Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2024ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5272

EBAZPENA, 2024ko urriaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oyón-Oionen (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko uztailaren 30ean, Oyón-Oiongo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Oyón-Oiongo (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoaren Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Oyón-Oiongo Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Oyón-Oionen (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oyón-Oionen (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da 26.378 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea, eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko. Instalazioak 1,76 MWp-eko xede-potentzia izango du, eta 2.444 MWh-ko urteko ekoizpena, gutxi gorabehera.

Oyón-Oiongo Ekiola parke fotovoltaikoa Oyón-Oiongo udalerrian dago, Oyón-Oiongo herrigunetik 2 km inguru mendebaldera, Errioxako Autonomia Erkidegoko Logroño udalerriarekiko mugan. Arabako Errioxako Ekiola KSk sustatzen du proiektua. Arabako Foru Aldundiak (ENARGI), Energiaren Euskal Erakundeak (CADEM) eta Krean Taldeak osatzen dute kooperatiba hori, eta energia-komunitate kooperatibo bat eratzea du helburu.

Plan Bereziak erabilera xehatuko hiru gune mugatzen ditu:

– Plaka fotovoltaikoen gunea: plaka fotovoltaikoak eta inbertsoreak jar daitezkeen eremua da.

– Sartzeko gunea eta transformazio-zentroa (TZ): instalazio fotovoltaikora sartzeko gunea da. Gune horretan jarri ahal izango dira transformazio-zentroa hartuko duten etxolak, eta aparkalekuak gaitu ahal izango dira.

– Plaka fotovoltaikorik gabeko gunea: instalazio-eremuaren ertzak, berdeguneetarako.

Instalaziora sartzeko, lehendik dagoen mendi-bide bat baliatzen da, eremuaren ekialdeko muturrean dagoena; transformazio-zentroa bertan jartzea aurreikusi da.

Plakak hegoaldera begira jarriko dira, ahalik eta errendimendu handiena lortzeko. Egitura orografiara egokituko da, zimenduak egin beharrik gabe, eta lurrean tinkatuta. 2 metroko altuera dute plakek. Instalazio fotovoltaikoa, segurtasunagatik, hesiz inguratutako esparru baten barruan egingo da.

Instalazioa 13,2 kV-eko tentsio ertaineko linea elektriko batetik 280 metrora dago, eta lurpetik konektatuko da harekin, instalazioaren transformazio-zentrotik aurrera. Trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

Planaren zirriborroaren arabera, udalerrian indarrean dagoen hirigintza-araudiak lurzoru urbanizaezinean aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen du, betiere hura landagunean ezartzeko dagoen beharra justifikatu eta Arabako Foru Aldundian hirigintza-arloko eskumena duen organoak haren interes publikoa deklaratu ondoren.

Logroño-Agoncillo aireportua hurbil dagoenez, modulu fotovoltaikoek islagarritasun txikikoak izan beharko dute itsualdiak saihesteko.

Instalazio fotovoltaikoaren etorkizuneko eraikuntzari buruzko beste alderdi batzuei dagokienez, aztertutako dokumentazioaren arabera, eguzki-parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuak definituko ditu lurzatiaren barneko urbanizazioaren ezaugarriak, panelen mantentze- eta garbiketa-lanak (maiztasuna, erabilitako produktuak, behar den ura, hondakinen kudeaketa, etab.), bai eta ebakuazio-linea elektrikoaren definizioa ere.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak honako hauek hartzen ditu kontuan: 0 alternatiba edo «ez esku hartzekoa»; 1. alternatiba, eraikinen teilatuetan kokatzekoa; 2. alternatiba, Oyón-Oiongo hiri-lurzoru industrialean kokatzekoa; 3. alternatiba, Oyón-Oiongo lurzoru urbanizagarri industrialean; eta 4. alternatiba, lurzoru urbanizaezinean, azkenean hautatu dena eta goian deskribatzen dena.

0, 1., 2. eta 3. alternatibak ezesten dira honako arrazoi hauengatik:

– 0 alternatiba baztertu da, instalazio fotovoltaikoa trantsizio energetikoaren bidez lortu nahi diren helburuen ildoan baitago.

– 1. alternatiba baztertu da, eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzea ez delako bideragarria Ekiola proiektuarentzat, batez ere proiektuak duen tamainagatik, eta instalazioak ez duelako funtzionatuko autokontsumoaren esparru arautzailearen babesean.

– 2. alternatiba instalazioa Oyón-Oiongo hiri-lurzoru industrialean kokatzean datza, hirigunearen hegoaldean eta Logroñorako errepidearen ondoan; bertan, zenbait lurzati huts daude. Aukera hori baztertu egiten da, lurzoruaren kostuaren eragina ekonomikoki bideraezina delako horrelako proiektu baterako.

– 3. alternatiba, Oyón-Oionen industria-lurzoru urbanizagarri bat (SAPUI-4) okupatzean datzana. 2007an behin betiko onartutako Plan Partziala eta onartutako Urbanizazio Proiektua ditu lurzoru horrek, gaur egun urbanizatu badago ere. Aukera hori ere baztertu egiten da, sektorearen garapenak eskatzen duen urbanizazio-karga handiegiagatik eta lurzoruaren prezio handiagatik (aurreko kasuan baino txikiagoa izan arren, lurzoru urbanizaezinarena baino askoz handiagoa dena), zeinak proiektuaren bideragarritasuna eta familia askoren sarbidea zailtzen baititu.

Lurzoru urbanizaezineko alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak adierazten du lurzati asko hartu direla kontuan, baina, hala ere, baztertu egin direla hainbat arrazoirengatik, hala nola malda handiegia izateagatik, tamaina nahikoa ez izateagatik, erabilera oso bateragarria ez izateagatik (balio estrategiko handia), kutsatuta dauden lurzoruak izateagatik, gehiegizko landaredia izateagatik, etab. Gainera, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, beste udalerri batzuetako beste kokapen batzuk hartu dira kontuan, baina ezetsi egin dira arrazoi teknikoengatik. Azkenik, Oyón-Oiongo kokapena egokitzat jo da, hirigunetik nahiko hurbil dagoelako, ez duelako ingurumen- eta nekazaritza-balio handirik, lur-mugimendu handirik behar ez duen lurzoru laua delako, irisgarritasun ona duelako, 13,2 kV-eko linea elektrikoa duelako gertu (280 m), ez dagoelako kutsatuta egon daitekeen lurzorurik eta lurzoruaren jabeekin akordio batera iristeko aukera dagoelako.

Plana Oyón-Oiongo Ekiola instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren bidez garatzea aurreikusten da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak:

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak 1,76 MWp-eko xede-potentziako energia fotovoltaikoa ekoitziko duen eta 2.444 MWh-ko urteko ekoizpen zenbatetsia duen instalaziorako esparru bat ezartzen du, 26.378 m2-ko azalera batean. Plana parke fotovoltaikoaren proiektu baten bidez garatuko da. Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, Oyón-Oiongo HAPOak Planaren eremuaren zati bat, J.2.4. gunea, «Baso Intereseko Eremu Babestu» gisa kalifikatzen du, eta J.2.5 gunearen gainerakoa «Nekazaritza eta Abeltzaintza Intereseko Zona Babestu» gisa. Eremu osoa lurzoru urbanizaezinean dago. Lurzatiaren zati batek Batasunaren intereseko habitataren baldintzatzaile gainjarria du.

HAPOaren Hirigintza Araudiaren 1.6.1.1 artikuluan (erabileren definizioa), modu generikoan sailkatzen dira J2 Zaindutako landa-eremuetan kalifikazio orokorraren arabera zuzenean baimendu daitezkeen erabilerak. Horien artean, iturri berriztagarrien bidezko energia-ekoizpenerako parkeetako instalazio teknikoak definitzen dira, interes publikoko eraikin, eraikuntza eta instalazioen barruan.

1.6.1.2.– artikuluan (Baimendutako erabilerak) erabilera horiek ezarritako guneei esleitzen zaizkie. Kasu honetan, J.2.4. Baso-intereseko gunean, B motako izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak soilik baimenduko lirateke (1.6.1.1 artikuluan definitutakoaren arabera, instalazio puntualak dira, hala nola dorreak, antenak...), hau da, ez lirateke iturri berriztagarrien bidez energia ekoizteko parkeak baimenduko. J.2.5. Nekazaritzako eta abeltzaintzako intereseko gunean baimenduko lirateke interes publikoko eraikinak eta instalazioak, besteak beste, iturri berriztagarrien bidez energia ekoizteko parkeak. Aipatutako HAPOaren 1.6.1.2 artikuluan adierazten den moduan, kanpoan geratzen dira EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 59.2.c) artikuluan ezarritako plan bereziak aplikatuz ezar daitezkeen erabilerak eta jarduerak. Hau da, ezartzen diren jarduerak, ez zuzenean, baizik eta indarrean dagoen legerian aurreikusitako plan bereziak aplikatuta, kasu honetan bezala, Oyón-Oiongo HAPOko lurzoru urbanizaezineko bi J1 eta J2 guneetan baimendu ahal izango dira.

Planaren Memoriaren 3.2 puntuan plan bereziaren figura erabiltzea justifikatzen da; orobat, justifikatzen da plan berezi baten bidez garatutako parke fotovoltaikoaren erabilera baimentzekoa dela ere hautatutako eremuan. Plan horrek ingurumena leheneratzeko eta ingurunearen araberako paisaia-egokitzapeneko proiektu bat jaso beharko du, Batasunaren intereseko habitataren gainjarritako baldintzatzailean sartu delako.

EAEko Energia Berriztagarrien LPSaren arabera, Plana gauzatu nahi den eremuaren gehienean, instalazio fotovoltaikoen ezarpenarekiko kalteberatasuna maila gorenekoa da; izan ere, mota horretako instalazioek arriskuan jar dezakete eremuko ingurumen-balioen kontserbazioa.

Ondorioztatu da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondorioz ingurumen-arazo nabarmenik sortuko denik, betiere ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira arlo hauei dagokienez: natura-ondarea, hondakinak, lurzorua, isuriak, kultura-ondarea, osasuna, nekazaritzako lurzoruen babesa, zarata, segurtasuna, ingurumena eta beste.

Azkenik, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremuak 26.378 m2-ko azalera du. Ekialdetik mendebaldera, +455 eta +440 koten artean, malda txiki bat duen lursaila da, eta punturik beherena ekialdekoa da. Gaur egun, lurzatiak ez du erabilerarik.

Instalazioaren hegoaldeko muga, 170 metro inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren arteko muga bera da, zehazki, Logroñoko udalerriarekiko muga. Esparruaren hegoaldeko gainerako muga erkidegoen arteko mugatik 6 eta 10 metro arteko distantziara dago.

Eremua ez dago ezein naturagune babestutan, ez eta inolako geologia-intereseko gunetan ere. Halaber, ez dago beste katalogo batzuetan jasotako intereseko naturaguneetako ezeinetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako natura-intereseko guneen zerrenda), eta ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan katalogatutako ezein paisaiatan.

Litologiari dagokionez, honako hauek tartekatzen dira: hareharri karetsuak, limolitak eta porositateagatik iragazkortasun txikia duten argilita gorriak. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Guardia lurpeko ur-masaren (ES091MSBT046) gainean dago, eta ez du ukitzen interes hidrogeologikoko ezein gune.

Eremua Ebroko unitate hidrologikoan dago; ez dago ur-ibilgurik ez Planaren xede den lurzatian, ez haren inguruetan; bertatik hurbilen dagoen ibilgua Valvarriniga ibaia da, gutxi gorabehera kilometro batera dagoena.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua, nagusiki, Brachypodium retusum espeziearen larre xerofiloz osatuta dago, ezkaia eta elorri-triska ditu, eta, hego-mendebaldeko muturrean, abarizti bat kartografiatzen da. Abariztiari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du bertatik bertarako bisitan egiaztatu dela, eremutik kanpo isolatutako abariztiren bat izan ezik, belar gutxi batzuk dituen laborantza-lurra soilik dagoela. Larre xerofilo gisa kartografiatutako eremuetan, gutxi gorabehera 1,86 ha-ko azalera batean, Batasunaren intereseko 6220* «Gramineoen eremu subestepikoak eta Thero-Brachypodietearen urterokoak» lehentasunezko habitata hauteman da. Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du landa-azterketa bat egin dela lekuan dauden espezieak zein diren ziurtatzeko. Informazio hori II. eranskinean dago jasota, «Argazkiak: eremuan identifikatutako espezieak» delakoan. Bertan, hautemandako espezie nagusiak aipatzen dira, zein bere argazkiarekin, eta hedadura handiagoa edo txikiagoa duten eremuak identifikatzen dira, baina ez da habitataren egoerari buruz ezer ondorioztatzen. Bestalde, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemak adierazten du 6220* «Gramineoen eremu subestepikoak eta Thero-Brachypodietearen urterokoak» BIHak kontserbazio-egoera ona duela (2013-2018) unitate biogeografikoan.

GeoEuskadin jasotako informazioaren arabera, EAEko lurraldearen zonakatzeari dagokionez, instalazio fotovoltaikoekiko kalteberatasunean oinarrituta, Planaren xede den eremuaren azaleraren gehiena kalteberatasun goreneko eremu gisa kalifikatuta dago, Batasunaren intereseko habitatak daudelako. Hego-mendebaldeko sektorea soilik dago kalifikatuta kalteberatasun txikiko eremu gisa.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremu hori narrastien (gardatxoa, txaradi-sugandila, eskailera-sugea eta Montpellierko sugea), anfibioen (apo ezproidun arrunta) eta hegaztien (amiamoko zuria, uhalde-enara eta mirotz urdina) lehentasunezko banaketa-eremu baten barruan dago. Aztertutako dokumentazioaren arabera, eremuaren ezaugarriak ikusita, ez da oso probablea aurreko espezieak egotea.

Faunari dagokionez, Planak hartzen duen eremuan honako hauek dira nagusi: karnabak (Carduelis carduelis), txokak (Carduelis cannabina), txolarreak (Passer domesticus, Passer montanus edo Petronia petronia), ezkai-txinboa (Sylvia conspicillata) eta negu-txirta (Anthus pratensis). Ugaztunen artean, erbi iberiarra (Lepus granatensis) nabarmentzen da, eta basasagu ugari daude (Apodemus sylvaticus). Narrastien artean, espartzudi-sugandila ugari daude (Psammodromus hispanicus).

Planaren eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko onartutako planen xede den ezein eremu, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako ezein eremu ere.

Oyón-Oiongo udal-mugartea ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuak zehaztutako eremuaren barruan jasota dago; horren bidez, Kultur Ondasuntzat jotzen da, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala (Araba). Planaren xede den lurzatian ez da identifikatu katalogoan edo inbentarioan sartutako kultura-intereseko elementu indibidualizaturik. Eremuak ez du katalogatutako paisaia-baliorik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da eremuan. Era berean, eremuan ez dago lursailik sartuta dagoenik lurzorua kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan; ez du baso-suteen arriskurik, eta ez da kaltebera uholde-arriskuaren aurrean. Eremuaren inguruan ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskua duen trenbide- edo errepide-trazadurarik.

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango dira. Jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, hondakinak sortzea, lurzoruak eta jariatze-urak kutsatzeko arriskua istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoak sortzea, zarata sortzea, etab. Horrek guztiak airearen eta lurzoruaren kalitatean eragin dezake.

Instalazioak landarediari eragiten dio gehien, zehazki, 6220* BIHari (Gramineoen eremu subestepikoak eta Thero-Brachypodietearen urterokoak). Ingurumen-dokumentu estrategikoak ez du zehazten instalazio fotovoltaikoak zenbateko azalera kenduko dion habitatari, baina habitat horrek 1,86 ha inguru hartzen ditu Planaren eremuan. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, BIH horren gaineko inpaktua murrizteko, landare-estaldura ez ezabatzea eta eragina eguzki-plaken euskarrien eremura soilik mugatzea gomendatzen da. Hala ere, pentsatzekoa da eragin negatiboa handiagoa izango dela, isilean gorde delako interkonexio elektrikoko lineetarako zangak irekitzeak eta balizko mantentze-korridoreek eragindako espazioaren okupazioa. Gainera, beste arazo bat da plaka fotovoltaikoen pean geratuko diren BIHen bizirauna, itzalpean egongo dira eta.

Bestalde, ez da aurreikusten Plana Nekazaritza eta Basogintzaren LPSaren nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko lurzoruan garatzeak eragin negatibo handirik ekarriko dionik Oyón-Oiongo udalerriari, baina ingurune horretarako prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatu beharko dira.

Aurreikusitako instalazio berriak ez du ekarriko abifaunari edo kiropteroei eragin diezaieketen aireko ebakuazio-linea berririk. Inpaktua, nagusiki, ugaztun txikiek eta narrastiek pairatuko dute, eta ez da espero espezie kalteberei eragitea.

Paisaiaren gaineko eraginak bateragarritzat jotzen dira, kontuan hartuta jarduketa-eremua txikia dela, jarduketaren ikusgarritasuna oso txikia dela, ez dela aireko linea elektriko berririk sortzen eta ez dela pista edo bide berririk irekitzen.

Emisio atmosferikoei dagokienez, etorkizuneko obrak egiteko faseari lotuta egongo litzateke inpaktua, eta makineriak eragingo luke, partikula gehiago aireratzea eta zarata-maila handitzea ekarriko du eta. Ildo horretan, ez da inpaktu handirik espero, ez dagoelako jendea bizi den eremurik jarduera-eremutik hurbil.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan.

Pentsatzen da ezen, ustiapen fasean, eremu horretako jarduera antropikoa handitzeagatik (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko) sortuko direla inpaktu nagusiak, eta, ondorioz, hondakin gehiago sortuko dela eta eragindako mugikortasuna handitu. Faunari dagokionez, aurreikusitako perimetro-hesia oztopo bat izan daiteke fauna lurtarrarentzat; beraz, beharrezkotzat jotzen da iragazkortzea.

Hori dela eta, jarraian aipatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, jasangarritasunaren aldekoak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, baldin eta afekzio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak indarreko araudiari jarraikiz gauzatzen badira arlo hauei dagokienez: natura-ondarea, hondakinak, isuriak, kultura-ondarea, osasuna eta nekazaritzako lurzoruen babesa eta beste.

3.– Ebazpen honetan, Oyón-Oiongo (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzentze-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, bai, halaber, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, baita ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera ere.

Besteak beste, honako hauek dira Planak bere zehaztapenetan jaso beharko dituen eta instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko etorkizuneko proiektuak modu eraginkorrean ezarri ahal izateko behar den xehetasunarekin definituko dituen babes- eta zuzenketa-neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– 6220* BIHan (Gramineoen eremu subestepikoak eta Thero-Brachypodietearen urterokoak) eragin negatiboa pairatuko duten 1,86 ha-k konpentsatzeko leheneratzea planteatu beharko da. Horretarako, gune bat hautatuko da, ahal dela Plan Bereziaren eremuaren inguruan eta habitat bereko beste orban batzuekin muga eginez. Bertan, landareztatzeak egin beharko dira, ezabatutako habitat mota berak osatutako landare-estaldura autoktonoa berreskuratzeko. 1:2ko konpentsazioa eskatuko da; alegia, leheneratua kaltetua halako bi izatea (3,72 ha). Neurri horren helburuak honako hauek dira: (1) lehentasunezko BIH baten azalera gal dadin saihestea eta (2) ingurunearen funtzionaltasun ekologikoari eusten zaiola bermatzea.

– Instalazio fotovoltaikoaren perimetro-hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du, eta ingurunean integratu. Ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Hesiaren behealdea lurretik 20-30 cm altxatuko da, eta «katazulo» erako pasabideak jarriko dira, horien funtzionaltasuna bermatuta.

– Instalazioaren perimetroaren landare-pantaila bat jarriko da, ez soilik hesia estaltzeko, baizik eta faunak harekin talka ez egiteko, korridore ekologikoak sortzeko eta fauna-espezieen presentziarako habitat aproposak sortzeko.

Pantaila perimetralak gutxienez 5 metroko zabalera izango du hesiarekiko, eta hura diseinatzeko eguzki-planta fotovoltaikoaren barruko zerrenda perimetralean leheneratzeak egiteko aurreikusitako parametro berberak har daitezke kontuan.

– Ebakuazio-lineak lurpean jarri beharko dira tentsio ertaineko aireko linearekiko konexio-punturaino, eta haien trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.

– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita.

Obrak egitean kaltetutako eremuak landareztatzeko, Batasunaren intereseko 6220* habitataren (Gramineoen eremu subestepikoak eta Thero-Brachypodietearen urterokoak) berezko espezieak sartuko dira.

Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen leheneratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.

Instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuak leheneratze-lanen xehetasunak jasoko ditu, eta honako hauek zehaztuko ditu: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintza/hidroereintza dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab., eta horiek gauzatzeko aurrekontua ere jasoko du.

Lurzoruak babesteko neurriak.

– Lur-mugimenduak minimizatuko dira; horretarako, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira.

– Landare-lurra gaika kenduko da, zangak, transformazio-zentroa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landareztatzeko lanetan berrerabiliko da landare-lur hori. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea «in situ» gordeko da.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

– Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

– Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.

– Panelak abifaunari deigarri ez gertatzeko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, are ilargi beteko gauetan ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-lurra kontserbatzeari eta lur horren erabilpena sustatzeari buruzko urriaren 2ko 193/2012 Dekretuaren 5. artikulua aplikatuz, balio estrategiko handiko lurzoruaren galera konpentsatzeko neurriak proposatuko dira, Nekazaritza Lurren Funtsen alde.

Oyón-Oiongo Ureztatzaileen Erkidegoari ureztatze-hodietan gerta daitekeen edozein erasan jakinaraziko zaio, eta erabiltzaileei kalterik ez eragiteko neurriak zehaztuko dira.

Erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.

– Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

• Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

• Hondakinen isurpenak eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea.

• Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek beharrezkoa izango dute betetzea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Instalazioak uztea. Ustiategia uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako babes- eta zuzenketa-neurri batzuk beteko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Oyón-Oiongo (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Oyón-Oiongo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Oyón-Oiongo (Araba) Ekiola Parke fotovoltaikoaren Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala