Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5142

AGINDUA, 2024ko urriaren 25ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita izendapen askeko sistemaren bidez lanpostu hau betetzeko deialdi publikoa: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Kabinete Zuzendaritzaren «goi-kargudunaren idazkaria» lanpostua.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, Sail honetako Kabinete Zuzendaritzako «goi-kargudunaren idazkaria» lanpostua hutsik dagoenez (kodea: 520010; dotazioa: 196), eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du eranskinean zerrendatzen den lanpostua izendapen askeko prozeduraren bidez beteko dela, beheko oinarriak kontuan hartuta:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, agindu honen eranskinean ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Izangaiek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Lan eta Enplegu Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako eta/edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuen kasuan, lanpostua erreserbatu egingo da lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortu denean.

Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako izangaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako izangaia egokia dela beste izangaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean, agindua EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 196.

– Kokapena: Kabinete Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Zentrala – Lakua.

– Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila.

– Helmugako herria: Vitoria-Gasteiz.

– Taldea: C1/C2.

– Kidegoa: EGC101/EGC201

– Lanpostu-maila osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2017-03-31.


Azterketa dokumentala