Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5150

AGINDUA, 2024ko urriaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzako laguntzen deialdia egiten duena 2024-2025 ikasturterako.

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA, 249 zk.) 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte arteko umeentzako haur-eskolak arautu zituen, eta ziklo horren helburuak eta xedeak ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolek aldi iragankor horretan bete behar zituzten kalitate-baldintzak zehaztu zituen.

297/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak hezkuntza-eskaintzaren plangintza gidatuko zuten lehentasun-irizpideak ezarri zituen: 3 urte arteko adingabeentzako egungo eskaintza sendotzea, maila sozioekonomiko txikiagoko eremuak lehenestea, titulartasun publikoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolak indartzea, eskaintza finkatzea eta eskaintzarik ez duten eremuetan zero eta hiru urte arteko umeentzako haur-eskolen kopurua handitzea.

Era berean, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak 297/2002 Dekretuaren zenbait artikulu luzatu zituen, bai eta, besteak beste, dekretu horren hirugarren xedapen gehigarria ere, titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzako dirulaguntzen deialdiak arautzen dituena.

Hirugarren xedapen gehigarri horrek ezartzen duenaren arabera, Hezkuntza Sailak dirulaguntzen deialdi bat egingo du ikasturte bakoitzerako, zero eta hiru urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolentzat, egungo eskaintza sendotzeko eta, beharrezkotzat jotzen bada, zabaltzeko.

Halaber, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak 19. artikuluan ezartzen du Eusko Jaurlaritzak 0 eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolak finkatzen lagunduko duten neurriak garatuko dituela.

Neurri berean, Agindu hau Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2024ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen. Aipatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 3. helburu estrategikoa 2024-2025 ikasturtean haur-eskolak finantzatzea da, eta laguntzen agindu honek argi eta garbi laguntzen dio helburu horri.

Aipatutako xedapenak betetzeko, agindu honen xedea da 2024-2025 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egitea behar bezala baimenduta dauden titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzat. Laguntza horien helburua da Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola horiek mantentzeko gastuetan laguntzea, familiek egin beharreko ekarpenak murrizteko.

Halaber, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera jarduten da, hauekin bat etorriz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Horregatik guztiagatik, eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastuen aurretiazko izapidetzea arautzen duena) ezarritakoan oinarrituta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Xedea.

Agindu honen helburua da titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzat 2024-2025 ikasturterako deialdia onartzea eta oinarriak ezartzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek prozedura-gaietan arautzen ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Baimena ematen zaio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 1a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

I. ERANSKINA
TITULARTASUN PRIBATUKO HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOKO ESKOLEI 2024-2025 IKASTURTEAN LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

Deialdi honen xedea da 2024-2025 ikasturtean dirulaguntzak ematea titulartasun pribatuko ikastetxeei Haur Hezkuntzako lehen zikloa emateko, itunpeko ikastetxeetako hirugarren mailako gelak izan ezik.

Deialdi honetan, 16.405.000 euroko dirulaguntza emango da. Zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskabide guztiei erantzuteko, ateratzen den zenbatekoa hainbanatu egingo da, salbuespen gisa, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

Bigarrena.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak emango dira EAEko titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko gelak mantentzen laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzu zabal bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu, betiere abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita.

Hirugarrena.– Onuradunak eta betebeharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute EAEko titulartasun pribatuko haur-eskolek eta itunpeko ikastetxe pribatuek, baldin eta 2024-2025 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloa emateko baimena badute (haur-eskola pribatuak, Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatuak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuak, eta Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak). Itunpeko ikastetxe pribatuetan, kanpoan geratuko da Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren kurtsoa (bi urtekoen gela).

2.– Ezingo dira laguntzaren edo dirulaguntzaren onuradun izan hauetako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak:

2.1.– Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.

2.2.– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

2.3.– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratuak izan direnak.

2.4.– Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean sartuta egotea legezko ordezkaritza duena, eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguak izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

2.5.– Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

2.6.– Egoitza fiskala erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean dutenak.

2.7.– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ez dituztenak, erregelamenduaren arabera zehazten den moduan.

2.8.– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-aldi osoan.

2.9.– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek. Ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

2.10.– Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

2.11.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3.– Gainera, ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak. Eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikulu horren 6., 7., 8. eta 9. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da, halaber, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

Laugarrena.– Diruz lagundu beharreko postu kopurua zehaztea.

2022, 2023 eta 2024an jaiotako haur guztien matrikularen datu banakatuak eta adinaren araberako banaketa EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan sartuko ditu ikastetxe bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak datuak aterako ditu aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu ikastetxe bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Laguntza hauek kudeatzeko erabiltzen diren ikasleen datu pertsonalak hauek dira:

– Izena eta bi abizen.

– Jaioteguna.

Dirulaguntza kalkulatzeko orduan kontuan hartuko diren betetako plazak zehazteari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Hiru tarteetan, betetako plaza guztiak diruz lagunduko dira, betiere 2024-2025 ikasturterako finkatutako mugarekin.

Nolanahi ere, 2024ko abenduaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2024ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.

2024ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako umeek ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2024ko irailetik 2025eko uztailera bitartean.

Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko urritik 2025eko uztailera bitartean.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko azarotik 2025eko uztailera bitartean.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko abendutik 2025eko uztailera bitartean.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko urtarriletik uztailera bitartean.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko otsailetik uztailera bitartean.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2025eko martxotik uztailera bitartean.

Bosgarrena.– Dirulaguntza kalkulatzea.

1.– Hiru adin-tarteetan, urteko moduluaren % 60 finantzatuko da betetzen den plaza bakoitza:

(Ikus .PDF)

2.– Dirulaguntza ikastetxe bakoitzak bere egutegian ezartzen duen jarduera-hilabeteen kopuruarekiko proportzionala izango da, eta ezingo da 10 hilabetetik beherakoa izan. Jarduera uztailaren 12ra arte luzatu beharko da, gutxienez, dirulaguntza osoa lortu ahal izateko. Ikastetxeren baten jarduera eteten denean, ez da kontuan hartuko hilabeteen muga eta zerbitzua eskaini den hilabeteen kopuruaren araberako zenbateko proportzionala lortuko da.

3.– Ikastetxearen egutegia horretarako sortutako aplikazioan bete beharko da. Aplikazio horretatik aterako dira dirulaguntza kalkulatzeko datuak.

4.– Dirulaguntza zuzenean aplikatuko da eta oinarri hauetan ezartzen diren urteko moduluei dagozkien ehunekoak aplikatuko dira. Deialdiaren zenbateko osoa nahikoa ez bada aurrez zehaztutako zenbatekoetan aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, ateratzen den zenbatekoa hainbanatu egingo da.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko. Ez da paperezko dokumentaziorik onartuko.

2.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60. artikulutik 67.era bitartekoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097014).

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –zuzenketak, justifikazioak eta gora jotzeko errekurtsoak barne– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Zazpigarrena.– Betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, egiaztatu egin beharko da egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, hurrenez hurren zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

Zigor-aurrekarien ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da laguntza-deialdi honen 3. oinarriko 2.1 eta 2.7 epigrafeetan zigor-kondenei buruz jasotako baldintzak betetzen direla.

Konkurtso Erregistro Publikoak (https://www.publicidadconcursal.es/) emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da laguntzen deialdi honen 3. oinarriaren 2.2. epigrafean jasotako lehiaketa-egoeran ez egoteko baldintza betetzen dela.

Lan-agintaritza eskudunak horretarako sortutako erregistroak emandako inskripzio-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da laguntza-deialdi honen 3. oinarriaren 2.8. epigrafean jasotako berdintasun-plan bat indarrean izateko baldintza betetzen dela, baldin eta Estatuko araudiak plana izatera behartzen badu.

Espedientearen organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko ditu dokumentu horiek organo eskudunetatik, eskuragarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Dokumentuak ezin badira zuzenean eskuratu, pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Pertsona edo entitate interesdunak uko egin ahal izango dio organo kudeatzaileak aipatutako inguruabarren egiaztagiriak zuzenean eskuratzeari. Uko eginez gero, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak.

Gainerako betebehar eta betekizunak eskabideari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluak aplikatuz.

2.– Eskaeretan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen pertsonak edo entitateak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak. Kasu horretan, organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

3.– Ez da beharrezkoa izango Administrazioak duen dokumentaziorik eranstea. Ondorio horietarako, interesdunak dokumentazio hori zein egunetan eta zein administrazio-organotan aurkeztu zuen adierazi beharko du.

4.– Pertsona edo entitate eskatzaileak erregistratuta egon ezean edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetan egin beharko dute: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Zortzigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097014

2.– Pertsona edo entitate eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte, aukeran. Era berean, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Oinarrizkoa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa).

3.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabidearekin batera, agindu honen eranskinetan agertzen diren agiri hauek aurkeztu beharko dira, nahitaez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097014 webgunean daude eskuragarri.

a) 2024-2025 ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (II. eranskina).

b) Laguntzen deialdi honen 3. oinarrian aipatutako Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta emanda egon ezean, notario-ahalorde bat edo egiaztagiri bat aurkeztu ahal izango da, eskatzaileari baimena ematen diona ikastetxearen izenean jarduteko. Era berean, dokumentu hori ez da beharrezkoa izango aurreko deialdietan aurkeztu bada.

c) 2024-2025 ikasturterako aurrekontua (III. eranskina).

d) Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolako hezkuntza-langileen zerrenda, lan-egoera, eta ikasketen titulazioa eta euskara-titulazioa adierazita. 2024-2025 ikasturte honetan kontratatutako pertsonen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak aurkeztu beharko dira, baldin eta aurreko ikasturteko irakasleen zerrendan ez badaude (IV. eranskina).

e) 2024an jaiotako umeen familia-liburuaren edo Erregistro Zibilak emandako erregistro pertsonalaren laburpenaren kopia.

f) Berdintasun Planaren inskripzio-ziurtagiria, erregistro eskudunak emana, baldin eta Estatuko araudiak plana izatera behartzen badu.

g) Zigor-aurrekarien ziurtagiria.

h) Konkurtso egoeran ez dagoela egiaztatzen duen agiria (Konkurtso-erregistro publikoa).

5.– Hezkuntza-proiektua Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolan gordeko da, eta agindu honen 15. oinarrian ezarritako Jarraipen Batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, urteen arabera; taldekatzeko irizpideak; unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta -ordutegia, eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

Bederatzigarrena.– Prozeduraren kudeaketa.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren organo kudeatzailea, eta prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatu ahalko du.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen edo okerren bat aurkitzen badu, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hori zuzentzeko.

Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68.1 artikuluetan xedatutako baldintzetan.

3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, organo kudeatzailearen zerbitzu teknikoek txosten bat egingo dute ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan, pertsona edo entitate eskatzaileek agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituzten ala ez egiaztatuko da, organo kudeatzaileak duen informazioaren arabera.

4.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak, espedientea eta txosten teknikoa aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen horrek dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren entitateen zerrenda eta zenbatekoa jasoko ditu.

5.– Ebazpen-proposamena banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Pertsona edo entitate onuradunek 5 eguneko epea izango dute behin betiko ebazpen-proposamena onartzeko edo ukatzeko. Alde horretatik, pertsona edo entitate onuradunek ebazpen-proposamenaren jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

Behin betiko ebazpen-proposamenari uko eginez gero, onuradun gisa proposatutako pertsonak edo entitateak eskabideari uko egin diola ulertuko da.

Hamargarrena.– Deialdia ebaztea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena Hezkuntzako sailburuordeak emango du sei hilabeteko epean. Ebazpen hori banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei, eta emandako dirulaguntzak EHAAn argitaratuko dira, jendeak horren berri izan dezan.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Epea amaitu eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Hamaikagarrena.– Ebazpena aldatzea.

Agindu honetan araututako dirulaguntza jaso duen ikastetxeren batek jarduera bat-batean eteten badu, pertsona edo entitate onuradunak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, horren berri duen unean. Hezkuntzako sailburuordeak dirulaguntzaren zenbatekoa zerbitzua eman den hilabeteen kopuruaren proportzioan aldatzea erabakiko du. Azkenean esleitutako zenbatekoa egindako konturako ordainketen zenbatekoa baino txikiagoa bada, pertsona edo entitate esleipendunak itzuli egin beharko ditu gehiegi ordaindutako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak.

Hamabigarrena.– Dirulaguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengoa emandako guztiaren % 30 izango da, eta laguntzen deialdi honen 10. oinarrian aipatzen den Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpena sinatu ondoren ordainduko da. Bigarren ordainketa, gainerako % 70a, 2025eko uztailean egingo da, laguntza justifikatu ondoren.

2.– 2025eko ekainaren 1etik 15era, diruz lagundu diren pertsonek edo entitateek Haur Eskolako 2024-2025 ikasturteko gastu eta diru-sarreren justifikazioa bidali beharko dute Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara, inprimaki normalizatuaren bidez (V. eranskina). Inprimaki-eredua euskadi.eus webguneko egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097014

Justifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak justifikazioak egiaztatuko ditu. Onuradunek justifikazioko jatorrizko agiri guztiak eta dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duten agiri guztiak eduki beharko dituzte zaintzapean eta Zuzendaritzaren eskura, Zuzendaritzak hala eskatzen badu.

4.– Aurkeztutako justifikazioa dela eta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak dirulaguntza kitatu egingo du; horretarako, antzemandako alde hori murriztuko zaio, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 1eko 20/2023 Legea.

Hamahirugarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo entitate pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina dirulaguntza guztien batura ezingo da izan gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari. Entitate eskatzaileek gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa sinatu beharko dute beren eskabideetan.

Hamalaugarrena.– Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikulua betetzeko:

a) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.

b) Laguntza eman duen entitateari justifikatzea baldintza eta eskakizunak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere, sexuen arabera bereizitako datuak gehituta.

c) Dirulaguntza eman duen organoaren edo entitatearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.

d) Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Sailburuordetzari.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Sailburuordetzari.

f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztatu eta kontrolatzeko balioko dutelakoan.

i) Dirulaguntza jaso duten programa eta jardueren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legedian ezarritako baldintzetan.

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

2.– Era berean, pertsona edo entitate onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontroleko eginkizunak betetzeko eskatzen zaien dokumentazio guztia eman eta lagundu beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan araututakoaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoriak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabosgarrena – Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira (dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte, itzulketa aurrekoa bada) honako kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio nahikoa ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta agindu honen oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsututa, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea, edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluetan ezartzen diren kontrol-jarduerei aurka egitea, desenkusatzea, oztopatzea edo uko egitea.

f) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluak jasotzen dituen publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Dirulaguntza bakoitzaren oinarri arautzaileetan aurreikusitako gainerako kasuak.

h) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera, itzultzeko beharra dakarren erabaki bat hartzea.

i) Enpresaren deslokalizazio-deklarazioa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluaren arabera.

2.– Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3 artikuluan jasotako kasuan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa izango da itzultzeko prozedura.

Hamaseigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Deialdi honetan ezarritako helburu eta baldintzak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko, Jarraipen Batzordea eratuko da. Honako hauek osatuko dute batzordea:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordeburua izango dena.

– Hezkuntzako ikuskaria.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat, idazkari jardungo duena.

Hamazazpigarrena.– Jarraipen Batzordearen eginkizunak.

1.– Jarraipen Batzordeak, berak erabakitako prozeduraren arabera, dirulaguntzaren entitate onuradunaren betebeharren betetze-mailaren ikuskapena egin ahal izango du.

2.– Horretarako, Jarraipen Batzordeak, 11. artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketak egin aurretik, entitate onuradunek emandako datuak aztertu ahal izango ditu eta agindu zitzaizkion eginkizunetarako beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du.

Hemezortzigarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak haur-eskolei eta irakaskuntza espezializatuei.

– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: udal titulartasuneko 0-3 urte bitarteko haur-eskolak diruz laguntzea, bai eta musika eta arte plastikotako ikastetxeak ere.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ogasun eta Finantza Saila.

– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste zenbait eskubide ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala