Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2024ko azaroaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5350

EBAZPENA, 2024ko urriaren 29koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskal Saskibaloi Federazioaren estatutuetan aldaketak onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen dituena.

Euskal Saskibaloi Federazioa EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu zen 1986ko apirilaren 17an, 78. zenbakiarekin. Federazioaren estatutuetan, aldaketak egin dira.

Euskal Saskibaloi Federazioak, 2024ko ekainaren 11an egindako Ezohiko Batzar Orokorrean, bere estatutuen artikuluak aldatzeko erabakia hartu zuen, eta onarpen hori agiri bidez egiaztatu da.

Estatutuen aldaketak bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legean xedatutakoarekin.

Ondorioz, nire eskumenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.– Euskal Saskibaloi Federazioaren estatutuen artikuluen aldaketak onartu, eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikuluak honela idatzita geratuko dira:

«Euskal Saskibaloi Federazioaren estatutuak Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legera egokitzea».

Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 29a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

GORKA ITURRIAGA MADARIAGA.

ERANSKINA
FEDERACIÓN VASCA DE BALONCESTO / EUSKAL SASKIBALOI FEDERAZIOA
ESTATUTUAK

Aurkibidea:

I. titulua: Xedapen orokorrak.

II. titulua: Federazioaren integrazioa. Lizentziak.

III. titulua: Gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak.

I. kapitulua: Batzar Nagusia.

II. kapitulua: Zuzendaritza Batzordea.

III. kapitulua: Presidentea.

IV. kapitulua: Xedapen Komunak.

IV. titulua: Federazioko Estamentuak.

V. titulua: Diziplina-araubidea.

VI. titulua: Hauteskunde-araubidea.

VII. titulua: Ekonomia- eta ondare-araubidea.

VIII. titulua: Dokumentu-araubidea.

IX. titulua: Federazioa desegitea eta likidatzea.

X. titulua: Estatutuak eta araudiak.

XI. titulua: Hizkuntza-normalizazioa.

XII. titulua: Gatazkak judizioz kanpo ebaztea.

Xedapen Iragankorrak.

Xedapen Indargabetzailea.

Azken Xedapena.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioa onura publikoko erakunde pribatua da, irabazi-asmorik gabea, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duena, eta kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol-elkarteak biltzen dituena Euskal Autonomia Erkidegoan saskibaloiko kirola praktikatu, sustatu eta antolatzeko.

2. artikulua.

Honako hauek arautzen dute Euskal Saskibaloi Federazioa: Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren 2/2023 Legea, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretua, Euskadiko Kirol Federazioei buruzkoa, legea garatzeko gainerako xedapenak, estatutu eta erregelamendu espezifiko hauek, eta bere organoek balio osoz hartutako erabakiak.

3. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak Bilboko Julián Gaiarre etorbideko 48-lonjan, 48004 PK, du egoitza, Bizkaiko Lurralde Historikoan.

4. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak autonomia erkidegoko kirol modalitateko jarduera eta lehiaketa ofizialak bultzatu, kalifikatu, baimendu, ordenatu eta antolatzen ditu.

5. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak bere kirol-modalitateari dagokion euskal kirol federatuaren ordezkaritza du estatuan eta nazioartean.

6. artikulua.

Bere helburuak betetzeko, federazioak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Estatuan eta nazioartean saskibaloiko kirol-modalitatea ordezkatzea, eta, hala badagokio, federazioa beste erakunde batzuei atxikitzeko araubidea zehaztea.

b) Federazioa osatzen duten lurralde-federazioen jarduera koordinatzea, estatutu hauetan eta horri buruz indarrean dagoen legerian zehaztutako Euskal Federazioaren eskumen-esparruaren barruan.

c) Erkidego mailako lehiaketa ofizialak eta kirol-modalitateko jarduerak kalifikatu, antolatu, baimendu eta antolatzea.

d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, lurralde-eremu handiagoko federazioek emandako arauak aplikatzea.

e) Kirol-selekzioek estatuko eta nazioarteko kirol-jarduera eta -lehiaketetan (ofizialak barne) parte har dezaten sustatzea eta antolatzea.

f) Federazio-lizentziak ematea, ukatzea, ezeztatzea, etetea eta antzeko egintzak.

g) Bere jardueran sortzen diren kirol-gatazkak ezagutzea eta ebaztea, hargatik eragotzi gabe organo judizialen eta arbitraje-organoen eskumena.

h) Bere erregelamenduzko arauak betetzen direla zaintzea, horien arabera diziplina-ahala baliatzea eta Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak betearaztea.

i) Administrazioarekin lankidetzan aritzea kirolean debekatuta dauden substantzia eta talde farmakologikoak eta arauz kanpoko metodoak erabiltzea prebenitzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko, horretarako zehaztuko den araudiaren arabera.

j) Saskibaloiko kirol-modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea, horretarako zehaztuko den araudiaren arabera.

k) Baliabide ekonomiko propioen destinoa eta esleipena ezartzea, beste erakunde batzuek beren jarduera garatzeko transferitzen dizkieten baliabideak kudeatzea, eta baliabide guztiak behar bezala aplikatzen direla kontrolatzea.

l) Lurralde-federazioei, klubei, kirol-elkarteei eta atxikitako kirol-sozietate ekonomikoei eman lekizkiekeen dirulaguntzak esleitzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea.

m) Administrazio publikoarekin batera parte hartzea eta lankidetzan aritzea kirol-programak garatzen, bereziki goi-mailako kirolarientzako programetan, etorkizun handiko kirolarientzako programetan eta eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programetan.

n) Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren azaroaren 30eko 2/2023 Legea garatzeko xedapenetan zehazten diren estatutuak eta erregelamenduak onartzea.

o) Dagokion lurralde-eremuan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea eta, ahal den neurrian, bermatzea kirol-modalitatean.

p) Federazioen hauteskunde-prozesuak kontrolatzea.

q) Euskal kirolaren ordezkaritza antolatzea estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.

r) Erregelamendu bidez eskuordetu daitekeen beste edozein funtzio publiko.

7. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailarekin lankidetzan jardungo du, bere lurralde-federazioekin koordinatuta. Nolanahi ere, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak administrazio-izaerako funtzio publikoak betetzean egindako federazio-jarduera kontrolatzea, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren azaroaren 30eko 2/2023 Legeak hala zehazten duenean.

8. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren barruan ez da inolako diskriminaziorik onartuko arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sinesmenengatik, edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Euskara eta gaztelania dira Euskal Saskibaloi Federazioaren hizkuntza ofizialak.

II. TITULUA
FEDERAZIO-INTEGRAZIOA. LIZENTZIAK

9. artikulua.

1.– Federazio-lizentzia dokumentu pertsonala eta besterenezina da, titularrari Euskal Saskibaloi Federazioko kide izateko aukera ematen diona, eta bere lehiaketa ofizialetan parte hartzeko gaitasuna ematen dio, betiere lehiaketa horiek arautzen dituzten arauen arabera, eta federazioan bertan integratzeko dokumentua da. Lizentziak bi hizkuntza koofizialak erabili beharko ditu gutxienez.

Euskal Saskibaloi Federazioak eta haren lurralde-federazioek nahiz lurraldez gaindiko beste edozein erakundek antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko, estamentu guztiek izan beharko dute federazio-lizentzia.

Federazio-lizentzia duten estamentu guztiek bete beharko dituzte Euskal Saskibaloi Federazioak lehiaketei dagokienez ezartzen dituen arauak, erregelamenduak eta xedapenak.

Euskal Saskibaloi Federazioak erregelamendu bidez zehaztuko ditu estamentuen klaseak, edukiak eta baldintzak.

2.– Federazio-lizentzia bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta titularra Euskal Federazioari eta dagokion Lurralde Federazioari atxikitzea ekarriko du.

3.– Bi federazioetan aldi berean sartzeko, dagokion lizentzia lortu beharko da.

4.– Euskal Saskibaloi Federazioak, lurralde-federazioekin ados jarrita, aisialdi- edo zerbitzu-txartel bat sortu ahal izango du, ofiziala ez dena eta borondatez harpidetzekoa. Txartel horrek ez du lehiaketa ofizial batean parte hartzeko eskubiderik emango, eta ez du berekin ekarriko federazioan sartzea. Txartel horrek ofizialak ez diren kirol-jarduera jakin batzuetan parte hartzea edo zerbitzu jakin batzuk lortzea baino ez du ekarriko.

5.– Federazio horrek ematen duen lizentziak ahalmena emango dio titularrari goragoko lurralde-eremuko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, indarrean dagoen araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.

10. artikulua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Saskibaloi Federazioa da bere kirol-modalitateko federazio-lizentziak emateko erakunde eskuduna, eta lurralde-federazioak izango dira horiek izapidetzeko erakunde eskudunak.

2.– Euskal Saskibaloi Federazioaren Batzar Nagusiak, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, erregelamendu bidez ezarriko ditu lizentzien agiri-, kirol- eta ekonomia-araubidea, eskubideak eta betebeharrak, iraupena, indarraldiaren hasiera, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta antzeko gainerako gaiak. Eginkizun horretan sartuko da, halaber, nahitaezko arrisku-estaldurak bermatuko dituzten aseguru kolektiboak kontratatzea. Euskal Federazioak urtero kontratatuko ditu nahitaezko arrisku-estaldurak bermatzen dituzten aseguru kolektiboak. Aseguru horiek Euskal Federazioaren Batzarrak hautatzen edo izendatzen ditu denboraldi bakoitzerako lehiaketa-oinarriak onartzen direnean.

3.– Euskal Federazioak borondatezko kuota gehigarri bat jaso ahal izango du bere federatuengandik, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk finantzatzeko, hargatik eragotzi gabe lurralde-federazioek beren federatuengandik jaso ditzaketen borondatezko kuota gehigarriak.

4.– Federazioak lurralde-federazio bakoitzarekin banatuko du lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia, Batzar Nagusiak onartzen dituen baldintzetan eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Zenbateko garbi hori honela kalkulatuko da: zenbateko gordinari kenduta beste lurralde-eremu bateko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aseguruei eta kuotei dagozkien zenbatekoak.

11. artikulua.

1.– Lizentzien formatua eta edukia Euskal Saskibaloi Federazioaren Batzar Nagusiak onartuko ditu, eta lizentzia horietan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira nahitaez.

2.– Lizentziak emateko euskarriak komunikazio-teknologiak behar bezala aprobetxatzea ahalbidetuko duten baldintza teknikoak izan beharko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak euskarri horietarako onartutako zehaztapen teknikoekin bat etorri beharko du.

3.– Lizentziaren agirian, honako kontzeptu hauek jasoko dira:

a) Nahitaezko aseguruen kuota.

b) Euskal Federazioarentzako kuota.

c) Lurralde federazioarentzako kuota.

d) Hala badagokio, lurralde-eremu handiagoko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota.

Euskal Saskibaloi Federazioaren Batzarrak erabakiko du lizentziaren prezioa, baina, aurreko paragrafoko a) eta d) kontzeptuen zenbatekoak kenduta, gainerako zenbateko garbia Euskal Saskibaloi Federazioaren Araudi Orokorrean ezarritako ehunekoen arabera banatuko da, betiere urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24. artikuluan edo horren ordezko arauan ezarritakoaren arabera.

4.– Lizentziaren agirian, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak ere jasoko dira.

12. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak ematen dituen lizentziak urtebeterako izango dira, hau da, denboraldi osorako.

13. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak Lizentzien Araudian zehaztuko ditu federatu batek izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunaren kasuak, baldintzak eta ondorioak.

III. TITULUA
GOBERNU-, ADMINISTRAZIO- ETA ORDEZKARITZA-ORGANOAK

14. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioan, gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organo hauek egongo dira:

a) Batzar Nagusia izeneko gobernu-organoa.

b) Kide anitzeko administrazio-organo bat, Zuzendaritza Batzordea izenekoa.

c) Ordezkaritza-organo bat, zeinaren titularra federazioko presidentea izango baita.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

15. artikulua.

Batzar Nagusia federazioaren gobernu-organo gorena da, eta, gutxienez, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Presidentea hautatzea.

b) Federazioaren kontuak eta aurrekontuak onartzea.

c) Estatutuak onartzea edo aldatzea.

d) Zentsura-mozioa onartzea edo ez onartzea.

e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea edo aldatzea.

f) Federazioaren jarduera-plana onartzea.

g) Federazioaren araudiak onartzea eta/edo aldatzea.

h) Ondasun higiezinak xedatzea, besterentzea eta kargatzea, maileguak ituntzea eta zorraren edo ondare-zati alikuotaren tituluak jaulkitzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

i) Federazioa desegitea erabakitzea.

j) Duten garrantziagatik, Batzar Nagusiaren onarpena behar duten beste erabaki guztiak hartzea.

16. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, sufragio aske, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez.

2.– Nolanahi ere, hauteskundeak udako Joko Olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira.

3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzaren berariazko baimena lortu ondoren, hauteskunde-prozesuaren hasiera atzeratu edo aurreratu ahal izango da aurreikusitako hasiera-datetan ezinezkoa denean.

17. artikulua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta eta Euskal Federazioari atxikita dauden klub, kirol-elkarte edo kapitaleko kirol-sozietateen ordezkariek osatuko dute Batzar Nagusia, baldin eta hauteskunde-garaian eta aurreko denboraldian kirol-jarduera esanguratsua izan badute.

Ulertuko da klub, kirol-elkarte edo kapitaleko kirol-sozietate batek jarduera esanguratsua izan duela aldi horretan, baldin eta gutxienez talde batekin parte hartu badu Euskal Autonomia Erkidegoko lehiaketa federatuetan (Euskal Saskibaloi Federazioak antolatutako lehiaketak), estatu mailako lehiaketa federatuetan edo ACB Ligan, aldi horretako bi denboraldietako batean, eta, betiere, aldi horretako beste denboraldian gutxienez talde batekin parte hartu badu Euskal Saskibaloi Federazioari atxikitako edozein lurralde-federaziotako lehiaketa federatuetan.

18. artikulua.

Klubak, kirol-elkarteak edo kapitaleko kirol-sozietateak batzarreko kide izateari utziko dio jarduera uzten duenean.

Klub, kirol-elkarte edo kapitaleko kirol-sozietate batek bere jarduera bertan behera utzi duela ulertuko da Euskal Saskibaloi Federazioak antolatutako lehiaketa federatuan talderik ez duenean, edo Euskal Saskibaloi Federazioari atxikitako edozein lurralde-federaziok antolatutako lehiaketa federatuan talderik ez duenean, dela estatu-mailan, dela ACB Ligan.

19. artikulua.

1.– Batzar Nagusiak ohiko bilkurak eta ezohiko bilkurak egingo ditu.

2.– Batzar Nagusiak ekitaldi bakoitzean gutxienez behin egingo du ohiko bilkura, lehenengo seihilekoan, honako hauetarako:

a) Kontuen eta aurrekontuen egoera onartzea.

b) Jarduketa-plana onartzea.

c) Lehiaketen egutegi ofiziala onartzea.

3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak ere, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, Ohiko Batzarrean aztertuko dira.

4.– Batzar Nagusiak ezohiko bilera egingo du honako gai hauek aztertzeko:

a) Hauteskundeak egitea.

b) Zentsura-mozioa.

c) Erregelamenduak onartzea edo aldatzea.

d) Estatutuak onartzea edo aldatzea.

e) Federazioa desegitea.

20. artikulua.

1.– Ohiko edo ezohiko batzar nagusietarako deialdia egitea Euskal Federazioaren presidenteari dagokio ofizioz, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 20k eskatuta. Hori ezinezkoa bada, edo presidenteak batzarrera deitzeko betebeharra betetzen ez badu, Zuzendaritza Batzordeak edo batzarreko kideen % 5 ordezkatzen duen kide talde batek egin ahal izango du deialdia.

2.– Eskaera egiten denetik gehienez 15 egun naturaleko epean egin beharko du presidenteak Batzarrerako deialdia –horretarako legitimazioa duen edozein organo edo taldek egin ahalko du eskaera–.

21. artikulua.

Ohiko eta ezohiko Batzar Nagusirako deialdia, gai-zerrendarekin batera, idatziz jakinaraziko zaie Batzarreko kideei, gutxienez 15 egun lehenago.

Komunikazio idatzia baliozkoa izango da faxez, posta elektronikoz, web-orriz edo antzeko bitartekoren batez egiten bada, betiere erregistratzeko edo gordetzeko aukera ematen badu.

22. artikulua.

1.– Batzarreko kideek, deialdia egin baino hamar egun lehenago, gutxienez, interesgarritzat jotzen dituzten gaiak gai-zerrendan sartzeko eskatu ahal izango diote presidenteari, betiere eskaera gutxienez Batzarreko kideen % 10ek proposatuta egiten bada, sartu beharreko gaia federazioaren interes orokorrekoa bada. Nolanahi ere, batzarrerako deia egin baino gutxienez bost egun natural lehenago egin beharko da eskaera.

2.– Proposatutako gaia gai-zerrendan sartzea ukatzen bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, ukatzeko arrazoiak alegatuz.

23. artikulua.

1.– Batzar Nagusia balioz eratzeko, kideen erdiak gehi bat bertaratu beharko dira lehenengo deialdian. Bigarren deialdian, nahikoa izango da edozein parte-hartzaile bertaratzea.

2.– Batzar Nagusikoak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak, presidentea barne, Batzar Nagusira joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe.

24. artikulua.

Batzar Nagusian ez da botoa eskuordetzea onartuko.

II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA-BATZORDEA

25. artikulua.

Zuzendaritza Batzordea federazioaren administrazio-organoa da, eta federazio-gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketako eginkizunak betetzen ditu. Kudeaketa hori Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera garatu beharko du.

26. artikulua.

1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta honako hauek osatuko dute gutxienez:

a) Presidente bat. Federazioarena ere izango da.

b) Presidenteorde bat, zeinak presidentearen eginkizunak bere gain hartuko baititu hura aldi baterako ez dagoenean edo hura kargutik kentzen denean.

c) Diruzaina.

d) Kideak.

2.– Hiru lurralde-federazioetako presidenteak Zuzendaritza Batzordeko kide dira eskubide osoko kide gisa.

3.– Zuzendaritza Batzordeak federazioko idazkariaren laguntza izango du; hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Presidenteorde eta diruzain karguak pertsona berak bete ditzake.

5.– Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkari nagusiarenak eta diruzainarenak izan ezik, horiek ordaindu ahal izango baitira.

Federazioko zuzendariei federazioan buru-belarri aritzeagatik ordaindu ahal izango zaie, beren eginkizunak betetzeagatik ordain gisa.

Ordainsari hori ezin izango da dirulaguntza publikoen kontura ordaindu, eta federazioak finantzaketa propioa duenean bakarrik ordaindu ahal izango da. Federazioko zuzendariei ordaintzeko politika neurritasun- eta gardentasun-irizpideetara egokitu beharko da.

Batzar Nagusiak berariaz onartu beharko ditu hautetsien ordainsari horren baldintzak, eta bereizita jasoko dira aurrekontuetan. Ordainsaria agintaldia amaitzen denean amaituko da gehienez ere, eta zuzendariak ez du inolako kalte-ordain ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

6.– Batzar Nagusiko kide ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe. Haien bertaratzea ezin izango da kontuan hartu quorumaren ondorioetarako.

27. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeko kideak Batzar Nagusiak itxitako zerrenden bidez hautatuko dira, eta federazio-estamentu guztietako ordezkariak izan beharko dituzte, Batzar Nagusia berritu ondoren agintaldia amaitu arte. Federazioarekin eta/edo saskibaloiarekin lotura duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute batzordean.

Lurralde-federazioetako zuzendariak ezin izango dira Zuzendaritza Batzordeko kide izan, salbu eta lurralde-federazioetako bateko presidente badira.

Zuzendaritza Batzordean, gutxienez, jokalari, arbitro eta entrenatzaileen ordezkari bat egongo da.

Zuzendaritza Batzordeko kideak berriz hautatu ahal izango dira, gehienez ere 12 urterako.

Zuzendaritza Batzordeko kide bat berriro hautatu ahal izateko, gutxienez agintaldi bat egon behar dira –gabealdian–.

28. artikulua.

1.– Federazioko presidenteari edo, bestela, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25i dagokio federazioaren bilkuretarako deialdia egitea.

2.– Deialdiarekin batera gai-zerrenda bidaliko da, aztertu beharreko gaiak eta horiei buruzko agiriak jasoko dituena.

3.– Batzordeko kideei idatziz jakinaraziko zaie, gutxienez bost egun lehenago, behar bezala justifikatutako premiazko kasuetan izan ezik.

4.– Hala ere, deialdirik egon ez arren, baliozkotzat joko da kide guztiak bertaratzen badira eta aho batez hala erabakitzen badute.

5.– Kideek berariaz onartzen badute, Zuzendaritza Batzordea balio osoz deituta eta bilduta dagoela ulertuko da, baldin eta erabakiak posta elektronikoz, bideokonferentziaz, faxez edo beste edozein bitarteko teknikoz hartzen baditu, Batzordeko kideen adierazpenak jasotzeko eta erabakiak hartzeko botoa emateko. Kasu horretan, aktarekin batera, esku-hartzeen egiaztagiriak eta oharrak gorde beharko lirateke.

29. artikulua.

1.– Zuzendaritza Batzordea balio osoz eratuta geratuko da lehenengo deialdian kideen erdia gehi bat bertaratzen badira, eta bigarren deialdian kideen % 25 gutxienez bertaratzen badira, eta betiere federazioko presidentea edo presidenteordea bertaratzen badira.

2.– Federazioko presidentea edo, hura ez badago, presidenteordea izango da Zuzendaritza Batzordearen bilkuretako buru, eta haren jarduna zuzendu eta koordinatuko du.

30. artikulua.

1.– Zuzendaritza Batzordeak modu kolektiboan utziko du kargua, honako arrazoi hauetako batengatik:

a) Zentsura-mozioa onartzeagatik.

b) Presidenteak dimisioa aurkezten duenean.

c) Administratiboki edo judizialki desgaituta egoteagatik.

d) Kideen % 50 baino gehiagok dimititzeagatik edo hiltzeagatik.

e) Kideen % 50 baino gehiago desgaitu edo ezgaitzeagatik.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak (presidentea barne) banaka kargugabetuko dira honako arrazoi hauengatik:

a) Dimisioagatik edo heriotzagatik.

b) Desgaitzea edo ezgaitzea.

c) Presidenteak kargutik kentzen dituelako.

d) Presidenteak kargua uzten duenean.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok kargua uzten badute, presidenteak bere ordezkoak izendatu ahal izango ditu, eta izendapen hori Batzar Nagusiak egiten duen lehenengo bileran onartu beharko da.

4.– Presidenteak kide berriak sartu ahal izango ditu federazioaren Zuzendaritza Batzordean, egoki deritzonean. Hala ere, Batzar Nagusiak onartu ahal izango du egiten duen lehenengo bileran.

5.– Aurreko zenbakietan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Lurralde Federazioetako presidenteei; horien kargu-uzteen arrazoiak kasuan kasuko federazioen estatutuetan ezarritakoak izango dira.

31. artikulua.

1.– Batzar Nagusiak presidentearen erantzukizuna eskatu ahal izango du zentsura-mozio baten bidez. Mozio hori Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoak babestu beharko du, horretarako deitutako bilkura batean.

2.– Zentsura-mozioa onartzeak Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua uztea ekarriko du, Federazioko presidenteak barne, Lurralde Federazioetako presidenteek izan ezik, horiek eskubide osoko kide gisa sartuko baitira Zuzendaritza Batzorde berrian.

32. artikulua.

Presidenteak izendatuko du federazioko idazkaria, eta, gutxienez, honako eginkizun hauek izango ditu, Erregelamendu Orokorrean garatutakoari kalterik egin gabe:

a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.

b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak izan ezik.

c) Liburu horien edukiari buruzko ziurtagiriak egitea.

33. artikulua.

Federazioko diruzainak, gutxienez, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Federazioaren kontu eta eragiketa ekonomikoak zuzentzea.

b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaindu eta eramatea.

c) Beharrezko kontabilitate-agiri guztiak prestatzea, bereziki urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzeko urteko kontuak, ondoren Batzar Nagusiari aurkezteko.

III. KAPITULUA
PRESIDENTEA

34. artikulua.

Federazioko presidenteak federazioaren legezko ordezkaritza bere gain hartzen du, Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu, bataren eta bestearen bilkurak zuzentzen ditu eta, berdinketa gertatuz gero, kalitateko botoarekin erabakitzen du.

35. artikulua.

1.– Federazioaren presidente izango da Batzar Nagusiak hautatutako zerrenda itxiko burua.

2.– Presidenteak kargua uzteko arrazoiak, 30.2 artikuluan jasotakoez gain, honako hauek dira:

a) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 104. artikuluan aurreikusitako zentsura-mozioa onartzea. Batzar Nagusiak presidentearen erantzukizuna eskatu ahal izango du zentsura-mozio baten bidez. Mozio hori Batzar Nagusiko kideen gehiengo soilak babestu beharko du, betiere batzarra osatzen duten kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira horretarako deitutako bilkura batean.

b) Zentsura-mozioa onartzeak presidentearen kargu-uztea ekarriko du, eta, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordearena.

3.– Presidentearen kargu-uzteak, heriotzak edo zentsura-mozioak eragin gabeko kargu-uzteak gertatuz gero, presidenteordeak ordezkatuko du. Hori ezinezkoa bada, Zuzendaritza Batzordeak presidente berri bat aukeratu ahal izango du bere kideen artean. Azken kasu horretan, Batzar Nagusiak egiten duen lehenengo bileran berretsi beharko da hautaketa.

36. artikulua.

Presidentea berriro hautatu ahal izango da, 3 legegintzaldiko mugarekin.

Euskal Federazioaren presidentea berriro hautatu ahal izateko, gutxienez agintaldi bat –gabealdian– egon behar da.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

37. artikulua.

Estatutu hauen 14. artikuluan jasotako organoetako kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, harik eta beren ondorengoak karguaz jabetu arte.

38. artikulua.

Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira, legezko edo estatutuetako xedapenek gehiengo kualifikatuak aurreikusten dituzten kasuetan izan ezik.

39. artikulua.

Federazioaren Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kide izateko baldintzak honako hauek dira:

a) Adinez nagusi izatea.

b) Administrazio-egoitza Euskal Federazioaren jarduera-eremuaren barruan izatea. Salbuespenezko egoeretan, Batzar Nagusiak betekizun horretatik salbuetsi ahal izango du.

c) Karguak edo eginkizunak betetzeko desgaikuntza dakarren diziplina-zehapen irmorik ez izatea.

d) Kargu publikoa betetzeko desgaikuntza dakarren epai judizial irmorik ez izatea.

e) Erabaki judizial irmo baten bidez ezgai deklaratu ez izana.

40. artikulua.

1.– Federazioko organoek hartutako erabaki guztien akta egingo du idazkariak. Akta horretan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: parte hartu duten pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den, eztabaidatu diren gai nagusiak, bozketaren forma eta emaitza, eta erabakien edukia.

2.– Hartutako erabakiaren aurkako botoak, betiere arrazoituak badira, kide anitzeko organoen erabakietatik erator daitekeen erantzukizunetik salbuetsiko dira.

41. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak egokitzat jotzen dituen batzordeak eta antzeko organoak eratu ahal izango ditu, bai federazioaren kirol-jardueraren sektore baten garapenarekin zerikusia dutenak, bai federazioko talde edo estamentuen funtzionamenduarekin zerikusia dutenak.

42. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioak dopinaren alorrean aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen organoak izan beharko ditu.

2.– Euskal Saskibaloi Federazioak batzorde tekniko bat izango du, eta federazioaren kirol-zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko duen organoa izango da.

3.– Era berean, federazioak behar bezala funtzionatzeko komenigarritzat jotzen diren beste batzorde batzuk ere izan ditzake. Batzorde horiek dagozkien araudietan garatuko dira.

43. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioko zuzendariek eskubide hauek dituzte:

a) Federazioetako zuzendaritzako langileen etengabeko prestakuntza eta eginkizunak behar bezala betetzeko doako aholkularitza teknikoa jasotzea Eusko Jaurlaritzatik.

b) Federazioak berak aldez aurretik ezarritako mugen barruan jarduerak gauzatzean egindako gastuengatik dirua itzultzea.

c) Federazioaren bitartez, aseguru bat izatea borondatezko jardueratik zuzenean eratorritako istripu-arriskuen eta erantzukizun zibilaren kontra.

d) Beren jarduera duintasun-, segurtasun- eta higiene-baldintza egokietan egitea, beren eginkizunen izaeraren eta ezaugarrien arabera.

e) Zuzendari-izaera identifikatzeko egiaztagiria izatea.

f) Kirolaren arloan egiten duten gizarte-ekarpenarekiko errespetua eta aintzatespena lortzea.

g) Federazioaren zuzendaritza-organoetan parte hartzeko behar den informazioa eta dokumentazioa izatea.

h) Esleitzen zaizkien eginkizunak behar bezala betetzeko behar dituzten baliabide materialak etengabe jasotzea.

i) Federazioaren arauetan aurreikusitako beste edozein.

44. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioko zuzendariak behartuta daude:

a) Beren eginkizunak betetzean jasotako eta ezagututako informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala dagokionean. Konfidentzialtasun-betebeharrak indarrean jarraituko du kargua utzi arren.

b) Beren eginkizunak betetzean behar bezalako arduraz jardutea, une oro federazioaren estatutuetako helburuak betez.

c) Kirol-federazioek eskura jartzen dizkioten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.

d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.

e) Eginkizunak arduraz betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatutako edozein kontraprestazio ekonomiko baztertzea.

g) Bere eginkizunak betetzen jarraitzea, harik eta ondorengoak karguaz jabetu arte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

h) Organo eskudunek hartutako erabakiei eta ebazpenei men egitea.

i) Kargua uzten dutenak ordezkatuko dituzten zuzendari berriei beharrezko dokumentazio eta informazio guztia ematea.

j) Interes pertsonala duten gaiei buruzko eztabaidetara ez joatea eta haietan parte ez hartzea. Interes pertsonala dagoela ulertuko da gaiak zuzendariaren ezkontideari eragiten dionean, edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez lotutako pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, edo zuzendaritza-postu bat betetzen duen edo partaidetza esanguratsua duen sozietate bati.

k) Kide den organoen bileretara joatea eta eztabaidetan aktiboki parte hartzea, bere irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.

l) Emandako egiaztagiria behar bezala erabiltzea.

m) Federazioak onartzen duen Kode Etikoa betetzea.

n) Federazio honen estatutuetan edo erregelamenduetan aurreikusitako beste edozein.

45. artikulua.

1.– Federazioko presidente-kargua bateraezina da beste kirol-federazio bateko presidente-karguarekin, nahiz eta beste kirol-modalitate batekoa izan.

2.– Kirol-federazioko presidentearen kargua bateraezina da federazioaren barruan dagoen kapitaleko kirol-klub, -elkarte edo -sozietate bateko presidentearen karguarekin. Presidentea, hain zuzen ere, klub edo kirol-elkarte baten ordezkari gisa biltzarkide izateagatik aukeratzen denean, federazioan edo klubean duen kargua aukeratu beharko du, eta klubeko karguari uko egiten diola ulertuko da, baldin eta ez badu berariaz horietako bat aukeratzen.

3.– Kirol federazioaren presidentea bateraezina izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Administrazioaren eta Administrazio Orokorraren barruan federazio-eremuarekin zuzeneko lotura duten kargu edo enplegu publikoak betetzearekin.

4.– Federazioko zuzendaritza-kargua bateraezina da modalitate bereko lurralde-federazio bateko zuzendaritzako karguarekin (lurralde-federazio bateko presidente diren pertsonen kasuan izan ezik), federazio horri aholku edo aholku profesionala ematearekin. Era berean, kirol-federazioaren zuzendaritza-kargua bateraezina da hari lan-harremanean, harreman zibilean edo merkataritza-harremanean zerbitzu profesionalak ematearekin.

46. artikulua.

Federazioko zuzendariek debekatuta dute:

a) Kargua utzi edo dimisioa eman ondoren kalte-ordainak jasotzea.

b) Kirol-erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik hirugarren pertsonen edo erakundeen komisioak edo antzeko onurak jasotzea.

c) Kirol-helburuak edo helburu ekonomikoak lortzeagatiko pizgarriak jasotzea.

d) Kirol-federazioarekin berarekin kontratatzea, bere enpresen bidez edo hirugarren pertsonen edo erakundeen izenean. Autokontratazio-debeku horrek ezkontideen, antzeko afektibitate-harremanarekin lotutako pertsonen eta haien ondorengoen edo aurrekoen enpresei eragiten die.

e) Kirol-federazioaren ondarea erabiltzea edo federazioan duen posizioaz baliatzea ondare-abantaila bat lortzeko.

IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK

47. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioko estamentuetako kideek, gutxienez, honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kide izatea eta bertan ordezkatuta egotea, estatutu hauetan eta araudi aplikagarrian aitortzen zaien moduan eta proportzioan.

b) Federazioak antolatzen dituen jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horri buruz ematen dituen arauen arabera.

c) Eskatzen duten informazio guztia jasotzea eta askatasunez adieraztea federazioaren gaiei buruzko irizpideak eta iritziak, kirol hau hobeto garatzeko.

d) Federazio-arauak bete daitezen eskatzeko eskumena duten federazio-organoetara jotzea.

e) Egoki iritzitako kontsultak eta erreklamazioak aurkeztea, federazioaren arauen arabera.

f) Lizentzia justifikatzeko agiria edukitzea.

48. artikulua.

Federazioko estamentuetako kideek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.

b) Federazio-organoek balioz hartutako erabaki guztiak betetzea, organo eskudunak baliogabetzen edo eteten ez dituen bitartean.

c) Federazioaren helburuak lortzen aktiboki laguntzea.

d) Betetzen dituzten karguei dagozkien betebeharrak zintzo betetzea.

e) Euskal selekzioen deialdietara joatea, kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko.

49. artikulua.

Estatutu hauen ondorioetarako, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen III. tituluan aurreikusitakoaren arabera eratutako elkarteak dira kapitaleko kirol-klub edo -elkarteak edo kirol-sozietateak.

50. artikulua.

Kapitaleko kirol-sozietateak, kirol-elkarteak eta klubak, Euskal Saskibaloi Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, Euskal Federazio honi atxiki beharko zaizkio Lurralde Federazioaren bitartez, eta kirol-klub eta -elkarteen estamentuari dagokion federazio-lizentzia lortu beharko dute.

51. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioko kirolariak dira kirolarien estamentuari dagokion federazio-lizentziaren titular diren pertsona fisikoak.

52. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioko teknikariak federazioak eskatutako titulua duten pertsonak dira, eta estamentu horretako federazio-lizentzia dutenak.

53. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioko epaileak dira eskudun erakundeak emandako beharrezko titulazioa eta dagokion federazio-lizentzia duten pertsona fisikoak.

2.– Epaileak Euskal Saskibaloi Federazioko Arbitroen Batzordean bilduko dira.

54. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioa beste kolektibo batzuek ere osatuko dute. Talde horietako kideak saskibaloia sustatzen edo praktikatzen duten pertsona fisikoak izango dira, eta dagokien federazio-lizentzia izango dute beste kolektibo batzuen estamentuagatik.

V. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

55. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren diziplina-araubidea honako hauek arautuko dute: Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren azaroaren 30eko 2/2023 Legeak; Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak eta Legea garatzeko gainerako xedapenek; estatutu eta erregelamendu espezifiko hauek; Federazioaren organo propioek baliozkotasunez hartutako erabakiak; eta federazioaren beraren Kirol Diziplinako Erregelamendua.

56. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioak bere egitura organikoa osatzen duten pertsona guztien eta bertan afiliatuta dauden pertsona fisiko edo juridiko guztien gaineko diziplina-ahala baino ez du izango.

2.– Federazioak ezin izango du diziplina-ahalmenik erabili beste lurralde-eremu batzuetako eta kirol-jarduera bereko federazioetako kideei dagokienez, nahiz eta beren kirol-jarduera autonomia-erkidegoan garatu.

57. artikulua.

1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea Euskal Saskibaloi Federazioaren organoak dira, eta kirol-diziplinako ahalmena dute, gainerako federazio-organoak edozein direla ere.

2.– Diziplina Batzordea arduratuko da Euskal Saskibaloi Federazioaren esparruko jarduerez.

3.– Apelazio Batzordea arduratuko da Euskadiko Federazioaren eta bere lurraldeetako Diziplina Batzordearen epaiei aurkezten zaizkien errekurtsoetan jarduteaz.

58. artikulua.

1.– Diziplina Batzordeak eta Apelazio Batzordeak kide-kopuru bakoitia izango dute. Kide bakarreko organoa izan daiteke.

2.– Batzordeetako kideak Batzar Nagusiak izendatuko ditu, presidenteak urtebeterako proposatuta, eta kargua betetzeko behar besteko ezagutzak izan beharko dituzte. Izendapen hori Batzar Nagusiak berretsi beharko du hurrengo ohiko deialdian.

3.– Diziplina eta Apelazio Batzordeetako kideak kargutik kendu ahal izango ditu Batzar Nagusiak, federazioko presidenteak proposatuta.

59. artikulua.

1.– Diziplina Batzordeak hartzen dituen erabakiak Euskal Saskibaloi Federazioaren Apelazio Batzordearen aurrean aurkaratu ahal izango dira.

2.– Apelazio Batzordeak hartzen dituen erabakiak Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean aurkaratu ahal izango dira.

VI. TITULUA
HAUTESKUNDE-ARAUBIDEA

60. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren hauteskunde-araubidea honako hauek arautuko dute: urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. tituluak, dekretu hori garatzeko ematen diren xedapenek, estatutu hauek eta Batzar Nagusiak nahitaez onartu beharko duen hauteskunde-erregelamenduak.

61. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioan hauteskunde-batzorde bat egongo da, hauteskunde-prozesua bultzatzeko eta behar bezala garatzen dela zaintzeko. Hauteskunde Batzordea kide anitzeko organoa izango da, eta hiru kide izango ditu.

62. artikulua.

Hauteskunde Batzordearen eginkizunek lau urteko iraupena izango dute, baina Batzar Nagusiak epe hori amaitu baino lehen kargutik kendu ahal izango du.

63. artikulua.

1.– Hauteskunde Batzordeko kideak eta ordezkoak Batzar Nagusiak aukeratuko ditu, hauteskunde-prozesua hasi aurreko azken ohiko batzarrean, edo zozketa publiko bidez, hautagai izango ez diren pertsonen artean, inor aurkezten ez bada.

2.– Hauteskunde Batzordeko presidentea eta idazkaria izango dira, hurrenez hurren, zaharrenak eta gazteenak.

3.– Hautagai gisa aurkeztuko direnak ezin izango dira inola ere Hauteskunde Batzordeko kide izan. Izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideren batek izaera hori badu, izendatutako ordezkoak utzi beharko du bere lekua.

64. artikulua.

1.– Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Hautesle-errolda eta hauteskunde-egutegia onartzea.

b) Aurkeztutako hautagaitzak aldarrikatzea eta argitaratzea.

c) Hauteskunde-mahaia izendatzea.

d) Aukeratutako hautagaiak aldarrikatzea.

e) Aurkezten diren aurkaratzeak, erreklamazioak, eskaerak eta hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

f) Hauteskundeak egiteari eta hauteskundeen emaitzei zuzenean eragiten dien edozein gai.

2.– Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakiak Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean aurkaratu ahal izango dira.

65. artikulua.

Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin ondoren, hiru kidez eta ordezkoz osatutako hauteskunde-mahaia izendatuko du. Presidentea eta idazkaria beren artean aukeratuko dira eginkizun horiek betetzeko, eta, haien artean izendatzen ez badira, presidente eta idazkari izango dira, hurrenez hurren, adinez nagusienak eta gazteenak.

66. artikulua.

1.– Hauteskunde Mahaiak eginkizun hauek izango ditu:

a) Bozketak behar bezala egiten direla zaintzea.

b) Boto-emaileen identitatea eta hautesle-izaera egiaztatzea.

c) Emandako botoen baliozkotasunari buruz ebaztea.

d) Botoak ematea amaitu ondoren, botoak zenbatzea.

e) Bozketari buruzko beste edozein gai ebaztea.

2.– Hauteskunde Mahaiak hartzen dituen erabakiak Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkaratu ahal izango dira.

VII. TITULUA
EKONOMIA- ETA ONDARE-ARAUBIDEA

67. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioa aurrekontu eta ondare araubide propioaren menpe dago.

2.– Federazioaren ondarea titulartasuna duten ondasunek osatuko dute.

3.– Hauek dira federazioaren baliabideak:

a) Federatuen kuotak.

b) Erakunde publikoek eman diezazkioketen dirulaguntzak.

c) Dohaintzak, jarauntsiak, legatuak eta sariak.

d) Antolatzen dituen kirol-jarduera eta -lehiaketek sortzen dituzten onurak.

e) Egiten dituen industria-, merkataritza-, lanbide- edo zerbitzu-jardueretatik eratorritako onurak.

f) Bere ondarearen fruituak eta haren besterentzearen edo kargaren emaitza, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138. artikuluan ezarritako baldintzetan.

g) Lortzen dituen maileguak edo kredituak.

h) Jarduera garatzean lor dezakeen beste edozein.

68. artikulua.

1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol-ikuskizunetan lortutako irabaziak eta sariak barne, bai eta federazioak industria-, merkataritza-, lanbide- edo zerbitzu-jardueretan aritzeagatik lor ditzakeenak ere, oso-osorik aplikatuko zaizkio bere helburu soziala garatzeari.

2.– Inola ere ezingo da etekinen banaketarik egin Euskal Saskibaloi Federazioko kideen artean.

69. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak ondasun higiezinak kargatu eta besterendu ahal izango ditu, dirua maileguan hartu ahal izango du eta zorra edo ondare-zati alikuota adierazten duten tituluak jaulki ahal izango ditu, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138. eta 139. artikuluetan ezarritako kasu eta baldintzetan.

70. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak goi-zuzendaritzako lan-kontratuak sinatu ahal izango ditu, baldin eta akordioa, ordainsariaren zenbatekoa eta kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoak onartzen baditu eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kontratu hori baimentzen badu.

71. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioak urtero onartuko du ekitaldi bakoitzeko aurrekontua.

2.– Zuzendaritza Batzordeari dagokio aurrekontu-proiektua egitea, eta Batzar Nagusiak onartu beharko du.

3.– Aurrekontuan adieraziko dira, batera eta sistematikoki zifratuta, federazioak gehienez har ditzakeen betebeharrak eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten diren eskubideak. Euskal Saskibaloi Federazioaren aurrekontuak, halaber, kirol modalitate horretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin lotutako betebeharrak jaso beharko ditu.

4.– Aurrekontua bakarra izango da, eta Federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko ditu, Federazioaren organo osagarriak edo erakunde instrumentalak barne. Kudeaketa- edo antolaketa-beharrek hala eskatzen dutenean, Euskal Saskibaloi Federazioak sistema zentralean behar bezala txertatutako kontabilitate azpi-erakundeak sortu ahal izango ditu.

5.– Aurrekontua orekatua izango da eta ezingo da inola ere aurrekontu defizitariorik onartu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sail eskudunak hala baimentzen duen salbuespenezko kasuetan izan ezik.

6.– Ezin izango da urte anitzeko gasturik konprometitu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sail eskudunak baimena eman ezean, baldin eta gastu horiek erregelamendu bidez ezarritako ehunekoa gainditzen badute eta presidentearen agintaldia gainditzen badute.

7.– Batzar Nagusiaren onespena lortu ondoren, aurrekontua eta aurreko aurrekontuaren likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaizkio.

8.– Federazioko Zuzendaritza Batzordeak gastuen aurrekontu osoaren % 20 gainditzen ez duten aurrekontu-aldaketak erabaki ahal izango ditu.

9.– Aurrekontu osoaren % 20 baino gehiago hartzen duten programen artean kredituak transferitzeko, Eusko Jaurlaritzako dagokion organoaren baimena beharko da.

10.– Federazioak berak antolatzen dituen kirol-lehiaketen ustiapen ekonomikorako eskubideen titulartasuna du esklusiboki, parte-hartzaileen baimen edo adostasun indibidual eta espresuaren beharrik gabe.

Federazio honek antolatutako lehiaketa federatuetan pertsona fisikoak eta juridikoak inskribatzeak berekin dakar automatikoki dagozkien irudi-publizitateko eskubideak lagatzea, lehiaketa horien ustiapen ekonomikorako beharrezkoak diren baldintzetan.

72. artikulua.

1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo sei hilabeteen barruan, Federazioko Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztuko dizkio Batzar Nagusiari, balantzea, galera eta irabazien kontua eta memoria ekonomikoa barne.

2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak presidenteak eta, hala badagokio, diruzainak sinatu beharko dituzte.

3.– Federazioaren urteko kontuek, beren egituran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak erregelamendu bidez zehazten dituen kontabilitate-printzipio eta -arauak bete beharko dituzte, bai eta, erakunde horien izaera berezia dela-eta, erregelamendu bidez ezartzen diren Kontabilitate Plan Orokorra egokitzeko arauak ere. Horiek ezartzen ez diren bitartean, urteko kontuak Kontabilitate Plan Orokorrera egokituko dira.

73. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak, hala badagokio, finantza- eta kudeaketa-ikuskapena egin beharko du, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera.

VIII. TITULUA
DOKUMENTU-ARAUBIDEA

74. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak honako liburu hauek eramango ditu nahitaez:

a) Federazioko estamentuen liburua, estamentu bakoitzari dagozkion ataletan banatuta. Liburu horrek horien zerrenda eguneratua jasoko du, bai eta lanean hasteko eta baja emateko data ere.

b) Federazioaren akta-liburua; bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta federazioko gainerako organoek hartutako erabakiak jasoko dira.

c) Kontabilitate-liburuak.

d) Hala badagokio, zor-tituluen edo ondare-zati alikuotaren erregistro-liburua.

e) Dokumentuen sarrera eta irteerako erregistro-liburua.

f) Estatutu hauetan aurreikusitako arbitrajeari uko egiteko erregistro-liburua.

a), b), c) eta d) puntuetan aipatutako liburuak indarrean dagoen legeriaren arabera eraman behar dira nahitaez, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan bideratu beharko dira.

IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

75. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioa desegin egingo da:

a) Ezohiko Batzar Nagusiak bi hereneko gehiengoz hartutako erabakiaren bidez, artikulu honetako bigarren paragrafoan aurreikusitako arrazoiren bat gertatu ondoren.

b) Epailearen erabakiz.

2.– Euskal Saskibaloi Federazioa honako arrazoi hauengatik desegin beharko da:

a) Federazioaren aitorpen ofiziala errebokatzeagatik.

b) Administrazio-izaerako funtzio publikoak behar bezala betetzeko ezintasun nabarmenagatik.

c) Federazioko organoak geldiarazteagatik, haien funtzionamendua ezinezkoa izanda.

d) Agindutako funtzio publikoak ez betetzeagatik.

e) Beste kirol-federazio batekin bat egiteagatik.

f) Beste kirol-federazio batean integratzeagatik.

g) Indarrean dagoen legerian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

Kasu horietan, ondare garbia, halakorik balego, Federazioaren antzeko jarduerak egiteko erabiliko da.

76. artikulua.

1.– Federazioko presidenteak Batzar Nagusia deitu beharko du desegiteko erabakia har dezan, desegitea eragin duen kausa dagoela jakin eta bi hilabeteko epean.

2.– Federatutako pertsonek eta erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ere eskatu ahal izango diote presidenteari Batzar Nagusirako deia egiteko, baldin eta, beren ustez, aurreko artikuluan aipatutako arrazoietako bat gertatzen bada.

3.– Batzar Nagusirako deirik egiten ez bada, akordiorik lortzen ez bada edo akordioa desegitearen aurkakoa bada, edozein federatuk edo kirol-administrazio eskudunak berak federazioa judizialki desegiteko eskatu ahal izango du.

4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta egongo da desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa denean edo lortu ezin denean.

77. artikulua.

Federazioa desegin ondoren, likidazio-aldia irekiko da, bat-egite kasuetan edo federazioaren aktibo eta pasiboaren lagapen globaleko beste edozein kasutan izan ezik.

78. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioa desegin ondoren, bere nortasun juridikoa mantenduko du likidazioan dagoen bitartean. Fase horretan, bere izenari «likidazioan» esaldia gehitu beharko dio.

79. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioa likidazioan deklaratzen den unetik aurrera, Zuzendaritza Batzordeak bere eginkizunak utziko ditu, eta likidatzaileek beren gain hartuko dituzte haren eginkizunak. Aurrekoa gorabehera, Zuzendaritza Batzordeko kideek parte hartu beharko dute likidazio-eragiketak benetan egiteko.

80. artikulua.

1.– Euskal Saskibaloi Federazioaren Batzar Nagusiari dagokio likidatzaileak izendatzea, eta likidatzaile horien kopurua bakoitia izango da beti.

2.– Likidatzaileen izendapena eta kargu-uztea Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dira.

81. artikulua.

Federazioko likidatzaileei eginkizun hauek dagozkie:

a) Administrazio-organoarekin batera, federazioaren hasierako balantzea sinatzea, bere eginkizunen hasieran.

b) Federazioaren liburuak eta gutunak eramatea eta zaintzea, eta bere ondarearen osotasuna zaintzea.

c) Federazioa likidatzeko egin gabe dauden eragiketak eta beharrezkoak diren eragiketa berriak egitea.

d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak enkante publikoan salduko dira nahitaez. Eusko Jaurlaritzak baimendutako kasuetan bakarrik izango da bidezkoa zuzeneko salmenta.

e) Transakzioak eta arbitrajeak ituntzea, federazioaren interesei hala komeni zaienean.

f) Hartzekodunei ordaintzea.

g) Federazioaren ordezkari izatea.

82. artikulua.

Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek balantzea egingo dute, Batzar Nagusiak onar dezan, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzara bidaliko da.

83. artikulua.

Likidatzaileen funtzioa honela amaituko da:

a) Likidazioa egitea.

b) Batzar Nagusiak emandako ahalordeak errebokatzea.

c) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ahalordeak errebokatzea edo desgaitzea.

d) Epailearen erabakiz.

84. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren kaudimengabezia gertatuz gero, likidatzaileek berehala eskatu beharko dute dagokion konkurtso-deklarazioa.

85. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren azkentzea likidazio-batzordeak jakinaraziko dio Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroari, inskripzioa ezezta dezan.

X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUDIAK

86. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren estatutuak aldatu ahal izateko, Ezohiko Batzar Nagusiak erabaki behar du bileran dauden kideen bi herenen gehiengoarekin.

87. artikulua.

Estatutuen proiektua onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzara bidaliko da, Batzar Nagusiak erabaki eta hirurogei egun naturaleko epean.

88. artikulua.

Estatutu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan aurkeztu beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan.

89. artikulua.

Federazioaren estatutuen indarraldia administrazio-onarpenari eta ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari lotuta egongo da.

90. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioak honako hauek arautu beharko ditu, gutxienez:

a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko araubidea.

b) Diziplina-araubidea.

c) Hauteskunde-araubidea.

d) Gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko araubidea.

e) Lizentzien araubidea.

91. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren araudiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzan aurkeztuko dira, administrazio-onarpena eman diezaien, hirurogei (60) egun naturaleko epean, Batzar Nagusiak onartzen dituenetik hasita.

92. artikulua.

Araudiak onartu eta aldatzeko, horretarako deitutako Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako gehienen aldeko botoa beharko da.

93. artikulua.

1.– Federazioen zirkularrek estatutuen eta erregelamenduen indarraldiari, aplikazioari edo interpretazioari buruz edo federazioarekin lotutako beste gai batzuei buruz jakinarazteko eta informatzeko balioko dute, baina ez dute arau-izaerarik izango.

2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aldez aurreko administrazio-onespenik beharko.

94. artikulua.

1.– Lurralde-eremu handiagoko federazioen estatutuak eta erregelamenduak soilik aplikatuko zaizkie zuzenean federazioari eta federazioko kideei, baldin eta Euskal Saskibaloi Federazioa federazioetan integratuta badago eta federazio horien eskumenekoak diren gaiei dagokienez. Kasu horretan, Euskal Federazioak arau horiek zabaldu beharko ditu, Federazioaren estamentuek horien berri izan dezaten. Arau horiek hizkuntza ofizialetako batean idatzita egon beharko dute.

2.– Lurralde-eremu handiagoko kirol-federazioen gainerako arauak ez zaizkie zuzenean aplikatuko Euskal Saskibaloi Federazioari eta bertako kideei. Federazioaren araudian sartuko dira soilik federazioak eta administrazioak onartzen dituztenean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen direnean.

3.– Autonomiaz gaindiko kirol-federazioen araudiak ez dira ordezko gisa aplikatuko Euskal Saskibaloi Federazioan. Hala ere, arau horiek ordezko gisa aplikatu ahal izango dira, baldin eta beren erregelamenduetan berariaz aipatzen badira, federatuek federazio honetako hizkuntza ofizialetako batean itzulitako arauak badituzte eta behar bezala zabalduta badaude.

XI. TITULUA
HIZKUNTZA-NORMALIZAZIOA

95. artikulua.

Euskara eta gaztelania dira Euskal Saskibaloi Federazioaren hizkuntza ofizialak.

96. artikulua.

Euskal Saskibaloi Federazioaren organoek hizkuntza-normalizazioko prozesu mailakatu bat bermatuko dute federazioaren barruan, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoaren arabera.

97. artikulua.

Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan eman ahal izango dira, interesdunak adierazitakoaren arabera.

XII. TITULUA
GATAZKAK JUDIZIOZ KANPO EBAZTEA

98. artikulua.

Federazioaren eta federatuen edo kideen artean edo azken horien artean sor daitezkeen desadostasunak edo auziak Zuzenbideko Arbitrajearen bidez ebatziko dira, indarrean dagoen legerian, estatutu hauetan eta garapen-erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

99. artikulua.

Arbitraje bidez edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpen bidez ebatz daitezkeen desadostasunak edo auziak Kirol Arbitrajeko Euskal Auzitegiari aurkeztuko zaizkio.

100. artikulua.

Administrazioak federazioari eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zerikusia duten gaiak eta legediak espresuki arbitrajetik kanpo uzten dituen legezko gaiak izan ezik, gainerakoak bide horretatik ebatziko dira.

101. artikulua.

Federazioko edozein federatu edo kide, Estatutu hauek onartzen direnetik edo lizentzia lortzen duenetik hilabeteko epean berariaz uko egiten ez badio, Estatutu hauetan eta garapen-araudian aurreikusitako arbitrajeko eta gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemaren mende geratuko da.

lehenengo XEDAPEN IRAGANKORRA

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehaztapen teknikoak onartu arte, federazioak lizentziak ematen jarraitu ahal izango du egokitzat jotzen duen formatuan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauetan ezarritako xedapenek ez dute eraginik izango estatutu hauek indarrean jartzen direnean dauden karguetan, eta, beraz, kargu horiek beren egungo agintaldiak amaitu ahal izango dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira 2007ko apirilaren 13an onartutako Euskal Saskibaloi Federazioaren estatutuak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Bilbao, 2024ko urriaren 8a.

Azterketa dokumentala