215. zk., 2024ko azaroaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (101 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5038
298/2024 DEKRETUA, urriaren 15ekoa, Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide bat kargutik kendu eta izendatzeko dena.
Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren atariko tituluaren II. kapituluan daude araututa interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.
Estatuaren lurralde-antolaketa ikusita, eta bere lurraldean dauden interes orokorreko portuek autonomia-erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuak beharrezko neurriak ezartzen ditu autonomia-erkidegoek portuetako agintaritzen antolaketa-egituran partaidetza handiago izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuen artezkaritza-organoak dira.
Zehazki, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiek hau ezartzen dute:
«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu:
(...)
b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.
c) Gutxienez 10 bokal, eta gehienez 13. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da bokal-kopurua. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiri autonomoei dagokie kopuru hori ezartzea, baita bokalak izendatzea ere.
2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiri autonomoek aurreko apartatuko c) letran aipatzen diren bokalak izendatzen dituztenean, irizpide hauek errespetatu beharko dituzte:
a) Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritza, itsas kapitainaz gain, hiru bokalek osatuko dute. Bokaletako bat Estatuaren abokatua izango da, eta beste bat, Estatuko Portuak organismo publikokoa.
b) Autonomia-erkidegoaren ordezkaritza, berriz, lehendakariaz gain, lau bokalek osatuko dute.
c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, «consell» bakoitzak ordezkari bat izango du.
d) Portuaren zerbitzugunea euren mugartean duten udalek Kontseiluko gainerako kideen % 33ko ordezkaritza izango dute. Eraginpeko udalak bat baino gehiago badira, lehenik honako hauei egokituko zaie ordezkaritza: Portu Agintaritzak administratutako portuari/ei izena ematen dion/en udalei; eta, ondoren, gainerakoei: zerbitzuguneak udal-mugartean zer azalera hartzen duen, hainbateko proportzioan.
e) Kontseiluko gainerako kideen % 66 honako hauen ordezkari izango dira: merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberenak, enpresa- eta sindikatu-antolakundeenak, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoenak.
Bokalen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, entitateek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, Estatuko Portuak organismo publikoko lehendakariak egingo du proposamena.
Administrazio Kontseiluko bokalen izendapenek, lehenengo apartatuko c) letran aipatzen direnek, lau urteko indarraldia izango dute. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerroaldean ezarritakoa eragotzi gabe.
Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, bokal horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta entitateek hala proposatuta.
Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 15ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xabier Ochandiano Martínez jauna Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko bokal kargutik kentzea, Bilboko Udaleko organo eskudunak hala eskatuta.
2. artikulua.– Juan María Aburto Rique jauna Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide izendatzea, Bilboko Udalaren ordezkari gisa.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek ondorioak izango ditu bokal baten kargugabetzea eta beste baten izendapena Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera; dekretua, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.