Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2024ko azaroaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
5129

AGINDUA, 2024ko irailaren 25ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, hasiera emateko 72 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari Bilbon, Txurdinagako Jesús Galindez etorbidean.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoa jarraituko du (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu, III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak arautzekoan) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; dekretu horrek kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetza ezarri zuen, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatu zituen.

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoaren bidez aldatu egin baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, azken xedapenetako bigarrenaren bidez, 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Bigarrena.– 2013ko uztailaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak eta Bilboko Alkateak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena bideratzeko Bilboko udalerrian, Iturrigorri, Gardeazabal, Armotxabidea, Penaskal bidea, Arangoitin (130.02 egikaritze unitatea) eta Txurdinagan. Hitzarmen horren seigarren atalean Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak konpromisoa hartu zuen adierazteko Bilboko Udala dela sustapen honetako udal interesdun bakarra. Hitzarmen honek badu eragina Txurdinagako sustapen honetan.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu Bilboko udalerriko Txurdinagako Jesús Galindez etorbidean araubide autonomikoko 72 zuzkidura-bizitokiak, eta bera da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB2-0419/16-AA-000 da.

Laugarrena.– Esleituko diren 72 zuzkidura-bizitoki horietako 2 logela bakarrekoak dira eta 62,33 m2 azalera dute, eta mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat egokitu dira. Gainerako 70 zuzkidura-bizitokietatik, 36 espazio irekiak dira eta 36,85 m2 eta 38,41 m2 bitarteko azalera dute; beste 24 bizitoki logela bakarrekoak dira eta 38,41 m2 eta 59,44 m2 bitarteko azalera dute; eta gainontzeko 10 bizitokiak bi logelakoak dira eta 59,44 m2 eta 62,33 m2 bitarteko azalera dute. Zuzkidura-bizitoki horiek guztiak seigarren ebazpen-zatian zehazten diren kupoetan banatuko dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari dagokio agindu hau ematea, araudi hauetan ezarritakoaren indarrez: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua) –3. xedapen gehigarria, zehazki–; eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.

Bigarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

Hirugarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.3 artikuluaren arabera, zuzkidura-bizitokien helburua da aldi baterako bizitokia ematea etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dauzkatenei, hala nola gazteei, migratuta etorritakoei, elkarrekin bizitzeko zuten etxebizitza erabiltzeko eskubidea galdu duten banandu edo dibortziatuei, hirigintzako eragiketak direla-eta beste bizitoki baten zain daudenei eta antzeko beste batzuei. Erabili ahal izango dira, halaber, aldi baterako bizitokia emateko bai birgizarteratzen ari diren pertsonei, bai babes berezia behar dutenei, hala nola genero-indarkeria jasan duten emakumeei, adinekoei, etxegabeei, desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektuala dutenei eta antzeko egoeretan dauden beste batzuei.

Laugarrena.– 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokien ezaugarriak arautzen ditu, eta honako hau ezartzen du: bizitokiak hilabeteka eskuratuko dira, gehienez urtebeterako, baina urtero luzatu liteke epe hori, gehienez lau aldiz. Bizitoki horien truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari dagokionez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoa aplikatuko da, hau da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluan araututako prozedura, kontuan izanda abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak titulu hori aldatu zuela alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokionez.

Bosgarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoak, bere azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluko III. Kapitulua, horrek arautzen baitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Gerora txertatu zen 47. bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan izan ezik–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaituak, 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra.

Seigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, gaur egun dagoenetan, dio etxebizitzak eta, horrela erabakitzen bada, zuzkidura-bizitokiak, 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera esleituko direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan banakoek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, etxebizitza-eskatzaileek erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren arabera ematen den puntuazioa sustapeneko etxebizitzek edo zuzkidura-bizitokiek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela 1eko (edo espazio irekiko) etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei; 2 logelako etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Zortzigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki batean (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen ditu).

Bederatzigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak, eta zuzkidura-bizitokien kanona.

Hamargarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatu zuen, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatua gehitu zion, babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten diena.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurari: 72 bizitoki izango dira, Bilbon, Txurdinagako Jesús Galindez etorbidean, Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak, erabilera lagatzeko erregimenean. Espediente zk.: EB2-0419/16-AA-000.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da. Erabilera hilabeteka lagako da, eta gehienez urtebeterako, nahiz eta epe hori urtero luzatzerik izango den, gehienez lau aldiz.

Hirugarrena.– Hileko kanona Babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2022ko ekainaren 30eko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon horrek ezin izango du izan esleipendunen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiago.

Laugarrena.– Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 4 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Bosgarrena.– 72 zuzkidura-bizitoki horien esleipen-prozeduran parte hartzeko moduan izango dira agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan daudenak edo bizikidetza-unitateak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Bilboko udalerrian edo Bilbao Metropolitarreko Eremu Funtzionala udalerriren batean: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbao, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena. Mugikortasun murriztua dutenek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edozein udalerritarako egin dezakete eskaria, edozein udalerritakoak direla ere.

b) Gutxienez, Etxebiden izena emanda duen titularretako batek Bilboko udalerrian erroldatuta egotea agindu hau argitaratzen den datan. Mugikortasun murriztua dutenek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar udalerri honetan erroldatuta daudenik, parte hartzeko moduan izateko.

c) Agindu hau argitaratzen den egunean 36 urte baino gutxiago izatea. Izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea.

d) 2023. urteko errenta aitorpenaren zergaldian, 3.000 euro eta 43.753,71 euro bitarteko diru-sarrera haztatutak izatea. Ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko mugikortasun murriztua dutenek, desgaitasun psikikoa dutenek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edo etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek. Diru-sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira gaitasuna judizialki aldatu ez zaien eta bizikidetza-unitatearen parte diren adin nagusiko pertsona guztiak.

e) Bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ez izatea ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera edo gozamen-eskubiderik, Agindua argitaratzen den egunean. Dena dela, etxebizitzarik ez izateko betekizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz (urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi zuena).

f) Bizikidetza-unitateak ez izatea 4 kide baino gehiago.

Seigarrena.– Agindu honetako bosgarren ebazpen-zatian aipatutako eskabideen artean esleitu beharreko 72 zuzkidura-bizitoki horietatik, kupo hauek gordeko dira:

a) Etxebizitza egokituetako kupoa: Zuzkidura-bizitoki 2, mugikortasun urri iraunkorra duten gazte desgaituentzat egokituak. Mugikortasun urri iraunkorra egiaztatu duten pertsonek ala espedienteek kupo honetan hartuko dute parte.

Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat dutenei esleituko zaizkie (desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinaren arabera); gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat dutenei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

b) 36 urte baino gutxiago dutenen kupoa: sustapen honetako 70 zuzkidura-bizitoki 36 urte baino gutxiagoko eskatzaileen artean banatuko dira. Hau da, bizikidetza-unitateko titularrerako batek, behintzat, 36 urte baino gutxiago izan behar du.

Zuzkidura-bizitokiren bat esleitu gabe geratzen bada, bigarren esleipenen prozeduraren arabera esleituko da.

Zazpigarrena.– Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek, sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute 2024ko azaroaren 14tik eta 29ra bitartean (biak barne), hauetako bide batetik:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (hobeto aurrez hitzordua hartuta), Bizkaiko Etxebizitza Ordezkaritza, kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao.

– Postaz: bidali dokumentazioa Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

Zortzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren bertsio eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan kontuan hartuko dira 47 bis artikuluan aipatutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatzetik datorrena.

Agindu honen argitaratze-data kontuan hartuta kalkulatuko da baremazioa. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenago sartu zena aukeratuko da.

Bederatzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, onartutako eskaerek honako lerro hauetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.097,01 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 10.097,02 eta 16.828,35 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.828,36 eta 28.047,25 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 28.047,26 eta 43.753,71 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko zuzkidura-bizitokien logela kopurua hartuko da kontua.

Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak eta espazio irekiak: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako zuzkidura-bizitokiak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

c) Etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan bakoitzak duen antzinatasuna, alokairuko eskatzaile gisa: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kideak inskribatuta daraman urte bakoitzeko; 7 puntu, gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonak badira, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamargarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak edo espazio irekiak gehienez bi kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie, eta bi logelako zuzkidura-bizitokiak gehienez lau kide dituzten bizikidetza-unitateei, betiere Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz.

Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, zenbat kupo dauden, hainbat itxarote-zerrenda egingo dira, zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenentzat. Itxarote-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko dira etxebizitzak.

Hamabigarrena.– Esleipendunen zerrendak, egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta itxarote-zerrendak toki honetan argitaratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso bata nahiz bestea aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 25a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala