218. zk., 2024ko azaroaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 6 orri.)
- EPUB (150 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5108
EBAZPENA, 2024ko urriaren 28koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, Hezkuntza Sailaren titulartasun publikoko lau ikastetxe hautatzeko deialdia egiten duena, 2026-2027 ikasturterako Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa ezarri eta garatzeko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 32.1 artikuluan xedatzen duenez, Batxilergoko printzipio orokorren barruan, batxilergoaren helburua da ikasleei prestakuntza, adimen- eta giza heldutasuna, ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak ematea, gizarte-funtzioak garatzeko eta bizitza aktiboan erantzukizunez eta gaitasunez sartzeko. Era berean, etapa horrek aukera eman beharko du prestakuntza- eta lanbide-etorkizunerako ezinbestekoak diren gaitasunak eskuratzeko eta lortzeko, eta goi-mailako hezkuntzan sartzeko gaitasuna eman beharko du.
Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, Batxilergoaren helburua da ikasleei prestakuntza, adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna ematea, ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak, helduarorako eta bete-beteko bizitzarako prestatzeko, elkarbizitza harmoniatsua garatzearekin eta gizarte bidezkoagoa eta ekitatezkoagoa eraikitzearekin konprometitutako kide aktiboak izan daitezen, bai eta naturaren kontserbazioarekin eta garapen jasangarriarekin konprometitutako pertsonak ere. Etapa honek, halaber, ikasleak goi-mailako ikasketak egiteko edo lan-munduan behar bezala txertatzeko prestatu behar ditu, eta bizitza osoan ikasten eta prestatzen jarraitzeko motibatu.
Era berean, 76/2023 Dekretuak, maiatzaren 30ekoak, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, Batxilergoko etapako helburutzat ditu, besteak beste, 7. artikuluaren arabera: f) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan erraz eta zuzen hitz egitea, i) Funtsezko ezagutza zientifikoak eta teknologikoak eskuratzea eta hautatutako modalitatearen berezko oinarrizko trebetasunak menderatzea eta j) Ikerketaren eta metodo zientifikoen funtsezko elementuak eta prozedurak ulertzea.
Nazioarteko Batxilergoaren Antolaketaren helburua gazte solidarioak, informatuak eta ezagutzak jaso nahi dituztenak prestatzea da, mundu hobea eta baketsuagoa sortzen laguntzeko gai izango direnak, elkar ulertzearen eta kulturen arteko errespetuaren esparruan. Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa unibertsitate aurreko bi urteko curriculuma da, 16 eta 19 urte bitarteko ikasleei zuzendua. Programa hori borondatezkoa da ikasleentzat eta ikastetxeentzat, baina ez du Batxilergoa ordezkatzen. Aitzitik, Batxilergoa aldi berean egiteko aukera ematen du, hau da, indarrean dagoen araudi autonomikoak araututako Batxilergoa eta Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programan araututako eta diploma hori lortzera bideratutako prestakuntza. Hori prestakuntza-orientazio berri bat da ikasleentzat, eta haien nazioarteko hezkuntza-ibilbidearen aukerak areagotzen ditu.
Hezkuntza Sailak, bere ildo estrategikoen artean, ikastetxeetan nazioartekotzea proposatzen du, irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren kalitatea hobetzeko eta pertsonen, komunitateen, erakundeen, nazioen eta, oro har, munduaren garapenari laguntzeko mekanismo gisa.
Esparru horren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzaren nazioarteko dimentsioa bultzatzeko, Nazioarteko Batxilergoa Euskal Autonomia Erkidegoko probintzia guztietan ezartzea planteatzen da.
Horregatik, Hezkuntza Sailak Batxilergoko ikasketak aberasteko duen konpromisotik (Batxilergoko irakaskuntzen nazioarteko beste programa batzuk aldi berean sartzeko) Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Ebazpen honen xedea da Hezkuntza Sailaren menpeko titulartasun publikoko 4 ikastetxe hautatzeko deialdia egitea, 2026-2027 ikasturtetik aurrera Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa garatzeko indarrean dagoen araudiak araututako Batxilergoarekin batera. Ikastetxe horiek ingelesa izango dute komunikazio-hizkuntza.
2.– Gure erkidegoko biztanleriaren banaketa kontuan hartuta, Nazioarteko Batxilergoko Diploma Programa ematen duen ikastetxe bakoitza probintzia batean egongo da, eta laugarrena Bizkaian. Beraz, bi ikastetxe egongo dira Bizkaian, bat Gipuzkoan eta bat Araban.
Bigarrena.– Irakaskuntzen antolaketa.
1.– Batxilergoko irakaskuntzak eta Nazioarteko Batxilergoko Diploma lortzeko irakaskuntzak aldi berean egin nahi dituzten ikastetxeek maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren 11.,12.,13.,14. eta 15. artikuluetan aurreikusitako Batxilergoko mailen antolamendua egokituko dute (76/2023 Dekretua, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa), Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programaren eskakizunetara, eta dekretu horretan araututako Batxilergoko curriculuma betetzen dela bermatuko dute.
2.– Jakintzagai guztiak, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura izan ezik, ingelesez emango dira.
3.– Ikastetxe bakoitzak egokituko du Batxilergoaren antolaketa Nazioarteko Batxilergoaren antolaketaren eskakizunetara, bere pedagogia- eta antolaketa-autonomia erabiliz, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Ikastetxeen autonomiaren erabileran, asteko ordutegia zabaldu ahal izango da, Batxilergoa Nazioarteko Batxilergoaren Antolaketaren eskakizunetara egokitzea errazteko.
5.– Ikastetxeak bermatu beharko du Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak (nazioarte mailan programaren arduraduna denak) eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, programa behar bezala gara dadin eta ikasleei Nazioarteko Batxilergoko diploma lortzeko aukera eman diezaieten.
Hirugarrena.– Baldintzak.
Ikastetxeek baldintza orokor hauek bete behar dituzte:
a) Eusko Jaurlaritzaren titulartasun publikoko ikastetxeak izatea, Hezkuntza Sailaren menpekoak, Batxilergoko irakaskuntzak gutxienez Zientzia eta Teknologiako eta Giza eta Gizarte Zientzietako modalitateetan emateko baimena dutenak.
b) Diplomaren programa ezartzeko proiektu bat aurkeztea, deialdi honetako laugarren ataleko 3. puntuan ezarritako jarraibideen arabera.
c) Klaustroak Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa ezartzeko proiektua onartzea.
d) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa ezartzeko proiektua onartzea.
e) Irakasleen egonkortasuna ikastetxean, gutxienez % 65ekoa.
f) C1 ingeles-maila duten irakasleen kopurua % 25 edo gehiago.
g) Ezaugarri egokiak dituzten azpiegiturak biltzea:
– Espazio nahiko dituen liburutegia eta hura erabiltzeko proiektua.
– Materialak, altzariak, arriskuen prebentziorako neurriak eta abar dituzten zientzia-laborategiak, horiek erabiltzea ahalbidetzen dutenak.
– Azterketa-probak eta azterketa-paperak gordetzeko leku segurua, zuzendaritzako langileentzako sarbide kontrolatuarekin eta mugatuarekin, edo horretarako leku egokiren bat egokitzeko aukerarekin.
h) Talde-lanean eta hezkuntza berriztatzeko proiektuetan esperientzia egiaztatua duten irakasleak.
Laugarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Deialdi publiko honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek dagokion eskabidea aurkeztuko dute Nazioartekobatxilergoa@euskadi.eus helbide elektronikoan, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko urtarrilaren 13ra arte.
2.– Ikastetxe eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Parte hartzeko eskabidea.
b) Diplomaren programa ezartzeko proiektua.
c) Ikastetxeko klaustroaren akta, programa ezartzeko proiektua onartzen duena.
d) Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren akta, programa ezartzeko proiektua onartzen duena.
3.– Diplomaren programa ezartzeko proiektuak atal hauek garatu beharko ditu, gutxienez:
a) Proiektuaren justifikazioa eta programa ezartzeko arrazoien azalpena.
b) Ikastetxeak Programan parte hartzeko filosofia eta baldintzak ezagutzen dituela eta horiek ezartzeak dakartzan ondorioak ulertzen dituela ziurtatzen duen adierazpena, irakasleen garapen profesionalarekin duen konpromisoa azpimarratuz.
c) Eragin-eremua/inpaktua: ikastetxe eskatzailearen hurbileko biztanle-guneak, neurri horren onuradun izan daitezkeenak, garraiobide desberdinetara iristeko erraztasuna, baliabideetarako sarbidea, etab.
d) Ebazpen honen hirugarren atalean adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
e) Programaren ikastetxeko koordinatzailea izendatzea.
f) Programa ezartzeko proiektu pedagogikoa.
g) Ikastetxearen curriculuma antolatzeko proposamena, Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa eta indarrean dagoen araudiaren araberako Batxilergoko irakaskuntzak aldi berean egin ahal izateko.
h) Ikastetxea nazioartekotzea (ikasleen eta irakasleen mugikortasuna, Europako programetan parte hartzea, egiaztapen-azterketak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta ikaskuntzarekin lotutako jardunbide egokiak, etab.).
i) Ikastetxearen azpiegituren deskribapena: laborategiak, liburutegia eta garatu beharreko jardueretan esku har dezaketen beste instalazio batzuk.
j) Ikastetxeak dituen giza baliabideak eta baliabide materialak: irakasleen konpromisoa eta parte-hartzea proiektuan.
k) Ikastetxeak konpromisoa hartzea Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak (nazioarteko programaren arduraduna) eskatzen dituen eskakizun guztiak betetzeko, programa behar bezala gara dadin eta ikasleei Nazioarteko Batxilergoko diploma lortzeko aukera eman diezaieten.
Bosgarrena.– Ikastetxeak hautatzeko prozedura.
1.– Hautaketarako batzorde tekniko bat eratuko da, hautatutako ikastetxeen proposamena egiteko. Proposamen hori Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariari bidaliko zaio, eta hark ebatziko ditu aukeratutako ikastetxeak. Batzordea hauek osatuko dute:
– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria.
– Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko teknikari bat, batzordeko idazkariaren eginkizunak bere gain hartuko dituena.
– Ikuskaritza Orokorreko taldeko ikuskatzaile bat.
– Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat.
Atal honetan aipatzen den batzordeak informazioa eta aholkularitza eskatu ahal izango die egoki iritzitako pertsona guztiei; hauek hitza izango dute, baina botorik ez.
2.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
– Aurkeztutako eskabideak aztertzea.
– Aurkeztutako eskabideak barematzea, baita diplomaren programa ezartzeko proiektua ere.
– Hautatutako ikastetxeen gaineko irizpena eta proposamena egitea Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariari.
3.– Eskabideak eta ikastetxe eskatzaileek aurkeztutako agiriak barematu ondoren, seigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, batzordeak ikastetxe eskatzaileak puntuazio-ordenaren arabera antolatuko ditu, eta puntuazio handiena duten ikastetxeak hautatuko ditu. Era berean, itxarote-zerrenda bat eratuko da, eta horren bidez ordezkatuko dira, puntuazio-hurrenkeraren arabera, azkenean Programan ez parte hartzea erabakitzen duten ikastetxe esleipendunak. Horretarako, behin-behineko zerrenda hauek egingo dira, baremoa aplikatzearen emaitzaren eta puntuazio-ordenaren arabera: ikastetxe baimenduak, itxarote-zerrendan dauden ikastetxeak eta baztertu diren ikastetxeak.
4.– Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariak ebazpena emango du 2025eko urtarrilaren 27an, informazioa emateko soilik, Hezkuntza Sailaren web-orrian hautatutako ikastetxeen behin-behineko zerrendak, itxarote-zerrendakoak eta baztertutakoak onartzeko. Era berean, 7 eguneko epea emango da, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, akatsak zuzentzeko edo alegazioak aurkezteko.
5.– Epe hori igarotakoan, Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariak, 2025eko otsailaren 5eko Ebazpenaren bidez, Hezkuntza Sailaren web orrian argitaratuko ditu hautatutako ikastetxeen, zain daudenen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak, informazioa emateko baino ez, eta ezin izango da horien aurka erreklamaziorik aurkeztu.
Seigarrena.– Hautaketa-baremoa.
Baremo orokorra aplikatzean gehienez 100 puntu lortu ahal izango dira, atal hauetan ezarritakoaren arabera:
(Ikus .PDF)
Zazpigarrena.– Programaren jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Hautatutako ikastetxeetako irakasleek 2024-2025 ikasturteko bigarren hiruhilekoan hasi beharko dute programa garatu aurreko prestakuntza.
2.– Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan Batxilergoko curriculum-antolaketa jaso beharko da, Nazioarteko Batxilergoaren Erakundearen Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa egin ahal izateko, bai eta irakaskuntzaren programazioarekin lotutako alderdi guztiak ere.
3.– Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa eta Batxilergoa aldi berean egiteko baimena duten ikastetxeek Programaren jarraipena eta ebaluazioa sartuko dituzte autoebaluazio-memorian. Autoebaluazio-memoria horretan hauek ebaluatuko dira: bi batxilergoen bateragarritasuna, haien antolamendua eta funtzionamendua, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak eta ikasleen emaitzak, bai eta egokitzat jotzen diren hobekuntza-proposamenak ere.
4.– Programa behar bezala ezartzeko, arlo horretan eskumena duen hezkuntzari laguntzeko zerbitzuko aholkularitza-taldeak izateko aukera eskainiko da.
Zortzigarrena.– Programa ezeztatzea.
Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, Hezkuntzako Ikuskaritzak txostena egin ondoren, ikastetxe bati emandako baimena baliogabetu ahal izango du, baldin eta irregulartasunak antzematen badira edo indarrean dagoen araudia betetzen ez bada.
Bederatzigarrena.– Datuen babesa.
Eskaeran jasotako datu pertsonalak datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak ezarritako babesaren menpe geratuko dira.
Komunikazioetarako eta garatu beharreko jardueretan behar bezala parte hartzeko beharrezkoak diren datu pertsonalak Nazioarteko Batxilergoko Erakundeari utziko zaizkio, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen arabera tratatuko dira.
Hamargarrena.– Hezkuntzako Ikuskaritza.
Hezkuntzako Ikuskaritzak zainduko du ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela.
Hamaikagarrena. Ondorioen hasiera.
Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 28a.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,
EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.