218. zk., 2024ko azaroaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (134 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5105
AGINDUA, 2024ko urriaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, «Koopera Servicios Sociales y Formación, S. Coop. de Iniciativa Social» izeneko sozietate kooperatiboa onura publikoko deklaratzeko dena.
EGITATEAK
Lehenengoa.– 2024ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean sartu zen Ana Urgoiti Guisasola andreak, «Koopera Servicios Sociales y Formación, S. Coop. de Iniciativa Social» gizarte-ekimeneko kooperatibaren administratzaile solidarioak, izenpetutako idazkia, erakunde hori onura publikoko deklaratu dadin eskatzeko, 2024ko ekainaren 04ko erabakia betetzearren. Idazki horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztu ziren, besteak beste: jarduketen memoria, Artezkaritza Kontseiluaren 2024ko ekainaren 4ko bileran hartutako erabakia jasotzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.
Herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko den otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan ezarritako arauzko baldintzak betetzean oinarritzen da onura publikoko deklaratzeko eskaera. Izan ere, 5.c) artikuluan adierazitako betekizuna barne, erakunde hori irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Erregistroan dago inskribatuta 2017. urteaz geroztik, eta gizarte-ekimenekotzat jo zen Gizarte-ekimeneko kooperatibak arautzen dituen apirilaren 4ko 61/2000 Dekretuaren bidez.
Bigarrena.– 2024ko abuztuaren 14an, 64/1999 Dekretuko 7. artikuluarekin lotutako 9. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren txostena eskatu zen.
Hirugarrena.– 2024ko irailaren 4an, iragarkia argitaratu zen EHAAn, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuko 9. artikuluaren hirugarren paragrafoa betetzeko. Dekretu horren bidez, herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartu zen. Halaber, jendaurreko informazio-aldia ireki zen, interesdunek espedientea azter zezaten eta egoki iritzitako alegazioak aurkez zitzaten, hogei eguneko epean. Epe hori igaro da, eta ez da alegaziorik aurkeztu.
Laugarrena.– 2024ko irailaren 18an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Familia eta Haurren Zuzendaritzaren txostena jaso zen. Bertan adierazten denez, zuzendaritzak ezagutzen du entitate hori, entitateak ez dauka zuzeneko harremanik zuzendaritzarekin, eta estatutu sozialetako bigarren artikuluan jasotako jardueretako bat ere ez da zuzendaritzaren jarduera-eremukoa; baina zuzendaritzaren ustez, edozein motatako gizarte-bazterkeria jasaten duten pertsonen eta kolektiboen gizarteratzea eta autonomia sustatzeko esparruan sartzen da entitate hori.
Bosgarrena.– 2024ko irailaren 20an, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren txostena jaso zen. Bertan adierazten denez, entitateak egindako jarduerak ezin dira interesgarritzat jo sailaren plan estrategikoen ikuspuntutik; haren estatutuetako helburuen arabera, entitateak egiten dituen jarduerak interes orokorra edo guztien ongia sustatzera bideratuta daude, eta, ondorioz, nahiko arrazoi leudeke elkarte eskatzaileari onura publikoa aitortzeko, eta, horrez gain, zuzendaritzak ez du harremanik elkarte eskatzailearekin.
Seigarrena.– 2024ko irailaren 30ean, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren txostena jaso zen. Bertan adierazten denez, Koopera Servicios Sociales y Formación, S. Coop. de Iniciativa Social entitatea pertsona, familia, talde eta komunitateekiko esku-hartze sozialeko jarduerei dagokien dirulaguntza-lerroaren onuradun izan da, eta, esku-hartze sozialaren eremuan egiten dituen proiektuak kontuan hartuta, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak uste du erakunde horrek merezi duela onura publikoko izatearen aitorpena.
Aurreko egitateei zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legeko 156.2 artikuluarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko kooperatibatzat joko ditu beren funtzioak garatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorra sustatzen laguntzen duten kooperatibak, betiere erregelamenduz ezartzen diren prozedura, araubide eta betekizunen arabera.
Bigarrena.– Aipatutako erregelamenduzko araua 64/1999 Dekretua da, otsailaren 2koa, Herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko dena.
Hirugarrena.– Espedientean jasotako dokumentazioa oinarritzat hartuta, 64/1999 Dekretuko 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura-izapideak bete dira onura publikokotzat deklaratzeko, bai eta erregelamenduzko arau horretako 5. artikuluan ezarritako betekizunak ere, onura publikoaren deklarazio hori lortzeko.
Laugarrena.– Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren eskumena da sozietate kooperatiboak onura publikoko deklaratzea, hala xedatuta baitago 64/1999 Dekretuko 11. artikuluan, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko den urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuko 3.2.l) artikuluari lotuta.
Hori guztia dela-eta, aipatutako legegintza-manu horiek eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onura publikoko deklaratzea «Koopera Servicios Sociales y Formación, S. Coop. de Iniciativa Social» izeneko gizarte-ekimeneko sozietatea.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza hau eman duen organoari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 10a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.