215. zk., 2024ko azaroaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5047
IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira Betearte, S.A. enpresak aurkeztu dituen proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, Mallabiako (Bizkaia) udal-mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegiko jardueraren ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa egiteko A.6 fasea egokitzeko asmoz.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, ezartzen du ingurumen-baimen bateratua izan behar dela 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuk egiten diren instalazioetan eraikuntza-, muntatze-, ustiapen- edo lekualdatze-lanak egiteko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko.
Ingurumen-baimen bateratuaren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura murriztu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratuak ezarriz; horrela, ingurumen osoa ahalik eta hoberen babestu ahal izango da.
Testu bategin horretako 7. artikuluaren arabera, funtsezko aldaketak egingo dira hasierako proiektuan egin diren aldaketak 1. eranskinean ezartzen diren edukiera-atalaseetara heltzen badira.
Bestalde, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu denean, horiek jendaurrean erakusteko epealdi bat ezarri behar da, gutxienez 30 egunekoa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, obrak, instalazioak edo 1. eranskinean jasotako jardueretako bat egin beharra dakarten proiektuei (publiko zein pribatuei) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaie, legeak ezarritako moduan.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntak aurreikusten du organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea egitea, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta haren egoitza elektronikoan iragarri ondoren.
Bestalde, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren arloko jarduketak sartu ahal izateko, hala eska badaiteke eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena bada.
Hondakin ez-arriskutsuen zabortegiko jarduera denez, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta lortze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldi bakarrean jarri behar dira, biak batera, jendaurrean.
Adierazitako guztiagatik, IPPC AAI00005_MS_2024_001 espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak eta oharrak egin ditzaten.
Jendaurreko izapidean jarriko den instalazio-espedientea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da, jendeak eskura izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.