227. zk., 2024ko azaroaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 13 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5351
AGINDUA, 2024ko azaroaren 12koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen deialdirako oinarriak eta laguntza horien deialdia egiten baita 2024. urterako.
Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –zeina Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak onartu baitzuen 2024ko martxoaren 5ean– eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroak mantendu dituzte. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren web-orrian, www.euskadi.eus-en, hain zuzen ere sailari eskainitako espazioaren barruan, «Plan estrategikoa» atalean.
Elkar-lankidetzak abantaila lehiakorrak eskaintzen ditu, berriki egindako azterlanek erakusten dutenez: lehiakortasuna/eskala-ekonomia hobetzea, salmentak handitzea edo merkatuak areagotzea, baliabideak trukatzea eta beste batzuk, hala nola marka zabaltzea, ideia berriak, proiektuak edo antolatzeko eta finantzaketa hobetzeko modu berriak.
Baina gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza hori ez da soilik estrategia bat, enpresa horien jarduera ekonomiko guztien hasiera eta helburua ere bada: gizartean eredu ekonomikoa aldatzen laguntzea, ekonomia demokratizatzea, gizarte-ekonomiaren idealak gizarte osora zabalduz.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu ostean, egiaztatuta deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako 2024ko laguntzen oinarriak onartzea; agindu honen I. eranskinean daude jasota oinarri horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 12a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da oinarriak onartzea Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, laguntza-deialdia egin dezan gizarte-ekonomiako entitateen arteko lankidetza-ekintzetarako, eta 2024. urteko deialdia egitea.
2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:
a) Elkar-lankidetzako proiektu bat egitea eta ezartzea.
– Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumenaren arloan jasangarritasun-neurriak ezartzeko koordinatuta jardutea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.
b) Bazkideen arteko estrategia bateratuak diseinatzea, jarduerak berritzeko edo dibertsifikatzeko; estrategia horiek sinergietatik, eskala-ekonomietatik eta lotutako eremuetako aukeretatik eratorritakoak izango dira.
c) Akordioak prestatzea eta formalizatzea, eta enpresak nahiz enpresak elkar-lankidetzan aritzeko egiturak sortzea.
d) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egitea prestatzea eta formalizatzea.
e) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteen kasuan, sozietate xurgatutik etorritako bazkideek sozietate bereganatzailearen kapital sozialari egindako ekarpenen harpidetza.
f) EAEko gizarte-ekonomia ordezkatzen duten entitate gorenek beren bazkideentzat egiten dituzten lankidetza-jarduerak, 2.1.a) oinarrian zehaztutako helburuetako bat betetzea ahalbidetzen edo errazten dutenak, bai eta bazkideen artean elkarlanean diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzea ere.
g) Lankidetza-jarduerak, familia guztiek partekatzen dituzten erronkak identifikatzeko eta gizarte-ekonomiako familiek gizartean duten eragin positiboa ezagutzera emango duten mezuen zabalkundea programatzeko.
h) Neurriak aplikatzea, gizarte-ekonomiako enpresek edo entitateek kontratazio publikoaren eremu guztietan parte har dezaten errazteko.
2.– Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2025eko ekainaren 30a baino lehenago amaitu. Bat-egitearen ondoriozko ekarpenen harpidetzaren kasuan, 2024. urtean egin beharko da harpidetza.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe dagozkionak, behar-beharrezkoak direnak eta epearen barruan egiten direnak. Eskabidearekin batera aurkeztuko den aurrekontu-plangintza Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aztertuko du, erabakitzeko ea plangintza hori egokia den aurkeztutako jarduerak egiteko.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakora egokitzen diren gastuak lagunduko dira diruz. Gastu hauek ere lagundu ahal izango dira diruz:
a) 2.1.b) oinarriko kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira integrazio-entitatearen koordinaziokoak, integrazio-entitatearen lanorduak, hau da, lan-bazkideen orduak, eta ez bazkideenak, diseinu grafikoko prozesuaren garapen-gastuak, hala nola materialagatiko gastuak, alokairuak eta antzeko beste batzuk, eta integrazio-entitateak emandako kanpo-aholkularitzako gastuak, hala behar izanez gero.
b) 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietako kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.
c) 2.1.e) oinarriko kasuetarako, diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da sozietate xurgatzaileari emandako kapital harpidetu berria, bat egindako sozietatearen kapitaletik ez datorrena. Harpidetza 2024ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.
e) 2.1.f) oinarriko kasuetarako, halako jarduerak egiteko beharrezkoak direnak, diruz lagundutako ekintza egiteko barne-kostuak barne.
f) 2.1.g) oinarriko kasuetarako, partekatutako erronkak identifikatzeko eta mezuen zabalkundea programatzeko beharrezkoak direnak.
g) 2.1.h) oinarriko kasuetarako, hartutako neurriak ezartzeko beharrezkoak diren gastuak.
4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta laguntzak emateko mugak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta hirurogeita zazpi mila (267.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun mila berrehun eta berrogeita hamar (200.250) euroko ordainketa-kreditua, 2024ko ekitaldirako; eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta berrogeita hamar (66.750) euroko konpromiso-kreditua, 2025eko ekitaldirako.
2.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko aldibereko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 9. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.
3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
5. artikulua.– Entitate eta pertsona onuradunak.
1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eta pertsonek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) 2.1.a), 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan jasotako jardueretarako: Kooperatiba-sozietate edo lan-sozietate forma duten gizarte-ekonomiako enpresak.
b) 2.1.a), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarrietan jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-entitateak eta Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak araututako elkarte-entitateetako kideak dituzten elkarte-egiturak.
c) 2.1.b) oinarrian jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza-egiturak eta gizarte-ekonomiako enpresek (kooperatibak edo lan-sozietateak) osatutako entitateak, beren objektu sozialean bazkideentzako jarduera berriak sustatzea barne hartzen dutenak.
d) 2.1.e) oinarrian jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen bat-egite prozesuan xurgatzen diren entitateetako bazkideak.
2.– Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradun izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.
b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinarazi izana beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero.
e) Hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian eskuratu diren de minimis laguntzen berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Halaber, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
h) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko.
i) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen den ezein egoeratan.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako betekizunak betetzea beharrezkoa da onuradun izatera iristeko, eta, orobat, onuradun izaten jarraitzeko dirulaguntza likidatu arte. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055221
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Pertsona eta entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten bezala. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
5.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1011711
6.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.
7. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriekin lotuta dauden jardueretarako:
– Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:
• Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.
• Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.
• Aurrekontu zenbatetsia.
• Kostuetako partaidetza-portzentajeak.
• Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.
• Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 9.4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.
b) 2.1.e) oinarriarekin lotuta dauden jardueretarako:
– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den iraupen mugagabeko eta eskubide osoko bazkide-izaera.
– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak. Era berean, harpidetutako kapital berritik xurgatutako sozietatetik datorren kapitala zehaztu beharko du.
c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:
– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.
– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
– Entitate eskatzaileak hitzematen duela ez duela enpresa deslokalizatuko.
– Entitate eskatzaileak de minimis araubideari lotutako dirulaguntzarik eskuratu duen, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian.
– Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
– 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, entitate eskatzaileak bitarteko espezifikoak jarri dituela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
– Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.
– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
9. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.f) eta 2.1.h) oinarrietako jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 12.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 2.1.c) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 2.1.d) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
d) 2.1.e) oinarriko jardueretarako: harpidetutako kapitalaren % 100, gehienez ere hiru mila (3.000) euro sartutako bazkide bakoitzeko.
f) 2.1.g) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 100; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 80.000 euro jaso ahal izango ditu.
2.– 2.1.f) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.
3.– 2.1.h) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 85eraino igoko da.
4.– 2.1.a) eta 2.1.d) oinarriko jarduerak egitean aholkularitza-erakunderen batek parte hartzen badu, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.
c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.
10. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.
2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.
11. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpen espresua, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.
12. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 75, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 25a, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, harekiko zer desbideratze izan diren azalduko da.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.
3.– Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.
4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.
5.– 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, sozietate xurgatzailean harpidetutako kapital guztia benetan ordaindu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako baldintzetan.
6.– Pertsona edo entitate eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa helbide honetan egin daiteke: https://www.euskadi.net/hirugarrenak
13. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.
d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.
g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.
h) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.
k) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
l) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
m) 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, bazkide egiten denetik 3 urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondateaz beste arrazoirik egiaztatzen bada, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena (diruz lagundutako zenbatekoa, gutxienez) egiten jarraitzen duela. Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere dirulaguntzaren xedea bete dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, aldi berean beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.
15. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean. Eta hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera.
2.– 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriko jardueren kasuan, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36.3 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat. 2.1.e) oinarriko jardueren kasuan, 14.m) oinarrian ezarritako betebeharra partzialki betetzen ez bada, beti ere bazkideak 18 hilabetez iraun badu, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. 18 hilabete baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du.
3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
16. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epea izango da.
Itzulketa-prozedura ebazteko gehienezko epea hamabi hilabete izango da.
c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.
17. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011711
18. oinarria.– De minimis araua.
1.– Agindu honen babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek, onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak badira soilik, erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua Agindu honen 6.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.