220. zk., 2024ko azaroaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 4 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5141
AGINDUA, 2024ko urriaren 25ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita izendapen askeko sistemaren bidez lanpostu hau betetzeko deialdi publikoa: Komunikazio Zuzendaritzako «goi-kargudunaren idazkari»aren lanpostua.
Komunikazio Zuzendaritzako «goi-kargudunaren idazkari»aren lanpostua hutsik dagoenez (kodea: 520010; dotazioa: 203), Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102 c) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen prozeduraren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea. Hauek dira deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan daudenek izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, bat etorriz agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Eskatzaileek Lan eta Enplegu Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten destinoa adierazi beharko dituzte.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere zehaztuko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagupenak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.
Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostuaren esleipendunak ezarriko den egunean hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuak izanez gero, lanpostua erreserbatu egingo da lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortu bada.
Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna; eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, izangaietatik batek ere ez badu deialdiko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua:
– Izena: goi-kargudunaren idazkaria.
– Kodea: 520010.
– Dotazioa: 203.
– Kokapena: Komunikazio Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia – Lakua.
– Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila.
– Helmugako herria: Vitoria-Gasteiz.
– Taldea: C1/C2.
– Kidegoa: EGC101/EGC201
– Destino-osagarriaren maila: 18.
– Berariazko osagarria: VI-A.
– Hizkuntza-eskakizuna: 2.
– Derrigortasun-data: 2021/12/31.