227. zk., 2024ko azaroaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (306 KB - 36 orri.)
- EPUB (462 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5352
EBAZPENA, 2024ko urriaren 25ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Diario El Correo SAU enpresaren 2024-2026 urteetarako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta argitaratzeko dena (hitzarmenaren kodea: 86100372012020).
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2024ko abuztuaren 30ean, goian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak sinatu zuten 2024ko uztailaren 1ean).
Bigarrena.– 2024ko urriaren 3an, zuzenketa-errekerimendua egin da (2024ko urriaren 11n bete da).
Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortzen du 2. artikuluan, eta, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, sail horrek lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritu behar du, besteak beste.
Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren arabera, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoek. Horrenbestez, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (geroago uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez aldatuak) 10.1.i) artikuluan xedatzen duenez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro telematikoa zuzentzea eta kudeatzea, erregistro hori arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitakoari jarraikiz.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu behar den funtsezko araudia bi dekretu hauetan jasota dago: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa; eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen).
Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera; eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.
Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak; beraz, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko 2011ko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin (2023ko otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
ANGEL LAPUENTE MONTORO.
DIARIO EL CORREO SAU-REN 2024-2026RAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
HITZAURREA
Bilbon, 2024ko uztailaren 1ean, honako hauek bildu dira: alde batetik, Diario El Correo SAU enpresako zuzendaritza, Fernando Castiella López-Arosteguik eta Iñigo Martín Navasek ordezkatuta, eta bestetik, Diario El Correo SAUko enpresa-batzordea. Bi aldeek hitzarmen kolektibo hau adostu dute.
I. KAPITULUA
HITZARMENAREN EREMUA
1. artikulua.– Langile-eremua.
Hitzarmen kolektibo hau indarrean jartzen denetik, horretan xedatutakoak arautuko ditu Diario El Correo SAren eta bertako langileen arteko lan-harremanak. Nolanahi ere, honako hauek hitzarmenetik kanpo geratuko dira:
a) Zerbitzu-prestazioan soilik aritzeko kontratatutako langile teknikoak, hau da, lanpostuan ez jarraitutasunik ez lanaldi jakinik ez dutenak, eta, hortaz, enpresako pertsonalaren parte ez direnak.
b) Berriemaileak eta literatura-kolaboratzaileak, Kazetarien Erregistroan inskribatuta egon zein ez, eta langile finkoak nahiz behin-behinekoak izan.
c) Komunikabideetan lan egiten duten agente komertzialak edo publizitateko agenteak, jarduera bera edo bestelakoa duten beste enpresa batzuk ere ordezka ditzaketenak.
d) Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. eta 2. artikuluetan baztertutako pertsonak.
e) Honako kargu hauek betetzen dituzten pertsonak: Zuzendaritza Nagusia, Gerentzia, Arloko edo Saileko Zuzendaritza, Argitalpenaren Zuzendaritza eta haren albokoak eta Zuzendariordetza.
2. artikulua.– Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo honetan jasotako arauak Diario El Correo SAk egun dituen lantokietan aplikatuko dira; era berean, arauok aplikagarri izango dira hitzarmena indarrean dagoen bitartean Diario El Correo SAk eratzen dituen eta aurrekoen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten ordezkaritzetan ere.
Lantokitzat hau hartuko da: ekoizpen- eta zerbitzu-unitateak, lan-agintaritzan horretarako alta hartua dutenak eta, enpresaren helburuen arabera, prentsaren arloan jarduerak egiten dituztenak.
3. artikulua.– Denbora-eremua.
Hitzarmen hau 2024ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean atzeraeraginezko ondoreekin –salbu, espresuki, beste data bat ezarria duten arloetan–, eta 2026ko abenduaren 31 arte iraungo du. Hitzarmena, lan-agintaritza eskudunak homologatu ondoren, ofizialki argitaratzen den datak ez du indarraldian aldaketarik eragingo.
Bi aldeek 2026ko irailaren 15ean amaitutzat joko dute hitzarmen hau, automatikoki.
Langileen Estatutuaren 89.2 artikuluan xedatuarekin bat, hilabetekoa izango da negoziazio-batzordea eratzeko eta hitzarmen berria negoziatzeko gehieneko epea, 2026ko irailaren 15etik aurrera.
Hitzarmen kolektibo berria negoziatzeko gehieneko epea 14 hilekoa izango da, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazio-akordioa lortzeko ezarritako gehieneko 14 hilabeteko epea igarota, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioak, agertzen diren auziak bideratze aldera, beste hilabete bat izango du behar diren mekanismoak ezarri eta akordio batera heltzeko. Epe hori akordiorik gabe amaitzen bada, aldeek bitartekaritza- edo arbitraje-sistema bat ezartzea aztertuko dute balizko desadostasun oso edo partzialetarako, Langileen Estatutuaren 86.4 artikuluan xedatua aplikatuz.
Bitartekaritza- edo arbitraje-prozedura horien garapenari eta azken konponbideari kalterik egin gabe, itunik ezean, negoziazio-prozesua akordiorik lortu gabe igaro bada, hitzarmen kolektiboak indarrean jarraituko du.
II. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA
4. artikulua.– Xedapen orokorrak.
Lanaren antolaketa praktikoa eta eginkizunen esleipena enpresako zuzendaritzari bakarrik dagozkio, betiere, Langileen Estatutuaren 41. eta 64. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuta. Zuzendaritzaren aginteari ezer kendu gabe, enpresa-batzordeak ahalmena izango du aholkularitza eta orientabideak emateko eta proposamenak egiteko, lanaren antolaketarekin eta arrazionalizazioarekin lotutako gaietan. Hartara, batzordeak txostenak aurkeztu ahal izango ditu, enpresak lanaren antolaketa- eta kontrol-sistemak ezarri eta berrikusteko hartutako erabakiak gauzatu aurretik. Hori guztiori, kasu bakoitzean aplikagarri diren legezko arauak alde batera utzi gabe.
Langileek gaitasuna eta interesa erakutsiz egingo dute euren ohiko lana, dagokien mailan. Hala ere, salbuespen gisa, beste lanpostu batzuetan ere lan egingo dute, beharrezkoa denean eta buruzagiek aginduta, betiere, beren lanbide-gaitasuna eta maila aintzat hartuta. Horrelakoetan, aurretik langileen ordezkariei emango zaie beharrizan horien arrazoien berri.
Zerbitzuei dagokienez, langile batek hedabide orokor bakar bateko erredakzioan soilik eman ahal izango ditu zerbitzuak kazetaritzako enpresak horretarako baimena eman ezean. Baimen horretan, zerbitzu horien iraunaldia aipatuko da.
Langile batek aitortuta daukana baino kategoria handiagoko funtzioak betetzen baditu sei hilabetetan baino gehiagotan urtebeteko epean, edo zortzi hilabetetan baino gehiagotan bi urteko epean, eskubidea izango du dagokion lanbide-sailkapena eskatzeko enpresako zuzendaritzari.
Enpresak ukatzen badio edo erantzuten ez badu, dagokion jurisdikzioan aurkeztu ahal izango du erreklamazioa, betiere, enpresa-batzordeak gaiaren inguruko txostena egin ondoren.
Langileak goragoko kategoriako eginkizunak bete arren, legez edo konbentzionalki igoera ez denean posible, eskubidea izango du esleitutako kategoriaren eta betetzen duen zereginari benetan dagokion ordainsariaren arteko aldea kobratzeko; langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.
Produkzio-jardueraren premiazko edo aurreikusi ezinezko beharrak direla-eta, enpresak langile bati hark duen kategoria baino beheragoko eginkizunak betetzeko agindu behar badio, beharrezkoa den denboraz soilik jarduteko aginduko dio, eta langileak duen lanbide-kategoriari dagozkion lansaria eta eskubideak gorde beharko dizkio. Horretaz gain, enpresak langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.
III. KAPITULUA
LANGILEAK
5. artikulua.– Langileen kalifikazioak hau soilik islatzen du: hitzarmen hau indarrean jartzean Diario El Correo SAko langileek duten egoera zehatza. Nolanahi ere, enpresak, enpresa-batzordearen onespenarekin, hitzarmenean jasota ez dauden beste lanbide-kategoria batzuk kalifika ditzake, baldin eta gerora beharrezkoak izateagatik ezartzen badira.
6. artikulua.– Lanbide sailkapena.
Hitzarmen honen eraginpean sartzen diren langileak talde hauetan sailkatuko dira profesionalki:
Erredakzioa:
GI.– Atalburua.
GII.– Erredaktorea / Dokumentalista / Diagramatzailea / Infografoa / Argazkilaria.
GIII.– Erredakzioko ofiziala (laguntzaileak, orrialde-muntaketa, argazkiaren tratamendua, idazkaritza).
Administrazioa, Marketina, Publizitatea, Informatika eta Laguntza Zerbitzuak:
GI.– Atalburua.
GII.1.– Bulegoko burua / Arloko arduraduna.
GII.2.– Aplikazioetako teknikaria.
GIII.– Administrazioko ofiziala (1. ofiziala, 2. ofiziala eta administrari laguntzailea).
Halaber, 7. eta 8. artikuluetan araututakoaren arabera, talde guztiak soldata-maila hauetan sailkatu ahal izango dira:
– 2. maila: Hasierako maila.
– 3. maila: 2. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere urtebete igarotzearekin.
– 4. maila: 3. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere 2 urte igarotzearekin.
– 5. maila: 4. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere 2 urte igarotzearekin.
– 6. maila: 5. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere 2 urte igarotzearekin.
– Maila berezia: Enpresako Zuzendaritzaren eskabidez promozionatuko da maila honetara, langilearen lanbide kualifikazioaren, jardunaren eta merezimenduaren arabera. Maila honetako promozioen eta goragoko maila eta taldeetarako promozioen berri emango zaio enpresa-batzordeari.
– GO: langile batek gertutasun osoko maila izango du, baldin eta enpresarekin aldez aurretik ituna egina badu eta, legezko lanaldiaren gehieneko mugen barruan, ezarrita dituen eginkizun zehatzez gainera, une oro zuzendaritzaren esanetara badago, aldian aldiko informazio-beharrizanak betetzeko.
7. artikulua.– Erredakzioko langileak.
Informazio literarioa zein grafikoa sortu, aukeratu, prestatu, idatzi eta osatzen dute.
Jabetza intelektuala: hitzarmen kolektibo hau indarrean sartzean lehendik datozen banakako akordioek bere horretan jarraituko dute. Hala ere, enpresan lanean aritzearen ondorio diren ohiko sorkuntzaren ustiapen-eskubideak enpresarenak izango dira, ez beste inorenak; eta eguneroko jardunean aritzeko behar den eragina izango dute. Horiek ustiatzeko eskumena izango du enpresak, eta ez du diru-konpentsazio gehigarririk ordaindu beharko.
Talde horrek honako hauek hartzen ditu barne:
GI) Atalburua.
Talde horretan, hauek sartzen dira:
– Atalburua/Arloko buruordea.
Atal baten ardura duen erredaktorea da; bertan, erredakzioko langile baten edo gehiagoren lana gainbegiratu eta koordinatzen du. Arloko erredaktore-buruak eskuordetuta, erredakzioko langileei lanak esleitzeko ahalmena izango du.
– Dokumentazioko burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.
– Fotografiako burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.
– Infografiako burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.
– Diagramazioko burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.
Bestalde, hirugarrenen multzoan sartuko dira dagokion arloko buruordearen edo ataleko buruaren zereginak partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituztenak, zuzendaritzak hala izendatuta.
Hauek dira talde horretako soldata-mailak:
– GO maila.
– Maila berezia.
Lanbide-maila horiek 6. artikuluan xedatuaren arabera lortuko dira.
GII) Erredaktorea – Dokumentalista – Diagramatzailea – Infografoa – Argazkilaria.
Talde horretan, hauek sartzen dira:
– Erredaktoreak:
Informazio Zientzietako lizentziadunak edo enpresak onartutako titulazioa izan, eta euren gaitasun profesionalaren eremuan lan egiten dute. Enpresak ezin izango ditu kazetariak behartu beste inork egindako jatorrizko dokumentuak sistema elektronikoan kopiatu edo sartzera, ez bada egunkariaren ikuspuntutik landuak izateko.
Batez ere lan intelektuala egiten dute. Modu literarioan edo grafikoan egiten dute, oro har egiten dena, haren lanaldiak adierazten dituen denbora-mugen barruan, hala nola mahaian eta kalean egiten dituenak.
– Dokumentalistak:
Erredakzioari atxikitako langileak dira, eta, nagusien menpe, egunkariaren agiritegi literario eta grafikoaz arduratzen dira.
– Argazkilariak:
Erredakzioari atxikitako langileak dira eta, euren nagusien menpe egonik, argazki-informazioa eta arlo horretako lan osagarriak egiten dituzte.
– Infografoak:
Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, infografiako lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez.
– Diagramatzaileak:
Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, diagramazioko lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez.
Hauek dira talde horretako soldata-mailak:
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– 6. maila.
– Maila berezia.
– GO
Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.
GIII) Erredakzioko ofizialak.
Erredakzioko jarduna garatzen laguntzeko izan daitezkeen ofizio guztiak sartzen dira talde horretan (orrialde-muntaketa, transmisioak, argazkien tratamendua, idazkaria eta abar).
Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute euren gain, eta ekimen eta erantzukizunez betetzen dute; nagusi edo arloko arduradun baten menpean daude, eta eginkizun tekniko osagarriak betetzen dituzte (orrien muntatzaileak, argazkien tratamendua, eta abar).
Hauek dira talde horretako soldata-mailak:
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– 6. maila.
– Maila berezia.
Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.
8. artikulua.– Administrariak, informatikariak eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak eta abar).
Ezagutza administratiboa eta informatikoa eta zerbitzu orokorretako lanbideak dituzten langile guztiak sartuko dira talde horretan.
Honako talde hauek hartzen ditu barne:
GI) Atalburua.
Talde honetakoak dira, zuzenean Zuzendaritzaren menpe egonik, administrazioko, informatikako eta zerbitzu orokorretako (mandatariak, telefonistak...) jardueren agintea eta erantzukizuna beren gain hartzen duten langileak. Talde profesional horretako langileak dituzte aginduetara eta euren zuzendaritzapean.
Maila Berezia izango da talde honetako soldata-maila bakarra, eta 6. artikuluan xedatuaren arabera eskuratu ahal izango da.
GII.1.– Bulegoko burua / Arloko arduraduna.
Talde horretan, hauek sartzen dira:
1.– Bulegoko burua: zuzen-zuzenean zuzendaritzaren edo atalburuaren menpe daude, eta beren gain hartzen dituzte ataleko jarduerak azpisailkatuta dauden sailetako baten agintaritza eta erantzukizuna; langile-talde bat dute beren aginduetara.
Halaber, bere atalburua ordeztuko dute, berau ez dagoenean.
2.– Arloko arduraduna: arloko arduradunaren lanpostu hori beteko da, baldin eta enpresaren zuzendaritzaren ustez eginkizun hori garrantzitsua bada.
Maila Berezia izango da talde honetako soldata-maila bakarra, eta 6. artikuluan xedatuaren arabera eskuratu ahal izango da.
GII.2.– Aplikazioetako teknikariak.
Hauek dira talde horretako soldata-mailak:
– 4. maila.
– 5. maila.
– 6. maila.
– Maila berezia.
Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz, eta 4 izango da hasierako maila.
GIII) Administrazioko ofiziala.
Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute beren gain, eta ekimenez eta erantzukizunez betetzen dute. Arloko buru edo arduradun baten menpe daude, eta administrazioko, informatikako eta zerbitzu orokorretako eginkizunak betetzen dituzte (mandatariak, telefonistak, eta abar).
Bestalde, hirugarrenen multzoan sartuko dira dagokion atalburuaren/arloko buruordearen edo arduradunaren zereginak partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituztenak, Zuzendaritzak izendatuta.
Hauek dira talde horretako soldata-mailak:
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– 6. maila.
– Maila berezia.
Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.
IV. KAPITULUA
LANORDUAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK
LANALDIA, ORDUTEGIAK, OPORRAK, ATSEDENAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK
9. artikulua.– Lanaldia.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileen asteko lanaldia 35 ordukoa da, eta 1.554 ordukoa urtean. Enpresarekin hitzartutako kasu bereziak alde batera uzten dira, eta horiei beste era batera ordainduko zaie. Lanaldiko osagarria eskuratzen duten langileen lanaldia 39 ordukoa da astean, eta 1.732 ordukoa urtean.
Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak aztertuko dute nola aplikatu eraginkortasunez lanaldi-murrizketa erredakzioaren lan-ordutegietan.
Nagusiak baimendutako lan-arrazoiak direla eta lanaldi zatitua daukaten langileei bazkaltzeko tartea murrizten bazaie, eta beren lantokiaren inguruan bazkaldu behar badute, janari-gastuak Tickeliaren bidez pasatu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, neurri horren ondorioz ezin izango da langileen lanaldia luzatu.
Lanaldi bakoitzeko ordutegiak ondoko artikuluaren arabera arautuko dira.
Oro har, batez besteko asteko atsedenaldia elkarren segidako bi egunekoa izango da, betiere, arlo edo atal bakoitzean ezarritako atsedenaldien antolakuntza-sistema aintzat hartuta. Nolanahi ere, azken urteotako ildoari jarraikiz, finkatutako egutegitik kanpo lan egindako igande bakoitzeko, bi egun libre edo igande libre bat hartu ahal izango da, bai eta, bi kasuetan, dagokion ordaina ere.
Ostiral Santua, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a borondatezkoak izango dira langileentzat, eta 300 euroko plus bat ordainduko da haien truke. Atal bakoitzean behar diren plazak betetzen ez badira, lanpostuak txandaka esleituko dira urtez urte, eta egokitzen zaion pertsonak lan egin beharko du, bere ataleko txandaketaren arabera. Behar izanez gero, atalean adierazitako egunetan lan egiteko bere burua eskaini ez duten pertsonekin txandaketa egiten hasiko da.
10. artikulua.– Ordutegiak.
Profesional-talde bakoitzak bere ordutegia izango du. Egunkariaren ordezkaritzek txandak eta ordutegiak ezarri ahal izango dituzte enpresa antolatzeko beharrizanekin bat etorriz.
– Administrazioko langileak, informatikariak, eginkizun tekniko osagarriak (muntatzaileak, argazkien tratamendua eta transmisioak) eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak): astean 35 ordu lan egingo dute, enpresarekin hitzartutako ordutegien arabera.
– Erredakzioko langileak: kazetari-lanaren ezaugarri bereziak aintzat hartuta, egunkariko zuzendariak kasu bakoitzean egoki iritzitako lan profesionalak eta ordutegiak ezarri ahal izango dizkio erredaktore bakoitzari, lana behar bezala antolatzeko, eta hitzarmen honetan finkatutako asteko lanaldiko mugen barruan.
11. artikulua.– Oporrak.
Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek urtean 33 egun naturaleko oporraldia izango dute (29 lanegun eta 4 igande), edo lan egindako aldiaren zati proportzionala.
Opor-egun gehiago hartu ahal izango dituzte langileek, aitortutako antzinatasunaren arabera, eta mailaketa hau kontuan hartuz:
(Ikus .PDF)
Oporraldi osoaren edo zati baten ordez, ezin izango da inolaz ere diru-konpentsaziorik eman.
Opor-garai horretan jaiegunen bat izanez gero, egun hori beste garai batean hartuko da, edo lanegun arrunten moduan ordainduko da, langileek nahi bezala.
2024. urtetik aurrera, urtean 2 opor-egun gehiago ezartzen dira, eta abenduaren 24an eta 31n hartuko dira nahitaez, egun horietan ez baita egunkaririk argitaratzen (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean), jarraian adierazten diren salbuespenekin.
Beraz, ez da lanik egingo abenduaren 24an eta 31n, eguneko gaurkotasuneko berriak webgunean betetzeko behar den erredakzioko taldea izan ezik. Horretarako, gutxieneko zaintalde bat ezarriko da txanda bakoitzean. Zenbait ataletan, argazkigintzan adibidez, informazio-beharretarako gutxieneko zaintalde bat ezarri ahal izango da. Kasu horietan, abenduaren 25erako, ostiral santurako eta urtarrilaren 1erako aurreikusitako borondatezkotasun- eta txandakatze-araua beteko da.
Zirkunstantzia bereziak direla-eta abenduaren 24an edo 31n lan egin behar duten webguneko edo beste atal bateko langileentzat, egun horietako lana jaieguntzat hartuko da; beraz, 120 euroko jaiegun-plusa kobratuko dute eta konpentsazioko atseden-egun bat sortuko dute.
12. artikulua.– Oporrak.
Hitzarmen honetan zehaztutako ordainketez gain, honako hau ezartzen da:
1.– Enpresak langileek eskatutako opor-egunak onartu eta gero, egun horiek iristen direnean ukatzen badizkie laneko arrazoi larriak argudiatuta, kalte-ordaina eman beharko die eragindako kalte ekonomikoaren arabera; halaber, neurri horrek langile bakoitzarengan dituen ondorioak aztertuko ditu enpresak.
2.– Informatika- eta antolaketa-arrazoi bereziak tarteko, atal bateko arduradun batek eskatzen badio bere erredaktoreetako bati oporrak urtarrila-apirila aldian hartzeko, oporretako plusarengatik legokiokeena kobratzeko eskubideari eutsiko zaio, betiere, 2011-2014 Hitzarmen Kolektiboaren 12.2 artikuluan aurreikusitako baldintzen eta zenbatekoaren arabera.
13. artikulua.– Oporrak.
Urteko oporrak enpresarekin adostutako egunetan hartuko dira, eta, horretarako, bi hilabete lehenago eskatu beharko dira.
Oporrak udan hartuko dira batez ere, eta lehentasuna emango zaie antzinatasun handiena duten langileei. Nolanahi ere, eskola-adineko seme-alabak (16 urte arte) dituzten gurasoek euren oporrak eskola-oporraldian hartzeko aukera izatea bermatuko da.
Langileek oporrak bi alditan hartzeko aukera izango dute. Hala egiten badute, urte bakoitzeko aldi horietako bakar batean baliatu ahal izango dute lehentasuna.
Hala ere, antzinatasunaren edo eskola-adineko seme-alaben araberako lehentasun-irizpide horiek aplikatuta, langile batek aurreko urteko oporraldia hilabete jakin batzuetan hartu bazuen (uztaila edo abuztua) beste langile baten eskaeraren kaltetan, eta indarrean dagoen urtean bere eskaera berriro beste langile horren opor-eskaerarekin bat baldin badator, azken horrek izango du oporraldia aukeratzeko lehentasuna bi eskaerek bat eginez gero (uztaila edo abuztua).
Aldeen artean adostasunik lortu ezean, eskumenak dituen jurisdikzioak finkatuko du oporrak hartzeko data, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu haren erabakiaren aurka.
14. artikulua.– Baimenak eta eszedentziak.
Baimen ordaindu hauek ezarriko dira:
a) Langilearen ezkontza: 18 egun natural. Legez formalizatutako izatezko bikoteak ere ezkontzatzat hartuko dira.
Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere 18 egun natural horiek hartzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.
b) Bikotekidearen, gurasoen eta seme-alaben heriotza –ezkon-senideak barne–: 4 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna.
c) Aitona-amonen, neba-arreben eta biloben heriotza –ezkon-senideak barne–: 2 lanegun.
Izeba-osaben heriotza: ehorzketara joateko behar den denbora; egun 1, gehienez ere.
d) Gurasoen, seme-alaben edo neba-arreben –ezkon-senideak barne– ezkontza edo erlijio-profesioa: egun natural 1.
e) Seme-alaben, biloben, eta neba-arreben lehen jaunartzea: egun natural 1.
f) Seme-alaben eta biloben bataioa: egun natural 1.
g) Ohiko etxebizitzaz aldatzea: lanegun 1.
h) Bost egun ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen edo izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasunezko ahaideen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta aurrekoak ez diren beste pertsona batzuen kasuan ere, betiere langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta beharrezkoa badute langilearen benetako zaintza.
i) Gidabaimena eskuratzeko, behar beste denbora, baina behin baino ez.
j) Enpresaren jarduerarekin zerikusia duten gaiak irakasten dituzten ikastetxeetan azterketak egiteko, behar den denbora, betiere, aurretiaz jakinarazita eta behar bezala egiaztatuta geratu ahal izango da langilea lanera etorri gabe. Langilea ez laneratzea ordaindu gabeko baimentzat hartuko da.
k) Medikuntza orokorreko familia-medikuaren edo Gizarte Segurantzako edo osasungintza pribatuko espezialistaren kontsultarako, behar beste denbora hartu ahal izango da. Dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da.
l) Lan sindikalak egiteko behar beste denbora hartu ahal izango da, legedian ezarritakoaren arabera.
m) Joan-etorria 150 km-tik gorakoa bada, baimenari hiru egun natural erantsiko zaizkio, b, c, d, eta g ataletako kasuetan.
n) Norberaren gauzak: egun natural bat. Eguna hartu baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari, eta arloko edo ataleko buruarekin adostu beharko da. Egun hori ezin izango da opor-egunekin batera hartu.
o) Bederatzi hilabetetik beherako semea edo alaba edoskitzeagatiko baimena baliatu behar duten langileek 21 egunetan metatu ahal izango dute lanaldi osoetarako, edo horren zati proportzionala lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, betiere, ahalmen hori baliatzen bada amatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko baja-aldia amaitzean, eta eskubide hori baliatu baino 15 egun lehenago jakinarazten bada.
BORONDATEZKO ESZEDENTZIA BEREZIA
Borondatezko eszedentzia bereziaz gozatu ahal izango dute langileek, eta 6 eta 12 hilera bitartean gorde egingo zaie lanpostua, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
– Enpresan 10 urteko antzinatasuna izatea.
– Hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuan egotea.
– Borondatezko eszedentzia berezia eskatu gura den aldian sei langile baino gehiago ez egotea, aldi berean, eszedentzia-egoeran.
– Borondatezko eszedentzia berezia eskatzerakoan ez dadila beste langilerik egon eszedentzian atal berean.
– Eskabide biren edo gehiagoren artean auzia sortuz gero, aldez aurretik borondatezko eszedentzia berezirik eskatuta ez izanaren irizpidea errespetatuko da, baita enpresako antzinatasunaren irizpidea ere. Beteranoenek izango dute lehentasuna.
– Borondatezko eszedentzia bereziaren aldian, langileak ezingo du lanik egin enpresarekin lehian ari diren beste komunikabide edo enpresa batean.
– Borondatezko eszedentzia bereziaz baliatuta, langileak ezingo du beste eszedentzia bat eskatu, harik eta bost urte igaro arte.
V. KAPITULUA
SOLDATA-POLITIKA ETA ORDAINSARIAK
15. artikulua.– Ordainsariak.
Diario El Correo SAk talde eta maila bakoitzean ezarritako ordainsariak hitzarmen honi erantsitako soldata-tauletan jasota daude, eta 15B artikuluaren arabera hitzartutako soldata-igoera ere barne hartuta dago. Ordainsariak hitzarmen kolektibo honetako 16. artikuluan eta hurrengoetan zehaztu eta definitzen dira.
15 B artikulua.– Soldata-igoera:
Soldata igotzeko, bi langile-talde ezartzen dira: 2tik 6rako soldata-maila duten langileak eta maila berezia edo gertutasun osoko maila duten langileak.
– 2tik 6rako soldata-maila duten langileak:
2024., 2025. eta 2026. urteetarako 2. eta 6. soldata-mailetako soldatak hitzarmen kolektiboari erantsi zaizkion soldata-tauletan zehazten dira, eta urte horietako bakoitzerako adostutako soldata-igoerak jasotzen dituzte.
– Maila bereziko eta gertutasun osoko mailako langileak.
Maila berezira eta GOra atxikitako langileek ez dute igoera finkorik izango soldata-tauletan, honela banatuko baita:
– % 50 finkagarria banakako soldata bermatuaren barruan, horren zati banaezin bihurtuz.
– % 50 ordainsari aldakor ez-kontsolidagarria. Urte bakoitzeko urtarrilean ordainduko da, 2024. urtean izan ezik, hitzarmena sinatzen den unean ordainduko baita.
Maila bereziei eta gertutasun osoko mailei aplikatu beharreko igoera-ehunekoak % 3,5 izango dira 2024an, % 3 2025ean eta % 3 2026an, eta soldata bateratuaren, bermatutako antzinatasun-plusaren eta banakako soldata bermatuaren urteko zenbatekoari aplikatuko zaizkio, uztaileko, urriko eta abenduko aparteko ordainsariak eta mozkinak barne.
Karrera-planean dauden eta hitzarmenaren indarraldian maila berezia lortzen duten langileek, une horretatik aurrera, maila berezirako aurreikusitako soldata-igoera jasotzeko eskubidea izango dute, eta nominan banakako soldata bermatua izango dute.
16. artikulua.– Ordainsari-kontzeptuak.
Enpresako langileen ordainsaria ondoko kontzeptu hauek osatuko dute:
01.– Soldata bateratua.
02.– Banakako soldata bermatua.
03.– Bermatutako antzinatasun plusa.
04.– Gaueko lanaren plusa.
05.– Gertutasun osoko plusa.
06.– Uztaileko eta Eguberrietako haborokinak.
07.– Urriko ordainsaria.
08.– Mozkinetako partaidetza.
09.– Oporretako plusa.
10.– Aparteko orduak.
11.– Jaieguna.
12.– Igandeko plusa.
13.– Hauteskunde-plusa.
17. artikulua.– Oinarrizko bateratua.
Soldata-agirian izen horrekin jasotzen den kontzeptuaren barruan aplikagarri diren antzinako soldata-kontzeptu guztiak sartzen dira, kapitulu honen hurrengo artikuluetan zehaztutakoak izan ezik.
17B artikulua.– Banakako soldata bermatua.
2011-2014 Hitzarmen Kolektiboa sinatzean 2011. urteko soldata-tauletan ezarritakoa baino igandeko plus handiagoa jasotzen ari ziren langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da. 2010-2011 urteetan lan egindako igandeen batezbestekoaren arabera kalkulatu zen, edo, halakorik ezean, atal bakoitzeko aldi horretako igandeen batezbestekoaren arabera. Era berean, soldata-kontzeptu horretan igoera finkagarriak aplikatu dira maila berezietan eta gertutasun osokoetan.
Banakako soldata bermatua ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.
18. artikulua.– Bermatutako antzinatasun-plusa.
2011ko urtarrilaren 1ean antzinatasun-plusa bermatu zuten langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da, 2011-2014 Hitzarmen Kolektibotik antzinatasuna kendu zenean; horrela, 2010eko abenduaren 31tik jasotzen ari ziren antzinatasun plusa bermatu zuten, 2011. urtean sortu ziren hirurteko edo bosturtekoekin eta langile bakoitzak 2010eko abenduaren 31 arte sortutako antzinatasunaren hurrengo zatiko parte proportzionalarekin batera.
Ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.
19. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.
Kontzeptu hau 22:00etatik 06:00etara bitartean lan egiten duten langileei ezarriko zaie; lanaldi osoko plus horren zenbatekoa, hilabetekoa, honi erantsitako soldata-tauletan jasotzen da.
Lanaldi osotzat joko da aipatutako tarte horren barruan egunero, gutxienez, hiru ordu lan egiten dutenena.
Tarte horretan lan egindako denbora hiru ordutik beherakoa baina ordubetetik gorakoa bada, gauez lan egindako denborari dagokion zati proportzionala ordainduko da.
Lanaldi osorako gaueko lanaren plusa soldata bateratuaren % 19,25 da. Soldata bateratua hitzarmen honen 17. artikuluan zehaztutakoa da.
20. artikulua.– Gertutasun osoko plusa.
Gertutasun osoko erregimenean sartutako erredakzioko langileek hilean jasoko duten zenbatekoa honi erantsitako soldata-taulan azaltzen da.
Oro har, gertutasun osoko plusa erredaktore eta argazkilariek jasotzea eragotzi gabe, Zuzendaritzak erabaki ahal izango du gertutasun osoko plusa infografoei, diagramatzaileei eta dokumentalistei ere ordaintzea.
21. artikulua.– Uztaileko eta Eguberriko haborokinak.
Lansari horien zenbatekoa soldata bateratuaren, bermatutako antzinatasun-plusaren, gaueko lanaren eta gertutasun osoko plusaren hilabeteko soldataren parekoa izango da, % 25eko gehikuntzarekin.
22. artikulua.– Urriko ordainsaria.
Kontzeptu horrengatik soldata bateratuaren hilabeteko soldata, bermatutako antzinatasun-plusa, gaueko lanaren plusa eta gertutasun osoko plusa ordainduko dira.
23. artikulua.– Mozkinetako partaidetza.
Kontzeptu horrengatik aurreko urte osoan jasotako soldata errealen % 8 ordainduko da.
Urte bakoitzeko otsailean ordainduko da diru-zenbateko hori.
24. artikulua.– Oporretako plusa.
Kontzeptu horretan, urteko hil jakin batzuetan oporrak hartzen dituzten langileek jasoko dituzten osagarriak sartuko dira, bat etorriz hitzarmen honen 12. artikuluaren 2. zenbakian ezarritakoarekin.
25. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko orduak izango dira legezko xedapenetan ezarritako lanaldiaren iraupenaren gainetik egiten diren guztiak.
Enpresak erabakiko du aparteko orduak egiterik dagoen; langileak, bestalde, libreki erabakiko du orduok sartzea, hurrengo paragrafoan ezarritako kasuetan izan ezik.
Kazetaritzako lana, bere ezaugarri bereziak direla eta, egunean bukatu behar denez, langile guztiek salbuespenez egingo dituzte egunkaria egin, inprimatu, manipulatu eta saltzeko beharrezko diren aparteko ordu guztiak, zeinak aparteko ordutzat hartuko baitira.
26. artikulua.– Jaiegunak.
El Correoko langile guztiek 120 euro kobratuko dituzte jaiegunetan lan egiteagatik.
Aurreko jaiegunen araubideari atxikitako erredakzioko langileek jaiegunetan zerbitzua ematen jarraituko dute, orain arte bezala. Horrela, jaiegun guztietan jarraituko dute lanean, egun libre eta opor-egun batekin datozenean izan ezik, eta urtarrilaren 1ean, abenduaren 25ean eta Ostiral Santuan izan ezik. Horiek orain arte bezala jarraituko baitute. Era berean, 11 egun libreko konpentsazioa izango dute lan egindako jaieguneko, orain arte bezala.
El Correoko gainerako langileen kasuan, benetan lan egindako jaiegun bakoitzeko, jaiegun-plus berria jasotzeaz gain, konpentsazio-egun libre bat sortuko da. Era berean, jaiegun bat egun librea edo opor-eguna bada, konpentsazio-egun libre bat sortuko da. Aldi baterako ezintasunagatik bajan egonez gero, ez dute jaiegunengatiko konpentsazio-egunik sortuko bajak irauten duen bitartean.
Lana eta familia bateragarri egiteko, erredakzioko langileek beren borondatez jaiegun ofizialetan lanik ez egitea eta jaiegun horiek egitea erabakitzen badute, idatziz eskatu behar dute, eta Argitalpen Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu. Kasu horietan, lan egindako jaiegun bakoitzeko konpentsazioko 11 egunak ez dira sortuko, eta ez da jaiegun-plusik ordainduko.
27. artikulua.– Igandeko plusa.
Lan egindako igandeetan baino ez da eskuratuko plus hori, lehen igandetik aurrera, eta zenbatekoa soldata-tauletan jasotakoa izango da.
28. artikulua.– Hauteskundeetako plusa.
2024. urtetik aurrera, hauteskunde-plusa 90 eurokoa izango da. Hauteskundeetako lana honela konpentsatuko da:
– Egutegiaren arabera hauteskundeetako igandean lan egin behar duten pertsonek igandeko plusa + hauteskundeetako plusa kobratuko dute, 90 euro, eta asteko konpentsazio-atsedenaldirako eskubideari eutsiko diote.
– Egutegiaren arabera hauteskundeetako igandean lan egin behar ez duten pertsonek, gertutasun osokoak izan zein ez, igandeko plusa + hauteskundeetako plusa (90 euro) kobratuko dute, eta lanordu horiek ez zaizkie atseden-egun batekin konpentsatuko.
Hala ere, langileek 90 euroko hauteskunde-plusa atseden-egun batez trukatu ahal izango dute, betiere aldez aurretik eta idatziz (posta elektronikoz) jakinarazten badiote Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
– Hauteskundeetako igandean txanda bikoizten duten langileek, egutegiaren arabera hauteskundeetako igandean lan egitea egokitzen zaien edo ez kontuan hartuta, honako konpentsazio hau jasotzeko eskubidea izango dute:
i) Egutegiaren arabera lan egitea egokitzen bazaie, igandeko plusa + hauteskundeetako plusa kobratuko dute, 120 eurokoa (90 euroren ordez), eta asteko konpentsazio-atsedenerako eskubidea mantenduko dute.
ii) Egutegiaren arabera lan egitea egokitzen ez bazaie, gertutasun osokoak izan zein ez, igandeko plusa + hauteskundeetako plusa kobratuko dute, 120 eurokoa (90 euroren ordez), eta atseden-egun bat hartzeko eskubidea izango dute, arduraldi eta ahalegin bereziagatik.
VI. KAPITULUA
BIDAIAK ETA LEKUALDATZEAK
29. artikulua.– Gastuak eta kilometrajea.
Zerbitzua dela medio langileek lan-egoitza dagoen tokitik kanpora joan behar badute lan egitera, eta horren ondorioz, gaua kanpoan eman edo lanagatik etxetik kanpo bazkaldu behar badute, Diario El Correo SAk ordainduko ditu gastu horiek, betiere, behar bezala justifikatuta badaude Tickeliaren bitartez.
Kilometroko ordaintzen den zenbatekoa erregaien prezioa aldatzen den neurrian aldatuko da. Nolanahi ere, urtero kilometroko ordaintzen den zenbatekoa berrikusiko da, erregaiei eragiten ez dien zatian.
Bidaiengatiko konpentsazioa: euren zereginak burutzeko, 14 egunez edo gehiagoz ohiko bizilekutik mugitu behar duten langileek eskubidea izango dute, itzultzean, atseden-egunak hartzeko, aldi horretan pilatutako egunak bider 1,5, hain zuzen ere. Bi aste baino egun gutxiagorako joan behar badute, Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak neurri hori bera aplikatzea justifikatua den edo ez negoziatuko dute.
VII. KAPITULUA
GIZARTE-HOBEKUNTZAK
30. artikulua.– Gaixotasun edo istripuengatiko osagarriak.
Enpresak osagarri honi eutsi egiten dionez, gaixotasun arruntak, lan-istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako aldi baterako ezintasunagatik bajan dauden langileei honako hau ordainduko die lehenengo egunetik: GSINk edo, hala badagokio, Seguro (Mutua) aseguru-entitateak ordaintzen duen ekonomia-prestazioaren eta kategoria bakoitzari dagokion ordainsariaren arteko aldea, plus guztiak barne direla (salbu eta igandeko plusa, atseden-eguna aldatzeagatiko plusa eta jaieguneko plusa). Osagarri hori ordainduko du aldi baterako ezintasunaren gehieneko epea bukatu arte edo, hala badagokio, behin betiko ezintasuna (legean ezarritako edozein modalitate) eman arte.
Enpresak edo zerbitzu medikoek antzematen badute langileak gaixotasun- edo istripu-itxura egin duela, ez du adierazitako prestazioa ordainduko, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.
Aldi baterako ezintasunagatik diru-prestazioa kategoriari dagokion soldata baino handiagoa bada, langileak Gizarte Segurantzaren diru-prestazioa jasoko du.
Enpresa-batzordeak baja-agiri administratiboak jasoko ditu hilero, absentismoa behatu eta hura errotik desagerrarazten laguntzeko.
31. artikulua.– Heriotza.
Langile bat hiltzen denean, enpresak legezko jaraunsleei hilabeteko ordainsaria emango die, soldata errealaren gainean, lan egindako urte bakoitzeko –gehienez, hamar urte arte–. Horrek ez du baztertzen beste edozein kontzepturengatik legez dagokiona jasotzea.
32. artikulua.– Ezkontzea eta seme-alabak izatea.
Urtebetetik gorako antzinatasuna duen langile bat ezkontzen bada, 120,20 euroko ordainsaria emango zaio, ezkontza-sari gisa, eta hori berdina izango da lanbide-kategoria guztietan. Seme-alabak izaten direnean, ordainsaria 90,15 eurokoa izango da. Erditze ugarien kasuan, berriz, 180,30 eurokoa izango da.
Adoptatutako umeak ume naturaltzat hartuko dira, ondorio guztietarako.
Legez erregistratutako izatezko bikoteak ezkondutakotzat hartuko dira, hitzarmen honetan ezarritakoaren ondorioetarako.
Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere ezkontza- eta jaiotza-saria jasotzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.
33. artikulua.– Bizitza- eta istripu-asegurua.
Enpresak bere langile guztiei bizi-asegurua egin behar die, kasu hauek hartuko dituena: edozein arrazoiren eraginez gertatutako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra eta ezintasun handia. Aseguru horren zenbatekoak eguneratuko dira hitzarmen bidez adostutako soldata-igoeren arabera.
Gaixotasun arruntak eragindako heriotza, ezintasun handia edo erabateko ezintasun iraunkorra:
2024-2026. urteak.– 23.514,58 euro.
Istripuak eragindako heriotza edo erabateko ezintasun iraunkorra:
2024-2026. urteak.– 50.388,38 euro.
34. artikulua.– Osasun-azterketak.
Urtero, osasun-azterketa egingo zaie langileei: odolaren eta gernuaren kontrol analitikoa, bihotz-birikietako seriazio-argazkia eta begietako azterketa. Langile guztiek emaitzari buruzko txostena jasoko dute. Gainera, mediku-zerbitzuak arteria-presioaren eta entzumen-sistemaren analisiak egingo ditu.
Analisi horiek lantoki guztietako langileei egingo zaizkie.
35. artikulua.– Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana.
Enpresak gizarte-aurreikuspeneko egungo planarekin jarraitzea erabaki du, langileentzako aseguru kolektiboko poliza bat harpidetuz; bertan, hartzailea enpresa izango da, eta aseguratuak, plana izenpetu duten langileak.
Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana ekarpen definitukoa izango da, eta honako ezaugarri hauek izango ditu:
1.– Planaren barruan sartzen diren langileak:
Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langile guztiak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Enpresan 2 urteko antzinatasuna izatea.
b) Bigarren puntuan ezarritako betekizunak betetzea.
c) Langileak euren borondatez atxikitzea planari. Baldintzak betetzen dituzten langileak euren borondatez atxikiko zaizkio planari. Nolanahi ere, enpresak ez du inolako ekarpenik egingo atxiki ez diren langileen alde.
2.– Enpresaren ekarpenak.
Enpresak urtero egingo du ekarpena, abenduan.
Langile bakoitzak urtero egin beharreko ekarpen hori b letran jasotako baldintza guztiak betetzearen mende egongo da:
b) Langilearen eta enpresaren arteko lan-harremanak indarrean egon behar du, langileak 65 urte baino gutxiago izan behar ditu, eta ezin dira eszedentzian egon edo lan-harreman hori etenda izan, salbu eta legez onartutako kasu hauetan: amatasuna, 6 urtetik beherako umeen adopzioa eta adopzio-aurreko harrera, aitatasuna, haurdunaldi arriskutsua, edo langileak berak lanpostua uztea erabakitzea, genero-indarkeriaren eta aldi baterako ezintasunaren ondorioz.
Langileak, urtean zehar, baldintza horiek betetzen hasten bada edo horiek betetzeari uzten badio, enpresak urte horretan egingo dion ekarpena baldintzok betetako denboraren araberakoa izango da.
Beharrezko baldintzak betetzen dituen langile bakoitzeko ekarpen horren zenbatekoa 345 eurokoa izango da. Zenbateko hori finkoa izango da, eta ez du inolako errebalorizaziorik izango.
Enpresaren ardura honetara mugatzen da: langile bakoitzeko ordaindu beharreko urteko ekarpenak ordainduko ditu aseguru kolektiboaren polizan, kontuan hartuta poliza horren bidez gauzatzen dela enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plan hau, aurretik adierazitako moduan.
3.– Eraginpeko langilearen borondatezko ekarpenak.
Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planean sartutako langileek borondatezko ekarpenak egin ahal izango dizkiote aseguru-polizari, unean-unean indarrean dagoen araudian ezarritako mugen barruan.
4.– Prestazioak.
Atal honetan aipatzen diren prestazioak bateraezinak eta, euren artean, baztergarriak dira, eta aseguratu edo onuradun berak ezingo du bere alde prestazio bat baino gehiago jaso; era berean, aseguratu batek eta bere onuradunak ezingo dute prestazio bera jaso.
Erretiroa.
Ekarpenak enpresaren aurreikuspen-plan hau gauzatzen den aseguru-polizan bilduko dira. Ekarpen zehatzeko sistema bat izanik, langileak Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiro efektiboa hartzen duen unean prestazioa jasotzeko eskubidea sortuko du polizak.
Heriotzaren estaldura osagarria.
Aseguratu bat erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen hiltzen bada (edo 4.3 apartatuan aipatzen den erabateko ezintasuneko estaldura osagarria jaso baino lehen), aseguratu horrek izendatutako onuradunak jasoko ditu aseguratuaren alde ordaindutako primak.
Erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko eta ezintasun handiko estaldura osagarria.
Gizarte Segurantzaren sistema publikoak aseguratu bat erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko edo ezintasun handiko egoeran deklaratzen badu, erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen (edo 4.2 apartatuan aipatzen den heriotzaren estaldura osagarria jaso baino lehen), onuradunari ordainduko zaio aseguratu horren alde egindako ekarpenei dagokien diru-hornidura.
5.– Lan-harremana iraungitzea.
Edozein arrazoi dela tarteko, langileak enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen bada Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiroa hartu aurretik, eta arrazoi hori ez bada heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo ezintasun handia, langile aseguratuari dagokio iraungitze-datara arte bere alde egin diren ekarpenetatik sortutako eskubide ekonomikoak jasotzea. Langileak erretiroa hartu aurretik jaso ahal izango ditu eskubide horiek, pentsioen inguruko konpromisoen arloan indarrean dagoen legediak onartzen badu. Langilea hiltzen bada, berriz, bere onuradunek jasoko dituzte eskubideak, eta ezintasun iraunkor osoko, erabateko ezintasun iraunkorreko edo ezintasun handiko egoeran badago langileak berak jasoko ditu, betiere gizarte-aurreikuspeneko plan hau gauzatzeko harpidetutako aseguru kolektiboko polizan jasotako eran eta baldintzetan.
Enpresak ez du beste ekarpenik egingo, langilearekin duen lan-harremana edozein arrazoi dela medio iraungitzen den momentutik –iraungitze horren kalifikazioa edo izaera zein den gorabehera–, ezta langileak eszedentzia hartzen badu edo lan-kontratua eteten bada; nolanahi ere, 2 zenbakiko b) apartatuan ezarritako salbuespenak aintzat hartuko dira.
Ekarpen- eta prestazio-erregimenari dagokionez, enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana –nolako ezaugarriak dituen aintzat hartuta– unean-unean aplikagarria den araubide fiskalera egokituko da.
Onuradunek prestazioa honako era hauetan jasotzea aukeratu dezakete: kapitalean, errentan (finantza- edo aktuario-errenta) edo era mistoan.
Plana aldatu egin daiteke enpresak eta langileen legezko ordezkariek erabakitakoaren arabera. Halaber, negoziazio kolektiboan hartutako erabakiaren bidez, prestazioen eta ekarpenen erregimena edo planaren beste edozein alderdi alda daitezke, enpresaren eraginkortasuna areagotzeko.
Batzorde mistoak aseguru-etxea aldatzea erabaki dezake, bi aldeek hala adosten badute.
36. artikulua.– Seme-alaba adingabeengatiko laguntza.
Hiru urtetik beherako seme edo alaba bat euren kargura duten langileek eskubidea izango dute hilean 40 euroko dirulaguntza jasotzeko, urteko 12 hilabetetan banatuta (urtean, 480 euro), seme edo alabak hiru urte betetzen duen egunera arte. Hiru urtetik beherako seme edo alaba bakoitzak emango du laguntzaz baliatzeko aukera.
Hiru urtetik beherako seme edo alabaren gurasoak enpresako langileak badira, bietako batek bakarrik jasoko du dirulaguntza.
37. artikulua.– Muskulu-arazoak tratatzeko laguntza.
Enpresaren mutuak langileak artatu ondoren masajeak hartzera bidaltzen baditu muskulu-arazoak direla eta (bizkarra, lepoa eta abar) masaje-tratamenduaren tarifa ofizialen gainean % 25eko deskontua izateko eskubidea izango dute langileek.
Aipatutako deskontua eskaintzen duten profesionalen zerrenda mutuak hitzartutakoa izango da. Langilea lehendik tratamenduan badago, enpresak konpromisoa hartuko du kasua aztertu eta mutuaren bitartez eskaintzen duen laguntza bera eskaintzeko.
38. artikulua.– Optikako produktuak erosteko laguntza.
Ikusmen-arazoak (dioptria, miopia, hipermetropia, astigmatismoa...) dituztela frogatzen duten langileek eskubidea izango dute urtean 100 euroko bonu bat jasotzeko. Hitzartutako optikako enpresetan, zenbateko horren deskontua egingo zaie betaurrekoak, lentillak eta lentilla-likidoak erostean. Langile bakoitzak urtean bonu bat izango du, eta beste langile bati edo bere senideei eman ahal izango die.
Ikusmen-arazorik ez duten gainerako langileek 50 euroko bonu bat jasoko dute urtero.
Enpresa saiatuko da deskontu-bonua hurrengo urterako pilatu ahal izatea negoziatzen.
39. artikulua.– El Correoko doako harpidetza.
Langile guztiek eskubidea izango dute «El Correo» egunkaria doako harpidetzaren bidez jasotzeko euren etxean edo kioskoan, bai eta harpidedun-txartela izateko ere. Halaber, ON+ edizio digitalean eta egunkariaren Kiosko eta Más zerbitzuetan doan harpidetzeko eskubidea izango dute.
40. artikulua.– Langileentzako aurrerakin bereziak.
Langileek banakako mailegu bat eska dezakete, gehienez 4.000 eurokoa, honako arau hauen arabera:
– Mailegu horien langile onuradunek enpresan gutxienez bi urteko eta etenik gabeko antzinatasuna izan beharko dute.
– Ez da beharrezkoa izango langileek egiaztagiririk aurkeztea.
– Langile bakoitzak mailegu bat izan dezake indarrean aldi berean.
– Mailegua berehala onartuko da, betiere, banakako 25 mailegu baino gehiago ez badaude enpresan aldi berean indarrean.
– Indarrean banakako 25 mailegu baldin badaude, horrelakoak eskatu nahi dituzten langileek itxaron-zerrenda batean emango dute izena, eta zerrenda horren hurrenkeraren arabera, banakako mailegua jasoko dute, indarrean daudenak amortizatu eta ezeztatu ahala.
– Ez da inolako interesik sortuko.
– Mailegua eman eta urtebetera amortizatuko da, langilearen nominari egindako deskontu proportzionalen bidez. Deskontu hori dagokion nominari egingo zaio, langilea enpresan altan egon zein etenaldi-egoeran egon (hau da, prestazioak, prestazio horien osagarriak edo, hala badagokio, bestelako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea ematen duen etenaldi-egoeran).
– Maileguaren muga-eguna heldu aurretik lan-harremana iraungitzen bada, langileak ordaintzeke dituen zenbateko guztiak batera ordaindu beharko ditu; horretarako, zenbateko horiek hartzekoen likidaziotik kenduko dira, edo enpresak langileari ordaindu behar dion beste edozein zenbatekotatik. Zorren konpentsazioaren ostean zatiren bat amortizatu gabe geratuz gero, enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen den egunean ordaindu beharko du langileak.
– Halaber, edozein arrazoi dela medio langilearen kontratua eteten bada inolako ekonomia-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe (eszedentziagatik, esaterako), etenaldia hasten den momentuan langileak enpresari itzuli beharko dio amortizatu gabe dagoen maileguaren kapital osoa.
41. artikulua.– Osasun-asegurua.
Enpresak, langileen fiskalitatea optimizatze aldera, euren borondatez mediku-aseguru bat izateko aukera emango die langileei.
Mediku-asegurua gauzazko ordainsari bat da, eta ordainketa-sistema malgu baten barruan dago ezarrita. Enpresak mediku-aseguruaren poliza-primen zenbatekoa ordainduko dio hitzartutako entitate aseguratzaileari, eta zenbateko hori langilearen nominatik kenduko du.
Mediku-aseguruaren baldintzen eta estalduren berri emango zaie langileei, langilearen atariaren bidez.
42. artikulua.– Informatikako eta telefoniako tresneria erosteko laguntza.
Hornitzaileekin dituen kontaktuak eta harremanak erabiliko ditu enpresak langileentzat prezio onak eta beherapenak lortzeko informatikako eta telefoniako tresnetan.
VIII. KAPITULUA
FALTAK ETA ZEHAPENAK
43. artikulua.– Diziplina-araubidea.
I.– Enpresako zuzendaritzak langileak zigortu ahal izango ditu hurrengo ataletan zehazten den falta- eta zehapen-erregimenaren arabera.
II.– Langileek egiten dituzten faltak honela sailkatuko dira garrantziaren eta inguruabarren arabera: arinak, astunak edo oso astunak.
III.– Jarraian zehazten diren falten zerrendaren helburua ez da egoera guzti-guztiak arautzea. Hortaz, enpresako zuzendaritzak indarrean dagoen lan-araudiaren aurkako urratzeak edo kontratu-hausteak zigortu ahal izango ditu, nahiz eta arau-hauste horiek hitzarmen honetan jasota egon ez.
1.– Falta arinak hauek izango dira:
a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehenago irtetea justifikatu gabe eta hilean hiru aldiz (guztira, gehienez hogei minutuz).
b) Inolako justifikaziorik gabe, egun batean lanera ez etortzea hilabete batean.
c) Justifikatutako arrazoi batengatik lanera huts egin eta horren berri behar bezain garaiz ez ematea, halabeharrezko kasuren batean ez bada.
d) Inolako arrazoi justifikaturik gabe, denbora-tarte laburrez lanpostua uztea, betiere lanpostua uzteagatik pertsonen edo gauzen segurtasuna arriskuan jarri ez bada; bestela, falta astuntzat edo oso astuntzat joko da.
e) Axolagabekeriaz eta zuzentasunik gabe aritzea jendea tratatzerakoan, betiere horrek enpresaren irudiari kalte handirik eragiten ez badio.
f) Langilearen ardurapean dagoen materialaren zaintzan deskuiduak izatea eta materialari narriadura txikia eragitea.
g) Lanean ezohiko mozkorraldian egotea.
2.– Falta astuntzat joko dira honako hauek:
a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehenago irtetea, justifikatu gabe, hilean gehienez hiru aldiz eta guztira hirurogei minutuz.
b) Inolako justifikaziorik gabe lanera ez etortzea bi egunetik lau egunera bitarte, hilabete batean.
c) Gizarte Segurantzan eragina duten datuak faltsutzea, nahita ezkutatzea edo oztopatzea.
d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxurak egitea, 3. zenbakiko d) letran aurreikusitakoa bazter utzi gabe.
e) Beste langile bat ordezkatzea, laneko sarrera edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatuz.
f) Lanerako agindu eta jarraibideei jaramonik ez egitea, segurtasun- eta higiene-arauei dagozkienak barne, eta lanean arduragabekeriaz edo utzikeriaz jokatzea, horien ondorioz enpresarentzako kalte larririk, enpresaren instalazioetan edo makina zein ondasunetan matxurarik, edo pertsonentzako istripu-arriskurik sortu ezean; kasu horretan, falta oso astuntzat joko baitira.
g) Langilearen kargurako tresna, erreminta, ibilgailu eta obrei atzemandako kalteak edo irregulartasunak enpresari ez jakinaraztea, betiere horren ondorioz enpresari arrisku larria eragiten bazaio.
h) Lanaldiaren barruan lan partikularrak egitea, edo, lanaldiaren barruan zein lanalditik kanpo, enpresaren lanabesak, erremintak, lan-tresnak, ibilgailuak eta, oro har, ondasunak erabiltzea lana ez den beste helburu baterako, horretarako baimenik izan gabe.
i) Isilpean gorde beharreko sekretuak haustea edo urratzea, enpresari kalte larririk eragiten ez bazaio.
j) Lanean eskuarki mozkortuta egotea.
k) Norberaren txukuntasunik eta garbitasunik eza, produkzio-prozesuari edo zerbitzuari kalterik eragin badiezaioke, eta betiere aldez aurretik enpresak ohartarazi badio.
l) Agindutako lanak behar bezala ez egitea, betiere horrek pertsona edo gauzei kalte larririk eragiten ez badie.
ll) Noizbehinka lanaren ohiko errendimendua murriztea.
m) Lantoki barruan jendea hitzez edo ekinez iraintzea, irainak oso larriak direnean.
n) Hitzezko ohartarazpena ez den bestelako zehapenik tartean dagoela, hiruhilekoan bost falta arin baino gehiago egitea, nahiz eta falta horiek era ezberdinetakoak izan.
3.– Falta oso astuntzat joko dira honako hauek:
a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehen irtetea, hamar aldiz sei hilabetetan edo hogei aldiz urtebetean, behar bezala ohartarazita.
b) Hilabete batean, segidako hiru egunetan edo txandakako bost egunetan lanera ez etortzea, justifikaziorik gabe.
c) Esleitutako gestioetan konfiantza-abusua, desleialtasuna edo iruzurra egitea, eta enpresaren, lankideen edo beste inoren jabetzako ondasunak ebastea, lapurtzea edo horietaz bidegabe jabetzea enpresaren egoitza barruan.
d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxura egitea, norberaren edo besteren kontura beste edozein lan egiteko.
e) Isilpean gorde beharreko sekretuak ezagutaraztea, enpresari kalte larria eraginda.
f) Ohiko mozkorraldia edo toxikomania, lanean eragin negatiboa badute.
g) Enpresari bidegabeko lehia dakarkioten jarduerak egitea.
h) Lan-errendimendu normala edo itundua nahita eta modu jarraituan gutxitzea.
i) Agintea daukatenek aginpideaz abusatzea.
j) Sexu-jazarpena.
k) Laneko segurtasun eta higieneko babes-elementuak behin eta berriz ez erabiltzea, behar bezala ohartarazita.
l) Artikulu honen 1.d) eta 2.l) eta m) apartatuen ondorio diren faltak egitea.
m) Falta astunak behin eta berriro egitea; egoera hau hartuko da halakotzat: langile bat era bateko zein besteko falta astunengatik urtebeteko epean bi aldiz edo gehiago zehatuta izan ondoren beste falta astun bat egitea.
n) Laneko segurtasuneko eta osasuneko betebeharrak ez betetzea.
o) Posta elektronikoa zein enpresaren intranet eta barne-komunikazioko sistemak lanekoak ez diren helburuetarako erabiltzea.
4.– Aginte-gehiegikeria.
Nagusien agintekeria falta oso astuntzat joko da beti. Kaltetutako langileak horren berri emango dio berehala enpresako zuzendaritzari bide hierarkiko egokiaz baliatuz. Zuzendaritzak espedientea izapidetzeko aginduko du segituan.
44. artikulua.– Zehapenen araubidea.
Enpresako zuzendaritzari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena, betiere, lan-hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz. Falten astuntasunaren arabera, gehienez zehapen hauek ezar daitezke:
Falta arinengatik:
– Ahozko ohartarazpena.
– Idatzizko ohartarazpena.
– Enplegu eta soldata gabe uztea, gehienez hiru egunez.
Falta astunengatik:
– Enplegua eta soldata etetea, hamabost egunez gehienez ere.
Falta oso astunengatik:
– Hamasei egunetik hirurogeira bitartean enplegua eta soldata etetea.
– Kontratua haustea eta, beraz, enpresako eskubide guztiak galtzea.
Legedia orokorrean aurreikusitako izapideak jarraituko dira zehapenak jartzeko.
Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, zehapenak enplegua eta soldata etetea baldin badakar, langileen ordezkariek txosten bat aurkeztu ahal izango dute, falta astun, oso astun eta arinen kasuan.
45. artikulua.– Preskripzioa.
Hitzarmen kolektibo honen 41. artikuluan adierazitako faltek honela preskribatuko dute:
– Falta arinek hamar egunean preskribatuko dute, egiten direnetik hasita.
– Astunak, hogei egunean.
– Falta oso astunek egin eta hirurogei egunean preskribatuko dute, eta, gehienez ere, falta egin eta sei hilabetean.
IX. KAPITULUA
LAN-OSASUNA ETA INGURUMENA
46. artikulua.– Laneko arriskuen prebentziorako politika orokorra, prebentzio-zerbitzua, prebentzioko ordezkariak eta segurtasunerako eta osasunerako batzordeak.
I.– Laneko arriskuen prebentzioari eta lan-osasunari buruzko politika orokorra enpresetan gauzatuko da, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearekin eta Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
Zentzu horretan, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluko 1.2 apartatuarekin bat eginez, prebentzio-jardueraren etengabeko jarraipena egingo du enpresak, saihestu ezin izan diren arriskuak eta babes-mailak identifikatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko jarduerak etengabe hobetzeari begira.
Halaber, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluaren 2.1 apartatuarekin bat eginez, laneko arriskuen prebentzioa enpresako kudeaketa-sistema orokorrean txertatu beharko da, bere baitan dituen jarduera guztietan nahiz bere hierarkia-maila guztietan; horretarako, lan-arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da.
Laneko arriskuak prebenitzeko plan horrek bildu behar ditu, erregelamenduak ezarritakoaren ildotik bildu ere, enpresan arriskuak prebenitzeko ekintza gauza dadin beharrezko antolaketa-egitura, erantzukizun, eginkizun, praktika, prozedura, prozesu eta baliabideak.
Bat etorriz 39/1997 Errege Dekretuaren 1.1 artikuluan ezarritakoarekin, prebentzioa enpresaren hierarkia-maila guztietan sartzeak eragiten du hierarkia-maila guztiei esleitzea, bai eta maila horiek egin edo agintzen duten jarduera orotan arriskuen prebentzioa sartu behar izatea eta haiek onartzea ere.
Halaber, prebentzio-jarduera lanpostuen arriskuaren ebaluazioaren emaitzen arabera ezarriko da, eta beste alderdien artean, langileei beren lanpostuei lotutako arriskuei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea jasoko ditu, eta baita arrisku horiek ekiditeko neurriak ere; prebentzio-jarduera bakoitzean hura burutzeko epea, arduradunen esleipena eta jarduera burutzeko behar diren giza baliabideak eta materialak bilduko ditu.
Enpresa-batzordeko kideen artean enpresa-batzordeak hautatutako ordezkariek esleitutako prebentzio-ordezkariak izango dituzte enpresek, eta ordezkari haiek Segurtasun eta Osasun Batzordeak osatuko dituzte, bat etorriz Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitakoarekin. Beren eskumenak eta eskubideak dagozkien akordioetan ezarritakora doituta beteko dira.
Halaber, enpresek enpresa-jarduerak koordinatuko dituzte enpresa kontratista, azpi-kontratatzaile, edo lanak egiteko edo zerbitzuak emateko kontratatutako langile autonomoen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.
Ildo horretan, azpikontratatutako enpresen lan-arriskuetako prebentzioaren jarraipena egingo dute segurtasunerako eta osasunerako batzordeek, eta prebentzio-ordezkarien eta langileen legezko ordezkarien informazioa eta partaidetza prestatuko, horri buruzko lege-xedapenei eta batzorde horien funtzionamendua arautzen duten barne-prozedurei jarraikiz.
Hori guztia berariazko jarduerengatik enpresaren eremuari dagozkion ardura, betebehar eta eskumenak eragotzi gabe.
47. artikulua.– Arriskuak.
Aurreko artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzita, hau izango da kontuan:
I.– Lan-eremuan substantzia kimikoen eta agente fisikoen gehieneko mailatzat joko dira indarrean dagoen legediak zehazten dituen momentu bakoitzeko atalase-mugetako baloreak.
II.– Prebentzio-zerbitzuak laneko zentroetan ikuskapenak egiten dituen kasuetan, enpresa-zuzendaritzak ikuskapenen emaitzak jakinaraziko dizkie langileen legezko ordezkariei, prebentzio-ordezkariei, eta, hala balegokio, segurtasuneko eta lan-osasuneko batzordeari.
48. artikulua.– Ingurumena babesteko eta zaintzeko jarduna.
Hitzarmen honen alde sinatzaileen ustez, ingurumenarekiko errespetua eta ardura zainduta jardun behar dute enpresa eta langileek, ingurumenaren babesari eta zaintzari arreta berezia eskainita, gizartearen interesak eta kezkak kontuan hartuta. Enpresa-zuzendaritzak langileen ordezkariei ingurumen-arloan duten informazioa jakinaraziko die.
49. artikulua.– Obra eta zerbitzuak azpikontratatzea.
I.– Beren jarduera bera burutzeko obrak eta zerbitzuak azpikontratatzen dituzten enpresariek, laneko zentro berdinean burutzen badira lanak, plantillan dauden langileekin, zentroko langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie hurrengo alderdiei buruz:
a) Enpresa kontratista edo azpikontratistaren izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
b) Kontrataren helburua eta iraupena.
c) Kontrata burutuko den lekua.
d) Enpresa nagusiaren lanlekuan kontrata edo azpikontratako langileek jardun behar badute, langile horien kopurua.
e) Laneko arriskuei aurre hartzeko jarduerak koordinatzeko aurreikusitako neurriak.
Enpresa nagusiak, kontratistak edo azpikontratistak lantoki berean jarduten badute jarraian, lehenengoak erregistro-liburu bat eduki beharko du, eta han jaso beharko da aurreko informazio hori, aipatutako enpresa guztien gainean. Liburu hori langileen legezko ordezkarien eskura egongo da.
II.– Enpresa nagusiko eta kontratistetako eta azpikontratistetako langileen legezko ordezkariek, lantoki berean baldin badabiltza jarraian, zilegi dute bilerak egitea, beren artean koordinatzeko, eta lan egiteko baldintzen gainean berba egiteko, Langileen Estatutuaren 81. artikuluan zehazturik dagoen bezala.
X. KAPITULUA
BERDINTASUNA ETA GENERO INDARKERIAREN BIKTIMENTZAKO BABESA
50. artikulua.– Berdintasuna.
Enpresak eta enpresa-batzordeak aktiboki zainduko dute berdintasun-printzipioa errespetatzea lanean, ondorio eta aplikazio-maila guztietarako (enplegurako sarbidea, hautaketa, ordainketa, prestakuntza, etab.), eta ez da onartuko sexu-diskriminaziorik, egoera zibila, desgaitasuna, sexu-joera, adina, arraza, kondizio soziala, ideia erlijiosoak edo politikoak, sindikatu batean afiliatua egotea ala ez, eta abar kausa, betiere ordenamendu juridikoak markatutako mugen barnean.
51. artikulua.– Berdintasunerako plana.
3/2007 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, enpresak lan-eremuko tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzera behartuta daude eta, xede horretarako, emakumeen eta gizonen arteko edonolako lan-bereizkeria saihesteko neurriak hartu beharko dituzte.
Horretarako, enpresak eta langileen legezko ordezkariek berdintasun-plan bat sinatu dute, 2021eko otsailaren 1etik aurrera indarrean egongo dena. Plan horren helburua langileen arteko berdintasuna bilatzea da, berdintasun-neurrien eta ekintza positiboen multzo ordenatu baten bidez.
Bi irudikapenek konpromisoa hartzen dute genero-berdintasunari, desgaitasunari, mobbing-ari, lan-harremanetako sexu-jazarpenari eta genero-indarkeriari buruz ezarritako arauak zorrotz betetzeko:
Berdintasun Planean itundutako jarduketa-neurrien artean, sexu-jazarpenaren eta jazarpen moral edo psikologikoaren aurkako Protokolo bat onartzea ezartzen da. Protokolo horren bidez, lan-eremuan jazarpen moral eta sexualtzat eta sexuagatiko jazarpentzat definitutako egoeretan prebenitzeko, antzemateko eta jarduteko prozedura bat sortzen da.
52. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktima diren langileak.
Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan eta Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren langileek eskubidea izango dute:
– Lanaldia murrizteko (soldataren murrizketa proportzionalarekin), edo lan-denbora berrantolatzeko (ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edo enpresan lan-denbora antolatzeko erabiltzen den bestelako moduen bidez) (Langileen Estatutuaren 37.8 artikulua).
Era berean, beren lana guztiz edo partzialki urrutitik egiteko edo egiteari uzteko eskubidea izango dute, sistema hori ezarrita badago, betiere zerbitzuak emateko modalitate hori bateragarria bada pertsonak betetzen dituen lanpostuarekin eta eginkizunekin.
– Beste lantoki batera lekualdatzeko. Genero-indarkeriaren biktima diren langileei aitortzen zaie enpresak bere beste lantoki batean hutsik duen lanbide-talde bereko edo kategoria baliokideko beste lanpostu bat betetzeko lehentasunezko eskubidea, eta enpresak nahitaez jakinarazi behar die pertsona horiei zer lanpostu huts dauden edo etorkizunean zer lanpostu huts egon daitezkeen (Langileen Estatutuaren 40.4 artikulua).
Lantokiaren lekualdatzeak hasiera batean sei hilabeteko iraupena edukiko du. Hilabete horietan, biktimari aurretik betetzen zuen lanpostua gorde beharko dio enpresak.
Epe horren ondoren, langileak erabakiko du lehengo lanpostura itzuliko den edo lanpostu berrian geratuko den.
– Lan-kontratua eteteko. Genero-indarkeriaren biktimek lan-kontratua eten dezakete, hala erabakitzen badute, baldin eta genero-indarkeriaren biktima izateagatik lanpostua utzi behar badute (Langileen Estatutuaren 45.1.n) artikulua).
Lan-kontratuaren etete horrek, Langileen Estatutuaren 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, hasieran ez du 6 hilabete baino gehiago iraungo, eta jarduketa judizialetatik ondorioztatzen bada biktima hori babesteko eskubidea eraginkorra izateko etenaldiarekin jarraitu behar dela, epaileak 3 hilabetez luzatu ahal izango du, gehienez 18 hilabetera arte.
– Lan-kontratua iraungitzeko, bere borondatez. Genero-indarkeriaren biktima den langileak baldintza hori dela-eta lanpostua utzi behar badu, lan-kontratua azkendu ahal izango da (Langileen Estatutuaren 49.1.m) artikulua).
XI. KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK
53. artikulua.– Erretiro partziala eta txanda-kontratua.
Arlo honetan, unean-unean legediak ezarritakoa bete beharko da. agintari eskudunek erretiro partzial hori gauzatzea eragozten badute, enpresak erretiro aurreratua hartu nahi duten langileekin banan banako akordioak egin ditzake.
XII. KAPITULUA
AZKEN XEDAPENAK
54. artikulua.– Batzorde Misto edo Paritarioa.
Batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen hau interpretatzeko, adiskidetzeko eta hitzarmen hau betetzen dela zaintzeko organo gisa hitzarmen honen negoziazioan parte hartu duten langileen hiru ordezkarik eta enpresaren hiru ordezkarik osatua. Berariazko eginkizunak:
– Hitzarmen kolektiboa aplikatu eta interpretatzeko arloko auzien berri izan eta erabakiak hartzea, indarreko legediarekin bat etorriz.
– Hitzarmen kolektibo honek indarrean dirauen bitartean, testu hau egokitu eta, behar izanez gero, aldatzea.
– Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasotako lan-baldintzak nabarmen aldatzeak ekar litzakeen auzien berri izan eta horien inguruko erabakiak hartzea, baldin eta kontsulta-epea amaitu ondoren akordiorik lortu ez bada.
Aldeetako batek eskatzen duenean bilduko da batzorde mistoa, eta bere eskumeneko gaiak aztertuko ditu. Batzarrerako deia egin duen aldeak idazki bat igorriko dio beste aldeari, non aurrekariak, egintzak eta artikuluen edo gaiaren interpretazio-desadostasunak azalduko baititu. Hartzaileak hamabost egun baliodun izango ditu idazkiaren edukia aztertzeko.
Enpresaren egoitza sozialean egingo dira bilerak. Gai bat batzorde mistoari aurkezten zaionetik ezingo da hilabetea baino gehiago igaro, batzordea batu eta erabakia hartu arte.
Batzorde mistoak gehiengoz hartzen dituen akordioak lotesleak izango dira bi aldeentzat, eta indarreko hitzarmen kolektiboko edukiaren balio bera izango dutenez, haren parte izango dira. Hartutako akordioen akta egingo da.
Adostasunik lortu ezean, batzorde mistoak edo aldeetako edozeinek (langileek edo enpresak) bere esku izango du adiskidetze-prozedura honetara jotzea: Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozedurei buruzko akordioan (Preco II) araututakora.
55. artikulua.– Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen kolektibo honetan itunduriko baldintzek osotasun organiko eta zatiezina eratzen dute, eta, aplikazio praktikoari begira, osorik hartuko dira kontuan.
Lan-, administrazio- edo epai-arloetako agintaritzak, bere ahalmenez baliatuz, ezartzen badu hitzarmen honetan jasotako akordioren batek indarrean dagoen legedia urratzen duela, negoziazioan parte hartzen duten aldeek ados jarrita erabaki beharko dute eragindako klausulak berriro negoziatuko dituzten edo ezabatu egingo dituzten, betiere, klausula horietako bat edo batzuk deusezak izateak hitzarmen osoa deuseztatzea ez dakarrela.
56. artikulua.– Xurgapena eta konpentsazioa.
Karrera-planak dituzten pertsonen kasuan izan ezik, zeinetan aipatutako planak lehenetsiko baitira itundutako soldata-igoeren aurrean, Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean Enpresak ez du plus pertsonalekin konpentsatu edo xurgatuko itundu daitekeen soldata-igoera. Hori horrela dela ere, plus pertsonala kendu ahal izango da, baldin eta, une jakin batean, langileak ez baditu betetzen plus hori eskuratzeko arrazoi izan ziren eginkizunak (adibidez: langileak 39 ordu lan egin beharrean, 35 egiten baditu, edo 3. mailakoak maila hori galtzen badu).
57. artikulua.– Osagarri pertsonalak.
Hitzarmen hau izenpetu aurretik jasotako banakako diru-sarrera guztiak errespetatuko dira; alde horretatik, hitzarmeneko arauek ez dute diru-sarrera horien murrizketa ekarriko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, inork ezingo ditu berarentzat hitzarmeneko baldintza partzial onenak eskatu.
58. artikulua.– Ordezko xedapenak.
Hitzarmen honetan berariaz arautu ez diren gaietan ordezko xedapen hauek bete beharko dira:
1.– Eguneroko Prentsaren arloko Estatuko Hitzarmen Kolektiboa.
2.– Langileen Estatutua.
3.– Indarrean dauden gainerako legeetan xedatua, betiere, arauen arteko hierarkiaren printzipioari men eginez.
59. artikulua.– Giza harremanak.
Enpresak eta langileek Diario El Correo SAren barruan begikotasun-giroa nagusitzea nahi dute, betiere, bertan langileek enpresaren aginduei men eginez eta diziplina gordez.
Halaber, langileei laneko eginbeharrak betearazteko ardura dutenek eginahalak egingo dituzte enpresako plantillaren arteko tratu egokiari eusteko. Alde horretatik, langileen ordezkariek nagusiei jakinaraziko dizkiete aipatutako giroa arriskuan jar dezaketen gorabeherak. Nagusiak, bestalde, lanak banatu eta baloratzeko garaian, langileekiko errespetua eta tratu egokia mantentzen ahaleginduko dira.