220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (253 KB - 15 orri.)
- EPUB (162 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5154
AGINDUA, 2024ko urriaren 24koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten duena.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 20. artikuluan dioenez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio, besteak beste, Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea eta Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak hornitzea.
Aipatutako dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dute Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Gizarte Politiketako Sailburuordetzakoak izan ezik.
Halaber, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Jaurlaritzaren Sailetako egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoek.
Azaldutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12.1.e) artikuluak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari esleitzen dizkio, besteak beste, lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutako lanbideetara sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatu eta garatzea.
Ildo horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, zeina 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu baitzen, dirulaguntzen lerro bat jasotzen du (1.1.1.), «Zuzenbidean lizentziatutako pertsonentzako laguntzak, karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioaren letraduetara sartzeko prestakuntza jaso dezaten» izenekoa, 2022-2028 aldirako Justiziaren Plan Estrategikoan jasotako helburuarekin laguntzeko. Plan estrategiko horren helburua da euskal herritarrek karrera eta kidego horietara sartzea eta etorkizunean EAEn jardun ahal izatea.
Dirulaguntzen lerro honen bidez, Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzea eragozten duten oztopo ekonomikoak ezabatzen lagundu nahi da. Beraz, dirulaguntza emateko, eskatzaileen errenta-maila eta Konstituzioan jasotako berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak hartuko dira kontuan.
Deialdi hau gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari buruzko araubidearen mende geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua aplikatuz. Beraz, xedapen honen 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdiaren xede diren bekak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025erako aurrekontu orokorretan.
Laguntza ekonomiko horiek kudeatzeko eta emateko, beharrezkoa da aldez aurretik oinarri arautzaile batzuk ezartzea, administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten printzipioen arabera; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiaren arabera.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskineko oinarriak onartzea eta karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioaren letraduen kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko laguntzen deialdia egitea, 2025. ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako laguntzak hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 24a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
1.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldian Karrera Judizialean, Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko hautaprobak prestatzeko gastuak ordaintzeko 40 beka emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea.
Zehazki, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira oposizioa edo prestatzailea prestatzeko zentro espezializatuaren gastuak ordaintzera bideratutakoak (zentro hori Karrera Judizial edo Fiskalekoa edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegokoa izan beharko da), bai eta oposizioa prestatzeko beharrezkoak diren material didaktikoaren gastuak eta oposizio-azterketak egiten diren herrirako joan-etorriak, ostatua edo mantenua ordaintzera bideratutakoak ere.
Laguntza horien % 5 gordeko da % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonentzat, baldin eta desgaitasun-maila eta dagozkion eginkizunak eta zereginak betetzeko bateragarritasuna egiaztatzen badute. Erreserbatutako laguntza horiek eman gabe geratzen badira, gainerakoei gehituko zaizkie.
2.– Diru-zuzkidura eta ordaintzeko modua.
1.– Beka bakoitzaren zenbatekoa 6.600 eurokoa izango da urtean. Laguntzaren esleipendun bakoitzari hilean 550 euro ordainduko zaizkio.
2.– Beka hilero ordainduko da, dagokion hilabeteko lehen astean.
3.– Horretarako, 264.000 euro bideratu dira 2025. ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako dagokion aurrekontu-partidaren kontura.
3.– Laguntzen iraupena.
1.– Bekek urte natural bateko iraupena izango dute, hau da, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epean onuradunak hautaketa-prozesua gainditzen badu, laguntzaren iraupena izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da, edo, lehenago gertatuz gero, Eskola Judizialean sartzen den egunean.
3.– Bekak hiru urtez eskatu ahal izango dira, jarraian edo aldizka. Aurreikusitako laguntza guztiak betetzen ez badira, aurreko deialdietako laguntzen onuradunek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta hiru urteko gehieneko epean baliatu badituzte; horrela, laugarren urte baterako aukera izango dute.
4.– Onuradun izateko betekizunak eta egiaztatzeko modua.
Beka horien onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuetan erori ez diren pertsona guztiak. Ofizioz egiaztatuko dira beka horiek, baldin eta dokumentazioa Administrazioaren esku badago, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotako xedapenen arabera (Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeari buruzko Dekretua) edo, modu subsidiarioan, telematikoki aurkeztuz. Legeak onartzen duen kasuetan, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu ahal izango da.
Onuradunek, gainera, betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzean:
Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea eta desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe. Betekizun hori erantzukizunpeko adierazpen bidez eta Konkurtso Erregistro Publikoan kontsulta telematikoa eginez egiaztatuko da.
Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko hautaketa-prozesuaren azken deialdian eskatutako baldintzak betetzea, hautatutako kidegoaren arabera.
Azken zazpi urteetatik gutxienez bost urte Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta bertan benetan bizitzea. Baldintza hori eskaera elektronikoaren bidez egiaztagiriak aurkeztuta egiaztatuko da.
Oposizioa zentro espezializatu baten zuzendaritzapean ikastea edo Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea, edo, laguntzaren onuradun izanez gero, hura izateko konpromisoa.
Hau hartuko da zentro espezializatutzat: beka hauen xede diren oposizioak prestatzeaz publikoki arduratzen dena eta prestatzaileak, prestakuntza-prozesua zuzentzen dutenak, ez badira lehen mailako zuzeneko senideak, eskatzailearen odolkidetasunagatik edo ezkontza-ahaidetasunagatik, eta Karrera Judizialeko edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko kideak badira, edo jarduera hori egiteko kaudimendunak diren ibilbide profesionala duten legelariak badira. Azken kasu horretan, kaudimen hori egiaztatzeko eskatuko da, eta Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren berariazko baimen arrazoituaren bidez baloratuko da nahikotasuna.
Baldintza hori ez da betetzat joko prestakuntza kasuan kasuko hautaketa-prozesuko oposizio-fasea osatzen duten ariketak gainditzera bideratuta ez dauden plataformen edo sistemen bidez egiten bada.
Erakunde publiko edo pribatuen aldetik helburu bererako beste laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen ez izatea, eta deialdi honetan aipatzen diren laguntzak prestatzeko antzeko beste bekarik jaso ez izana hiru urtean, ez jarraian ez aldizka, salbu eta agindu honen 3.3 oinarrian jasotako egoeran dauden eskatzaileen kasuan.
Diru-sarrera propioak izanez gero, 20.000 euro garbi baino gehiago ez izatea, dela lan-etekinetatik eta/edo jarduera ekonomikoetatik eratorritako diru-sarrerak, dela kapital higiezinetik eta/edo higigarrietatik eratorritakoak.
Eskatzailea norbaiten ardurapean badago, diru-sarrerak ardura hori duten pertsonengandik badator, diru-sarrera horiek ezin izango dira 75.000 euro garbitik gorakoak izan, ez lan-etekinetatik edo jarduera ekonomikoetatik eratorritakoak, ez kapital higiezinetik eta/edo higigarrietatik eratorritakoak.
Zenbaketa hori arau hauen arabera egingo da:
Diru-sarrera gisa zenbatuko dira langabeziagatiko, ezintasunagatiko, DSBE prestazioetatik, ordaindutakoaren araberako prestazioetatik edo ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioetatik, gizarte-larrialdietarako sarreretatik, gizarteratzetik edo antzeko beste batzuetatik eratorritakoak.
Eskatzaileek independentzia ekonomikoa badute, familiaren etxetik kanpo bizi beharko dute.
Pertsonek diru-sarrera propiorik ez badute eta ekonomikoki beren gurasoak ez diren pertsonen mende badaude, salbuespenezko mendetasun-egoera hori egiaztatu beharko dute ebazpen bidez, epai judizial bidez edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz.
Laguntza hauen ondorioetarako, laguntza eskatzen duen pertsonarekin bizi diren anai-arreben diru-sarrerak ez dira zenbatuko, salbu eta haiekiko diru-sarreren mendetasuna baliatu nahi bada; kasu horretan, egoera hori aurreko paragrafoan ezarritako modu berean egiaztatu beharko da.
Ez dira diru-sarrera propiotzat hartuko banantze edo dibortzio kasuan mantenu-pentsiotik eratorritako diru-sarrerak, umezurtz-pentsioa edo lan-errentetatik, kapital higigarritik edo higiezinetik ez datorren beste edozein pentsio.
Baldintza horiek onuradun izateko zein onuradun izaten jarraitzeko eskatuko dira, eta, beraz, betetzen direla egiaztatuko da, bai dirulaguntza emateko unean, bai hileko ordainketak egiteko unean.
Ezin izango dira onuradun izan LGTBIfobia bultzatzen edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunak beka onartzeak esan nahi du deialdi honetan ezarritako arau guztiak onartu behar dituela, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gorabeheraren bat gertatzen bada, horren berri eman behar duela.
Zehazki:
Bekaren xede den karrera edo kidegoa prestatzeko jarduera egitea, eta laguntzen zenbatekoa agindu honen 1. artikuluan adierazitako gastuei aurre egiteko erabiltzea.
Deitzen den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea:
Lehen aldia bada: baldin eta gutxienez urtebete igaro bada laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunera arte.
Aurreko urteetan bekaren onuradun izan diren pertsonak: ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, nahiz eta urtebete igaro ez laguntzak argitaratu zirenetik hautaketa-prozesuaren deialdia egin arte.
Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartzea izango da onartuen zerrendan sartzea, bai eta dagozkion azterketak aurkeztea eta egitea ere. Zuzenbidean legez onartutako ziurtagiri edo egiaztagirien bidez egiaztatuko dira inguruabar horiek, eta parte hartu duten hautaketa-prozesuak egin ondoren aurkeztu beharko dira.
Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.
Dirulaguntza eman duen organoak edo erakundeak egin beharreko egiaztapen-jarduketei men egitea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduketei ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoei eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenei men egitea.
Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo unean bertan.
Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta dirulaguntza ordaintzen den unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako moduan. Agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa da.
Lege honen 36. artikuluan jasotako kasuetan, jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzultzea.
Beka eman zaion hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gaindituz gero, berehala jakinarazi beharko zaio erakunde emaileari, eta jasotako funtsen zati proportzionala itzuli beharko da.
6.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Azaroaren 14ko 172/2023 Dekretuaren arabera (Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko prestatu behar diren laguntzen eskabidean eta horiek emateko prozeduraren gainerako izapideetan bitarteko elektronikoak nahitaez erabili behar direla ezartzen duena), adierazitako baldintzak betetzen dituzten interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez soilik eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0035113
Beraz, osorik bete beharko da lineako eskabide-inprimakia, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat erabili beharko da.
Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 71. artikuluaren arabera, identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabiltzeak esan nahi du Administrazioak jasotako datu pertsonalak tratatu ahal izango dituela, sinadura autentifikatu eta egiaztatzeko, eta ez dela izango interesduna ez den hirugarren batek bitarteko horiek erabiltzearen erantzule.
Pertsona bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta prestatuko duen karrera edo kidegoan sartzeko hautaprobak aukeratu beharko ditu, eta adierazi beharko du aurreko urteetan emandako beka berritu den ala ez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Prozedura izapidetzean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Izapidetze telematikorako zehaztapenak:
Aplikazioan sartzeko ziurtagiri elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazio-memoria eta gainerako ereduak bide elektronikotik izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0035113
Eskatzaileak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango du eskaera elektronikoki. Horretarako, eskaera aurkeztu aurretik, eskatzailearen ordezkari izendatutako pertsonak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barne, bai eta Administrazioak egindako ebazpenen jakinarazpen elektronikoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Horretarako, interesdunak identifikazio-sistemak behar bezala erabiltzen dituela ziurtatu beharko du, eta herritarren karpetara bere kabuz edo baimendutako pertsona baten bidez bakarrik sartzen dela zaindu beharko du.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion hirugarrenen datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, interesdunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
Administrazioak interesdunen eskubidea gauzatuko du, Administrazioaren esku dauden dokumentuak ez aurkezteko eskubidea, alegia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan, eta, administrazio-izapideak sinplifikatzeko eta eskubide hori bermatzeko, ez da interesdunen baimenik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan araututako kasuetan.
Hala ere, deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zehazki:
a) Aukeratutako hautaketa-prozesura aurkezteko behar den Zuzenbideko titulazioa. Eskabidearekin batera aurkeztu ezin bada, akatsak zuzentzeko epean aurkeztu beharko da. Titulu ofiziala edo titulua emateko eskabidearen frogagiria aurkeztu beharko da, tasak ordaindu direla jasotzen duena. Frogagiri horretan tasak ordaindu direla jasota ez badago, tasak ordaindu izanaren banku-agiria ere aurkeztu beharko da. Era berean, espediente akademiko osoa aurkeztu beharko da (haren batez besteko nota globala barne, 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan).
b) Familiaren errenta egiaztatzen duen dokumentazio ekonomikoa:
– Familia-unitatea osatzen dutenen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2023ko likidazioa aurkeztuko da, edo 2023an jasotako diru-sarreren egiaztagiriak, baldin eta aipatutako aitorpena aurkeztera behartuta ez badaude.
– INEMen, Gizarte Segurantzaren edo dagokion erakunde edo organoaren ziurtagiriak aurkeztuko dira, eskatzaileak edo haren mendekoek 2023an jasotako langabeziagatiko, aurre-erretiroagatiko, ezintasunagatiko, DSBEagatiko, kotizaziopeko edo kotizazio gabeko prestazioengatiko, gizarte-larrialdiko sarreragatiko, gizarteratzeagatiko edo bestelako prestazioengatiko diru-sarrerei buruzkoak.
– Eskatzailea banantzen bada, dibortziatzen bada edo antzeko egoeraren bat gertatzen bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain, hitzarmen arautzailea igorri beharko da. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaintzen ez badira, zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz egiaztatuko da.
– Beren diru-sarreren mende dauden eta familiakoa ez den beste bizileku batean bizi diren eskatzaileen kasuan, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo etxebizitzaren titulartasuna edo hura baliatzeko eskubidea egiaztatzen duen eta zuzenbidean onartzen den beste edozein titulu aurkeztu beharko dute.
– Eskatzaileak bere gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, mendekotasun hori justifikatzen duen ebazpena, epai judiziala edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide aurkeztu beharko dute.
c) Errolda-ziurtagiria, eskaera egiten den egunean etxebizitzan bizi diren guztiei buruzko informazioa jasotzen duena (bizikidetza-ziurtagiria).
d) Hala badagokio, alegatzen duen desgaitasun-egoera egiaztatzen duen ziurtagiria.
e) Euskararen jakite-maila egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio. Betebehar horretatik salbuetsita daude aurreko deialdietan aurkeztu duten eskatzaileak edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) sartuta daudenak. Egiaztapen hori ofizioz egiaztatu ahal izango da, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badu; kasu horretan, egiaztapen horren aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izango du, eta, ondorioz, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Erantzukizunpeko adierazpena.
Eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:
Karrera Judizial eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko hautaketa-prozesuaren azken deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela.
Eskatzaileak, laguntzaren onuradun izanez gero, agindu honetan deskribatutako pertsona edo zentro prestatzaile baten zuzendaritza izango duela.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela (hori ofizioz egiaztatu ahal izango da).
Ez dela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko edo erakunde pribatuetatik.
Ez duela Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik.
Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.
8.– Merezimenduen balorazioa.
1.– Onuradun izateko, meritu hauek baloratuko ditu Hautaketa Batzordeak:
Egoera ekonomikoa.
Egoera ekonomikoa 0tik 45era bitarteko eskalaren arabera baloratuko da, honela banakatuta:
– Urteko diru-sarrerak (balio garbia euro) familia-unitate bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
– Urteko diru-sarrerak (balio garbia euro) familia-unitateko kide bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
– Merezimenduak baloratzeko, etekin garbien arabera zenbatuko dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren bidez egiaztatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako bitartekoen bidez egiaztatutako diru-sarrerak, aitorpen horretakoak ez badira, eta diru-sarrera garbiak jasota ez badaude, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira.
Espediente akademikoa.
Espediente akademikoa batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0tik 35 puntura bitarteko eskala baten hartuta, banakatze honekin:
(Ikus .PDF)
Euskararen ezagutza
Euskararen ezagutza, eskala honen arabera baloratuko da (0tik 15 puntura), Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 mailen arabera:
(Ikus .PDF)
Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena) eta uztailaren 4ko 187/2017 eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuen bidez egindako aldaketen arabera, ebazpen horietan adierazitako euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira, eta elkarren artean baliozkotuko.
Aurreko urteetan laguntza honen onuradun izatea.
Aurreko urteetan beka jaso izanagatik 0 puntutik 5era:
Urte bat: 2 puntu.
Urte bi: 5 puntu.
Hori egiaztatzeko, auzitegi edo organo eskudunaren ziurtagiria, hori jasotzen duen Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia edo inguruabar hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu beharko da.
2.– Agindu honetako 3.3 artikuluan jasotako kasurako, beka guztiak esleitu ez badira, geratzen direnak beka horiez baliatzeko 3 urteko muga gainditu duten aurreko deialdietako onuradunen artean eskatu eta esleitu ahal izango dira laugarren urte batez onuradun izateko eta balorazio-sistema honi jarraituko zaio:
Egoera ekonomikoa.
Egoera ekonomikoa 0tik 35 puntura bitarteko eskalaren arabera baloratuko da, honela banakatuta:
– Urteko diru-sarrerak (balio garbia euro) familia-unitate bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
– Urteko diru-sarrerak (balio garbia euro) familia-unitateko kide bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
– Merezimenduak baloratzeko, etekin garbien arabera zenbatuko dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren bidez egiaztatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako beste bideren baten bidez egiaztatutako diru-sarreretan, etekin garbiak berariaz adierazten ez direnean, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan merezimenduak baloratzeko.
Espediente akademikoa.
Espediente akademikoa haren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0tik 35 puntura bitarteko eskala baten hartuta, banakatze honekin:
(Ikus .PDF)
Euskararen ezagutza.
Euskararen ezagutza, eskala honen arabera baloratuko da (0tik 20 puntura), Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 mailen arabera:
(Ikus .PDF)
Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren (Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena) eta uztailaren 4ko 187/2017 eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuen bidez egindako aldaketen arabera, ebazpen horietan adierazitako euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira, eta elkarren artean baliozkotuko.
Azterketak gainditzea.
Azken lau urteetan, beka eskatzen den oposizioko azterketak gainditzeagatik 0tik 10 puntura:
Azterketa bat gaindituta: 5 puntu.
Azterketa bi gaindituta: 10 puntu.
Azterketak gainditu izana egiaztatzeko, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, azterketak jasotzen dituen Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia edo inguruabar hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu beharko da.
3.– Berdinketa hausteko irizpideak:
Bi eskatzailek edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute:
Lehenik eta behin, egoera ekonomikoari dagokionez puntuaziorik altuena lortu duen eskatzailea aukeratuko da.
Hala ere, eskatzaileen arteko berdinketak bere horretan badirau, ikasketa-espedienteari dagokionez puntuaziorik handiena duena.
Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, aurretik laguntzaren onuradun izateagatik puntuaziorik handiena duena.
9.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
Beka horiek emateko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Laguntza edo dirulaguntza horiek emateko prozedura lehiaketatzat hartuko da, eta, horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, agindu honen 8. artikuluan jasotako balorazio-irizpideak kontuan hartuta.
Legearen arabera, dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko prozedura ofizioz hasten da beti. Prozeduraren hasiera-datatzat hartuko da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguna.
10.– Dirulaguntza emateko prozedura antolatu, kudeatu eta ebazteko organo eskudunak.
Bekak emateko prozedura Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez hasiko da. Agindu horretan, deialdia eta oinarri arautzaileak ezarriko dira.
Justizia Administrazioko zuzendariak instruituko du prozedura, eta egoki iritzitako jarduketa guztiak egingo ditu ebazpen-proposamena egiteko oinarri izango diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
Hautagaitzak baloratzeko, eskaerak ebaluatzeko batzorde bat sortuko da, eta ahaleginak egingo dira emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin (eskabideak jaso eta epaimahaia osatu ondoren, eskatzaileei jakinaraziko zaie batzordearen osaera, eta haiek errekusazioa sustatu ahal izango dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera).
Osaera:
Lehendakaria: Justizia Administrazioko zuzendaria.
Bokalak:
Karrera Judizialeko kide bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak izendatua.
Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia.
Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justiziako zuzendaria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako idazkaria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekanoak.
Batzordeko idazkaria: hitzarekin baina botorik gabe, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat, titularrak izendatua.
Eskaerak ebaluatzeko batzordeak txostena egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz.
Instrukzio-organoak, espedientea eta Ebaluazio Batzordearen txostena ikusita, eta eskabideak eta erantsitako dokumentazioa baloratu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie («Nire karpeta» atalaren bidez), eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
Aurkeztutako alegazioak eta zuzenketak aztertu ondoren, prozedura ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio ebazpen-proposamena.
11.– Esleipena.
Justiziako sailburuordeak, ebazpen-proposamena aztertu ondoren, deialdia ebatziko du, eta onuradunak eta ordezkoak izendatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.
Agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Adierazitako epean berariaz ebazten ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean.
Ebazpena jakinarazi ondoren, onuradunak 15 eguneko epean onartu beharko du. Epe hori igarotakoan, proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
Prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen, ordezkoen eta, hala badagokio, plaza hutsen behin betiko zerrenda, bai eta emandako zenbatekoa eta finantzatutako jarduera ere. Onuradunaren informazioaren argitalpenak bereziki babestutako datuak dituenean, datu horiek bereizi ondoren baino ez da argitaratuko. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrera bidaliko da deialdiari eta emakida-ebazpenari buruzko informazioa.
12.– Justifikazioa.
Bekaren onuradunak betekizunak eta baldintzak betetzen dituela justifikatu beharko dio erakunde emaileari, bai eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin duela ere. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du lauhileko bakoitzaren amaieran:
Oposizioa prestatzeko egindako gastuen justifikazio-memoria, agindu honen II. eranskinaren arabera.
Aprobetxamendu-ziurtagiria, pertsona edo zentro prestatzaileak emana.
Pertsona edo zentro prestatzailearen faktura edo horren ziurtagiria edo hartu-agiria, edo prestatzailearen alde egindako transferentzien banku-frogagiria.
13.– Itzulketa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluak xedatzen duenez, beka gisa jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, beka ordaintzen denetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, lege horren 40. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz, kasu hauetan:
Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazioa nahikoa ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta, hala badagokio, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.
Beka lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsututa lortzea, edo beka lortzea eragotziko luketenak ezkutatuta.
Bekaren helburua ez betetzea.
Beka emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.
Ezarritako kontrol-jarduerei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.
Oinarri arautzaileetan aurreikusitako kasuak ez betetzea.
2.– Onuradunak azkenean jasoko duen zenbatekoa edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, bekaren onuradun izateko ezarritako baldintzak bete diren aldia hartuko da kontuan.
Hala, aldi baterako ez-betetze partzialak laguntza jasotzeko baldintzak bete diren aldian laguntza aitortzea ekarriko du, eta ez-betetzea gertatu den aldian jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.
3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezartzen dituen erantzukizunak eta zehapen-araubidea bete beharko dituzte laguntzen onuradunek.
4.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.
14.– Bateragarritasuna.
Beka hauek ematea bateraezina da helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribatu batzuk jasotzearekin, onuradunak edo haren ardura duten pertsonek lortutako etekinak izan ezik, agindu honen 4. artikuluaren f) letran adierazitako moduan.