Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5153

AGINDUA, 2024ko urriaren 24koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako banaketa-moduluak onartu eta laguntzak ematen dituena, bake-epaitegien 2024ko funtzionamendu-gastuei aurre egiteko.

AURREKARIAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumenak ematen dizkio Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabideak hornitzeko. Eskumen hori azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen gauzatzen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuen bidez egindako eskualdaketen ondoren, premia horietarako garapen egokiagoa ahalbidetu da. Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio arlo horretako eginkizunak kudeatzea eta bultzatzea.

OINARRI JURIDIKOAK

Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera, Bake Epaitegiak udalerriaren eremuan txertatutako organoak dira, eta Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. artikuluan eta hurrengoetan jasotako aurreikuspenen arabera, Bake Epaitegien instalazioak eta baliabide instrumentalak dagokion udalaren kargura egongo dira, baita horiei dirulaguntzak emateko beharra ere.

Ildo horretan, 38/1988 Legearen 52. artikuluan jasotzen denez, justiziaren arloan eskumena duten administrazioen aurrekontuetan aurrekontu-kreditu bat esleituko da, udalek bake-epaitegien funtzionamendutik eratorritako gastuei aurre egin diezaieten diruz laguntzeko. Dirulaguntza hori udalerriko zuzenbidezko biztanleen kopuruaren arabera moldatuko da.

Bestalde, Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak bake-epaitegien funtzionamendurako behar diren baliabideen hornidura arautzen du, aurrekontu-baliabideen arabera eta Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak betez. Justizia arloan eskumena duen sailaren urteko aginduaren bidez egingo da hori.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluak Justizia eta Giza Eskubideen Sailari esleitzen dizkio Botere Judizialarekiko harremanei eta Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak hornitzeari buruzko egitekoak.

Aipatutako dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dute Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Gizarte Politiketako Sailburuordetzakoak izan ezik.

Halaber, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Jaurlaritzaren sailetako egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoek.

Azaldutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12.1.f) artikuluaren arabera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio «bake-epaitegientzako laguntza-programak kudeatzea eta Bake Epaitegietako Justiziaren arloko jarduerak bultzatzea».

Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, 2024-2027 aldirako, Justiziaren 2022-2028 Plan Estrategikoaren helburuekin bat etorriz, EAEn justizia-zerbitzu publikoaren prestazioa hobetzea lortzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluak ezartzen duenez, zuzenean eman ahal izango dira lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen dizkion dirulaguntzak edo haien zenbatekoa, eta dirulaguntza horiek emateko, beren araudi propioaren arabera aplikatu behar zaien prozedurari jarraituko zaio.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.5.a) artikuluak gai hori azpimarratzen du.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kreditua banatzeko moduluak eta laguntzak ematea.

laurehun eta hirurogeita lau mila bostehun eta hirurogeita hamabost (464.575) euroko kreditua banatzeko moduluak eta dagozkion laguntzak eman daitezen onartzea zuzeneko emakida-prozedura baten bidez, Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legean eta Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, bake-epaitegia duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean, I. eranskinean zehaztutako udalerri bakoitzari emandako zenbatekoen arabera, organo judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko, betiere irizpide hauek kontuan hartuta:

1.– Udalerrien zuzenbidezko biztanleriaren kopurua, dagokion erakunde eskudunak egindako azken argitalpen ofizialari jarraiki, eskala honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Udalek 1.850 euroko osagarria jasoko dute, udalerrian espetxe bat badago.

3.– Udalerriko biztanleriagatik legokiekeen kopuruaren % 85eko dirulaguntza jasoko dute udalek, baldin eta udalerri horien bake-epaitegietako idazkaritzak sartuta badaude beren langileria duten elkarteetan.

4.– Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-elkarteen egoitza kokatuta dagoen udalerrietako udalek arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100 jasoko dute, gehi beren elkarteko udalei beren udalerrietako biztanleriagatik dagokien zenbatekoaren % 15.

Bigarrena.– Ordaintzeko modua.

Bake-epaitegia duten udalei dagozkien zenbatekoak ordainketa bakarrean ordaintzeko agintzea. Hala ere, ordainketa hori egiteko, udal onuradunek aldez aurretik eskaera egin beharko dute.

Horretarako, udal bakoitzak horretarako gaitutako prozedura telematikoan sartzeko eskaera egingo du, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena.– Aurrekontu-partida.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, laurehun eta hirurogeita lau mila bostehun eta hirurogeita hamabost (464.575) euroko gastua onartu da, Bake-epaitegiak izeneko 2024-1001911100 1.14110.42100 2019/002989 aurrekontu-partidaren kargura. Funtzionamendu-gastuak/Juzgados de Paz. Funtzionamendu-gastuak.

Laugarrena.– Dirulaguntzaren kudeaketa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea; besteak beste, esleitutako laguntzen arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapenak egitea.

Bosgarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Udal interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Deialdi honetako dokumentazioa eta gainerako ereduak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1097604

Prozedura telematikoan sartzeko eskabidearen osteko izapideak, hau da, zuzenketak, justifikazioak eta errekurtsoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Seigarrena.– Betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte; zehazki, betebehar hauek:

Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

Dirulaguntza ematen duen entitateari justifikatzea dirulaguntza emateko kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.

Dirulaguntza eman duen organoak edo entitateak egin beharreko egiaztapen-jarduketei men egitea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduketei ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoei eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenei men egitea.

Helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari.

Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo unean bertan.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari.

Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo unean bertan.

Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil daitezkeen bitartean.

Dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan, hizkuntza eta irudiak erabiltzea ikuspegi intersekzionala errespetatuz, batik bat, sexuari eta generoari dagokienetan.

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, batik bat, euskararen erabilera diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean.

Bereziki:

Dirulaguntza zertarako eman den, udal onuradunek gastu zehatz horiek ordaintzeko erabili beharko dute; zehazki, energia elektrikoa, gasa, telefonoa, garbiketa, bulegoko materiala, joan-etorriak, udaleko langileen soldata-kostuaren egozpena eta, oro har, bake-epaitegiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako gastu arruntak ordaintzeko.

Zazpigarrena.– Justifikazioa.

Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, udalek azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dute urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan, honako hauek jasoko dituena:

Urtean zehar epaitegiek udalaren kontura erabilitako instalazioak eta bitarteko instrumentalak adieraztea.

Kontzeptu guztiak, diruz lagunduak edo ez.

Bereizita agertu beharko dira epaitegiaren eta udalaren artean partekatzen diren ondasunak eta zerbitzuak, eta epaitegiek soil-soilik erabiltzeko direnak.

Azalpen-memoriaren ordez, zinpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa. Bertan, memoriarako aipatutako alderdiak jasoko dira, eta, gainera, adieraziko da dagokion urtean, Bake Epaitegian, adierazitako kontzeptuengatik, gastu bat egin dela, dirulaguntza gisa jasotakoaren berdina edo handiagoa.

Zortzigarrena.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandakoekin, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen dirulaguntza honen xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen zenbatekoari.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntza emateko agindua aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta horrekin batera beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, non eta horiek ez dakarten laguntzaren onuradun izateko betekizunak ez betetzea.

Hamargarrena.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 24a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala