Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5147

2613/2024 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan Administrazio Taldeko Buru (Erradiodiagnostikoko Zerbitzua) lanpostu bat izendapen askez betetzeko.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Administrazio Taldeko Buru (Erradiodiagnostikoko Zerbitzua) lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori betetzeko deialdi publikoa egitea, izendapen askez betetzeko, honako oinarrien arabera:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna), edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Erakundeetan; eta zerbitzu aktiboan edo bestelako administrazio-egoeran egotea, C2/D2 lanbide-taldeko kategoria baten lanpostua erreserbatzea dakarrena.

b) C2/D2 lanbide-taldeari dagokion titulua edukitzea.

c) Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/D2 lanbide-taldean.

d) 2. hizkuntza-eskakizuna izatea, derrigortasun-data iraungita.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako baldintzak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak:

– Esperientzia izatea asistentzia-zerbitzu administratiboen kudeaketan eta erabiltzaileekiko tratuan.

– Esperientzia izatea agenden kudeaketan eta proba erradiologikoen zitazioan.

– Ezagutzak izatea lanpostuarekin zerikusia duten aplikazio informatiko korporatiboetan.

– Ofimatikako ezagutza aurreratuak edukitzea.

– Antolaketarako eta taldeak kudeatzeko gaitasuna edukitzea.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Gurutzetako Plaza 12, 48903 Barakaldo). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Gurutzetako Plaza 12, 48903 Barakaldo), beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazioa hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak egitea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die; horrekin batera, izangaiei elkarrizketa egin ahal izango zaie, egokia iruditzen bazaio.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Epaimahaiak lanpostua hutsik uztea proposa dezake, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan zerrendatuko dira aurkeztutako izangaiak, gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego), eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Osakidetzako Intranetean webgunean argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Barakaldo, 2024ko urriaren 24a.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentea,

MARÍA LUZ MARQUÉS GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala