela.
18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, helburua betetzat jotzen bada–, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak badira, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera konkurrente bat eman badu ezarritako mugak gaindituz, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4. eta 25. artikuluetan.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako laguntzak, osorik edo partez, agindu honetan aurreikusitako proiektu eta jardueretarako ez beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Proiektuaren % 70 gutxienez ez egitea eskabidean aurkeztutako baldintzetan, inplikatutako baliabideei, helburuei eta edukiei, inplikatutako sektore eta eragileei eta hartzaile publikoei dagokienez.
c) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza esleitzean ezartzen direnak ez betetzea.
d) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.
e) Aurkeztutako proiektu eta jardueretan aldaketaren bat egitea.
2.– Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eta artikulu hori bete ondoren.
20. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kultura- eta sorkuntza-sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean eta tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du erregelamendu horrek, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, zehazki 53. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta, halaber, 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jurisdikzio hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 13a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.