Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2024ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5265

AGINDUA, 2024ko azaroaren 7koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko karrerako funtzionario izendatzen baitira beste administrazio publiko batzuetatik transferentzien ondorioz datozen funtzionarioak, eta sartzen baitira azaroaren 11ko 7/2021 Legean aurreikusitako kidego eta eskaletan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko Legea, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak aldatua).

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 36.2 artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian ezartzen zenez, transferentzien ondorioz euskal administrazio publikoetan sartzen ziren funtzionarioak destino-administrazioko funtzionario bihurtzen ziren, eta administrazio horretako kidego eta eskaletan sartzen, jatorrizko kidegoaren eta esleitutako funtzioen arabera, jatorrizko kidego edo eskalako taldea errespetatuz, bai eta aitortua zuten gradu pertsonalari dagozkion eskubide ekonomikoak errespetatuz ere.

Lege-aurreikuspen horiek orokorrak zirenez, beharrezkoa izan zen beste zenbait arau egitea, irizpide uniforme batzuk zehaztuko zituztenak beste administrazio publiko batzuetatik datozen funtzionario guztiak egoki integratzeko euskal funtzio publikoaren egituran eta antolamenduan. Horretarako, uztailaren 24ko 195/1990 Dekretua eman zen, zeinaren azken xedapenak agindu bidez ezartzen baitzuen zer prozedura bete behar den integrazio hori antolatzeko.

Horren haritik, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1997ko irailaren 26ko Aginduak ezartzen du zer prozedura bete behar den beste administrazio publiko batzuetatik transferentzien ondorioz datozen funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoetan sartzeko; agindu horrek, halaber, indarrik gabe uzten du 1990eko azaroaren 23ko Aginduak ezarritako aurreko prozedura.

Bestalde, abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 139.9 artikuluaren lehen eta bigarren paragrafoetan xedatzen duenez, transferentzia-prozesu baten objektu diren funtzionarioak guztiz integratuko dira destino-administrazioan, eta zerbitzu aktiboko egoeran egongo dira administrazio horretan (11/2022 Legearen bidez, indarrik gabe utzi zen Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea). Langile horiei eskuratutako karrera-mailari dagozkion eskubide ekonomikoak aitortuko zaizkie, eta jatorrizko administrazioan zituzten eskubide guztiei eutsiko diete, administrazio horretan jardunean baleude bezala. Artikulu horretan adierazten da, era berean, euskal administrazio publikoek, transferitu diren langileak beren funtzionario gisa integratzean, errespetatu beharra daukatela jatorrizko kidegoko, eskalako edo titulazio-eskakizunik gabeko lanbide-taldeko taldea edo azpitaldea.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko Legearen azken xedapenetako hirugarrenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legea aldatzen du, eta hiru xedapen gehigarri gehitzen dizkio lege horri, arlo hauei buruzkoak: Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-administrazioko kidego bereziak sortzea eta haien eginkizunak zehaztea; eskalak sortzea, eta kidego eta eskala horietan sartzeko titulazio-eskakizunak ezartzea.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko Legearen azken xedapenetako laugarrenak hiru hilabeteko epea ezartzen du, aipatutako legea argitaratzen denetik hasita, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren arabera transferitutako langileak dagokien kidego eta eskaletan sartzeko; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen aldaketaren bidez sortutako kidego eta eskaletan.

Aipatutako arauetan jasotako aurreikuspenak betez, eta emandako ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko karrerako funtzionario izendatzea beste administrazio publiko batzuetatik transferentzien ondorioz datozen langileak (agindu honen eranskinean daude zerrendatuta), eta langile horiek esleitutako kidego eta eskaletan sartzea.

Bigarrena.– Aurreko artikuluan aipatutako funtzionarioek, zerbitzu aktiboan badaude, lehendik betetzen ari ziren lanpostu berdinei atxikita jarraituko dute, izaera eta baldintza berberetan.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 7a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala