219. zk., 2024ko azaroaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (145 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5132
EBAZPENA, 2024ko urriaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Bentaberriko trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza proiektua».
Eusko Jaurlaritzak, garraioaren eta trenbideen arloan eskumena izan duten sailen bidez, ETSri eskatu zion zehaztu zitzala Donostialdean dauden trenbide-lineak prestazio handiko lurpeko sistema bihurtzeko egin beharreko jarduketak.
Premisa horri jarraituz, 2009ko urrian ETSk Donostiako Metroaren Azterlan Informatiboaren idazketa esleitu zuen. Aipatutako kontratuaren barruan, lanak hainbat azterlan independentetan banatu ziren:
– Donostiako Metroaren funtzionaltasunaren eta eskariaren azterlana.
– Lugaritz-Anoeta tartearen Azterlan Informatiboa.
– Loiolako Erriberetako Trukatzailearen Azterlan Informatiboa.
– Irun-Hondarribia tarteko Azterlan Informatiboa.
Bideragarritasun ekonomikoa eta soziala, alde batetik, eta funtzionala eta teknikoa, bestetik, justifikatu ondoren, ETSk Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans tarteetan banatuta, Informazio Azterlanean zehaztutako irtenbide teknikoa garatzen zuten eraikuntza-proiektuak idazteko eskatu zuen.
Ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Lugaritz eta Morlans arteko linea berriaren oinarrizko diseinua berriz aztertzeko erabakia hartu zuen. Aldaketa horrek Lugaritz-Easo tartearen Informazio Azterlan berri bat idaztea eta izapidetzea eskatzen zuen.
Linea horren ustiapenak eta erabili beharreko zerbitzu berriek egungo azpiegitura energetikoa gutxiegi bihurtzen dute, bai eskatutako potentziei dagokienez, bai linearen tentsio-erorketei dagokienez. Hori dela eta, Bentaberriko estazio berriaren inguruan trakzioko azpiestazio elektriko berri bat eraikitzeko proiektua idatzi behar da.
Proiektuaren helburua Euskal Trenbide Sareko Bentaberriko Trakzioko Azpiestazio Elektrikoaren Eraikuntza Proiektua idaztea da.
Proiektuaren baitan kudeaketa eta kontrol sistemak instalazio elektrikoetan banatuta ezartzea aztertu da, bai eta maniobra-ebakigailuak instalatzea ere, eta jazoeraren bat gertatuz gero, elementu horiek kontrolatu eta eragin ahal izatea. Horrela bada, proiektu honetan sartzen dira elikatze-iturriko feeder puntako ebakigailuak, eta azpiestaziotik abiatzen diren puntako elikatze-iturriko feeder ebakigailuetaraino doazen elikatze-iturriko feeder ebakigailuak ere.
Proiektuaren xedetzat hartuko dugu, halaber, azpiestazioko komunikazio ekipo egokiaren definizioa azpiestazioak ETSko komunikazio-sarearekin bat egin dezan. Komunikazioari dagozkion instalazioetan sartzen dira bideozaintza, telefonia, intrusioaren aurkako eta sarbideak kontrolatzeko sistemak.
Honekin batera, proiektu honetan hargune elektrikoen dimentsionamenduaz arduratuko gara, lan baldintza berrietara egokitzeaz, eta 13,2 kV-eko erdi-tentsioko lineei dagozkien kableen ekipamenduaz eta hoditeria ezartzeaz.
Era berean, azpiestazioa aginte-postu zentralean integratzea sartzen da, bai eta babes-sistema (arrasteak) inplementatzeko beharrezkoak diren instalazioak eta programazioak ere. Sistema horrek hotzeko programazioa izango du, eta aurrerago zehaztuko da.
Proiektuaren xedea ez da azpiestazioaren eraikina egitea, ezta tunelaren barruan kableak (kanalizazioak, kutxatilak, etab.) jarri ahal izateko beharrezkoak diren obra zibileko jarduketak egitea ere.
Horrenbestez, proiektu honen xedea da Bentaberriko Trakzioko Azpiestazio Elektrikoko instalazioak eraikitzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren lanak kontrata bidez egikaritzeko definizioa eta balorazioa prestatzea.
Proiektuaren irispidearen baitan sartzen dira Bentaberriko azpiestazio berriaren eragiketa-eskakizunak eta ustiatzeko helburuak, bai eta azpiestazioaren konexioa lehen mailako energia-sarearekin eta lineako elektrifikazio-sistemekin ere, komunikazio eta teleaginteari dagozkionak eta aginte-postuarekin bat egiteko gauzatu beharreko jarduerak.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi laurehun eta laurogeita bi mila zazpiehun eta hogeita sei euro eta hirurogeita hamabi zentimokoa da (3.482.726,72 euro) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bost milioi hamalau mila zazpiehun eta hirurogeita hamazortzi euro eta hogei zentimokoa (5.014.778,20 euro) dela, BEZa barne. Administrazioa jakinaren gainean jartzeko aurrekontua lau milioi ehun eta berrogeita lau mila laurehun eta berrogeita lau euro eta hirurogeita hemeretzi zentimokoa da (4.144.444,79 euro) (BEZik gabe).
Obrak egiteko hamar hilabete eta erdiko (10,5) epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021ko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bentaberriko trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bost milioi hamalau mila zazpiehun eta hirurogeita hamazortzi euro eta hogei zentimokoa da (5.014.778,20 euro) da, eta obrak egiteko epea hamar hilabete eta erdikoa (10,5) izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.