225. zk., 2024ko azaroaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 3 orri.)
- EPUB (152 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5301
327/2024 DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako lanpostu-zerrendak onartzen dituen Dekretua.
Lanpostu-zerrendak Justizia Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostu-zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 521., 522. eta 523. artikuluetan ezarritakoa betetzeko.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 521. artikuluak dioenez, onartzen diren lanpostu-zerrenden bidez antolatuko dira langileak, bulego judizialen egitura osatzen duten unitateetan sartuz. Lanpostu-zerrendak publikoak izango dira.
Lege organiko horren 522. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arlo horretan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek hasierako onarpena emango diete beren jarduera-eremuko bulego judizialetako lanpostu-zerrendei, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostena jaso ondoren eta ordezkaritza handiena duten sindikatuekin negoziatu eta gero.
Aipatutako legearen 523. artikuluaren bigarren apartatuak ezartzen duen bezala, hasierako lanpostu-zerrendetan egiten diren aldaketek kontuan hartu beharko dituzte langileak berriro banatu eta antolatzeko lege honek biltzen dituen irizpideak.
Uztailaren 26ko 179/2011 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako lanpostu-zerrendak onartu ziren. Dekretu hori zenbait aldiz aldatu da.
Dekretu honen xedea da lanpostu berriak sartzea goian aipatutako dekretuaren bidez onartutako lanpostu-zerrendan, Anoeta, Irura, Alegia, Ikaztegieta, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Orendain eta Abaltzisketako Bake Epaitegietako Idazkaritzen Elkartea eratzea onartu ondoren.
Horrenbestez, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluak xedatzen duenez (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 5ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako lanpostu-zerrendetan izandako aldaketak onartzea, zeinak dekretu honen eranskinean jasota baitaude.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 5ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.