220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
5151
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzetarako 2024ko ekitaldian izango den kreditua handitzen dela. Agindu horren bitartez, prozedura hau ezarri zen: Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.
2014ko urriaren 29ko Aginduak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarenak, prozedura bat ezartzen du abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).
Haren xedapen gehigarrian, finantzaketa eta aurrekontu-egozpenari buruzkoan, hau ezartzen da: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».
Halaber, hau ere zehazten da: «Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura edo hura eguneratzearen ondoriozkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen bidez emango da horren berri, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta».
Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren 2024ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen zuzkidura argitaratu zen (2024ko otsailaren 12ko EHAA, 31. zk.).
Gaur egun, ekitaldi honetarako bideratutako kredituaren zati handi bat agortuta dagoenez, zehazki, % 86,58, kontuan hartuta aurkezten diren eskaeren kopurua eta onuradun izan daitezkeenen beharrizan atzeraezinak, 2024rako bideratutako aurrekontu-zuzkidura handitu behar da.
Beraz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera (dekretu hori indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera), eta kontuan hartuta 2014ko urriaren 29ko Aginduaren aipatutako xedapen gehigarriak emandako gaikuntza eta dagoen aurrekontu-erabilgarritasuna, beharrezkoa da aurrekontu-baliabideak 774.766 euro gehitzea.
Hori dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen finantziazioa handitu egin behar da 2024ko ekitaldirako, 744.766 eurotan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 6a.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
MARIA ANTONIA OLABARRIETA IBARRONDO.