215. zk., 2024ko azaroaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 11 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5041
EBAZPENA, 2024ko urriaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko 18. eremuko atsedenlekuaren (Asti kirol-gunea) hiri-berrikuntzako Plan Bereziaren 1. Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko ekainaren 28an, Zarauzko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Zarauzko 18. eremuko Atsedenlekuaren (Asti kirol-gunea) hiri-berrikuntzako Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) 1. Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien, 2024ko irailaren 9an, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean dago horren emaitza. Era berean, Zarauzko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zarauzko 18. eremuko atsedenlekuaren (Asti kirol-gunea) hiri-berrikuntzako Plan Bereziaren 1. Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 2008ko otsailaren 13an onartu zen behin betiko, eta 2008ko martxoaren 5ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 46. zenbakian. Bertan, hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko hirigintza-antolamenduko eremuak definitzen dira.
Asti kirol-gunea Zarauzko HAPOaren 18. eremuan dago, zeina hiri-lurzoru finkatu gisa baitago sailkatuta.
Asti atsedenlekua Hiri Berrikuntzako Plan Bereziak antolatu zuen, modu xehean. Plan hori 2016ko urriaren 27an onartu zuen behin betiko udalbatzak.
Indarrean dagoen Planean zehaztu zen instalazio osagarriak jartzeko gunea atsedenlekuaren hego-ekialdeko muturrean kokatuko zela, eremu horretan zuhaitz ugari daudelako; izan ere, zuhaitzetan jokoak eta tirolinak egitea aurreikusten zen, ostalaritza-jardueraren osagarri.
Ebaluazioaren xede den Planak aipatutako eremu hori atsedenlekuaren ipar-mendebaldeko muturrera eramatea proposatzen du, gune honetan padel-pistak jartzeko, eta, hala, hego-ekialdeko eremuko zuhaiztiei ez eragiteko.
Gainera, indarrean dagoen Plan Bereziak hainbat parametro arautzen ditu, hala nola estalkien gehieneko altuera eta Araudiaren 6.4.02 artikuluan ezarritako instalazioek bete beharreko baldintzak: «espazio libreen eta berdeguneen sistema orokorrean edo tokiko sisteman dagoen landarediak tratamendu berezia merezi du, eta, beraz, hura mozteko, berariaz justifikatu beharko da beharrezkoa edo komenigarria dela», eta saihestu egingo dira lurzoru horien bereizgarri diren eraiki gabeko espazio libreak hondatzen edo aldatzen dituzten eraikin motak eta formak, bolumenak, azalerak, materialak edo instalazioak.
Plan Bereziaren 1. Aldaketa honek hirigintza-arauen 6. artikuluaren b letra aldatzea proposatzen du.
Zehazki, honako hauek aldatzea proposatzen da:
«6. artikulua.– Eraikinaren eta instalazio osagarrien hirigintza-fitxa.
b.6.– Instalazio osagarriak haurren jolasetarako, jolastokietarako edo kirolerako. Guztira, ezin izango dute 1.800 m2 baino azalera handiagoa hartu.»
Honako testu honekin ordezkatuz:
«6. artikulua.– Eraikinaren eta instalazio osagarrien hirigintza-fitxa
b.6.– Kirol-instalazioak. Guztira, ezin izango dute 1.800 m2 baino azalera handiagoa hartu. Neurri hauek bete beharko dituzte:
– Ezin izango da eraikinik eraiki, eta, beraz, instalazioak ezin izango dira guztiz itxita egon.
– Kirol-instalazioak estalki arinen bidez estali ahal izango dira, eta horien gehieneko altuerak ez du 8 m-ko altuera gaindituko ezein puntutan (ez eta gailurrean ere, hala badagokio).
– Alboko itxitura trinkoek ezin izango dute 3 metro baino gehiagoko altuera izan, eta ezin izango dira fabrika-obrarekin eraiki; instalazio arinak eta erraz desmuntatzeko modukoak izan beharko dute.
– Zuzenketa-neurriak hartu beharko dira hegaztiek ez dezaten instalazioetan talka egin.»
Plan Bereziaren Aldaketa garatzeko, instalazioak egiteko dagokion obra-proiektua formulatu eta onartuko da. Proiektu horretan sartuko dira pistak egokitzeko aurreikusten diren obrak, eremuaren azaleraren estalkia, etab.
Planteatutako alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lehen zehaztu dena da eraikinaren eta instalazio osagarrien egungo hirigintza-fitxaren ordezko proposamen bakarra (hirigintza-araudiaren 6. artikuluan jasotakoa).
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta Plana estrategikoa denez, ez du baldintzatzailerik ezarriko, besteak beste, kokalekuari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, legearen arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: ez da bateraezintasunik edo kontraesanik ikusi Zarauzko 18. eremuko atsedenlekuaren (Asti kirol-gunea) hiri-berrikuntzako Plan Bereziaren 1. Aldaketaren eta ebaluatutako plan eta programa konkurrenteen artean.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da uholde-arriskuaren, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak har daitezke, eta, besteak beste, uholdeek edo bero-boladek gizakion osasunean duten arriskua murrizten dute.
Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako azpiegitura berdearen sareko HG-UK-02 lehentasunezko hobekuntza-eremurako egindako proposamenaren ildotik, sare horren funtzionaltasuna indartzea eta kontserbatzea ahalbidetzen du, paduraren eta ibai-sarearen barne-kohesioa lortzen duten elementuak berreskuratzeko jarduketen bidez, bai eta lurraldearen gainerako eremuekin duen lotura errazteko eta eskain ditzakeen zerbitzu ekosistemikoen balioa azpimarratzeko ere.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hautematen Plana gauzatzeak ingurumen-arazo nabarmenik ekarriko duenik, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, JPHari eta babes-eremuei (zortasun- eta zaintza-eremuak), argi-kutsadurari, klima-aldaketari, paisaiari, EAEko mehatxatutako faunaren kudeaketa-planei, atmosferara egiten diren isuriei, hondakinei eta isuriei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan izan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Azterketa-eremua Zarauzko udal-mugartean dago, hirigunearen hego-ekialdean, 18-Asti izeneko antolamendu-eremuan. 15.700 m2-ko azalera du, eta muga hauek ditu: iparraldean, AP-8 autobidea; ekialdean, Asti kirol-gunea; eta hegoaldean eta mendebaldean, baratzeak eta soro landuak dituzten nekazaritza-eremuak.
2008ko otsailaren 13an behin betiko onartutako Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, dokumentu honen xede den lurzatian aplikatu beharreko indarreko hirigintza-araudia (2008ko martxoaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua, 46. zenbakian). Asti kirol-gunea Zarauzko HAPOaren 18. eremuan dago, zeina hiri-lurzoru finkatu gisa baitago sailkatuta.
Eremu horren ingurumen-ezaugarri nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
– Azterketa-eremutik ez da ur-masarik igarotzen; hala ere, hego-mendebaldeko mutur osoan zehar bi erreka igarotzen dira; Nekazabal erreka hegoaldean dago, eremuaren mugan, urak Astierreka errekara isurtzen dituen arte, zeinaren trazadurak ere eremua mugatzen baitu. Gainera, errekan behera eginda, AP-8aren beste aldean, Astierreka errekak Ińurritza ibaian isurtzen ditu urak.
– Azterketa-eremuan, hiri-parkeak eta lorategiak dituzten eremuak identifikatzen dira, baratzeak eta fruta-arbolak dauden eremu baten ondoan, hegoaldeko muturrean. Aztertutako eremuan ez da «Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan» jasotako flora-espezie mehatxaturik identifikatzen. Hala ere, eremua hibiskoa (Hibiscus palustris) berreskuratzeko eremutik 50 metro hegoaldera dago. EAEko Katalogoak hibiskoa «galtzeko arriskuan» dagoela dio. Gaur egun txakur-parkearen zati batek hartzen duen lurzatian, non padel-pista berriak egingo diren, intxaurrondo gazteez (Juglans regia) osatutako zuhaitz-masa bat dago. Eremu horretan hainbat hurritz ere ikusi dira (Corylus avellana). Jolastokiak zuhaitz-guneetan daude, zerbitzu-eraikin berriaren iparraldean. Baso hori Alnus generoko aleek osatzen dute. Haltzak (Alnus glutinosa) eta haltz italiarrak (Alnus cordata) txandakatzen dira. Aitzitik, zerbitzu-eraikinaren hegoaldean dagoen eremua hainbat koloretako negundo astigarrek (Acer negundo variegatum) osatzen dute. Azkenik, aipatutako bigarren atsedenlekuaren mugakide, platano arrunten (Platanus hispanica) landaketa bat dago.
– EAEko mehatxatutako faunaren kudeaketa-planekin bat etorriz, azterketa-eremua Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberri) «Lehentasunezko Banaketa Eremuaren (LBE)» barruan dago. Gainera, belatz handiaren (Falco peregrinus) «Banaketarako Gune Sentikorraren (PSD)» barruan daude.
– Ez dator bat Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean jasotako espazioekin (natura-gune babestuak, Natura 2000 Sareko gune babestuak, nazioarteko tresnek babestutako eremuak), ez eta Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean jasotako espazioekin ere. Hala ere, eremua Ińurritzatik hurbil dago, zeina Natura 2000 Sarean jasotzen baita Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa (ES2120009).
– Azterketa-eremua ez dago EAEko azpiegitura berdea egituratzen duten ezein elementuren barruan, mendebaldean hainbat errekarekin muga egiten badu ere, batez ere Astierrekarekin. Erreka horiek tokiko azpiegitura berdean lotura-funtzioa izan dezakete.
– Eremua Paisaiaren Interes Bereziko Eremu (PIBE) baten zati da, lehengoratzeko eta haren balioa nabarmentzeko duen beharragatik. «Zarauzko hiri-periferiako eremua» (PIBE31), AP-8 autobidearen bi aldeetara hedatzen dena, bat dator eremuarekin, partzialki.
– Euskal Kultura Ondarearen informazio-sistemaren arabera, azterketa-eremuan eta inguruetan ez dago kultura-ondasuntzat jotako elementurik, ez eta babestutako kultura-ondareko elementurik ere (arkitektonikoa edo arkeologikoa).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, azterketa-eremu osoa uholde-arriskuko eremuetan dago, eta eremu horietan hainbat errepikatze-denbora desberdin bereizten dira. Gehienak 100 urteko errepikatze-denborako eremuak dira; gainera, hego-ekialdearen erdian zehar 10 urteko errepikatze-denborako eremu bat identifikatzen da.
«2022-2027 aldirako, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP)», martxoaren 21eko 197/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, eremua Zarauzko UAHEaren barruan identifikatzen du (kodea: ES017-GIP-ORI-01). II. lehentasun-taldean sailkatzen da, hau da, arrisku oso handia duen UAHEa da. Halakoetan, nahiko azkar hartu behar izaten dira uholdeetatik babesteko egiturazko neurriak. Uholdea, nagusiki, ubide nagusiaren uraldien eta buxaduren emarien hustubidea txikia delako gertatzen da, batez ere AP-8 autobidearen azpiko pasabidean.
Nolanahi ere, kontuan hartu behar da planaren arau-proposamenak eragotzi egiten duela instalazioen alboko itxiturak fabrika-obrarekin eraiki ahal izatea, eta arinak eta erraz desmuntatzeko modukoak izan behar dutela. Neurri horiei Uraren Euskal Agentziaren gomendioa gehituko litzaieke, itxitura horiek iragazkorrak ere izan daitezen.
Gainera, kirol-instalazio berriak eguneko aldian zarata-maila 65 eta 70 dB (A) artean duten eremuetan daude. Kontuan hartuta kirol-jarduera egunez eta arratsaldez egingo dela, irizten da eremuak jolas-erabilerarako ezarritako KAHak betetzen dituela.
Aitzitik, Planaren eremuan ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzatirik.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da arrisku garrantzitsurik identifikatu higaduragatik, sismikotasunagatik, baso-suteengatik edo akuiferoak kutsatzeko arriskua duten eremuak egoteagatik.
Klima-aldaketaren ikuspegitik, EAEko gainerako udalerriekin alderatuta, erreferentziako agertoki eta urte bakoitzerako aztertu diren lau inpaktu-kateetako biren arriskuak nabarmentzen dira:
– EAEko udalerrien % 80 baino gehiago (D8), ibai-uholdeek hiri-ingurunearen gainean duten eraginari dagokionez.
– EAEko udalerrien % 70 baino gehiago (D7), bero-boladek giza osasunaren gainean duten eraginari dagokionez.
Arrisku teknologikoak kontuan hartuta, Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik hurbil egoteagatik ere ez da arrisku esanguratsurik identifikatu –substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larrien berezko arriskuak. Dena den, azterketa-eremuaren iparraldeak AP-8 autobidearekin muga egiten du –errepide hori «arrisku handiko» gisa sailkatzen du irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuak–. Eremuaren erdia AP-8 autobideko 100 metroko afekzio-bandaren barruan dago, eta beste erdia 200 metroko afekzio-bandan.
Ingurunearen eta aurreikusitako jarduketen ezaugarri eta baldintzatzaile nagusiak ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak, batik bat, honako hauetatik eratorriko dira: lur-mugimenduetatik, urbanizazio-obra osagarrietatik, eraikuntza-obretatik eta erabilera berriekin lotutako jardunetik.
Ingurumen-ondorio aipagarrienak obren fasean gertatuko dira, eta gehienak bateragarritzat joko dira, betiere proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriei jarraitzen bazaie; honako hauek aztertzen dira: atmosferara egindako isurketak, lurzoruan izandako eragina, trafikoa eta mugikortasuna (kasu honetan erabilera-faseari ere lotzen zaio), hondakinak sortzea, istripuzko isurketak, azaleko uraren gainean izandako eragina, landarediaren eta habitaten gainean izandako eragina eta biztanleriaren gainean izandako eragina.
Kontuan hartuta azterketa-eremuan uholde-arriskua dagoela 10 urteko errepikatze-denborari (eremuaren % 10), 100 urteko errepikatze-denborari (eremuaren % 81) eta 500 urteko errepikatze-denborari (eremuaren % 100) dagozkien uholdeengatik, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko (2022-2027) uholde-arriskuko eremuetako erabilerei buruzko araudia bete beharko da, bai eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) E.2 ataleko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua ere.
Hori kontuan hartuta, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, Planean sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak.
– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak.
• Eremua ez dator bat Natura 2000 Sareko eremuekin edo beste natura-gune babestu batzuekin, baina, EAEko fauna mehatxatua kudeatzeko planen arabera, Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberri) «Lehentasunezko Banaketa Eremuaren (LBE)» barruan dago –interes bereziko espezie mehatxatua–, eta belatz handiaren (Falco peregrinus) «Banaketarako Puntu Sentikorraren (PSD)» barruan dago. Bide-saretik gertu dagoenez eta eremua partzialki antropizatuta dagoenez, badirudi mugatua dela intereseko fauna-espezieen presentzia eraginkorra.
Hala eta guztiz ere, zuzenketa-neurriak hartu beharko dira hegaztiek ez dezaten talka egin aurreikusitako instalazioetan, abifauna babesteko eraginkortasuna eta erabiltzaileen segurtasuna uztartzea baimenduko dutenak.
• Planaren eremua bat dator Gipuzkoako azpiegitura berdearen sareko HG-UK-02 lehentasunezko hobekuntza-eremurako egindako proposamenarekin, eta, horri esker, neurriak har daitezke Ińurritzako padurari eta ibai-sareari barne-kohesioa ematea ahalbidetzen duten elementuak berreskuratzeko, bai eta lurraldearen gainerako eremuekin duen lotura errazteko eta eskain ditzakeen zerbitzu ekosistemikoen balioa azpimarratzeko ere.
Hala, Paisaian integratzeko azterketarik eskatu ezin den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikuluaren arabera, eragindako berdeguneen instalazioa eta lehengoratzea paisaia-integrazioko jarduketen plana garatzeko proiektuan sartzeak aukera eman beharko luke, ahal den neurrian, Gipuzkoako azpiegitura berdearen sareko HG-UK-02 lehentasunezko hobekuntza-eremurako aurreikusitako helburuak garatzeko.
• Obren ondorioz eragina jasan duten espazioak lehengoratzekoan, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eginiko «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» jasotakoarekin bat etorriz.
Gainera, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuko da haiek kontrolatzeko. Horretarako, espezie inbaditzaileak desagerrarazten direnean eta lehengoratze-lanetan berriro sartzen direnean, eremuan haiek ez zabaltzeko prozedurak erabiliko dira. Bermatuko da lehengoratze-lanetan baliatzen den landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik eta ez dela inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik erabiltzen landareztatze-lanetan edo lorategiak egitean (Espezie Apaingarriak Hautatzeko Gida. Udalsarea, 2017), besteak beste Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana, edo beste batzuk. Halaber, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
Espezie inbaditzaile horiek alboko ibai-sarean –Astierreka errekan– kudeatzeari dagokionez, hala badagokio, URAren 2021eko «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburuaren» arabera egin beharko da.
– Hautemandako beste arrisku batzuekin lotutako neurriak.
Planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) E.2 atalean jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan jasotakoa ere.
Horregatik, JPHan edo haren babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremuak) egiten diren jarduketa guztietarako Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena lortu beharko da, aldez aurretik.
Gainera, nahitaezko baimena izapidetzearen esparruan, beharrezkoa izan liteke, hala badagokio, azterketa hidrauliko bat aurkeztea, non bermatuko den proposamenak ez duela uholdeen aurreko kalteberatasuna areagotuko, eta ez duela inguruan lehendik dagoen uholde-arriskua larriagotuko.
Planaren arau-proposamenetik harago, zeinak eragozten baitu instalazioen alboko itxiturak fabrika-obrarekin eraikitzea, eta eskatzen baitu arinak eta erraz desmuntatzeko modukoak izatea, itxitura horiek iragazkorrak izatea ere gomendatzen da, Uraren Euskal Agentziak adierazten duen moduan.
– Argi-kutsadurarekin lotutako neurriak.
Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira. Horrela, eremuak hainbat motatako klima-aldaketen mehatxuen aurrean duen kalteberatasuna murriztuko da, bai eta haren ondorioak jasateko arriskua ere.
Zarauzko udalerriak erreferentziazko hainbat egoeratarako eta urtetarako eragin-kateekiko dituen kalteberatasuna eta arriskua abiapuntu hartuta (klima-aldaketaren aurrean EAEko udalerriek duten kalteberatasuna eta arriskua ebaluazio-proiektuan identifikatutakoak). Klima 2050- EAEko gainerako udalerriekin alderatuta, ibai-uholdeek hiri-ingurunearen gainean eragindako arriskuak nabarmentzen dira, eta, neurri txikiagoan, bero-boladek giza osasunean eragindakoak.
Ahal den neurrian, inguruabar hori kontuan hartu beharko litzateke instalazioak paisaian integratzeko eta ukitutako berdeguneak lehengoratzeko jarduketak definitzerakoan, haren helburuak Gipuzkoako azpiegitura berdearen sareko HG-UK-02 lehentasunezko hobekuntza-eremurako proposatutakoekin bateratzen saiatuz.
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, horren amaieran hondakinak modu efizienteagoan erabiliko dituen eraikuntza bat bultzatzeko.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balioztatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.
– Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Zarauzko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zarauzko 18. eremuko atsedenlekuaren (Asti kirol-gunea) hiri-berrikuntzako Plan Bereziaren 1. ALDAKETAK ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Plana onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 10a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.